Kontzeptua

Hizkuntza-Ideologia

Hizkuntza-ideologia zabaltzen ari den terminoa da. Sorreran hizkuntza-antropologoek erabili izan dute eta soziolinguistikaren jarreren inguruko ikerketekin zerikusi handia dauka.

Ezer baino lehen, terminoaren esanahi soziolinguistikoa egoki baloratzeko, ideologia bat zer den definitu beharko dugu. Autore batzuk ez dira ideologia linguistikoak aztertzearen alde, ideologia terminoa oso lausoa delako (Harold Schiffman, 2005: 1).

Harluxet Hiztegi Entziklopedikoaren arabera, ondorengo hau da ideologiaren definizioa:

Ideologia: garai, gizarte, talde, klase edo pertsona baten ideia-sistema, nolabaiteko doktrina filosofikoaren atala osatzen duena eta banakoaren nahiz taldearen jokabidea baldintzatzen duena.

Soziolinguistikaren alorrean ideologia linguistikoen ikerketa-eremua mugatzeko, definizio bat baino gehiago erabili izan da. Oinarrian, ideologia linguistikoak konstruktu kognitiboak dira. Hizkuntzei buruzko hautemate- eta balorazio-multzoak dira: hiztunak hizkuntzei balio morala, soziala edo politikoa ematen die. Ideologia linguistikoen ikerketa-eremua konstruktu kognitibo-afektibo horien azterketa da. Pertsonek hizkuntzei buruz egiten dituzten balorazioak aztertzea, alegia.

Ikerketa-eremua hizkuntza edo hiztun-talde zehatz bat izan daiteke, adibidez, euskararen inguruan dauden ideologiak, Antonio Tovar-ek egin zuen moduan (Tovar, 1980). Edo, oro har, hizkuntzei buruzko edo lengoaiaren balioari buruzko zeharkako saioak, adibidez, Europako nazionalismoen eta hizkuntzaren arteko lotura ideologikoa aztertu duten autoreak ditugu (Daniel Baggioni, 1997 eta Xabier Zabaltza, 2006).

Kontzeptua laburbiltzeko, Kataluniako hiztegi soziolinguistikoan agertzen den definizioa eman daiteke (Julen Arexolaleiba, 2005: 38):

Ideologia linguistikoak: hizkuntzaz hiztunak dituen sinesmen-multzoak dira, estruktura eta erabilera linguistikoa hautemateko duen modua arrazionalizatzeko edo justifikatzeko.

UZEIk argitaratu gabe duen hiztegiaren definizioa antzekoa da (UZEI, argitaratu gabe):

Hizkuntza-ideologia: pertsona edo giza talde batek hizkuntzei buruz dituen ideien multzoa. Ideologia hori erabilera, diskurtso edo portaera linguistiko jakin batzuen bidez adierazten da.

Definizio horiek adierazten duten moduan, hizkuntza-ideologia hizkuntza-irudikapenen, hizkuntza-jarreren, hizkuntza-motibazioen eta hizkuntza-portaeren hiperonimo moduan uler daiteke.

Ideologia soziolinguistikoak aldakorrak eta interaktiboak dira. Gizarteak sortzen ditu eta hiztunei, kulturazio prozesuaren bidez eskuratzen dizkie. Errealitatea hautemateko tresnak ematen dizkio hiztunari. Norberaren portaerak arrazionalizatzeko balio dute. Horrela, ikasitako eta barneratutako hizkuntza-ideologiak erabiliz, hiztunak bizi duen errealitateari esanahi bat ematen dio. Beraz, hiztunaren ekintzak eta portaerak ulertzeko ere balio dute.

Alderantziz ere, pertsonaren eguneroko bizipenek, interesek eta abarrek ideologia linguistikoak moldatzen dituzte. Horrela, pertsona baten ideologia linguistikoa konstruktu aldakorra da. Ideologiak eragina du errealitatean (portaeran), baina errealitateak ere eragina du ideologiaren bilakaeran.

