Kontzeptua

Larrain Dantza

Izen honekin -edo maizago gaztelaniazko izenarekin, baile de la era edo baile de las eras, alegia, Nafarroako Erdialdeko dantza bat ezagutzen dugu, nahiz eta historian zehar esparru handiagoa hartu. Soka dantza eta ingurutxoarekin antza handia du, baina kasu honetan alde zeremoniatsua oso murriztuta dago eta kutsu mediterraneoa askoz ere nabariagoa da. Hala eta guztiz, soka-dantzetan hain ohikoa den erakusketa hierarkikoaren aztarna batzuk gelditu dira ahozko tradizioan: Lizarran, adibidez, maiordomoak ziren dantza hasten zutenak, neskei zapia hartzera gonbidatuz (Villafranca eta Lizarrako gaiteroak 2003:2).

Gaur egun aldaerarik ezagunena, jakina, Lizarrakoa da, baina garai batean oso zabalduta omen zegoen dantza Nafarroan zehar. 1928an, kasu, Iruñako Udalak lehiaketa bat antolatu zuen, txistu eta gaitarako pieza dantzagarrien bilduma bat saritzeko asmoz, de la era, inguruchu, eta abar dantzekin bat etortzeko (Euskalerriaren Alde, 1928, 75 orr.). Eta 1888an, adibidez, aita Castillok Uxuen deskribatu zuen aldaera bat (Arraras Soto 1972:25ean aip.). Patxi Arrarasek berak ere Agoitzeko aldaera bat deskribatu zuen, eta beste aldaera bat, Arruazukoa, berreskuratu zuen Iruña taldea izeneko talde folklorikoak (Gaiteros de Pamplona eta Iruña Taldea 1979).

Arruazuko bertsio hau ziur aski eredu horren adierazle ona izan daiteke: dantza hasten da gaitarien ohiko sarrera batekin (antza denez dantza eta instrumentuak beti oso lotuta egon baitira) erritmo askean, hasteko seinalea. Dantzaren lehen zatia inguruko bat da, hots, 2/4 konpaseko zati bat, erritmo honetakoa:

Partitura

Erritmoa oso karratua da, nota guztiak ia erregularrak izanik: kortxeak, kortxeaerdiak edo beltzak. Doinu honetaz dantzariek bikoteka eskuak zapi baten bidez loturik dantzatzen dute, eta soka-dantza eta ingurutxoetan ohikoa denez, inguru irekian egiten da dantza eguzkiaren noranzkoan, hots, erlojuaren kontrakoan. Halere, larrain-dantzan ez dago beste dantza horietan hain garrantzitsua den protokolozko lehen zatia, bikoteak osatzeko eta bereziki lehen eta azken dantzariaren trebetasun teknikoa eta taldearen barneko hegemonia gauzatuz adierazteko erabiltzen dena. Halere, zati hau egin ondoren, soka-dantza eta ingurutxoetan ohikoa den zubia egiten da, hots, bikote guztiak lehen bikoteak zapiarekin egiten duten zubiaren azpitik pasatzen dira. Suposatzen da, beraz, beste garai batean zubi honen esanahia gizarte-kohesioan zetzala, pertsona ez duinak sokatik kanporatzeko erabiltzen baitzen, hauek pasatu nahi zutenean zubia (ez ahaztu maiordomoek egiten zutela zubi hau) haien aurrean jeitsiko baitzuten pasatzea debekatuz. Ohikoa ez dena da zubi hauek ez direla bakarrik danborrarekin egiten, tartean gaitariek ere erritmo askeko beste doinu bat jotzen baitute. Bikote guztiak pasatu direnean, errepikatzen da lehen dantza hau eta bere zubia, bikoteek lehen zuten tokia berreskuratzeko.

