Kontzeptua

Gazteluak. Arkitektura

Beste sailkapen mota bat gazteluaren jabetza motatik dator. Honen arabera, gazteluak erregearenak, elizarenak eta nobleziarenak izan daitezke. Lehengoak estatuarenak kontsidera daitezke, beste bi gaztelu motak, zeintzu zabalean behintzat, jabego pribatukoak kontsidera daitezkeen bitartean. Erret gazteluen artean Euskal Herrian protagonismo berezia izan zuten Iruñeko-Nafarroako erresumaren iniziatibaz sortutako eraikinek. Une bakoitzeko gertaera politikoek eta mugen egoerak markatu zuten gaztelu hauen kokapen geografikoa, eta eraikin hauen disposizioa begi kritikoekin ikusita, berehala sumatzen dugu gaur egungo Nafarroako muga administratiboak erraz gainditzen dituela lau puntu kardinaletatik, Bizkaiko Enkarterrietaraino eta Kantabriaraino mendebaldetik, Moncayo mendiraino hegoaldetik, Ribagortza eta Pirinio erdialderaino ekialdetik eta Biarnoraino iparraldetik, gaur egungo euskal lurraldeak erraz gainditzen.

Nafarroako erresumaren mugak zaintzeko eraiki zuten gaztelu multzo honen gunerik garrantzitsuena 1512tik aurrera desagertu zen, Nafarroaren konkistaren prozesuaren hasierarekin. Suntsiketa handienak 1516tik aurrera gertatu ziren, Cisneros Kardinalaren aginduz, Nafarroako Joan III.ak burutu zuen erresuma berreskuratzeko bigarren saiakeraren porrotaren ondoren. Ordutik aurrera dozenaka gaztelu suntsitu zituzten Nafarroan, haien artean hiri garrantzitsuenetakoak. Adituek diotenez, hala ere, suntsiketa honen helburu sakona ez zen militarra izan. Nafarroako gazteluak une horretan konkistatzaileen eskuetan zeudela kontutan hartu behar dugu, eta ikuspuntu honetatik ez zuten arrisku bat suposatzen kanpainarako, alderantziz ere. Gainera, gaztelu gehien-gehienak zaharkituak zeuden, ez zeuden artilleriaren aurrerapenei aurre egiteko prestatuak. Helburu sakona nafarren borroka-nahiarekin bukatzea zen, ordurateko legitimitatearen eta agintearen sinboloekin, hots, nafar estatuaren sinboloekin, behin betiko amaituz.

Nobleziaren gazteluei dagokienez, panorama anitza aurki daiteke. Ez dira falta gaztelu puruak, non defentsa-osagaiak oso garatuak zeuden, eta zentzu honetan gogorazi behar dugu Martzilla, Gollano, Bidaxune, Gixune, Maule, Arteaga edota Butroiko gazteluak leinuen orubeak izan zirela jatorriz. Hala ere, ohikoena zen eraikin xumeagoak izatea, non babesak eta egoitza-baloreak orekatuagoak agertzen ziren, hala nola jauregi forteak eta dorretxeak. Euskal Herria osoan dozenaka dorretxe daude, horietako batzuk oso ongi kontserbatuak. Aipatuko ditugu Nafarroako Arazuri, Aiantz, Artieda eta Lesakako Zabaleta, Araban Mendotza eta Martioda, Gipuzkoan Zarautzeko Torre Luzea, Bizkaian Gordexolako Ibargoien eta Abadiñoko Muntxaraz, Nafarroa Beherean Latsaga, etabar. Leinu-dorre ugari eta garrantzitsu hauen jatorriaren kasuan ere, garai batetan Nafarroako erresumak jokatutako papera nabarmena da. Honela, Erdi Aroan leinu nafarren orubeen izenak eta armarriak zerrenda batetan bildu ziren, Nafarroako Armagintza Liburuan hain zuzen ere. Hantxe daude Euskal Herriko Erdi Aroko leinu garrantzitsuenetako batzuk, hala nola Uriz, Otazu, Azpilcueta, Jaureguízar, Ursúa, Aibar edota Vidaurre nafarrak, Guevara eta Mendoza arabarrak, Mauleón, Irigoyen eta Huarte zuberotarrak, Lapurdiko Urtubia, Ezpeleta eta Ozta, Behe Nafarroako Beaumont, Lasaga eta Lusa, Gipuzkoako Lazcano, Amézqueta, Oñaz eta Berástegui, edota Bizkaiko Múgica, Salazar eta Avendaño, besteak beste.