Kontzeptua

Hizkuntza-Ideologia

UZEIk hizkuntza-komunitatearen definizioa modu laburrean jartzen badu ere, kontzeptu horren interpretazioa aldakorra izan da, ikertzaileen eta momentu historiko epistemologikoaren araberakoa. Peter L. Patrick-ek (2009) erakusten duen moduan, kontzeptu gatazkatsua da bere kontzepzioari dagokionez. UZEIren definizioa honakoa da (UZEI, argitaratu gabe: 22):

Hizkuntza-komunitatea: lehen hizkuntza bera duten edo hizkuntza berean mintzatzen diren pertsonen multzoa. Soziolinguistikak aztertzen duen unitate sozial nagusia da.

Mikel Zalbidek aipatzen duen moduan (Zalbide, 2006: 238), kontzeptu honi izendapen anitz eman zaizkio hizkuntza guztietan eta bereziki euskaraz. Zalbidek hiztun-elkartea erabiltzen du kontzeptu hau izendatzeko eta ondorengo izen hauek aipatzen ditu: hiztun-taldea, hiztun-herria, komunitate linguistikoa.

Richard A. Hudson-ek (Hudson, 1981), hainbat autoreren definizioak laburbiltzen eta aurkezten ditu (Lyons, Hockett, Bloomfield, Gumperz, Labov, Le Page, Bolinger) eta bere definizio propioa proposatzen du.

Laburbiltzeko, definizioak hiru ezaugarri nagusiren arabera aldatzen dira (Berruto, 1998):

  • Hizkuntzaren ezaugarria.
  • Oinarri sozio-geografikoaren ezaugarria.
  • Arau soziolinguistikoen ezaugarria.

Lehenengo ezaugarriak hizkuntza eta hizkuntzaren erabilera du oinarrian: hizkuntza-komunitatea hizkuntza jakin bat erabiltzen duen giza taldea da (Leonard Bloomfield, 1926). Hasieratik, gainera, aspektu komunikatiboa ere kontuan hartzen da, hizkuntza-komunitate bat hizkuntzaren bitartez harremanak dituen taldea da (Bloomfield, 1933). Definizio hau osatuz joan da. Horrela, John Gumperzek (Gumperz, 1971) hizkuntza-komunitatea eleanitza izan daitekeela dio; William F. Mackey-rentzat, aldiz, ez (Mackey, 1972).

Bigarren ezaugarria sozio-geografikoa da. Hizkuntza-komunitatea osatzeak eremu geografiko komun bat partekatzea inplikatzen du. Horren arabera, hizkuntza-komunitatea entitate geografiko-politiko batean osatuko dute, hizkuntza bera konpartitzen duten pertsonek. Adibidez, autore batzuk hiri bat kontsideratu dute hizkuntza-komunitate bezala. Milroy eta Margayk Dublingoa aztertu dute, esaterako (Milroy eta Margay, 1980).

Hirugarren ezaugarria arau soziolinguistikoarena da. William Laboven ustez, adibidez, hizkuntza-komunitatea da arau soziolinguistiko berdinak konpartitzen dituen giza taldea. Alegia, hizkuntza erabiltzeko arau linguistiko berberak konpartitzen dituena eta, gainera, erabilera horietaz balorazio berdina egiten duen pertsona-multzoa (Labov, 1972).

Autore batzuek (Gumperz, 1971: 269) interakzioaren garrantzia azpimarratzen dute. Horrela, hizkuntza-komunitatearen barneko harremanak ugariak eta erregularrak izan behar dutela azpimarratzen dute. Beste autore batzuek, hizkuntza-komunitatea terminoa erabili baino, nahiago dute erabilera-komunitatea (community of practice) erabili (Eckert eta McConnell-Ginet, 1999: 185).

