Dantza

La Revoltosa

La Revoltosa edo Revolvedera dantza bat baino gehiago jai ekintza bat da. Ekintza hau Santa Anaren ohorean uztailean ospatzen diren Tuterako (Nafarroa) bestetan dantzatzen da gauerdian. Ez da une hauetan dantzatzen den dantza bakarra: Larrain-dantza eta Tuterako Jota ere dantzatzen dira dultzaineroek jotzen dituztenaren konpasean.

Esan bezala, gauerdia pasata (00.30 eta 1.00 artean hasten da) parte hartu behar dutenak Tuterako Foru Plazara hurbiltzen dira eta inguratzen dute horko kioskoa Tuterako Udal Musika Banda eta gaitariek izen bereko melodia jotzen duten bitartean.

Melodia, 1941. urtetik hona jotzen da eta Luis Gil Lasheras musikariaren sorkuntza bat da (Tutera 1896-1-31 - L'Hospitalet de Llobregat 1972-11-12). Gil Lasheras aipatutako Udal Bandaren zuzendaria izan zen 1922 eta 1945 artean. Aurretik Gil Lasheras musikariak beste pieza batzuk osatu zituen Fiestas izenburupean. Hauek potpurri vasco delakoaren itxura hartzen zuten eta kalejira eta erritmo geldoagoko jota pasarteak txandakatzen ziren. Gaur egun Revoltosa izenburupean ezagutzen dugun hori, garai hartan Tuterako entzulerian arrakasta edo onarpen handiena jaso zuena da.

Tuterako bestetako egitarauan ordezkaezina bihurtu den eginkizun hau dantza baino gehiago jai ekintza bat dela esaten dugunean, aipatutako Foru Plazako kioskoari bueltak ematea besterik ez delako da. Udal Banda eta gaitariek behin eta berriz jotzen dute pieza berbera baina melodiaren abiadura areagotzen ala gutxiagotzen dutelarik. Hasi, erritmo geldoan hasten da baina in crescendo doa gero, berriz ere lasaitasunera itzultzeko parte hartzaileek hats egin dezaten.

Dantza edo ekitaldi hau egin den urteetan ez du oinarrizko aldaketarik jaso (beti eman dira bueltak Foru Plazako kioskoari), baina ñabardura batzuk aipa daitezke. La Revoltosa izena ez zion Gil Lasheras musikariak, bere sortzaileak jarri. Udal Bandako zuzendaritzan bere ondorengo Eliseo Pinedok jarri zion, bere egileak jarritako Revolvedera baztertuz. Beste aldaketa txiki bat, egiten den egunean datza. Hasierako urteetan bakarrik bestetako azken egunean egiten zen. Gerora, jai egun guztietan egin eta egiten da. Agian, aldaketa nabarmenena esaldi musikaletan gertatu zen. Hauek 1958. urtean aldatu ziren jota pasarteak ezabatu zirenean. Honela, bakarrik kalejirako soinua eta erritmoa gelditzen zen eta errezago bihurtzen zen gazteria nekatu eta dantzaldiarekin bukatu. Baina aldaketa honek kritika ugari jaso zituen eta kritika hauen eraginez berreskuratu ziren abandonatutako erritmoak eta pasarteak.

Aldaketa honekin batera beste ikusgarriago bat gertatu zen eta hau dantzaren egiteko moduari dagokio. 70ko hamarkada arte dantzariak erritmo aldaketekin batera aldatzen zuten norabidea, jendearen arteko talkak, kolpeak eta erorikoak sortzen zirelarik. Zaurituak-eta egon ziren eta hori dela eta "debekatu" egin ziren dantzaren noranzko aldaketak. Debeku hori edo, agian hobe, koreografia berria gaur arte mantentzen da.

Dantzak ez du iraupen zehatza, melodia errepikatzen da eta publikoak eska dezake luzatzea ala ez. Baina hala eta guztiz ere, ordu erdiko iraupena ematen zaio gaur egun. Esan bezala, lehen Bandako zuzendariak erabakitzen zuen piezaren iraupena eta hamabost minututakoa izaten zen. Ohikoa zen dantzarien eta musikarien arteko nolabaiteko lehia bat sortzea ea nork gehiago irauten zuen jotzen ala dantzan.

Ikusi dugun dantza hau jaio eguna eta jaioterria badu ere, beste toki batzuetan egiten ziren dantzekin antzekotasun zantzu handiak ditu. José María Iribarrenek (Tutera, 1906-1971) bere Vocabulario Navarro izeneko liburuan jasotzen du Corellako 1870ko albiste bat zeinean la jota revolvedera delako dantza aipatzen den.

Duela pare bat urte Murtxanten (Nafarroa) antzeko jai ekintza bat egiten da, baina kasu honetan murtxantarrek la quesada izenarekin bataiatu dute. Herriko bestetan egiten da hau ere bai, San Rokeren ohoretan, abuztuan, hain zuzen. Gauetan txaranga batekin zeharkatzen dute herrikok aleak eta Plaza del Quesito delakora (hortik la quesada izena) heltzen direnean hasten dira bueltak ematen plazako erdiguneari musika jarraituz. Melodiak ondoko letra hau kantatzen dute parte hartzaileek:

En las fiestas, San Roque nos guía;
la Asunción nos transmite alegría.

A Murchante venimos bailando
y el quesito vamos rodeando.

  • Diario de Navarra. Hemeroteka
  • Diario de Noticias. Hemeroteka
  • IRIBARREN, José María. Vocabulario Navarro. Pamplona: Ed. Gómez, 1952.