Kontzeptua

Hizkuntza-Ideologia

Soziolinguistikaren ikerlerro batek hizkuntzen boterea analizatzen du. Ikuspuntu honen arabera hizkuntzek botere bat edukiko lukete, hau da, batzuek besteek baino botere handiagoa izango lukete. Egoera soziolinguistikoen azterketek, adibidez, argi erakusten dute nola hizkuntza batzuek beste batzuk dominatzen dituzten. Nola batzuk menderatzaileak diren eta beste batzuk menderatuak.

Hizkuntza-boterearen inguruan bi ikuspegi nagusi ezberdintzen ditu Olatz Olasok (2008): ikuspegi soziologikoa eta ikuspegi psikolinguistikoa.

Mackey izan da ikerketa-lerro hau garatu duen lehenetariko bat. Mackeyk dioenaren arabera, ondorengo hauek dira hizkuntza baten boterea ezagutzeko kontuan hartu behar diren ezaugarri nagusiak (Olaso, 2008: 24-25):

  • Demografia (demolinguistika). Ezaugarri konplexua da, honako aldagaiak dituelako: tamaina edo hiztun-multzoaren kopurua, hiztun-multzoaren batez besteko per capita errenta, bidaiari-kopurua, biztanleriaren trinkotasuna edo konpaktazio-dispertsioa, nazio-produktu gordina, erlijio edo ideologia batekiko atxikimendua, liburutegi publikoetan hizkuntza-komunitateko hizkuntzan zenbat argitalpen dauden eta hizkuntza horretan urteko zenbat argitalpen argitaratzen diren.
  • Hizkuntza bakoitzaren banaketa geolinguistikoa, hizkuntza ofizial moduan.
  • Hizkuntza bakoitzak errazten duen mugikortasun sozialaren neurria, gehienbat migrazioaren bitartez.
  • Hizkuntza bakoitzeko hiztun-multzoaren ekonomia edo aberastasuna.
  • Hizkuntza bakoitzarekiko ideologia nagusia: garatze/mantentze/galtzearen aldekoa.
  • Hizkuntza bakoitzarekiko kultura.

Tajfel eta Turner-en (1979) gizarte-identitateari buruzko teoriak oinarri hartuta, Giles, Bourhis eta Taylor-ek bizindar etnolinguistiko erlatiboaren kontzeptua sortu zuten Quebecen frantsesari buruzko legea prestatzen zihardutenean (Giles eta beste, 1977). Teoria honen bitartez ikertu nahi dute nola eta zergatik hizkuntza batzuk besteak baino botere handiagokoak diren, zergatik batzuek irauten duten eta beste batzuek ez.

Beraz, hasieran kontzeptu hau tresna analitiko gisa proposatu zen, gehiengoa zen frantsesdun komunitatearen egoera neurtzeko ingelesdun elitearekiko; hain zuzen ere, hizkuntza-politikako eta ondoren egin beharreko plangintzarako nondik norakoak erabakitzen laguntzeko (Bourhis, 2001).

Honela definitu zuten bizindar etnolinguistikoa: talde arteko egoeretan talde bati izaki kolektibo desberdin eta aktibo gisa jokatzeko aukera handiagoa ematen diona (Giles eta beste, 1977). Beraz, zenbat eta bizindar etnolinguistiko handiagoa izan talde batek, aukera handiagoak ditu hizkuntza-komunitate gisa bizirik irauteko egoera elebidun edo eleaniztun batean; eta alderantziz, zenbat eta bizindar etnolinguistiko txikiagoa, orduan eta aukera gehiago talde desberdin gisa jokatzeari lagatzeko.

Bi abantaila ikusi zaizkio kontzeptuari (Erize, 2004): batetik, zehatza izateaz gain intuitiboa ere badela, edozeinek ulertzeko modukoa, eta bestetik, konnotazio positiboa duela soziolinguistikan erabili izan diren bestelako kontzeptuekin konparatuta (heriotza, ahultasuna, autogorrotoa...).

Hasierako formulazioak faktore objektiboen hiru multzo nabarmendu zituen (Giles eta beste, 1977):

Faktore demografikoak. Hiztunen kopurua (migrazioak, jaiotza tasa eta ezkontza mistoak kontuan hartuta) eta lurraldean zer-nolako banaketa dagoen neurtzen da (ikuspegi soziologikoan aipatuak).