Interakzio honen norabide nagusia aztertu izan duten soziolinguistek, gainera, erakutsi dute nola ideologia linguistikoek portaeretan eragina izan dezaketen eta nola corpusaren bilakaeran ere ondorioa baduten.

Adibidez, ume baten gurasoek ideologia soziolinguistiko diglosiko bat badute, ideologia linguistikoak eragina izango du hizkuntzaren hautapenean eta, beraz, portaeran. Beraiek elebidunak izanik, euskara eta gaztelania ezagututa, haien ustez euskarak erabilera-eremu informaletarako bakarrik balio du. Ondorioz nahiz eta haien umearekin euskaraz hitz egin eguneroko bizitzan, gaztelaniazko eskola batera bidaliko dute.

Ideologia linguistikoek hizkuntzaren estrukturaren bilakaeran ere eragin handia dute. Hitz egiteko modu bat prestigioduna bada, baliteke gizartean nagusitzea. Hizkuntzaren aldakortasuna atalean adibide bat baino gehiago aurkituko du irakurleak.

Beste adibide bat izan daiteke XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran euskararen estatusaren eta corpusaren inguruko eztabaidetan nagusi zen garbizaletasuna. Mendearen erdialdean, euskara batua finkatzean, maila ideologikoak corpusean zein eragin handia izan zezakeen argi ikusten da, adibidez, Villasante eta Omaetxebarriaren eztabaidetan (Luis Villasante, 1951, 1952 eta Ignazio Omaetxebarria,1951).

Aurreko azpiatalean ikusi dugun bezala, ideologiak erabilera linguistikoa baldintzatzen du eta erabilerak berak ideologia linguistikoaren bilakaera ere bai. Askotan, adibidez, hizkuntza minorizatu bat desagertzear dagoenean, bere erabilera sinbolikoa izatera baino iristen ez denean, hizkuntzaren aldeko jarrerek gora egiten dute. Fenomeno honi artazien fenomenoa deitu dio Philippe Martelek (Martel, 2001:18).

Beste hipotesi batzuk ere eztabaidagai dira. Silversteinek (1979, 1985 in Woolard, 2009: 215) Whorf-en hipotesia eztabaidatu du (Whorfen hipotesiaren aurkezpena hurrengo kapituluan egingo da). Bere ustez, ideologia ez da bakarrik kontzepzio kulturala, baizik arrazionalizazio bat, existitzen den praktika bat desitxuratzen duena. Silversteinen ikerketa-muga hizkuntzaren egitura da. Bere helburua ez da bakarrik estruktura linguistikoa arrazionalizazioaren subjektua dela frogatzea, baita arrazionalizazioak estruktura linguistikoan eragina duela erakustea ere.

Ideologia linguistikoen adibide anitz eman daitezke. UZEIko hiztegian, adibidez, ondorengo adibideak aurkitzen dira (UZEI, argitaratu gabe):

