Jaialdiak-Ekimenak

Donostia Zinemaldia

Zinemaldia

Donostiako Jaialdia 1953ko irailaren 21ean sortu zen enpresa ekimen baten ondorioz. Donostiako enpresari multzo bati, zinemaldi sariketa bat ospatzea Gipuzkoako hiriburuko uda sasoia luzatzeko aitzakia bikaina izan zitekeela otu zitzaion. Francoren diktadurari erregimenaren irudi atsegin eta irekiagoa bat eskaintzeko aukera iruditu zitzaion eta proiektua babestu zuen inolako zalantzarik gabe. 1953ko lehen edizio horretan Zinearen Lehen Nazioarteko Astea izenez ospatu zen Jaialdia eta Espainiako zinemak baino ez zuen saririk eskuratu. La guerra de Dios filmari eman zitzaion film onenaren saria eta film horren zuzendariak, Rafael Gilek, zuzendari onenaren saria jaso zuen. Halaber, Francisco Rabalek eta Julita Martinezek, aktore eta aktoresa onenaren sariak eskuratu zituzten, hurrenez hurren.

Proposamenak izandako arrakastaren ondotik, sariketak Zinearen Nazioarteko Jaialdia izena hartu zuen hurrengo urtean, FIAPF (Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioa) delakoak B maila (ez lehiakorra) onartu ziolarik. Hirugarren edizioan, 1955ean, FIAPF-k kolorezko filmen sariketa lehiakor eta espezialdu gisa aitortu zuen jaialdia. Gainera Zilarrezko Maskorra ere orduan sortu zen. Giuseppe de Santis zuzendariaren Giorni d'amore film italiarrak lortu zuen sari hori lehen aldiz. Jaialdian saria jaso zuen lehen film atzerritarra izan zen. Hurrengo urtean sariketak kolpe latza hartu zuen, izan ere, ez zuen FIAPF-ren aitorpenik jaso. Jaialdiaren une latzenak izan ziren.



Duda-mudazko garai baten ondoren, 1957an, Jaialdia Hollywoodeko zinemarekin harremanak eraikitzen hasi zen eta urrats garrantzitsua eman zuen A maila lortzean, zinemaldi sariketa batek lortu dezakeen maila gorena. Ordura arte Zilarrezko Maskorra izendatzen zen sarik ofizialak, Urrezko Maskorra izena hartu zuen lehen aldiz. Dino Risi zuzendariaren La nonna Sabella filmak izan zuen sari hori lehen aldiz eskuratzeko ohorea. Gainera, edizio horretan bertan, 1957an, Giuletta Massinak aktoresa onenaren saria jaso zuen Federico Felliniren Le notti di Cabiria-Cabiriako gauak filmean egindako interpretazio bikainari esker. Donostiako jaialdiaren izaera gorpuztu egin zen, gutxi gorabehera; zazpigarren arteko izarrek isurtzen duten glamourraren aldeko apustu garbia eta bere ingurune naturalaren edertasunari azken zuku tanta ere ateratzen dion hiri baten xarma ukaezina, bere hiri-paisaiaren dotorezia dekadentea eta gastronomia eta kultura herrikoiaren aberastasuna.

Zinemaldia

Amerikako industriarekin egindako ituna, fruituak ematen hasi zen berehala. 1958an, Hollywoodeko hiru mitok eureni zenak zintzilikatu zituzten Donostiako Jaialdiaren historian, hainbat sari eskuratuta. Alfred Hitchcockek, Vertigo maisulana aurkeztu zuen Sail Ofizialean, dena den, guztien harridurarako, Tadeusz Chmielewski zuzendariaren Ewa chce spac film poloniarrak erdietsi zuen sari nagusia. Suspensearen izarrak Zilarrezko Maskorrarekin etsi behar izan zuen. Bestalde, James Stewart (Vertigo) eta Kirk Douglas (The Vikings) izan ziren, ex-aequo gizonezko interpretazio onenaren saria jaso zutenak. Hurrengo urtean Hitchcock Donostiara itzuli zen North by Northwest-Heriotza orpoetan maisulanarekin, baina berriro Urrezko Maskorra lortzeko atarian geratu zen. Fred Zinnemann zuzendariaren The Nun's Story filmak kendu zion saria. Edizio horretan Audrey Hepburn aktoresak emakumezko interpretazio onenaren Zulueta saria erdietsi zuen Zinnemann zuzendariaren luzemetraian egindako interpretazio bikainari esker.