Babes instituzionala. Talde etnolinguistikoak zenbaterainoko ordezkapena duen erakundeetan neurtzen da; babes informalak adierazten du taldeak zenbateraino antolatu duen bere burua presio-talde gisa hainbat arlotan eragiteko; babes formalak, berriz, talde etnolinguistikoa zein neurritan dagoen ordezkatuta erabakiak hartzeko postuetan, negozioetan, industrian edo erakunde publikoetan.

Estatusa. Hizkuntzaren prestigioarekin du zerikusia. Estatus ekonomikoa, soziala, sozio-historikoa eta hizkuntzaren estatusa (komunitatean eta nazioartean) neurtzen dira.

Hiru multzo horiek lotura zuzen-zuzena dute bizindar etnolinguistikoarekin. Zenbat eta demografia aldetik osasuntsuagoa izan taldea, zenbat eta erakundeen kontrol indartsuagoa eduki eta estatus handiagoa aitortu, orduan eta errazagoa izango da talde horrek bere izaerari eta hizkuntzari eustea.

Kontzeptu hau bizindar etnolinguistiko (BIE) subjektiboaren kontzeptuarekin osatu du Bourhisek (1981): gizarteak bere bizindar etnolinguistikoaz duen irudikapena ez du zertan izan benetan duen bizindar etnolinguistikoaren isla egokia. Azken hori neurtzeko galdetegi bat prestatu zuten eta Australian erabili zuten britainiar eta greziar jatorriko taldeen arteko harremanak ikertzeko (Bourhis eta beste, 1981).

Harrezkero, eredua zabaltzeko proposamena egin zuten eta Landry eta Allard-en eredu orokorra proposatu zuten (Landry eta Allard, 1984). Aurreko ereduari zenbait aldaketa egin zizkioten:

  • Faktore objektiboen multzoei izenak aldatu zizkieten: kapital demografikoa (lehengo bera), kapital politikoa (lehengo babes instituzionala), kapital ekonomikoa (babes instituzionalaren parekoa baina ekonomian) eta kapital kulturala (hau ere babes instituzionalaren parekoa baina komunikabideetan, hezkuntzan, erlijioan eta kulturan).
  • Harreman-sareak gehitu zituzten.
  • Maila psikologikoan bi faktore sartu zituzten: uste- edo sinesmen-sistema jarreretara hurbiltzeko eta hizkuntza-gaitasuna.

Horren guztiaren emaitza hizkuntza-portaera da eta horren ondorioz bi elebitasun-mota bereiz daitezke: elebitasun gehigarria (ez duena bultzatzen norberaren hizkuntza galtzera) edo elebitasun kengarria (norberaren hizkuntza galtzera bultzatzen duena).

Ikerketa batzuek bizindar subjektiboa eta objektiboaren artean alderik ez egotea posible dela frogatu badute ere (GAO, 1990), normalean onartua dago zenbat eta bizindar subjektiboa positiboagoa eduki talde batek, orduan eta aukera handiagoa duela handitzeko eta irauteko (Saint Blancat, 1985; Allard eta Landry, 1986).

Bizindar etnolinguistikoaren sortzaileek, jaso zituzten ekarpenak gehitzeko asmoz, euren eredua birformulatu egin zuten (Harwood eta beste, 1994) eta askoz ere eredu konplexuagoa sortu zuten, besteak beste, diskurtsoen azterketari buruzko atala gehituta.

Bizindar etnolinguistikoa Fishmanen hizkuntza-indarberritzeari buruzko teoriarekin batera erabil daiteke, bata bestearen osagarri (Bourhis, 2001). Artikulu horretan Bourhis-ek Quebec-eko hizkuntza egoera aztertzen du eta egileak oraindik ere hasierako formulazioko terminologia erabiltzen du; izan ere, nahiz eta eredua eguneratu egin den, oraindik ere erabilgarria da, helburuen arabera, lehenagoko formulazioetan.

Gure artean bi lan nagusi egin dira bizindar etnolinguistikoaren inguruan:

  • Gizarte-psikologiaren ikuspegitik aztertu zuten menpeko hizkuntzen ikaskuntza eta erabilera bizindar etnolinguistikoaren eta beste hainbat teoriaren arabera (Arratibel eta beste, 2001).
  • Gipuzkoako bost herritan egin ziren neurketak (Usarralde; Martínez de Luna, 2004). Lanaren helburuetako batzuk ziren euskaren erabileran eragiten duten faktoreak identifikatu eta neurtzea eta herrien arteko konparazioa egitea. Beste helburuetako bat izan zen orain arte herri-mailan hizkuntza-plangintzaren alorrean egindakoa ebaluatzea eta aldian behin neurtzea bilakaera aztertzeko (Díaz de Tuesta, 2001).