  • Egozentrismo glotikoa: hizkuntza-aniztasuna murriztu eta giza hizkuntza bakarra (norberarena) ezarri nahi duen hizkuntza-ideologia.
  • Ekologismo glotikoa: egozentrismo glotikoari kontrajarritako hizkuntza-ideologia. Balio eta indar bereko bi behar hauek bateragarri egitean du oinarria: 1) hizkuntzen ekologia naturalari eustea, hau da, hizkuntza-nazio bakoitzak bere ondare linguistikoa zaintzeko duen eskubidearen eta arduraren bitartez, munduko hizkuntzen aniztasuna gordetzea, eta 2) esparru mugatu eta jakin batean (hizkuntza desberdinetako nazioen arteko komunikazioa bideratzeko, hain zuzen), bigarren hizkuntza bat komunikazio-hizkuntza gisa ezartzea.
  • Hizkuntza-abertzaletasuna: hizkuntza aberriaren gorengo ezaugarritzat jotzen duen ideologia.
  • Hizkuntza-darwinismoa: hizkuntzek Darwinen eboluzio-teorien araberako bilakaera dutela pentsatzen duen hizkuntza-ideologia. Horren arabera, hizkuntza-komunitate indartsuenak gailenduko lirateke, ahulenak baztertuta.
  • Hizkuntza-liberalismoa: hizkuntza-ukipeneko edo -gatazkako egoeretan inolako esku-hartzerik ez egitea babesten duen hizkuntza-ideologia.
  • Hizkuntza-pluralismoa: gizarte bateko hizkuntza-komunitateen berdintasuna, hots, erabiltzen diren hizkuntza guztiek eskubide berak dituztela aldarrikatzen duen ideologia.
  • Ideologia ekolinguistikoa: hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntzen arteko oreka gorde behar direla aldarrikatzen duen hizkuntza-ideologia.

Mundu-mailan eleaniztasunaren aldeko ideologiak badira (lehen aurkeztu diren ideologia ekolinguistikoa, ekologismo glotikoa edota hizkuntzen pluralismoa, adibidez), baina kontrako ideologiak ere anitz dira. Jean Claude Beacco-k (Beacco, 2000) hiru garrantzitsuenak aurkezten ditu artikulu batean:

  • Hizkuntza-ideologia ohikoenak hizkuntzen artean ezberdintasunak daudela dio. Ideologia horren arabera hizkuntza batzuk besteak baino egokiagoak dira, normalean norberaren hizkuntza eta kultura besteena baino hobeto baloratzen da. Alderantziz, katalanek eta okzitanoek frogatu duten moduan, autogorroto fenomenoak hizkuntza gutxituaren hiztuna bere hizkuntza hizkuntza menderatzailea baino okerrago baloratzera bultzatzen du.
  • Nazioaren hizkuntza-ideologia. Honen arabera, hizkuntzak nazioa definitzen du eta, beraz, muturrera eramanda, nazioaren onerako estatuko beste hizkuntzak eta barietateak desagertu beharko lirateke. Muturreko kasuetan hiztunak desagerraraztea proposa daiteke, alegia, genozidiorako deia egitea.
  • Azken hizkuntza-ideologia nagusia ekonomiaren ideologia da. Ideologia honen arabera, eleaniztasunak kostu bikoitza du: batetik, ekonomikoa, itzulpenen kostua; eta, bestetik, munduko pertsonen arteko komunikaziorako dakarren kaltea. Bi eskola nagusi daude honen baitan: basic english baten hedapenaren alde egiten duten ekonomialariak eta politikariak, alde batetik; kasu honetan, nazio baten eredu kulturala, modu hegemonikoan, munduko eredu moduan ezartzea litzateke. Eta, bestetik, laborategiko hizkuntza baten alde egiten duten autoreak ditugu, adibidez, esperantoaren alde egiten dutenak (Claude Piron, 1994).

Ideologiak konstruktu bat direla ikusi dugu, eta iritzi publikoa ere konstruktu bat da. Pierre Bourdieuk bere obra osoan iritzi publikoak analizatzeko haien desegituraketa egin du. Iritzi publikoa eraikin bat bada, eta bere analisia egiteak konstruktu hura deseraikitzea eskatzen du, atzean dauden indarrak eta interesak ezagutu ahal izateko (Bourdieu, 1994).

Ideologia linguistikoak pertsonalak dira, bakoitzak bere ideologia linguistikoa du, bere inguruko kulturaren, bere irudikapen eta bere bizipen sozialen eta linguistikoen araberakoa. Esan dugun moduan, ideologia hori aldakorra da. Noski, pertsonala da, baina giza talde baten edo hizkuntza-komunitate baten ideologia linguistikoa azter daiteke. Kasu honetan autore batzuek iritzi publiko baten azterketa egiten dela diote.

