Zuzendariak

Iglesia Dieguez, Eloy de la

Zine-zuzendari gipuzkoarra, Zarautzen 1944ko urtarrilaren 1ean jaioa.

Goiz Madrilera joana, bertan Filosofia eta Letrak ikasi zituen, baina zineak gehiegi erakartzen zuen eta ikasketak hirugarren ikasturtean itxi zituen. Zine Eskola Ofizialean sartzeko ahalegina egin zuen baina sarrera-azterketa egiteko gutxieneko 21 urteko adinik ez zuenez, bide hori utzi eta Espainiar Telebistan lana lortu zuen.

Gidoilari bezala Nuestro amigo el libro (1964-65) izeneko serie baten parte hartu zuen. Serie horretan lanean zela Baum, Andersen eta Grimmen ipuin batzuk deigarri egin zitzaizkion. Idazle horiek izan ziren ofizioari neurria hartu eta lan eskarmentua besterik ez izateko helburuz Eloy de la Iglesiak haurrei zuzendutako bere lehen Fantasía...3 (1966) izenburudun filmaren oinarri. Bere Algo amargo en la boca (1969) bigarren filmean karrera guztian zehar etenik gabe gainean izango zuen etsaiarekin topo egin zuen: zentsura. Ekoizlea tartean sartu izanagatik muntaian bertan behera utzitako Cuadrilátero (1970) filma egin ondoren, elementu lizunak zeuzkan Techo de cristal (1970) suspense-filmarekin Eloy de la Iglesiak bere lehen arrakasta lortu zuen. Horren hurrengo, krimenaren eta lazturaren inguruan girotutako hurrengoak bezalako ekoizpen batzuk izan ziren: La semana del asesino (1972), Nadie oyó gritar (1973), Una gota de sangre para morir amando/Le Bal du vaudou (1973) eta Juego de amor prohibido (1975).

Industrian geroago eta gehiago sustraituta, 1976az geroztik bere zinea egilearen obsesioetara geroago eta gehiago bideratzen da. Obsesio horiek ideologia marxistari laguntza ematetik hasi eta (Eloy Espainiako Alderdi Komunistan alderdikidetu zen 70eko hamarkadaren hasieran) homosexualitatearen gorazarrera arte, eskandaluagatiko eta gehiegikeriagatiko zaletasunezko melodrama munduarenganako joeratik igaroz, nahitako estetika zikin batez hornituta zeuden. Bere sormen-unibertsoa zentzu horretan Rainer Werner Fassbinder eta Pier Paolo Pasolinirenari asko hurbiltzen zaizkie. Trantsizio zalapartatsuan zehar egindako La criatura (1977), El sacerdote (1978), El diputado (1978) o Miedo a salir de noche (1979) bezalako filmak muturreko erreakzioak sorrarazi zituzten. Kritikak gaitzetsi egiten zituen sentsazionalista, oportunista eta azalekotzat jotzearren. Bitartean, aldi berean, ikusleek Eloy de la Iglesiaren zinemagintza-ekoizpen horiek gogo biziz hartzen zituen.

80ko hamarkadaz geroztik euskal zuzendariak, printzipioz sendiko giroagatik arrotza zitzaion baina barru-barruko eta propiotzat hartu zuen eremu baten aldeko jarrera azaldu zuen: aldiriak (Pasoliniren eta italiar zine neorrealistari buruzko aipamen argiak eginez), gazte delinkuentzia eta drogak. Navajeros (1980) edo Colegas (1982) bezalako izenburuak artegatasun horiek ondo azaltzen dizkigute, gerora El pico (1983) eta El pico 2 (1984) bezalakoetan luzatutakoak. Azken hauetan, baztertutako gaztedi baten etorkizunik ezarengan bere ikuspegia jarriz, Eloy de la Iglesiak, euskal zine sorberriaren gorakadaz baliatuz, 80ko hamarkadako Euskadirekiko bere ikuspegi berezia adierazten digu. Film horietan gazteak indarkeria politikoa eta heroina nagusi diren tranpa baten harrapatuta daude. Kritikak oro har egindako ohiko gutxiespenari, oraingoan, muturreko euskal abertzaletasunaren hurbilekoak ziren kritikoenak gehitzen zitzaizkien, Eloy de la Iglesiak euskal errealitatera egindako hurbilpen horietan barkaezina zen oportunismo jarduera garbia ikusten baitzen. 1985ean zinemagile zarauztarrak Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzaz egindako bere lehen eta bakarra den Otra vuelta de tuerca (1985), ekoizpenez guztiak harritu zituen. Henry Jamesen izen bereko eleberriaren birsortzea zen, zinemagile heterodoxo horren filmografian ezohikoa zen inguru akademiko eta preziosistan egina. Filmak arrakastarik izan ez zuen arren, bere euskal abenturari eusteko ahalegina egin zuen, horretarako Galopa y corta el viento izenburudun txapeloker eta abertzale gazte baten arteko maitasun istorioarekiko egitasmoa abiaraziz. Antzinako gidoi horrek, U.C.D.ko gobernuak jazarri izana, oraingoan iritzi publiko abertzalearen aurkakotasunarekin topo egin zuen eta behin betiko bertan behera utzi zen. Kale delinkuentziaren gaia La estanquera de Vallecas (1986) filmean berreskuratu zuen, arrakasta handia lortuz.