Bost herritako bizindar objektiboa neurtu eta euskararen erabileran duen eragina aztertu ondoren, ondoko bi ondorio nagusiak atera zituzten:

  • Zenbat eta bizindar etnolinguistiko handiagoa, orduan eta euskararen erabilera altuagoa. Bizindarra nolakoa, erabilera halakoa.
  • Bizindar etnolinguistikoaren eta euskararen erabileraren arteko erlazioa ez da herri guztietan intentsitate berekoa. Bizindar etnolinguistikoa baxua denean, euskararen erabilerarekiko distantzia handiagoa da; aldiz, bizindar etnolinguistikoa altua denean, euskararen erabilerarekiko distantzia estuagoa da. Beste modu batera esanda, bizindar etnolinguistikoa baxua denean, euskararen erabilerarekiko lotura zehazten duen ratioa handiagoa da. Eta zenbat eta bizindar etnolinguistiko altuagoa izan, ratio hori txikiagoa da. Edo, bestela esanda, bizindarra neurri batean sendotzen denean, erabilera are nabarmenago igotzen da (Usarralde; Martínez de Luna, 2004).

Hizkuntza-boterea modu askotara ulertu eta aztertu daiteke. Ikuspegi soziologikoa puntuan Olasok proposatzen zituen bi ikuspegi nagusiak aurkeztu ditugu. Ideologia linguistikoei kapitulu honetan leku handia eman zaienez, beraiekin jarraitu eta beste ikuspuntu bat emango zaio, hizkuntza-merkatuarena hain zuzen ere.

Aurreko kapituluan ikusi da ideologiak konstruktu bat direla eta interes batzuk suposatzen dituztela; politikoak, ekonomikoak, etab. Horrek hizkuntzaren inguruan merkatu oso bat garatzea ekarri du eta botere-interesak tartean daude.

Bourdieuren arabera, komunitate batean dauden hizkuntzek merkatuan indar-harreman bat dute. Harreman horretan, botere eta prestigio handiena duenak erabakitzen du baita nola hitz egin behar den ere: zein hiztegi edota azentu erabili, adibidez.

Bourdieuren iritziz, talde prestigiodunak berari komeni zaizkion eta berarentzat egokienak diren arau linguistiko eta soziolinguistikoak hartzen eta inposatzen ditu. Hizkuntza-komunitate (ikus hurrengo kapituluan hizkuntza-komunitatearen definizioa) batean, hiztunak derrigorrez ezagutu behar ditu hizkuntza eta kulturaren inguruko arau horiek, bereziki menderatzaileekin harremanetan dagoenean, baina ez egoera horretan bakarrik. Auto-gorrotoaren fenomenoen arabera, menderatuak berak inposatzen dizkio menderatzailearen arauak bere buruari. Gainera, hizkuntza legitimoaren kodigoak ongi menperatzen ez direnean, hizkuntza ez-segurtasuna sentitzen da eta askotan hiztuna gehiegizko zuzenketan jausten da.

Hizkuntza-merkatua ez da lineala eta erabilera-eremu batzuek, azpi-merkatu batzuek, beraien arau propioak izan ditzakete eta arau menderatzailearekiko menpekotasun handiagoa edo txikiagoa eduki. Adibidez, administrazioan egiten diren erabilera formaletan menpekotasun handia dago, baina eremu informalago batean, lagunekin burutzen diren harreman informaletan, txikiagoa izan daiteke. Klase menderatuek propioak dituzten guneetan, sinbolikoki, arau menderatzaileak baztertuak izan daitezke.

Bourdieuk babesten duen tesiaren arabera, menderatzaileen kodeak hiru eginbehar ditu:

  • Ludikoa.
  • Kriptikoa: hizkuntza-kode bereziak sortzen dira beste pertsonek ez ulertzeko.
  • Nortasun-funtzioa: hizkuntza taldearen ezaugarria eta besteengandik ezberdintzeko ezaugarri nagusienetakoa bihurtzen da.

Bourdieuz gain, beste autore batzuek ere irakurketa ekonomikoa soziolinguistikara aplikatu dute. Esaterako, Ferrucio Rossi-Landik Language as work and trade liburua argitaratu zuen (Rossi-Landi, 1983). Autore honek Saussure hartzen zuen abiapuntutzat eta Marx-en materialismo historikoan eta pentsaera ekonomikoan inspiratu zen teoria soziolinguistiko bat osatzeko.