Iritzi publikoa: giza talde jakin baten uste, balio eta aurreiritziak.

Iritzi publikoa ez da berez existitzen den zerbait eta ez da bakarra. Ikertzaileak hautatu duen laginaren azterketaren ondorioa da. Gainera, iritzi publikoa, eraikia izanik, publizistak, soziologoak, psikosoziologoak eta politikari batzuk eraikitze horretan eragiten saiatzen dira.

Adibidez, berez, ejertzitoak ez dira inon balio positiboekin lotzen, negatiboki markatuak dira. 2000ko hamarkadan Europako hainbat gobernu haien ejertzitoen aldeko publizitate-kanpainak egiten hasi ziren iritzi publikoen marka horiek aldatzeko. Ejertzitoak bakearen irudiarekin eta gurutze gorriarekin lotu ziren publizitate kanpaina haietan. Ondorioz, ejertzitoak giza laguntza banatzeko balio zutela zirudien, besterik gabe, marka negatibo izatetik positibo izatera pasatu ziren.

Norbanakoaren kognizioa eta, beraz, iritzi publikoa alda daitezke. Normalean ez da fenomeno kontzientea, inkontzientea baizik.

Hizkuntzaren kasuan, hizkuntzari buruz giza talde batek duen iritzia aldatzeko saioak ere egiten dira. Horri soziolinguistikan hizkuntza-jarreren plangintza deitzen zaio.

Eusko Jaurlaritzak 2005etik aurrera, UKAN kanpainarekin, euskara balio positiboekin lotu nahi izan zuen. Beste plangintza bat egin zuen 2009an Pixka bat es mucho kanpainarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere euskara aire freskoarekin lotu nahi izan zuen 2005. urtean Aire, aire euskarari! kanpainarekin.

Kanpaina horien helburua euskarari buruz dagoen iritzi publikoa baikorra izatea da. Hizkuntza balio positiboekin lotzen bada, teorian, bere erabilera igo beharko da. Izan ere, norberaren izate kognitibo-afektiboan, euskara eta euskararen erabilera sentsazio positibo eta atseginekin erlazionatzen bada, gehiago erabiliko da.

Iritzi publikoa eta hizkuntza: hizkuntza-irudimenaren eraikuntza

Ideologia linguistikoek imaginario edo hizkuntza-irudimen bat osatzen dute. Batetik, hizkuntzaren barne-arauak finkatzen ditu, hau da, zer den zuzena eta zer ez bereiztea ahalbidetzen du. Adibidez, Liburu bat hartu dut esatea zuzena da, baina ez Bat liburu dut hartu; eta, bestetik, erabileraren arauak ere finkatzen ditu, adibidez, zein estilo edo hizkuntza erabili behar den egoera jakin batean modu egokian aritzeko. Gainera, hizkuntzak identitatean betetzen duen papera ere finkatzen du; adibidez, pertsona batzuen eta giza talde batzuen arabera, hizkuntzak komunikatzeko tresnak dira, besterik ez, eta beste batzuentzat hizkuntza taldearen nortasunaren funtsezko elementua da.

Faktore ugarik eragina dute hizkuntza-irudimenaren eraikuntzan. Adibidez, lexikografoek hiztegi bat sortzen dutenean, arau batzuk sortzen eta finkatzen dituzte; hizkuntzaren zabalkundea gauzatzeko moduak ere eragina du, baita alfabetizazioaren historiak, hizkuntzak nazioaren eraikuntzan izan duen paperak eta abarrek ere. Oro har, hizkuntzaren inguruan historia osoan zehar jaso diren gertakariek hizkuntza-irudimena osatzen dute.

Hizkuntza-irudimenaren ereduak

Hizkuntza-irudimenari dagokionez, hiru eredu nagusi ezberdintzen ditu Branca-Rosoff-ek (Branca-Rosoff in Boyer, 1996: 98).

