Kontzeptua

Gazteluak. Arkitektura

Gazteluaren kokapenari berari dagokionez, adibidez, bereizi beharko genituzke gaztelu independente, aske eta isolatuak, eta hirietako defentsa-sisteman integraturik dauden gazteluak. Lehengo motakoen artean, batzuk mendi garaietan eraikitako talai zaharrak dira, gehienak birkonkistaren garaian eraikiak. Harkaitz-gazteluen tipologia honen barruan daude, adibidez, Nafarroako Deio, Peñaflor, Orzorrotz, Irurita, Orraregi, Irulegi, Gerga eta Aixita, Gipuzkoako Ataun, Aitzorrotz eta Mendikute, Arabako Buradon eta Astulez, Bizkaiko Astxiki, etabar. Itxuraz behintzat, gaztelu hauek era isolatuan kokatzen baziren ere, aitortu behar dugu lerro defentsiboak osatzen zituztela maiz, estrategia koordinatu bat eratuz. Honela gertatzen zen, adibidez, X. mendean Nafarroako Antso III.ak sortu zuen gazteluen lerroarekin Pirinio erdialdean, Ribagortzan adibidez, edota Nafarroako Bardeetan XIII. mendean Antso VII.ak eratu zuenarekin, Peñaflor, La Estaca, Aguilar, Sanchoabarca eta Mirapeix bezalako gazteluez osatua.

Beste batzuetan ibaietako ibilbideetan kokatu ziren, zaindu beharreko mugak ibaien ertzetan finkatzen zirelako maiz, edota zubi eta ibaiak babesteko. Arga, Ebro edota Aragon ibaietako ertzetan mota honetako gaztelu ugari zeuden, kasu gehienetan hiriguneen kokaguneekin egokituta. Horrela gertatzen da, adibidez, Larraga, Deikaztelu, Lerin eta Faltzeseko gazteluekin, Arga ibaiaren ibilbidean, Zangozako "El Castellón" eta Rocaforteko gazteluekin Aragon ibaian, eta Puentelarra, Mendavia, Viana edota Biasteriko gazteluekin Ebroren ibilbidean zehar.

Beste batzuetan bideen sarea behar bezala zaintzeko eraiki ziren gazteluak eta, zentzu honetan, ezin dugu ahaztu Donejakue Bidea neurri handi batetan erromatarren galtzadak aprobetxatuz finkatu zela, Horra hor, esaterako, galtzada zahar honetatik oso gertu eraiki ziren desagertutako Luzaideko dorrea eta Tiebas, Los Arcos, Deio edota Eloko gazteluak. Normala den bezala, kostaldeko badia eta ongi eratutako portu naturalak ere oso goiz babestu zituzten. Honela ikus daiteke, Gipuzkoan, Donostiako La Motan eta Hondarribian, eta Bizkaian Bermeoko Zarragoiti eta Mundakako Ereñozar bezalako gazteluetan.

Esan bezala, beste batzuetan gazteluak hiria inguratzen zuen harresiarekin lotuta zeuden, eta hiriaren beraren defentsa-osagairik garrantzitsuenak bilakatu ziren. Kasu hauetan gaztelua babes-mekanismo konplexu baten pieza bat zen, non harresiak, barbakanak, dorreak, ateak babesteko bastioi mota ezberdinak, lubanarroak, zubi altxagarriak eta bestelako osagaiak ere egon ahal ziren. Tipologia honetan sar daitezke Artaxoa eta Biasteriko babesak, oso ongi kontserbatuak, baita Erdi Aroko hiri eta herri garrantzitsuen gazteluak, hala nola Iruñea, Gasteiz, Tutera, Zangoza, Ilunberri, Lizarra, Donibane Garazikoa etab.