Hirurogei eta hirurogeita hamargarren hamarkadetan zehar jaialdiak bere hazkuntza jarraitu zuen, bidean Zinemaren Historian urrezko hizkiz betiko gordeta geratu diren uneak utziz. Izan ere, ugari dira urte hauetan Zinemaldiaren ibilbidea auspotzen duten gertakizunak. Hirurogeigarren hamarkadari, Marlon Brando handiak One-Eyed Jacks western filmean zuzendari eta aktore gisa burututako lan bikainarekin, 1961ean lortutako Urrezko Maskorrarekin ekin zitzaion. Halaber, 1963an Blake Edwardsen Days of Wine and Roses filmean gizonezko interpretazio onenari Jack Lemmoni eta emakumezko interpretazio onenari Lee Remicki emandako sariak ere nabarmendu daitezke. 1964an John Houston zuzendariaren The Night of the Iguana filmean egindako interpretazio onenari Ava Gardnerrek jasotako saria eta edizio berean America, America filmagatik Elia Kazanek eskuratutako Urrezko Maskorra dira aipagarri. Aipatu orobat, Marcello Mastroniannik jaso zuen 1965ean gizonezko interpretazio onenaren saria Mario Monicelliren Casanova 70 filmean egindako antzezpenagatik. Modu berean, Albert Finney eta Audrey Hepburn aktoreek antzeztutako eta Stanley Donenek zuzendutako Two for the Road filmak eraman zuen 1967ko Urrezko Maskorra.

Zinemaldia

1969an Francis Ford Coppolak eraman zuen Urrezko Maskorra The Rain People-Euria ene bihotzean filmarekin. 1971ko edizioan Eric Rohmerren eskuetara joan zen Urrezko Maskorra La genou de Claire-Klararen belauna filmarekin. Aipagarria da, halaber, Víctor Ericek El espíritu de la colmena filmarekin eskuratutako Urrezko Maskorrarekin nabarmendu zen 1973ko edizioa, izan ere, edizio horretan Liz Taylor eta Orson Wellesen parte hartze deigarria izan zen. Azpimarratu halaber, 1974an Terrence Malickek Badlands filmarekin lortutako Urrezko Maskorra eta film honetako protagonistak, Martin Sheenek, jasotako aktore onenaren saria. Era berean, 1975eko sariketan Steven Spielberg zuzendariaren Jaws filma estreinatu zela Europan. Modu berean, 1976ko edizioan, inaugurazio-saioaren barruan eskaini zen, Luchino Visconti zenduaren L'innocente filma ahaztezina. 1977ko edizioari dagokionez, Geoge Lukas zuzendariaren Stars Wars-Galaxietako gerra filma Europan lehen aldiz eman zela eta Donostian bertako protagonista, Harrison Ford eta Carrie Fisher izan zirela aipatu behar da.

Urte horretan Luis Buñuelek jaso zuen ohorezko Urrezko Maskorra ikusleen artean izugarrizko zalaparta sortuz, izan ere, amaierako saioan aipatu zuzendariaren filmografiari amaiera emango zion Cet obscur objet du désir filmaz gozatu ahal izan zuten, lan surrealista, arduragarri, asaldatzaile eta obsesiboa. Izan ere, 1977ko edizioa, zentsurari amaiera eman zion ediziotzat gogoratzen da. Jaialdia ospatzen zenetik lehen aldiz askatasunaren festaz gozatu ahal izan zen eta zinemak atera zuen hartatik onurarik, Francoren erregimenean sekula ikusi ezin zitezkeen filmak Donostian bere lekua aurkituko baitzuten. Baina edizio paregabe hartan Buñuel bezalako zinegile zokoratuaz gain, beste asko ere gerturatu ziren Donostiara.