Ikusten denez, anitza da hizkuntza-komunitatearen definizioa. Autore batzuek bere balioa zalantzan jartzen dute konplexuegia delako (Ralph Fasold, 1996) edo, hizkuntza-komunitatea pertsonek osatzen dutenez, sinplifikazio handiegia delako pertsona horien guztien erabilerak eta balorazioak modu bakarrean sinplifikatzeak (Peter L. Patrick, 2009: 246).

Joshua Fishmanek sintesi interesgarri bat egin zuen (Fishman, 1971). Zalbidek horrela laburbiltzen du Fishmanen definizioa (Zalbide, 2006):

Hizkuntza-komunitatea: aurrez aurreko interakzio linguistikoz (mintzajardunez, idatziz...) edota hiztun guztien integrazio sinbolikoaz, gutxien-gutxienez aldaera bat konpartitzen duten hiztun guztien multzoa da, hiztun-elkartea.

Euskal Herriko kasuan M. J. Azurmendik (Azurmendi, 1987: 265) hizkuntza-komunitatearen definizio berri eta integratzailea egin zuen, Olasok jasotzen duena (Olaso, 2008: 7). Fishmanen ereduan oinarritutako definizio honetan bost osagai hartzen dira kontuan:

  • Ingurune eta lurraldetasun politiko-juridiko-soziala.
  • Hiztun-multzoa.
  • Funtzionatzeko norma komunitario bereziak.
  • Norberaren hizkuntzaren erabilera.
  • Hiztun-multzoaren jokaera eta ekintzak.

Euskal Herriko hizkuntza-komunitatea aztertzean, maila sinbolikoa oso kontuan hartzea garrantzitsua da; alegia, hizkuntza-komunitatearen partaidea izateko zein ezaugarri behar den edo partaide izatea Euskal Herriko biztanleriak nola definitzen duen aztertzea. Zentzu horretan aipagarria da Nekane Jausorok eta bestek euskararen atxikimendu-komunitatea deitu zutena. Talde horretan euskaraz aritzeko gaitasuna izan gabe, euskararen normalizazioaren aldeko jarrera zuten erdaldunak sartzen dira. Zonalde batzuetan, batez ere erdaldunetan, garrantzi handia izan zuten, beraiek sortu eta sustatu baitzituzten, adibidez, ikastolak eta gaueskolak (Jausoro eta beste, 1998).

Analisi hau egiten bada, ikusten da nola maila sinbolikoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den. Izan ere, euskaldunen hizkuntza-komunitatearen partaide izateko borondatea da izan behar den ezaugarri nagusia biztanleriaren gero eta zati handiagoarentzat. Ikusiko dugunez, biztanleriaren hizkuntza-gaitasunaren arabera aldatzen da ikuspuntu hau (Joly, 2004).

UZEIk hizkuntza-identitatearen edo hizkuntza-nortasunaren definizio hau ematen du:

Hizkuntza-nortasuna: pertsona edo giza talde baten identitatearen eta hizkuntza baten artean dagoen lotura. Pertsona edo giza talde bakoitzak hizkuntza jakin batekin (edo gehiagorekin) lotzen du bere identitatea.

Norberaren identitatea bestearekiko konparaketaren arabera egiten da. Bourdieuk nortasunaren inguruan dioen bezala: Cet être perçu qui existe fondamentalement par la reconnaissance des autres (Bourdieu, 1982: 141).

Bestea existitzen delako, berarekiko egiten duen konparaketaren arabera definitzen du hiztunak bere burua eta, beraz, bere identitatea. Alegia, bestearen begien bitartez definitzen du bere burua. Identitatearen definizioan dialektika bat sortzen da: nork bere burua ezagutzeko besteen jokaerak analizatu behar ditu, eta besteen jokaeren zergatiak ulertzeko, nork bere jokaera analizatu behar du.

Prozesu dialektiko horretan hizkuntzaren lekua zentrala da. Norbera edo komunitate bat definitzeko, identitatea definitzeko, nabarmenetarikoa den ezaugarria besteekin komunikatzeko ahalmena da, eta bereziki hizkuntza batez komunikatzeko ahalmena.