Hemendik aurrera protagonismoa beste dantza batzuek hartzen dute. Soka-dantza eta ingurutxoetan ohikoa dena dantza zehatz batzuk -ia beti fandangoa eta arin-arina- baldin bada, larrain-dantzetan dantza berriago batzuk egiten dira: jotak, balsak eta bolerak hain zuzen. Dantza hauek, dudarik gabe, larrain-dantzaren funtsa dira eta ez, soka-dantza eta ingurutxoetan gertatzen den bezala, epigono hutsa. Honen aurrean, erraz suposatu daiteke larrain-dantzak XIX. mendean gertaturiko soka-dantzaren eboluzioa dela, non bikoteka eta ziur aski lotuta egiten ziren modako dantza demokratikoagoek Erregimen Zaharreko hain garrantzitsua zen alde hierarkikoa ordezkatu zuten. Eta modu berean, dantza lotuen garrantzi honek arazoak sortuko zituela bai Elizarekin bai aginteekin, onestasun publikoaren zaindari arduratsuak beti.



Larrain-dantzarik ezagunena, jakina, Lizarrako aldaera da, bizirik dagoen ia bakarra, eta esan daiteke bere eboluzio bereziagatik ia soilik ezagutzen dugula dantza mota hau. Gaitaren munduan orokorrean gertatzen den bezala, Lizarrako larrain-dantza aldaera honetan ezinbestekoa zen Julian Romanoren figura, eta suitearen lehen partitura idatzi zuela uste da. 1903n, izan ere, Alfonso XIII erregeak bi egun pasa zituen Lizarran, eta karlisten hiriburuak ere, noski, ospatu behar zuen. Horretarako antolatu ziren ekitaldien artean, Demetrio Romano -Julianaren semea- gaitariak eta Modesto Iribas medikuak eta folklorezaleak prestatu zuten larrain-dantzaren bertsio batu bat, dirudienez Julianaren partituraren segituz. Pentsaezina zen koreografia horretan garaian hain arriskutsuak ikusten ziren lizunkeriak agertzea, eta horrela gertatu omen zen, ziur aski gaur eguneko bi sexuen arteko kontaktu fisikoa oso mugatuaren jatorria izanik, bereziki beste bals eta jota batzuen aldean, urte horretan, gainera, interpretatu ez ziren zatiak hain zuzen.

1903ko bertsio honetan, katea (cadena), fandangoa, bolerak eta corrida besterik ez ziren dantzatu. Bitxia zen jotaren kasua, teorian katea eta fandangoaren artean egin behar zena, baina dantzatu ez zena, literalki normalean erabiltzegatik (está en uso) eta laburbiltzeagatik (para abreviar, esaten zuten iturriek) larrain-dantzaren beste dantza guztiak Lizarran une horretan ez zirela ohikoak iradokituz. Jaume Ayatsaren arabera (1999:345), Julian Romanok tradizional bihurtu ziren doinu batzuk idatzi zituen (cadena, fandangoa eta bolerak), eta bere errepertorioko beste pieza batzuekin osatu zuen dantza.

Cadena, izan ere, lehen deskribatu dugun lehen zatia da, non dantzariek bikoteka zapi bat eskuetan dantzatu eta zubiak egiten dituzten. Fandangoarekin batera, pieza hauek bat datoz Azkuek bere kantutegian Etxarri Aranatzeko txistularia eta gaita-jotzailea zenaren Rafael Karasatorreren emandako beste batekin (I, 437-438). Herri horretako dantzaki izeneko soka-dantzaren barruan zegoen pieza hori, eta inguru-dantzaren izenarekin agertzen dira. Lehen zatia, cadena Lizarrako terminologian, oso erraz identifikatu baldin badaiteke ingurutxoetan hain ohikoak diren inguru handi edo ingurukoekin, bigarrena bat dator Euskal Herrira heldu zen fandango lehenetariko eta ezagunenetariko batekin.