Hala, zinemazaleek Bernardo Bertolucciren Novecento, Naguisa Oshimaren Ai no corrida-Zentzumenen inperioa edo Federico Felliniren Casanova bezalako lan ikusgarri eta urratzaileez gozatu ahal izan zuten. Eta Sail Ofizialean Sydney Pollack edo Nikita Mikhalkov-Konchalovsky bezalako zinegileak nabarmendu ziren, lehena Bobby Deerfield filmarekin eta bigarrena Urrezko Maskorra emango zion Mekhanicheskogo pianino filmarekin. 1978an Robert Altman edo Claude Chabrol bezalako zuzendariek parte hartu zuten Jaialdian. Eta 1979an Sigourney Weaverrek Ridley Scotten Alien aurkeztu zuen eta Imanol Uribek El Prozesu de Burgos-Burgosko Prozesua film polemikoa pantailaratu zuen. Zoritxarrez, Jaialdia egoera politiko berrietara egokitzen zen bitartean, FIAPF-k ezusteko ezatsegina emango zuen laurogeigarren hamarkadaren hasieran.

Zinemaldia

1980 eta 1984 urteen artean Donostiak krisialdi bat bizi izan zuen. 1957an A maila lortu zuenetik gogorrena, zalantzarik gabe. Izan ere, lau edizio horietan FIAPF-k maila hori ukatu zion sariketari eta hau sari ofizialik gabeko jaialdi ez lehiakor bilakatu zen. Soilik 1963an galdu zen A maila hori ordura arte. Jaialdiaren antolatzaileek ez zuten etsi eta Donostiako sariketa antolatzen jarraitu zuten zailtasunak zailtasun. Sasoi gogor honetako lorpenetako bat 1984an iritsi zen, zinemagintza garaikideko film onenetako bat, Francis Ford Coppolaren Rumble Fish-Kaleko legea, sariketan ikusi ahal izan zenean, Nazioarteko Kritikaren Sari Nagusia lortuz. Krisialdi honi 1985ean eman zitzaion amaiera, berriro A maila eskuratu zenean.

Une honetatik aurrera, ordea, film interesgarriak lortzeko zailtasunari, laurogeigarren hamarkadaren urte horietan sariketari jaramonik egin ez zion ikuslegoa berreskuratzeko lan gogorra batzen zitzaion. Hori dela eta, masa-ikuskizun handiak antolatu ziren eta Donostiara izar handiak ekartzeko politikaren aldeko apustuarekin jarraitzea erabaki zen. 1986an, Anoetako Belodromoan, 3.000 pertsonentzako edukiera zuen areto erraldoia inauguratu zen eta aretoa irekitzeko Oliver Stoneren Salvador filma hautatu zen. Erabaki zuzena izan zen argi eta garbi, izan ere, modu horretako pantaila erraldoi batek (400 metro koadro) galdu zuen zerbait ematen zion Zinemaldiari; ospea eta ikuskizuna.

Urte horretan bertan, jaialdiaren ospea sustatzeko izarrak ekartzeko politikaren barruan, Donostia Saria eratu zen, talentua baliatuz euren ibilbide artistikoak mito bilakatzea lortu duten zinemagileei ohore egiteko. Gregory Peck izan zen saria lehen aldiz jasotzeko ohorea izan zuena 1986an. Hona hemen Donostia Saria erdietsi duten beste izan batzuk: Glenn Ford (1987), Vittorio Gassman (1988), Bette Davis (1989), Claudette Colbert (1990), Anthony Perkins (1991), Lauren Bacall (1992), Robert Mitchum (1993), Lana Turner (1994), Susan Sarandon eta Catherine Deneuve (1995), Al Pacino (1996), Michael Douglas, Jeremy Irons eta Jeanne Moreau (1997), Anthony Hopkins eta John Malkovich (1998), Fernando Fernán-Gómez, Vanessa Redgrave eta Anjelica Huston (1999), Michael Caine eta Robert de Niro (2000), Francisco Rabal, Warren Beatty eta Julie Andrews (2001), Jessica Lange, Bob Hoskins, Dennis Hopper eta Francis Ford Coppola (2002), Isabelle Huppert, Sean Penn eta Robert Duvall (2003), Woody Allen, Annette Bening eta Jeff Bridges (2004), Ben Gazzara eta Willem Dafoe (2005), Max Von Sydow eta Matt Dillon (2006), Richard Gere eta Liv Ullmann (2007), Meryl Streep eta Antonio Banderas (2008), Ian McKellen (2009).