Grekoentzat barbaroak ziren grekoak ez zirenak, alegia, beste hizkuntza bat erabiltzen zutenak. Modu berean euskaldunen kasuan: euskaldunaren definizioa euskaraz hitz egiten duena da, besteak erdaldunak dira. Ikusten den bezala, karga afektibo batekin kontsideratzen da ezberdintasuna, eta historian zehar aldatuz joan da.

Hizkuntza eta nortasunaren arteko lotura ez da hizkuntzaren mailan bakarrik gelditzen, hizkuntza-komunitate orokor batean, azpi hizkuntza-nortasunak daude eta horiek, normalean, erabilera jakin bati lotuta daude. Adibidez, erabilera batzuek genero batekin lotura izan dezakete, alegia, gizonezkoek modu batean hitz egitea eta emakumezkoek beste modu batean; gizarte-maila izan daiteke beste identitate ezaugarri bat, etab. Oro har, aldaera- edo bariazio-mota bakoitzak identitate batekin lotura izan dezake, eta kontzienteak edo inkontzienteak, errebindikatuak edo ez-errebindikatuak izan daitezke (ikusi Hizkuntzaren aldakortasuna atala).

Identitate pertsonala ez da bat eta bakarra, egunean zehar adibidez aldatu egiten da, hiztuna langile, guraso, futbolaria, ehiztaria... izan daiteke egun berean. Aldaketa horiekin hizkuntzan eta hizkuntzaren irudikapenetan bariazioak egon daitezke. Horregatik, identitate soziala eta hizkuntza-identitatea ez dira lausoak eta mugiezinak, aldakorrak baizik. Oro har nortasun pertsonal eta gizarte-nortasunaren artean mediazio bat gertatzen dela esan daiteke (Tabouret Keller, 1996: 317).

Soziolinguistikan bada modu hertsi bat hizkuntzaren identitatea definitzeko eta aztertzeko: pertsona edo giza talde baten identitatearen eta hizkuntza baten artean dagoen lotura aztertzea, hain zuzen ere. Hala ere, bada hipotesi bat oso zabaldua, nortasuna eta hizkuntza maila ideologikoan kokatzen dituena: Whorfen hipotesia, hain zuzen ere.

Europako nazioen eraikuntzaren prozesu historikoan eragin handia izan du Whorfen erlatibismo linguistikoak. Europako mentalitateetan oso sartuta dago eta egon da, eta Euskal Herrian indar handia dauka, bereziki euskaldunen artean.

Erlatibismo linguistikoaren jatorria urrundik dator eta, berez, Sapir (1884-1939) eta Whorf (1897-1941) maisuekin lotzen bada ere, kontzeptuaren oinarriak lehendik datoz; gutxienez Herder, Humboldt, eta Sapir-en irakasle zen Boasengandik. Hipotesi honen arabera, lotura bat egongo litzateke hizkuntzaren eta pentsatzeko moduaren artean eta, beraz, hizkuntza eta kulturaren artean.

Alegia, hizkuntza bat mintzatzeak pentsatzeko era bat ekarriko luke, hizkuntza bakoitzak kosmobisio bat suposatuko luke, baita berari propioa izango litzaiokeen kultura bat ere. Erlatibismo linguistikoaren arabera, hizkuntzak determinatuko lituzke hizkuntza-komunitate baten kosmobisioa eta kultura. Horrela, hizkuntza eta nortasunaren arteko harremana ezin estuagoa litzateke (Joly, 2009).

Whorfen teorizazioaren arabera, hizkuntzek kategoria-sistema bat osatzen dute, partikularra eta berezitua dena. Kategoria horien artean, kategoria gramatikalak edo hizkuntzen estruktura semantikoa aurkitzen dira, adibidez. Sistema horiek, hizkuntzari propioak zaizkionak, hiztunaren ikuspuntu kontzeptuala eta bere interpretazio estetikoak baldintza ditzakete.