Lehenengo eredua instrumentala da eta kontzeptu honen osagai garrantzitsuena erregulartasuna da. Irregulartasunak sistematik at geratu behar dira. Esperantoa adibide garbia da, hizkuntza-laborategi batetik sortutako hizkuntza hau guztiz erregularra da, hizkuntza matematikoa dela esan daiteke.

Bigarren eredua ondraduaren eredua da. Elite mundutar baten erabileraren arabera finkatzen dira hizkuntza-arauak. Gortearen edo elite baten hizkuntza da zuzena kasu honetan, eta hizkuntzak ezberdintzeko balio du: gizarte-klaseak haien artean eta baita nazioak haien artean ere. Araua preskriptiboa da (modu honetan esaten da eta ez beste modu horretan), elitearen hizkuntza "zuzenaren" arabera finkatua.

Egiazko eredua da hirugarrena. Kasu honetan eremu geografikoa eta herria nabarmentzen dira, eremu geografiko horri dagokion biztanle-multzoa. Hizkuntza herri batena da, eta identitatearen defentsa (hizkuntzarena) etengabekoa da, hizkuntzaren garbitasunari eusteko.

Ideologia soziolinguistiko bat osatzeko, benetako egoerak aztertzerakoan, ereduak nahasten direla ikusten da. Frantziako iritzi publikoak hizkuntzaz duen balorazioa eta barneratu dituen egiturak xehe aztertu ditu Henri Boyerek (Boyer, 2000 eta 2001).

Frantziako eta Espainiako kasuen azterketa Xabier Erize Etxegarairen tesian ere aurki daiteke (Erize, 1997: 79-92). Boyerek, Frantziako kasuan hiru errepresentazio azalarazten ditu:

  • Hizkuntza historikoen hierarkia azaltzen duen errepresentazioa. Honen arabera, hizkuntza batzuk (frantsesa besteak baino gehiago) egokiagoak eta politagoak izango lirateke eta horregatik unibertsalak izateko joera izango lukete. Filosofiaz hitz egiteko edo ideiak garatzeko besteak baino egokiagoak izango lirateke.
  • Bigarren errepresentazioa politiko-administratiboa da. Frantsesari dagokionez, hizkuntza nazionala eta hizkuntza ofiziala batzen dira eta Frantziako eremu geografikoan geratzen diren hizkuntzak kanpoan uzten dira. Ez dira zuzenki hizkuntzak, patois izendatutako jergatzat hartzen dira eta oso estigmatizatuta daude.
  • Hirugarren errepresentazioa hizkuntzaren zuzentasunari lotuta dago. Frantses hizkuntza perfektua izatera ailegatu omen da. Berak eta bere erabilerak bat eta bakarra izan behar dute; araua apurtzea, bariazioa egitea, intelektoaren eta adimenaren aurkako atentatua egitea litzateke.

Boyerek aurkeztutako hiru errepresentazio horien arabera, Frantziako ideologia soziolinguistikoak, eskolaren bitartez zabaldu denak, bi ezaugarri nagusi ditu debekuari lotuak:

  • Lehiakiderik ez: hizkuntza nazionalak ez du beste hizkuntza baten lehia onartzen.
  • Desbideratzerik, bariaziorik ez: arau legitimo bakarra dago eta beste bariazio guztiak oso estigmatizatuak dira.

Euskal Herriko iritzi publikoa eta hizkuntzak

Iritzi publikoa kontzeptuari gehienetan esanahi nazionala ematen zaio; adibidez, Alemaniako iritzi publikoaz edota Espainiako iritzi publikoaz hitz egiten da. Berez, horiek sinplifikazioak dira. Giza talde batekin lotzen da iritzi publikoa eta ez da bakarrik tipifikazio geografiko baten arabera egiten; adibidez, Espainiako gune orokorrean Andaluziako iritzi publikoa.