Zinemaldia

Zinemaldiak sarrera dramatikoa izan zuen XXI. mendean, 2001eko irailaren 11n New Yorken izandako atentatuaren ondorioz Estatu Batuetako izar asko ez baitzen Gipuzkoako hiribururaino gerturatu. Gainera 51.edizioak (2003) Maria Kristina Hoteleko langileen greba jasan zuen eta Julio Medemen La pelota vasca-Euskal Pilota filmak sortutako polemika gartsuarekin hasi zen. Baina urtebete geroago, 2004ko edizioan, Donostiako Jaialdiak beste arrakasta bat eskuratu zuen, Woody Allenek sariketa hau aukeratu baitzuen Melinda & Melinda filmaren mundu mailako estreinaldia egiteko, inaugurazio-saioan.

Egutegiari dagokionez Venezia edo Cannes bezalako jaialdi indartsuekin lehiatu arren, Donostiako Jaialdiak ere sendotasuna lortu du, hiriak duen erakarpen indarrean, sariketara zintzo bertaratzen diren zinemagintzako izarren glamourrean eta emanaldiek ikuslego aldetik izaten duten harrera ezin hobean ardaztuta. Berez, nekez aurki daiteke ikuslego aldetik hain harrera ona duen beste A mailako jaialdirik. Izarrei dagokienez, Jaialdiko web orrialdean, Victoria Eugenia Antzokiko alfonbra gorria zapalduz Donostiaraino gerturatu diren bisitari ospetsuen zerrenda laburtua ematen da; Federico Fellini, Gloria Swanson, Alfred Hitchcock, Kirk Douglas, Jean-Luc Godard, Deborah Kerr, Leslie Caron, King Vidor, Monica Vitti, Anthony Mann, Bernardo Bertolucci, Anhony Quinn, Audrey Hepburn, Franco Zeffirelli, Francis Ford Coppola, Fritz Lang, Francisco Rabal, Robert Altman, Howard Hawks, Nicholas Ray, Elizabeth Taylor, François Truffaut, Orson Welles, Fernando Rey, Luis Buñuel, Steven Spielberg, Joseph von Sternberg, Imperio Argentina, Richard Burton, Gina Lollobrigida, Harrison Ford, Nikita Mikhalkov, Pedro Almodóvar, Victoria Abril, Sergio Leone, Roman Polanski, Sam Peckinpah, Jacqueline Bisset, George Peppard, Louise Rainer, Alberto Sordi, Sydney Pollack, Peter O'Toole, Joseph L. Mankiewicz, Charlton Heston, Glenn Close, Anjelica Huston, Sophia Loren, Stanley Donen, Mel Gibson, Keanu Reaves, Matt Dillon, Ethan Coen, Antonio Banderas, Bertrand Tavernier... Agerpen txiki bat besterik ez da, baina argi eta garbi azaltzen du Donostian zinemagintzak hartu duen neurria. Abentura eta zorigaiztoz betetako urteen ondoren, Zinemaldia, herrialdearen nazioarteko proiekzioari dagokionez, Euskal Herriaren irudirik garrantzitsuenetakoa bilakatu da, eta era berean, Europan ospatzen diren zinema jaialdi garrantzitsuenetako bilakatu da, Venezia, Cannes eta Berlinekoekin batera.