Adibide famatuena eskimalen elurra izendatzeko modua da. Hizkuntza gehienetan hitz bakarra erabiltzen da; eskimalek, berriz, elurraren ezaugarrien arabera, 10 izen baino gehiago dituzte elurra izendatzeko. Amazoniako indigenen kasuan, gauza bera gertatzen da berdea kolorearekin, hitz bat baino gehiago dute berde ezberdinak izendatzeko.

Whorfen hipotesi hertsienaren arabera, hiztun elebakar baten hizkuntzak erabat baldintzatzen du bere kosmobisioa eta munduan duen ekiteko joera. Izan ere, honen arabera, munduko hizkuntzen estrukturak oso ezberdinak dira, eta estruktura horiek baldintzatzen dituzte hiztunen funtzio kognitiboak. Hala ere, ikuspuntu hori zalantzan jarri da bi modutan.

Alde batetik, zientzia kognitibistetako ikertzaileen kritika jaso zuen 1960tik aurrera, Chomsky eta bere jarraitzaileek munduko hizkuntzek uste zen baino estruktura unibertsal gehiago konpartitzen zituztela frogatu baitzuten.

Bestetik, hizkuntzek gizarte baten kultura, balioak eta orientazioak baldintzatu baino gehiago, horien isla direla frogatu zuten Fishmanek eta beste autore anitzek. Beraz, hizkuntza, kultura eta kosmobisioaren harremana ez da unilaterala, unibokoa eta norabide bakarrekoa: ez ditu hizkuntzak hizkuntza-taldeko hiztunen kosmobisioa eta kultura baldintzatzen, baizik eta batak besteari eragiten diote. Hizkuntzak eragina baldin badu kosmobisioan, kosmobisioak berak ere eragina dauka hizkuntzan (Joly, 2009).

Euskal Herriko eremu geografikoan, hizkuntza eta nortasunaren arteko harremana aztertzen direnean, konplexutasun bereziak agertzen dira: Euskal Herria eleanitza da eta, hiztunen hizkuntza-gaitasunaren arabera, kokapen geografikoaren arabera eta kokapen sozio-politikoaren arabera, aldakorra. Gainera, nortasun politiko-nazionala eta hizkuntza-nortasuna oso lotuta daude eta, berez, askotan gauza bera izango balira bezala aztertzen dira.

1990eko eta 2000ko hamarkadak aztertzen badira, hizkuntza-nortasunaz gizartean zabalduak diren irudikapenak gero eta konplexuagoak bihurtzen direla ikusten da, egoera eta errealitate soziolinguistikoa gero eta konplexuagoa delako (Joly, 2004).

Maila sinkronikoan, bi motatako azterketak egiten dira nagusiki euskal hizkuntza-nortasunaren nondik norakoak aztertzeko. Alde batetik, jendeari galdetzen zaio ea euskalduna, espainola edo frantsesa sentitzen den. Sarritan, kategoria nagusi horiei beste batzuk gehitzen zaizkie: nafarra, euskalduna eta espainola, euskalduna eta frantsesa, etab. Bestetik, euskalduna izateko zein ezaugarri behar diren galdetzen zaio.

Maila diakronikoan, Johan Järlehed-ek hizkuntza eta identitatearen arteko lotura aztertu du (Järlehed, 2008). Berak bost une edo praxi ezberdin aztertu ditu:

Euskararen lekua euskal nortasun goiztiarraren artikulazioan, XVI. eta XVII. mendeen artean.

Euskararen lekua Sabino Aranaren diskurtsoan.

Euskararen lekua diskurtso zientifiko-kulturalean.

Euskara oposizio eta erresistentzia-ikur bezala.

Trantsizioaren garaia eta euskarari eman zaion lekua.

Beste autore batzuek ere euskararen lekua euskaldunen nortasunean kokatzen dute eta euskararen inguruko diskurtsoak aztertu dituzte maila diakronikoan, tartean Madariaga, Intxausti, Tovar, etab.