Euskal Herriaren kasuan, adibidez, hizkuntzei buruzko bi iritzi nagusi aurki daitezke gutxienez, eta neurri handi batean hizkuntza-gaitasunari lotuta daude. Euskaldunena, alde batetik, eta erdaldunena, bestetik. Euskaldunen kasuan, adibidez, hizkuntzek norberaren nortasuna zehazteko balio handia dute; erdaldunentzat, aldiz, hizkuntzek balio komunikatiboa dute batez ere (Nekane Larrañaga, 1996; Eusko Jaurlaritza, 1995).

Bistan da, beraz, iritzi publikoaz modu zientifikoan hitz egitea oso zaila dela. Ikertzaileak kontuan hartu behar du ikerketa bat giza talde bati zuzentzen diola eta talde horri buruzko informazioa eskuratuko duela, besterik ez.

- Maila politikoa

Lehen esan dugun bezala, iritzi publikoa eta ideologia linguistikoak eraikiak dira, ez dira, berez, jaiotzean heredatzen den zerbait. Hizkuntza-irudimenak mendeetan zehar eraikitzen dira, hizkuntzalarien, politikarien, intelektualen eta abarren pentsamenduaren eta hizkuntza-erabileren arabera. Politikari dagokionez, eta gizartearen hizkuntza-arauei dagokienez, euskara minorizatua izan da eta horregatik, ideologia soziolinguistikoa, autogorrotoari lotua izan da. Minorizazioa izan da ideologia soziolinguistikoaren ezaugarri nagusietako bat Euskal Herrian urte askotan. Diktadura frankistaren ondoren, beste indar batzuekin sartu da lehian, tartean euskararen normalizazioaren eta berreskurapenaren aldeko indarrekin.

- Maila linguistikoa

Hizkuntzaren barruko arau formalei dagokienez, euskara batuarekin, hizkuntzaren erabilera idatzia nahiko finkatuta dagoen arren, ez da horrela ahozkoaren erabileraren kasuan. Azken kasu horretan, ez dago arau finkaturik. Araua etengabe aldatzen ari da, eta elkarrizketa negoziatu behar da: eremu geografikoaren arabera (euskalkiak), pertsonaren arabera (euskaldun berria, euskaldun zaharra), identitatearen arabera, eremuaren arabera (leku honetan eta gai honi buruz ondo ikusita dago euskaraz egitea edo ez, edota normalean erabiltzen dugun hizkuntza da ala ez...), ideologia soziolinguistikoaren arabera (hizkuntza-autogorrotoari lotuta, nortasunari lotuta...), elkarrizketaren formaltasuna, erabiltzen den erregistroa, etab.

Ikusten denez, euskararen erabileran aldagai asko sartzen dira lehian eta erabilera zaildu egiten dute. Ondorioz, euskaraz hitz egiteko egin behar den negoziaketa saihesteko, irtenbide errazena erdararen erabilera da. Izan ere, erdararen erabilera gehienetan ez dago markatua eta, beraz, ez da negoziaketarik egin behar.

- Maila ideologikoa

Euskaldunen artean estatu-nazioa eta hizkuntza lotzen dituen ideologia oso hedatua izan da. Hizkuntzei talde-nortasuna definitzeko balioa ematen zaie.

Ideologia hau Europan oso zabaldua dago eta horren barruan bi gizarte-mota ezberdintzen dira: Gemeinschaft gizartea: compuesta por personas que comparten la convicción de que están ancestralmente relacionados (Martínez de Luna, 1998: 144), edo Gesellschaft gizartea: compuesta por individuos ligados por la convicción de que sus intereses se verán mejor protegidos y promovidos formando parte como miembros de esa sociedad (Martínez de Luna, 1998: 145). Bi gizarte-mota horietan hizkuntza eta nazioa oso lotuta daude, nahiz eta modu ezberdinean lotuta egon. Kasu batean, hizkuntza eta berezko taldearen identitate kulturala bat datoz eta, bestean, komunikatzeko tresna preziatuena estatuaren hizkuntza da, ez hizkuntza minorizatua.