Victoria Eugenia Antzokia eta Kursaala dira jaialdiaren egoitza nagusiak. Victoria Eugenia Antzokia izan zen egoitza nagusia 1999an Kursaal Elkargunea eraiki zen arte. Zazpigarren arteko izarrak eskaileran paratuta eta alfonbra gorria zapalduz argazkilarien argazkien xede, Zinemaldiko irudi ezaguna bilakatu zaigu estanpa hori. Kursaala garrantzia hartuz joan da inauguratu zenetik. Agian ez du Victoria Eugenia Antzokiak duen glamour eta dotoreziarik baina oso eraikin praktikoa eta erabilgarria da eta bertan ospatzen dira, inaugurazio ekitaldia, amaiera ekitaldia, sari banaketa, etab. Gipuzkoako hiriburuko zaharrena den Printzipal Antzokiak edo Principe Zinemek ere garrantzia handia hartzen dute Jaialdiaren garapenean, Donostiara bertaratzen diren izarrak hartzen dituen Maria Kristina Hotelak bezalaxe.

Sailei dagokienez, Donostiako Sail Ofizialean urteko nazioarteko ekoizpen interesgarrienak erakusten dira. Sail Ofizial horretan parte hartzeko ezinbesteko baldintza da, aurretik beste inolako sariketetan ez parte hartu izana. Dena den, hau Urrezko Maskorra lortzeko hautagaiek, Zinemaldiko Sail Ofizialean egon ahal izateko araudiak finkatzen duen arauetako bat besterik ez da. "Zabaltegi" ere interes handiko saila da, bertan aldez aurretik beste jaialdi batzuetan estreinatutako filmak edo zuzendari berrien opera primak ikus daitezke. Sarritan zinegileekin elkarrizketan aritzea ahalbideratzen duen sail berritzaile hau, Donostiara bertaratzen diren zinemazaleen kuttunetako bat da. "Made in Spain" sailak, urteko Espainiako ekoizpen esanguratsuena erakusten du. "Horizontes latinos" delakoan, bestalde, Espainian ezagutzen ez diren ekoizpen latinoamerikarrak eskaintzen dira. "Zinema eraikitzen" ere film latinoamerikarrei eskainitako saila da, kasu honetan, aurre-produkzio fasean dauden filmen plataforma gisa baliatzen da. Anoetako Belodromoan filmen estreinaldiak egiten dira horretarako prestatutako 400 metro koadroko pantaila erraldoian, hala, Zinemaldian zehar jende andana erakartzen duen gune saihestezin bilakatu da.

Baina zinemazalearentzako bada beste paradisuzko gune bat, atzera begirako ugariei so. Atzera begirakoen artean klasiko bat, tematiko bat eta garaikide bat aurkituko ditugu. 1985. urteaz geroztik egiten den atzera begirako garaikideari esker, Donostiak honako zinegileen ibilbidea ezagutzeko aukera eman du: Roman Chalbaud, John Sayles, Hou Hsiao-hsien, Eloy de la Iglesia, Peter Bogdanovich, Terry Gilliam, Bertrand Tavernier, Bernardo Bertolucci, Otar Iosseliani, Volker Schlöndorff, Michael Winterbottom, Woody Allen, Abel Ferrara, Barbert Schroeder, Philippe Garrel, Terence Davies, Mario Monicelli edo Richard Brooks... Eta ezin ahantzi 1997az geroztik ospatzen den Euskal Zinearen Eguna, Euskadin urtean zehar egiten dena ikusteko aukera paregabea.

Sariei dagokienez, honatx Sail Ofizialean banatzen direnak: Urrezko Maskorra Film Onenari, Zilarrezko Maskorra Zuzendari Onenari, Zilarrezko Maskorra Aktoresa Onenari, Zilarrezko Maskorra Aktore Onenari, Epaimahairen Saria Argazkilaritza Onenari eta Epaimahaiaren Saria Gidoi Onenari. Zabaltegi Sailean Altadis Saria banatzen da Zuzendari Berrientzat. Zinemaldiko beste ohiko sari batzuk Publikoaren Kuttuna Saria eta Gazteriaren Saria dira, azken hau 17 eta 21 urte bitarteko ikasleez osatutako epaimahai batek ematen du.