Fandangoaren lehendabiziko erreferentziak, alegia, XVIII. mendearen hasierakoak dira (Nuñez 1999). Lehen fandango hauek eskema oso zehatza zuten, eta zati instrumental bat mi moduan kadentzia andaluziarrarekin zeukan. Azken lelo horiei buruz XVIII. mendean musikagile ospetsu batzuek, hala nola Scarlattik, Boccherinik eta aita Solerrek, fandango oso ezagun batzuk egin zituzten, beti aldaerak edo bariazioak forma erabiliz. Gai hori oso erabilia izan behar zen Euskal Herrian ere: 1885ean sinaturiko Fernando Ansorena Izagirreren danbolinteroaren koadernoan (Ansorena Miner 1996) bost bertsio daude, eta gaur egun oso fandango ezaguna da txistularien artean, askotan fandango zaharra izenarekin. Hona hemen bere hasiera:

Partitura

Larrain-dantzaren bertsioak, hala eta guztiz, berezko ezaugarri bat du, bigarren eta hirugarren aldaera ondoren bi gaitek batera, eta ez orain arte gertatu den bezala txandaka, mantsoagoa den abesti bat (canción a dúo), jotzen baitute. Hemendik aurrera, batera joko dute bi gaitariek, lehen bi pieza hauek zaharragoak direla iradokituz (Ayats 1999:346).

1903n dantzatu zen hirugarren pieza bolera nafarrak ziren, eta esan daiteke euskal dantza tradizionalean boleroaren agerpen bakarra dela. Antza denez, dantza honetako jatorria XVIII. mendeko bigarren erdialdean Mantxako segidillen izandako eboluzioan dago (Suárez-Pajares 1999). Larrain-dantzaren boleretan gertatzen den bezala, dantza honetan jauziak (vuelos) maiz egiten dira, antza denez bolerori izena eman ziotenak. Ereduak agintzen duen bezala, bederatzi konpaseko esaldi bat hiru aldiz errepikatzen da, eta esaldiaren lehen eta bigarren aldiak amaitzen diren momentuan dantzariak bat-batean gelditzen dira, beste hiru konpas bikotearekin lekuz aldatzeko aprobetxatuz. Azken aldian, boleroetan lege denez, bat-bateko amaiera hori gogorragoa da, eta Lizarrako kasuan musikaren azkartze bizi baten ondoren, mutikoa belauna lurrean jarrita, neskari eskutik heldu eta burua makurtuz gelditzen da, euskal dantza tradizionalean parerik gabeko omenaldi galaia osatuz.

Bolera hauek bukaturik, amaitzeko corrida egin zen. Garaiko deskribapenaren arabera (Villafranca Belzunegui 1999:345), gizonezkoak gerritik heltzen zuen emakumezkoa, eta honek sorbaldatik heltzen zuen hura, eta beste eskutik helduta bikotea korrika hasten zen. Iturri berean aipatzen da oso alaia zela zati hori dantza herrikoian, bikoteek farrezka eta oihuka jendearen artean bidea irekitzen baitzuten. Horrelako eszenak, oso ohikoak ingurutxo eta soka-dantzen bukaeretan, ez ziren ziur aski erregeen aurrean egin, eta gaur egun ere ez dira egiten, bere lekuan kalejira modu arruntean dantzatuz, hori bai, bukaera arte gaitaren soinua gero eta azkarragoa izanik.

Bertsio batu eta dudarik gabe bereziki zeremoniatsu hau izango da dantzaren eboluzioaren oinarria, dantza herrikoia zena Lizarrako dantza eta bere nortasun ikono bihurtuko duena. 1913n Anselmo Elizaga gaitariak suitearen beste bertsio bat eskuz idazten du, ia gaur egun arte mantentzen dena, gaitaren errepertorioan hain ohikoa den sarrera batekin eta bals batekin (edozein, el que guste, espresuki jartzen baitzuen). Bertsio honetan, beraz, sarrerak, cadenak, fandangoak, balsak, jota zaharrak (hutsik gabeko estruktura duena, kopla kantagarriekin eta inoiz kantatuak, ezta lotuta dantzaturik ere eta zati guztiak, gaur egun ez bezala, errepikaturik), bolerek eta corridak (edo, partituran jartzen zuen bezala, rigodón final, beraz ez gaur egun jotzen den kalejira) osatzen dute dantza. Hala eta guztiz, badirudi larrain-dantzaren garrantzia askoz ere handiagoa zela gaitaren munduan dantzarenean baino. Egoera hau, dena den, hurrengo hamarkadenetan aldatuko da, eta bereziki euskal nazionalismoaren eskutik.