Euskal Herrian, Europako beste kasu gehienen egoera aplikatzeko joera egon da; besteen ideologien kalkoa egin eta Euskal Herrian ezartzeko joera. Alegia, hizkuntza-irudimen honetan, euskara batuak protagonismo handia lortzen du, nazioa lotzen eta batzen duelako. Fenomeno hau hizkuntzaren garbitasunarekin bat etorri ohi da.

Garbizaletasunari dagokionez, ez dugu ahaztu behar nazionalismo tradizionalaren eragina. Ezaguna da Sabino Aranaren hizkuntza-garbizaletasuna; gainera, bere ustez, euskararen erabilera mugak jartzeko tresna zen, erdaldunek, "maketoek", Euskal Herriko gizartean eraginik izan ez zezaten (Corcuera, 1979: 433).

Dena den, Aranaren nazionalismo arrazialista (Todorov, 1989: 212) hizkuntzak kulturan eta kulturazioan duen garrantzia nabarmentzen duen ikuspuntuarekin lehian izan zen hasieratik. Campion beste imaginario horren adibide garbia da.

XX. mendeko 50 eta 60ko hamarkadetan, herriaren eta hizkuntzaren arteko lotura egiten duen ideologia zabaldu zen eta Krutwigek bere Vasconia. Estudio dialéctico de una nacionalidad (Federico Krutwig, 1963) erreferentzia bihurtu zuen. Sapir eta Whorfen hipotesiak zabaldu egin ziren froga zientifiko moduan.

Politikak eta nazionalismoak eragin aparta izan dute euskararen ideologia linguistikoen eraikuntzan; horregatik, gaur egun, hizkuntzaren despolitizazioaren aldeko ikuspuntua zabaltzen ari da. Bi zatitan banandu daiteke azken ikuspuntu hau.

Alde batetik, hizkuntzak tresnak besterik ez direla esaten dutenak daude. Normalean, pertsona horiek elebakar erdaldunak edo euskaldun berriak dira, ez dute ondo ezagutzen euskara (zerbait ezagutzen badute) eta euskarari buruz hitz egitean ikuspuntu hau azalarazten dute. Beraien erdarari buruz hitz egiten dutenean (maila teorikoa bakarrik ez den maila batean hitz egiten dutenean, behintzat) hizkuntzaren karga afektiboa, emozionala eta nortasunarekiko lotura onartzen diote. Hizkuntza-politika aztertuz gero, berdina gertatzen dela konturatuko gara: nazionalistak (nacionalistas) abertzaleak dira eta neutroak direnak, ez-nazionalistak, besteak, alegia, erdal nazionalistak. Beraz, batzuk markatuak dira (nazionalistak); besteak, berriz, ez dira markatuak, haiek eta haien ekintzak normalak dira.

Bestetik, euskararen normalizaziorako hizkuntzaren despolitizazioa ezinbestekoa dela pentsatzen duten autoreak kokatzen dira. Autore batzuk euskararen despolitizazioaren alde agertzen dira, merkatu linguistiko oso bat osatzeko nahitaezko ezaugarria delako. Ikuspuntu honen arabera, euskararen erabilera markatua ez izateko, aurreiritzi batzuei lotua ez izateko, gizartea euskaraz bizi dadin, ideologia-mota guztietako pertsonez osatua dagoen eta gai guztiez euskaraz hitz egiten duen gizarte bat behar da. Aldiz, euskararen erabilera markatua bada, politizatua, merkatu linguistiko oso baten osaketa ezinezkoa da. Ikerketa askoren arabera, aldiz, gaur egun gehienetan euskararen erabilera markatua da; alegia, ez da normala ikusten edota aurreiritzi zehatz batzuei lotuta dago (Lionel Joly, 2004).