Euskal zinegileen, euskal zinearen eta Donostiako Jaialdiaren arteko harremana estua izan da sariketaren historian zehar. Herrialdeko zineak ezin zion Donostiak eskaintzen zuen erakusleiho dirdiratsuari eta nazioarteko oihartzunari muzin egin. Euskal zine garaikidearen oinarri izan den Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxearen Ama Lur (1968) filma, jaialdian lehiaketatik kanpo aurkeztu zen Astoria zineman, ikuslegoak egiten zituen keinuak arretaz zaintzen zituzten poliziez inguratuta. Ikuslegoak txalo zaparrada zabal batez eman zion amaiera filmari eta zinegileek Gipuzkoako Ateneo Saria eskuratu zuten. 1973an beste euskaldun batek egin zuen jaialdiaren historiarako jauzia. Víctor Ericek Urrezko Maskorra lortu zuen El espíritu de la colmena filmarekin. Modu horretan, Espainiako film batek sari preziatua irabazi zuen lehen aldiz. 1977ko edizioan euskal zinegileek zentsuraren bazterketa eta askatasun giro berria baliatu zituzten. Euskal filmen ziklo bat eta "Euskal Herriko Zineari buruzko Lehen Elkarrizketak" antolatu ziren.

Halere, ekimen hau polemika batek bildu zuen, izan ere, zinegile batzuk Jaialdiari Euskadiko zinea baztertzea leporatu zieten, baina, kontuak kontu jardunaldi horiek aurrekaria izan ziren dudarik gabe Zinemaldian laurogeita hamargarren hamarkadaren bigarren erdiaz geroztik antolatzen den euskal zinearen maratoiak finkatzerakoan. 1979ko edizioan euskal zinea berriro ere protagonista izan zen El proceso de Burgos-Burgosko prozesua film polemikoarekin. Oraindik bizirik zirauten frankismoaren aztarnak filmaren proiekzioa debekatzen saiatu ziren, baina presio ugari jasan ondoren, Uribek bere lana erakustea lortu zuen. Bere kemenak izan zuen saririk, izan ere, dokumentalak Perla del Cantábrico Saria jaso zuen.

Laurogeigarren hamarkadaren lehen erdialdean, sariketak A maila galduta une latzenak igarotzen zituelarik, Donostia euskal zine modernoaren leherketaren lekuko pribilegiatu izan zen. La fuga de Segovia-Segoviako ihesa filmak ikusmin handia sorrarazi zuen 1981eko edizioan aurkeztu zenean. La conquista de Albania-Albaniako konkista (1983) filmaren estreinaldia 24 orduz atzeratu zen eta aurrezarritako programaketa moldatu egin behar izan zen, filma lehendakariak, Carlos Garaikoetxeak, ikusi ahal izateko. Eta Tasio (1984), Kalabaza tripontzia (1985), 27 horas-27 ordu (1986) edo Ke arteko egunak (1989) bezalako filmek sari ugari lortu zituzten laurogeigarren hamarkadan zehar. Baina laurogeita hamargarren hamarkada izan zen Donostian, Euskal Herriko zinearen urrezko aroa, izan ere, hiru euskal zuzendarik lau Urrezko Maskor lortu zituzten. 1990ean Montxo Armendarizek lortu zuen Las cartas de Alou filmarekin, erabaki eztabaidagarria izan zen, izan ere, Sail Ofizialean erakutsi zen Pelikula Onenaren saria jaso zuen Coen anaien Miller's Crossing filmari kendu baitzion maskorra.

Hurrengo urtean Juanma Bajo Ulloak lortu zuen saria Alas de mariposa-Tximeletaren hegoak opera prima bikainarekin. Azkenean, Imanol Uribek ere lortu zuen Urrezko Maskorra Días contados filmarekin 1994ean eta Bwana filmarekin (Gillies Mackinnon zuzendariaren Trojan Eddie filmarekin batera) 1996ean. Modu horretan, jaialdiak euskal zineak urteen poderioz eskuratutako maila bikaina aitortzen zuen. 2003an La pelota vasca-Euskal pilota filmarekin askatu zen polemikaren ondorioz, zinemazaleek Ama Lur edo El proceso de Burgos-Burgosko prozesua filmekin jasandako jazarpen politikoaren oroitzapen mingotsa berreskuratu zuten.