Lizarra, izan ere, ez zen bakarrik politikari jelkide garrantzitsuen hiria (Irujotarrak, bereziki): euskal folklorista inportante batzuk ere horkoak ziren: Olazarandarrak hain zuzen. Aita Hilario Olazaranek, izan ere, txistu eta gaitarako metodoak idatzi zituen, baita larrain-dantzaren pianorako bertsio bat. Kaputxino honek gogoz eskatu zuen larrain-dantzaren zaharberritzea, hori bai, koloretako zapi ikusgarriaren lehen onestasunetik urruntzen den guztia garbituz (Villafranca eta Lizarrako gaiteroak 2003:5). 1933an Larrain-dantzaren aldeko batzorde bat sortu zen, hiriko sektore guztietako pertsonekin eta udalaren bermez (ez da ahaztu behar garai horretan alkatea Fortunato Aguirre jelkidea zela, eta Lizarran egin zela, adibidez, lau lurraldeetako estatutuaren aldeko asanblada), eta urte horrexetan dantzari talde berri bat jaio zen, hiriko ekintza ofizialetan parte hartuko duena hamabi bikoterekin.

Nafarroan, izan ere, bertako dantzak bultzatzeko joera bat sortu izan zen jelkideen artean, Bizkaiko ezpata-dantzaren (hots, Durango Merinaldeko dantzari-dantzaren) nonahikotasunaren aurrean (Chueca Intxusta 1999:176-177). Aita Olazaran bereziki ahalegindu zen larrain-dantzaren euskal nortasuna azpimarratzen, ingurutxo eta soka-dantzekin zuen antza nabarmentzen, eta elementu batzuen kanpoko jatorriari garrantzia kentzen. Horrela, adibidez, bere aburuz jota (1935) landare exotikoa zen, baina euskal mendietako sakan ikaragarrietan izugarri girotu zen, eta badirudi hauetatik freskotasun berria eta samurtasun ñabardura batzuk hartu zituela. Ondorioz, segitzen zuen, Lizarrako dantzan galdu ziren euskal jatorrizko elementuak beste exotiko inportatu batzuetan irabazi egin zen, hala nola jotan, fandangoan eta boleretan: espiritu musikal nafarrak aldatuta kolore oso askotarikoa, ederra eta ikuspuntu folklorikotik izugarri interesgarria ematen diote Lizarrako dantzari.

1936an, dena den, Errepublikaren kontrako altxamendua, beste indar batzuen artean karlistek ere bultzaturik, Lizarran lehen momentutik inposatu zen. Indar politiko eta militar berriek hartu zuten boterea eta Fortunato Aguirre alkatea fusilatu. Famatu egin den bando batean, alkate berriak, Se acabó el "gora euzkadi", estamos en tiempos de VIVA ESPAÑA literalki esanez, txistu guztiak aginteei emateko agindu zuen (Al-Taffaylla 1986:I,294). Ildo honetan, beraz, larrain-dantzariak ere koartelera deitzea eta taldeko jantziak entregatu behar zituztela ez dirudi batere arraroa. Modu honetan, gerra baino lehenago hirian zeuden ekimen kultural ia guztiekin gertatu zen bezala, sektore nazionalistekin hala edo nola izandako erlazioagatik, larrain-dantza taldea desagertu egin zen.

