Kontzeptua

Lizartzako Ihauteriak

Lizartzako ihauteriek herri barruan bazuten bere garrantzia, baita ingurumarian ere. Urteak joan urteak etorri, "Lagun artea" dantza taldea maitekiro moldatzen saiatzen zen, eta Ihauterietan agerraldi nabarmena egitea lortzen zuten. Hemezortzi bat gazteek osatzen zuten talde hau gutxi gora behera: hamar dantzari, bi zaldidun, kontu emaileak, festa eratzaileak eta kamareroak.

Ostegun gizenez, herriko dantza ikaslekuan (herriko Alondegia) jai hau ospatzen zuten, txorixo eta ardoarekin. Larunbatez, berrogei errealeko txekorra hil eta, gelditzen zena, Ihauteri ondoren saldu egiten zuten.

Ihaute igandez, zaldunita jaia. Egun sentia baino lehen, dantzariek herriko gelan biltzen ziren, eta bakoitzak neska bat hartzen zuen lagun. Goizeko hamarrak alderako dantzariak irteteko prest zeuden. Taldeak, kapitaina eta sarjentua aurretik zirela, txistu soinuarekin, kalez kale paseo dantza egiten zuen. Hau zen goiz eresi edo diana.

Gosaldu ondoren (okela izan oi zen gehienbat), dantzariak meza nagusitara joaten ziren. Eliz barruan ez zuten dantzatzen. Apaizaren inguruan aldarean jartzen ziren.

Hamaiketan, dantza sail osoa dantzatzen zuten plazan: Paseo dantza, Lehenengoa (Primera), Bigarrena (Segunda), Seigarrena (Sexta), Ostiko dantza, Etxe dantza, Lau Ostiko, Azken paseoa, Makil dantza, eta Brokel dantza.

Kontzeju etxean egiten zuten otordu bilera, eta zaldunita eguneko jakiak, oilo zopa, garbantzuak eta haragia izaten ziren.

Arratsaldeko jaiak herriko enparantzan zuen bere agertoki jakina. Bertan biltzen ziren lizartzatar zein inguruko ikusle asko ere. Kontzeju etxetik plazara bitartekoa paseo dantzan egiten zuten eta han berriro dantzatu. Gero bi dantza soka izaten ziren. Lehenengoa kapitainak eta sarjentuak aterea, eta bigarrena taldeko bi aurre dantzariek. "Aimari Kanpaiak" edo "Abemarik" ematen zioten erromeriari amaiera.

Zaldunitan ikusitakoa berritzen zen ia osorik Astelenitaz eta Asteartitaz. Egun hauetan diana ondotik puska biltzea ospatzen zen. Astelenitaz bi zaldunak, dantzarien jantziekin baina mantoi gabe, orratzik eta eraztunik gabe, baserri urrutienetaraino joaten ziren. Dantzariek, txistulari, atabalero eta kamareroekin, beste etxeetako ateak jotzen zituzten. Atarian, kapitainak, dantza sailetik berak nahi zuena dantzatzen zuen.

Etxeetan dozena arrautz ematen zieten gutxienez. Eta txerria hil berria bazen, txorizoa eta solomoa ere bai. Kale etxetakoak dirua ematen zieten, kamareroak poltsero eta puska eramaileak zirelarik. Kalean egiten zen puska biltzeko karroza bat edo galera izenez ere ezaguna zen gurdi bat ateratzen zuten, eta bertan Ihauterietarako bereziko aukeratzen zuten alkatea ibiltzen zuten kalean zehar. Mutilek beraiek ibiltzen zuten galera edo karro hori, batzuek bultza, besteek tira. Zaldidun eta dantzarien eskeari erantzuten zieten etxe jauna edo seme zaharrena Asteartitako bazkarira gonbidatuak izaten ziren. Hori bai, gonbitea ez zen dohakoa izaten 5 pezeta ordaindu behar baitzuten Bazkari horretara ia herri osoa joaten zen.

Puska biltzea hamaiketarako bukatzen zuten eta, ondoren, jaiek zaldunitan bezela jarraitzen zuten.

Lizartzako Ihauterietan ez ziren mozorroak faltatzen. Hauek Astelenitaz eta Asteartitaz ateratzen ziren. Ezkonduak nahiz ezkongabeak izan zitezkeen eta puska biltzea ere egiten zuten, baina Ihauteri giroan erabat trakets eta ustekabekoan.

1913. urtean Ihauteriak gelditu egin ziren eta 1928. urtean berriz ere hasi.

Ondoren zoritxarreko gerra piztu zen. Eta hogeitabat urte geldirik egon ondoren, ihauteri dantzak berreskuratzea erabaki zen. Nahiz eta zahartxoagoan izan, ez zen zalantza izpirik izan dantza bakoitzak zer pauso eta bueltak zituen jakiteko.