Kontzeptua

Kotilun gorria edo Marika

Lapurdiko inauterietako dantza giroko segizioan, joareak daramatzan garrantzizko pertsonai maskaraduna.

Aspaldiko pertsonaia da, baina 1890. urtera arte ez dago horren inguruko testigantzarik, Uztaritzen alegia. Kotilun izen berbera frantsesezko cotillon hitzetik eratorria da, edota agian antzinako frantsesezko cotione hitzetik, eskaleak eta ijitoak izendatzeko erabiltzen zena. Marika izenak txorimaloa, txingotea esan nahi du.

Jantziak honako osagaiak dauzka, betik gora: lokarriz hornitutako galtzerdi eta abarka zuriak, behealdean zinta beltza duen artilezko gona gorri zabala, larruzko gerrikoa, bertatik zintzilik behi joareak dituelarik. Gona horren gainean, mantala gorri eta hori txiki batez aparte, bi albotan poltsa zuria handiak dauzka, zinta gorriz dotoretuak. Poltsa horietan zerrautsa daramate jende artean botatzeko. Gorputzaren goialdean artilezko trikota latza daramate. Lepo inguruan lotuta xal gorria eta horia, muturra bizkarraldera dutela. Txano burdina daukate, oihal gorriz eginiko maskaraz, berau urre kolorezko ezkata ugariz josita dagoelarik, pustulaz beteta baleude bezala. Oihalari itsatsitako zinta horiek begi eta ahoaren ingurunea finkatzen dute. Txanoak zumezko egitura dauka, lauki baten forma dauka eta oihal gorriz estalita dago. Aurrealdean ispilu txiki bat dauka. Txanoari egurrezko lau hagaxka gehitzen dizkiete, piramide natzekoa osatuz. Goialdean lumak jartzen dituzte eta kolore anitzeko hainbat zinta. Pertsonai honek eskularruak eramaten ditu eta buruan behi isatsa duen makila.

Pertsonai hau antzezteko herriko bizpalau gazte ezkongabe hartzen zituzten, nekazariak edo artisauak. Oso pertsonai dibertigarria da, txantxak direla medio, eta poliziarena ere egiten zuen makila dela eta. Horren bitartez, segizioari bidea irekitzen dio eta etenaldi bakoitzaren ostean berriro antolatzen du.

  • DASSANCE Louis. Les sauts basques et les vieilles danses Labourdines. Bulletin du Musée Basque, 1927.
  • GUILCHER Jean Michel. Danses et cortèges traditionnels du Carnaval en Pays de Labourd. Bulletin du Musée Basque, 1969.
  • TRUFFAUT Thierry. Joaldun et Kaskarot, Des carnavals en Pays Basque. Elkar, 2005.