Argi dago, halere, larrain-dantza zerbait nazionalista baino gehiago zela. Sección Femeninaren Lizarrako taldeak, adibidez, inoiz dantzatu zuen, baina gauzak aldatu ziren bereziki 1944an, Francisco Beruete, 1933ko taldeko dantzari bat, udal idazkari izendatu zutenean (Villafranca eta Lizarrako Gaiteroak 2003:7). Beruetek urte berean udal dantzari talde bat sortzea lortu zuen, Nafarroan zegoen lehena. Talde honek sortu zituen aunitz koreografia berezko, baina bere errepertorioan paper nagusia, suposatzekoa zen bezala, dudarik gabe larrain-dantzak hartu zuen. 1966an taldea izenez aldatu eta udala izateari utzi zion, baina bere ekintzekin gogoz segitu zuen. Tarte horretan, larrain-dantza, kanpoan gero eta ezagunagoa izateaz gain, erabat popular egin zen Lizarran. Azken aldaerak egin ziren eta dantzatzeko jantzi berri bat sortu zen, XIX. mendekoan oinarriturik, betiko zuri-gorria ordezkatu zuena.

Larrain-dantza, beraz, aski ezaguna zen 1970reko hamarkadan Lizarratik kanpo ere. 1978n Euskal Dantzarien Biltzarrak Dantzari Eguna lehen aldiz Hegoaldean egin zezakeen, Iruñan eta Sanferminetako bezperetan hain zuzen, bere zezen plaza jendez lepo betez. Herrialde guztietako dantzak egin ziren, azkena Lizarrako larrain-dantza izanik. Ekintza horretarako Lizarrako dantzariek erakutsi -edo berrerakutsi- zuten dantza Euskal Herriko dantza taldeen artean. Dantzarien federazio horrek dudarik gabe ezaugarri interesgarri asko ikusi zituen dantza honetan: euskal dantza mistorik distiratsuena, non dantzariek bere trebetasun teknikoa erakutsi dezaketen, baina lorgarria ia edozein pertsonatarako, eta beraz dantza oso popularra egiteko gaia, luzera ere oso egokiakoa... ezaugarri hauek direla eta, euskal dantza nazionaltzat hartzea erabaki zen, eta Euskal Herri osoan zehar zabaldu, ikastaro ugarien eta erakustaldien bidez. 1990reko hamarkadarako, izan ere, larrain-dantzak, zentzu nazional hori hartuta edo ez, Lizarratik kanpoko esparru franko hartu izan zituen, kasu batzuetan ezinbesteko ekintza bihurtuz (adibidez, Araolaza 2002).

Zabalkuntza hau oso modu gazi-gozoan bizi da Lizarran. Alde batetik, adibidez Ibai Ega bertako dantza taldeko partaideak harro daude honekin, baina beste alde batetik, eta ulergarria denez, beste leku batzuetan erabiltzen dituzten dantzatzeko modu batzuk desegokitzat jotzen dituzte, dantza bere identitatea galtzen ari dela esanez (2009-11-18an azken aldiz kontsultatua). Hori dela eta, Larrain-dantza eguna antolatu zuten lehen aldiz 2001ean, horrez geroztik urtero ospatzen dena hiriko zaindaria den Puyko Ama Birjinaren egunean, eta 2003 karrikaratu zuten El baile de la Era de Estella: tres siglos de danza DVDa, non dantzaren historia eta batez ere eta zehatz-mehatz gaur eguneko estruktura (sarrera eta pasacalles, sarrera eta cadena, fandango eta canción a duo, bals, jota zaharra, bolerak eta corrida) horren pauso guztiak eta koreografia azaltzen dira, Ibai Egaren dantzarien bidez. Azalpen hauek weben ere kontsulta daitezke esteka honetan. Beste hau segituz, berriz, bertsio errealago bat aurkitzen dugu, belaunaldi ezberdinetako dantzariek interpretatuta, non moldaketa bakarra internautarendako agian luzeegiak diren danbor-arrada batzuk moztea izan da. Bukatzeko, web leku bera utzi gabe, beste bertsio oso ezberdin bat ikus dezakegu, Lizarratik kanpoko festetako kontestuan, (2008ko Errenteriako festetako gau batekoa, hain zuzen), non aldeak erraz nabari ditzakegu.

