Dokumentazio zentroak

Herri Musikaren txokoa

Herri musikarekin lanean gabiltzanok ez dugu izaten erraztasun handirik gure jardueraren ibilbideko atal askotan. Zaletasuna izaten da gure eragile eta motorra, eta maiz gertatzen zaigu lan eta proiektuak osatzen ditugula eta ez dugula nola argitaratu, dirurik ez, babes legalik ez,... Arazo horiei aurre egiten lagungarri izan daitekeen tresna bat antolatzeko asmoz, "Hernani" Musika Eskolako euskal herri soinu-tresnen mintegia eta Herri Musikaren Txokoaren eraginez, "Herri Musika Zaleak" elkartea jarri dugu martxan.

Apal-apal hasi du elkarte honek bere bidea, Hernani eta Oiartzunen arteko lankidetza abiaburu, baina asmoz elkarte irekia da, indarrak bildu eta ahal den aukera zabalenak eskaintzea dituena helburu. Hasteko behintzat, bi lantegi hartu ditu asmotan: batetik herri musikaren inguruko lan eta material ezberdinak argitaratzeko bitartekoak jartzea, eta bestetik H. M. Txokoaren lankide edo bultzatzaile gisa, beronen jarduera ezberdinak bultzatzeko oinarri soziala bideratzea.

Bide horretan, eragin ditu jada lehen argitalpenak: batetik, 19. txalaparta festa jasotzen duen DVDa eta CDa atera ditu, hala nola "Txalaparta Festa hogei urtetan" CD Rom-a ere.

Bestalde, HM Txokoak prestatu duen Ttakun 2.1 programa informatikoa ere argia ikusteko zegoen, eta horri ere bide eman dio jada Herri Musika Zaleak elkarte honek. Programa hau txalaparta musika idazteko bereziki pentsatu eta prestatua da, eta seguru asko 2.1 bertsio hau behin-betikoa ez bada ere, jada aski erabilgarria izan liezaieke txalapartaren irakaskuntzan ari direnei.

Estudioan egindako beste grabaketa bat ere argitaratu da: Juan Mari Beltran, Luis Astiasaran eta Joxe Mari Astiasaranek grabatu dute "Amasatik Arratera" disko berezi eta alaia. Dultzaina eta trikitixa elkarrekin aritzea ez da formatu berria herri-musikan, baina horrela diharduten taldeak oso gutxi dira eta ez zegoen oraindik kalean errepertorio berezi hau jasoko zuen diskorik.

Horiek izan dira sortu berri den Herri Musika Zaleak elkarte honen lehen argitalpenak, eta bide horri eutsiz Hernaniko Txistulari Jaialdiaren emaitzak ere argitaratzeko asmoa darabil, proposamen eta aukera gehiagori atea zabaltzeko gogoz.