1997tik aurrera, herrialdeko zinegileen eskari gero eta indartsuagoaren eraginez, Euskal Zinearen Eguna barneratu zen jaialdiaren programaketan, horrenbestez, urteko euskal ekoizpena ikusteko aukera zabaltzen zen. Edonola ere, sariketa neurri handi batean Euskadiko kapitalari esker finantzatzen denez eta Euskadiko zineak urteen poderioz maila aipagarri bat izatera eraman duen aurrerapen nabarmena izan duela kontuan hartuz, oraindik ere, Donostiako Jaialdiaren barneko sail ezberdinetan euskal zinearen hutsunea nabaritzen da. Euskal zinearen kalitatearen eta sariketako sail garrantzitsuetan (Sail Ofiziala, Zabaltegi, etab.) duen presentzia eskasaren arteko desoreka, etorkizunean Zinemaldiak zaindu beharreko alderdia da. Gauzak horrela, harrigarri suertatzen da Donostiak Latinoamerikako (Zinema eraikitzen) zinemagintzaren ekoizpenari laguntza emateko sail bat izatea eta Euskal Herriko zinearentzat halako azpiegiturarik ez izatea.

57. ekitaldian (2009) oso urrats garrantzitsua eman zen nazioarte mailan euskal zinemagintza sustatu eta ezagutzera emateko Zinemaldia erakustoki egokia izan zezan. Betiko Euskal Zinemaren Egunari arreta berezia eskaini zitzaion eta horrela sail berezia sortu zen, hots, Zinemira-Panorama del Cine Vasco. Sail horren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, Zinemaldian euskal zinemagintzaren presentzia areagotu egin nahi zen. Zinemira jaialdiaren egitarau nagusian ageri da eta ekitaldi osoan barrena pelikulak eskaintzen dira. Zinemiraren egitarauan urte horretan euskal zinemagintzak kaleratutako pelikularik onenen artean hautatze batzordeak aukeratutako zenbait filma eskaintzen dira. Victoria Eugenia Antzokian Euskal Zinemaren Festa burutzen da eta Zinemira Saria ere banatzen da. Sari horren xedea euskal zinemagintzan nabarmendu den pertsonaiaren bat gogora ekartzea da. Lehen saio horretan Imanol Uribek izan zuen ohore hori.

Jaialdiak bere web orrialdea du. Web orrialde oso txukun eta osatua du eta bertan jaialdiari buruzko albisteak, sail edo sariketa ezberdinei buruzko aipamen laburrak, Sail Ofizialean parte hartzeko araudia, prentsa-oharrak, akreditazioak, edo saltokiak aurki daitezke, eta sariketan historia maite dutenentzat, beste gauza batzuen artean, aurreko edizioetako sari guztiak ikusteko aukera ematen duen artxibo historikoa eta argazki galeria bat barneratzen ditu.

  • Galán, Diego: Jack Lemmon nunca cenó aquí: Trece años y un día en el Festival de Cine de San Sebastián, Bartzelona, Plaza & Janés, 2001, 365 orr.
  • Galán, Diego: 50 años de rodaje=50 urte Jardunean, Donostia-San Sebastián, Festival de Cine de San Sebastián=Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, 2002, 411 orr.
  • Torquemada, Jesús (koord); Ruiz de Garibay, Carmen (koord): Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 40 urte (1953-1992) / 40 años (1953-1992) Festival Internacional de Cine de Donostia-San Sebastián, Donostia-San Sebastián, Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, 1992, 285 orr.
  • Tuduri, José Luis: San Sebastián; un Festival, una Historia (1953-1966), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia, 1989, 302 orr.
  • Tuduri, José Luis: San Sebastián; un Festival, una Historia (1967-1977), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia, 1992, 450 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3.zenb, 1999, 407 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 orr.
  • Unsain, José Maria: El cine y los vascos, Donostia, Eusko Ikaskuntza /Sociedad de Estudios Vascos-Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca, 1985, 355 orr.