Laburbilduz, beraz, larrain-dantzan eboluzio berezi bezain interesgarria dugu: beste leku batzuetan hain ohikoak diren soka-dantza eta ingurutxoen beste aldaera bat da, agian berriagoa eta ziur mediterraneagoa, non XIX. mendeko dantza lotuek sekulako garrantzia duten. Seguru asko, gaur egun erlikia izango litzateke dantza hau Lizarrako aldaera ez bazen. Hiri horretan, eta seguru dantza honen, gaitarien eta Lizarra beraren arteko gertatu den erlazio estuagatik, mantendu egin zen, batu ia ziurtasun osoz bi sexuen arteko kontaktu fisikoaren alde handia galduz eta eboluzio bitxi batengatik, hiriko ikono musikala bihurtu izan zen. Folklorizazio prozesu batengatik, halere, Lizarrako aldaera zabaldu egin da Euskal Herrian zehar, ezaugarri batzuk derrigorrez aldatuz, eta horregatik Lizarran sortu izan da ezinegon bat eta beren eredua mantendu eta defendatzeko mugimendu bat, agian konturatu gabe dantza, hain mugikorra, lausoa eta geldiezina den arte hori, nahitanahiez eten gabeko eboluzioan egoten dela. Gaur egun, dudarik gabe, Lizarrako aldaera honek larrain-dantza izena bera monopolizatu egin du, eta horregatik batzuetan badirudi bere jaioterria aipatzea ez dela beti derrigorrezkoa. Lizarrako ikurra izateaz gain, gaur egun nahitaez, Euskal Herriko dantza popularrenetariko bat ere honetan baitugu.

  • AL-TAFFAYLLA KULTUR TALDEA (1986): Navarra 1936. De la esperanza al terror. Tafalla: Al-Taffaylla.
  • ANSORENA MINER, Jose Inazio (1996): "Fernando Ansorenaren danbolin musika bilduma". Txistulari 166. Donostia: Euskal Herriko Txistularien Elkartea. (11-14 eta 5464-5613 orr.)
  • ARAOLAZA, Oier (2002): "Larrain-dantzatik-Aserejéra", in Euskonews & media, 183. Azken kontsulta: 2009-11-18.
  • ARRARAS SOTO, Francisco (1972): "Danzas de Navarra", in Dantzariak, 3, 13-26 orr. Donostia: Euskal Dantzarien Biltzarra.
  • AYATS, Jaume (1999): "Análisis musicológico", in VILLAFRANCA BELZUNEGUI, Rosa: Estella y la Música. Siglo XIX. Julián Romano Ugarte. Lizarra: Udala eta Nafarroako Gobernua, 303-362 orr.
  • AZKUE ABERASTURI, Resurrección María de (1919): Cancionero Popular Vasco. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1968.
  • CHUECA INTXUSTA, Josu (1999): El Nacionalismo vasco en Navarra (1931-1936). Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • GAITEROS DE PAMPLONA eta IRUÑA TALDEA (1979): "Arruazuko Larrain dantza", in Dantzariak, 11, 21-24 orr. eta hurr.)
  • NUÑEZ, Faustino (1999): "Fandango", in CASARES RODICIO, Emilio (zuzendaria eta koordinatzaile nagusia): Diccionario de la Música española e hispanoamericana. Madril: SGAE, 1999. (4 lib. 923-926 orr.)
  • OLAZARAN, aita Hilario (1935): "Larrain-dantza: El baile de la era de Estella", in La Voz de Navarra, 1935-06-30, 8 orr.
  • SUÁREZ-PAJARES, Javier (1999): "Bolero", in CASARES RODICIO, Emilio (zuzendaria eta koordinatzaile nagusia): Diccionario de la Música española e hispanoamericana. Madril: SGAE, 1999. (2 lib., 553-562 orr.)
  • VILLAFRANCA BELZUNEGUI, Rosa (1999): Estella y la Música. Siglo XIX. Julián Romano Ugarte. Lizarra: Udala eta Nafarroako Gobernua.
  • VILLAFRANCA, Rosa eta LIZARRAKO GAITEROAK (2003): El baile de la Era de Estella: tres siglos de danza. Izen bereko DVDren oharrak. Lizarra: Ibai-Ega Dantza Taldea.