Itzultzaileak

Leizarraga, Joanes (1988ko bertsioa)

Hiru liburuk (itzulpenak denak) osatzen dute Leizarraga edo Lizarragak (bi modutara irakur daiteke, baita Lissarague ere frantsesezko testuetan) utzitako idatzitako lana.

1. "Iesus Christgvre Javnaren Testamentv Berria". Vulgataren itzulpena da. Leizarragak euskara herrikoia erabili zuen eginkizun horretarako. Inprentako oharrean honakoa irakur daiteke: "Rochelan. Pierre Hautin Imprimiça le".

2. "Abc edo Christinoen instructionea". Kristautasunaren kristau-ikasbide edo alfabetoa da.

3. "Kalendrera". Egutegi horren helburua Pazko eguna eta egutegietako bestelako data tradizionalak zehaztea da.

Hiru liburuak La Rochellen inprimatu ziren 1571n. Orduan esan zen bezalaxe, Juana de Albret erreginaren Kontseiluak agindu, ordaindu eta finantzatutako lana izan zen. Lan horren helburua euskal lurraldeetan doktrina berriak hedatzea zen, izan ere, protestantismoak oraindik indar gutxi zuen bertan. Leizarragak euskalkiaren arazoarekin topo egin eta ahal izan zuen modurik onenean ebatzi zuen. "Heuscalduney" izenburuko itzulpenaren aitzinsolasean, oraindik inork konpondu gabeko arazo bat planteatzen du, euskararen batasunaren arazoa, alegia. Gehienbat lapurtarrean oinarritu bazen ere, behe nafarrera eta zubelera ez zituen alde batera utzi. Bere dohainei esker helburua arrakastaz bete zuen eta, hizkuntza erraza eta landua baliatu zuen, nolabaiteko ukitu literarioa ere bazuena. Latinetik hartutako maileguek prosa apur bat zatartzen badute ere, hizkuntza trebetasunez eta maisutasunez erabiltzeko gaitasuna gailentzen da. Horrenbestez, bere lana etorkizuneko euskal idazleentzat eredu bilakatu zen.

1900ean, Teodoro Linschmann, artzain protestantea eta Berlineko "Euskara" aldizkariko sortzaileetako bat zenak eta H. Schuchardtek Leizarragaren hiru lanak argitaratu zituzten Strasburgen. Bi urte beranduago Dogsonek Leizarragak Itun Berrian erabilitako euskal aditzari buruzko 40 orrialdeko ikerketa bat argitaratu zuen, eta amaieran askotariko gutunak barneratu zituen. Egile berak gai berari buruz argitaratutako beste lan batean Elcheko Damari euskaraz egindako neurtitzak barneratu zituen. 1907an egile berak gaiarekin jarraitu eta, oraingoan, 200 orrialdeko lan bat kaleratu zuen, "The Leicarragan Verb". Lan horretan, Sayce, Vinson eta Campionen gutunak txertatu zituen. Eta urte horretan bertan gai berarekin jarraitzen du 156 orrialde gehiago kaleratuta. Azkuek honakoa aipatzen du bere hiztegiaren hitzaurrean: "... eta publizista hasi berri batek bere baitan sortzen dituen ilusio adina aditz-forma jaso ditu ohar poliglotaz hornitutako eranskinetan..."

"Ziur aski, bere bertsioaren izaera literal nabarmenegia (hainbatetan leporatu zaiona) azaltzen duten arrazoiak ez dira behar den neurrian aintzat hartu. Lehenik eta behin, kalbinista zela gogoratu behar da, Jaungoikoaren hitzak parafrasirako eta ad sensum itzulpena egiteko adinako indarrik ez zuela uste zuena, nahiz eta hori eginez sinpletasuna eta naturaltasuna lortzen den: hori dela eta testu ez biblikoen itzulpena ez da hain lotua". (Koldo Michelena: "Historia de la Literatura Vasca" 49-50. or.). "Bibliaren itzultzaile gisa -dio Villasantek- badirudi Leizarraga ez dela latinezko testuaren morroi, ez zaio hari gehiegi lotzen. Baina akatsa litzateke hori ezjakintasunagatik edo baldreskeriagatik egiten zuela sinestea. Irizpide kontua zen. Jaungoikoaren hitzari errespetu osoa zion eta, horregatik itzuli zuen leialtasun osoz eta testuari lotuta, hala, gaur egun gehiegi lotu zitzaiola dirudi, eta halaxe da; baina hura zen garai hartako mira, eta ez protestanteena soilik, baita katolikoena ere. Leizarraga erraldoi bakarti gisa agertzen da euskal literaturan, mamuaren moduko pertsonaia modura, aurrekaririk eta atzekaririk izan ez duen izaki". (Luis Villasante: "Historia de la Literatura Vasca" 58-59. or.).

Autore ugarik Leizarragaren obrako hainbat alderdi aztertu dituzte. Honatx azpimarragarrienak: Arestiren Flexiones verbales empleadas por Leizarraga de Briscous en sus traducciones vascas de 1571 y Léxico empleado por Leizarraga de Briscous, Fontes linguae vasconum: Studia et documenta 11 eta 13; A. Goenagaren Gogo en Leicarraga, Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, 11; P. Altuna: Leizarragaren zenbait izen sintagma, Euskera, 1983, 463470.