Baina film horren ostean Eloy de la Iglesia krisialdi pertsonal baten erori zen. Amildegirako eta heroinarekiko bere zaletasunak urte askotan zehar zinetik urrundu egin zuten. 80ko hamarkadako zine horietako filmazioetan drogari lotu zitzaion, Colegasen aktore-kide izan zuen Antonio Flores edota Eloyk adoptatu, hezi eta bere maitale eta etorkizun handiko aktore bihurtu zuen Jose Luis Manzano alfabetatugabeko gazte delinkuentearekin batera. Infernuan atzerrialdi luzea izan ondoren Eloy de la Iglesia 1992an heroinaren atxikimendutik atera egin zen. Agian eraginik izango zuen urte horretan Jose Luis Manzano, Madrilgo Kale Nagusian eskean bi urtez ibili ondoren, zelai baten gaindosiz hilda agertu izanak. Edozein kasutan 1994an "El Mundo" Euskal Zineari Sarien III edizioan Eloy de la Iglesiari bere lan-ibilbideari Sari Berezia eman zitzaion. 1996an Donostiako Zinemaldiak omenaldia eta bere lanaren atzera begirakoa eskaini zizkion. Gainera Euskal Filmategiak eta Zinemaldi donostiarrak bere irudia aldarrikatu zuten Conocer a Eloy de la Iglesia liburuaren argitalpenarekin. Asko hitz egin zen zinemagilearen balizko itzulerari buruz. Itzulera hori 2000 urtean iritsi zen, TVEko Estudio 1 programarako Albert Camusen Caligularen egokitzapenaz. 2002an, Donostiako Zinemaldiaren 50. Edizioan, bere lanbide profesionalagatiko Ama Lur Saria jaso zuen. 2003an, zinetik 17 urte aldenduta egon ondoren, Eloy de la Iglesiak Berlingo Zinemaldiaren Programa atalaren baitan bere Los novios búlgaros azken film luzea estreinatu zuen. Lan hori, bere egilearen plangintza existentzial, estetiko eta artistikoekin bat zetorrena, etorkinen gaia jorratzeaz gain, maitasun homosexual baten istorioa azaltzera datorkigu. Kritikak konplizitatez hartu zuen. Tamalez Eloy de la Iglesia giltzurrunetako minbiziaren operazio baten ondoren hil zen 2006ko martxoaren 23an.



  • Nuestro amigo el libro (1964-65) (telebistarako seriea, gidoilaria)
  • Fantasía...3 (1966)
  • Algo amargo en la boca (1969)
  • Cuadrilátero (1970)
  • Techo de cristal (1970)
  • La semana del asesino (1972)
  • Nadie oyó gritar (1973)
  • Una gota de sangre para morir amando/Le Bal du vaudou (1973)
  • Juego de amor prohibido (1975)
  • La otra alcoba (1976)
  • Los placeres ocultos (1976)
  • La criatura (1977)
  • El sacerdote (1978)
  • El diputado (1978)
  • Miedo a salir de noche (1979)
  • Navajeros (1980).
  • La mujer del ministro (1981)
  • El pico (1983)
  • El pico 2 (1984)
  • Otra vuelta de tuerca (1985)
  • La estanquera de Vallecas (1986)
  • Calígula (2000)TVEren Estudio 1 programarako filmea
  • Los novios búlgaros (2003)
  • Aguilar, Carlos (et al.): Conocer a Eloy de la Iglesia, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Festival Internacional de Cine de San Sebastián/Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, 1996, 226 orr.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las personas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1999, 579 orr
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 orr.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3. zkia., 1999, 407 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 orr.