Kontzeptua

Evreux dinastia

Carlos I.a Nafarroakoa eta Frantziako IV.a errege Kapetoa 1328an hil zen oinordekorik utzi gabe eta, beraz, Nafarroako koroa haren iloba Joanaren -Luis I.a erregearen alaba- eskuetan erori zen.1328ko martxoan Garesen elkartu ziren Nafarroako estatuak eta Joana erregina izendatu zuten aho batez. Pedro Ramon de Rabastens gobernadorea ere kargutik kendu zuten eta erregeordeak izendatu zituzten, horrela, Juan Corbaran de Lehet eta Juan Martinez de Medrano aukeratuak izan ziren.

Joana Nafarroako errege-ezkontide bilakatu zen Filipe Evreuxkoarekin ezkonduta zegoen. Biak ere Iruñan koroatuak izan ziren 1329ko martxoaren hasieran. Frantziako lurraldeetan zuten ohiko presentzia zela eta, Frantziako Etxearen gobernu-erabilera zaharrez baliatu ziren, hala, hainbat ordezkari eta gobernadore izendatu zituzten erreinuaren buru izateko eta horiek erreformatzaileek kontrolatuak izan ziren; horien funtzio nagusia goi mandatarien gobernu-kudeaketa gainbegiratzea zen eta botere publikoaren baliabideak onbideratzeko karguak eta lanbideak izatea. Filipe erregeak foruak eguneratzeari buruzko interesa azaldu zuen eta horretarako, 1330ean hainbat bilera egin zituen prelatu, gizon aberats, jauntxo eta hiribilduetako prokuradoreekin. "Filipe III.aren hobekuntza" delakoaren jaulkipena izan zen horren emaitza.

Errege-erreginek bakera bideratutako nazioarteko politika garatu zuten ondoko erreinu hispaniarrekin. Hori horrela, 1330ean Gaztelarekin bake-ituna lortu zuten eta bien bitartean Aragoiko errege-erreginekin Joana Nafarroako oinordekoaren eta Aragoiko koroaren oinordekoaren arteko ezkontza negoziatu zuten. Ezkontza horrek azkenean ez zuen aurrera egin, baina bai Maria Nafarroakoa infantaren eta Aragoiko Petri IV.aren artekoak, 1338an.

Filipe Evreuxkoak Frantziako basailu izanik eta Ingalaterrako monarkak Akitanian zituen lurren ondoko errege izanik, diplomazia adimentsua garatu behar izan zuen Frantzian, gerra piztu zenean, Eduardo III.a monarka ingelesak Frantziako koroa aldarrikatu zuenean 1337. urtean.

1343ko urtarrilean sinatutako tregoa anglo-frantsesari esker, Filipek bere proiektu gutiziatuenetakoa garatu ahal izan zuen: gurutzada. Zaldi gaineko 100 gizoneko eta infanteriako 3.000 laguneko ejertzito xumearekin, Gaztelako Alfontso XI.a erregeari lagundu zion Errekonkistan. Erabaki hura okerra izan zen, ordea, uztailean gaixotu eta irailean Jerezen hil baitzen.

Erreginak Frantziako lurraldeetan eman zuen denbora gehiena, erreinuan gobernadorearen pertsona iraunaraziz. Conflansen hil zen 1349ko urriaren 6an eta Saint-Denisen lurperatu zuten.