Kontzeptua

Evreux dinastia

1387ko urtarrilaren 1ean Nafarroako errege bilakatu zen. Gatazka armatua ezaugarri zuen aurreko garaian ez bezala, Karlos III.aren erregealdian politika diplomatikorako joera hartu zen, gerrak saihesteko joerarekin. Bataila militarrak galduta zeuden eta aitaren gerra-politikarekin jarraitzea porrot egingo zuen ekintza zen. Hori horrela, diplomazia esanguratsua zabaldu zuen; erreinuko ekonomia saneatuta egotea lortu zuen Nafarroako administrazio publiko onari esker ordaindu ahal izan zuena.

Frantziako ondareei dagokienez, 1404. urtean hitzarmena sinatu zuen Frantziako koroarekin, Frantziako lurraldeen jabetzari uko eginez. Hori horrela, Evreux, Avranchez eta Normandiako gaztelu guztien helburuak utzi zituen, Cherbourgekoa kenduta, konpentsazio ekonomikoaren truke: urtean 12.000 liberako errenta, dukerri berria osatuko zuten hainbat lurraldetan, Nemours dukerria, hain zuzen. Aurrerago, Frantziako erregeari saldu zion Cherbourgeko plaza, 200.000 libera tornesen truke. Horrela, gehiago zentratu zen ondarea handitzea ahalbidetuko zion Nafarroako erreinuan.

Europak zisma-garaia bizitu zuen XV. mendearen hasieran. Ildo horretatik, Carlos III.ak eta Nafarroak Benedicto XIII.a Aita Santu zismatikoaren alde egin zuten 1416. urtea arte. Aita Santu hari eskaera garrantzitsua egin zion (hurrengo mendearen hasieran Katalina I.a eta Joan III.a errege-erreginek berriro ekin zioten), Nafarroarako hainbat elizbarrutitan banatuta egongo zen elizaren probintzia bakarra sortzea alegia. Helburua argi zegoen: Nafarroako lurralde guztiei barne-kohesio handiagoa ematea, lurraldetasun geopolitikoari lurraldetasun erlijiosoa ere gehituko baitzitzaion. Hala eta guztiz ere, proiektuak ezin izan zuen aurrera egin elizaren banaketaren ondorioz eta Gaztela eta Aragoiko erregeen presio politikoen ondorioz.

Carlos III.a Nafarroan bizitu zen erreinaldiaren zati handian eta kulturaren mezenas izan zen. Liburutegi izugarriaren jabe izan zen eta ez zituen gogoan hartu bizi ohi zen Tafallako eta Oliteko gazteluak apaintzeko gastuak. Ikuspegi politiko aproposarekin, Gaztelarekin harreman ona izaten ahalegindu zen, gatazka militarrak saihesteko, Nafarroak ezin baitzion lurralde gehiago galtzeko arriskuari aurre egin. 1375ean Leonor Trastamarakoa infantarekin ezkondu zen eta handik bi urtera, dagoeneko errege zela, Gaztelako errege-erreginek Tutera, San Vicente de la Sonsierra eta Lizarrako gazteluak itzuli zizkioten.

Nafarroa indartzeko eta erreinuko lurraldea zabaltzeko xedearekin egindako diplomaziaren baitan, Carlos III.ak ezkontza-politika trebea garatu zuen, hau da, oinordekoak inguruko monarkiekin ezkondu zituen, Nafarroarekin muga egiten zuten alor politiko guztietan itxaropenak zabalduz. Frantzia hegoaldeko lurraldeetara zabaltzeko, 1403ko abenduan lehen alaba Joana Biarnoko bizkondea eta Foixko kondea zen Joanes Foixkoarekin ezkondu zuen. Nafarroako infanta 1413an oinordekorik gabe zendu zen, ordea, beraz, ez zen Carlos III.ak Nafarroako koroa ondoko lurraldeekin zabaltzeko zuen helburua bete; Frantzia iparraldean kokatutako beste lurralde batzuk baino errazagoak ziren defendatzeko eta horiekin presio politikoa egin ahal izango zien aldameneko errege-erreginei, Carlos II.aren garaian egindakoa baino eraginkorragoa izango zena. Era berean, Elisabet alaba Joanesekin, Armagnaceko kondearekin, ezkondu zuen, horrela, tarte ipar piriniarrean botere politiko eta lurralde mailako botere handieneko bi noblezia-etxe bermatu zituen.

Aragoirekin ere kudeaketa probetxugarriak ekin zituen; izan ere, Zuria (hirugarren alaba) Aragoiko koroaren oinordekoarekin, Martin Siziliakoarekin -1409an hil zen- ezkondu zuen. Ondoren, Nafarroako infanta bigarren aldiz ezkondu zen Joanes Aragoikoarekin, Alfontso V.a Aragoikoa erregearen anaiarekin.

Barne-politikari dagokionez, Nafarroako gertaera garrantzitsuenen artean dago 1423ko iraileko "Batasun Pribilegioa" delakoa, Iruñako hiru burguak udaletxe bakarrean batu zituena, armarri eta errenta bakarrarekin eta ordura arte San Zernin, Nabarreria eta San Nikolas herrien arteko muga eta banaketa fisikoak ezabatu zituena.

Azkenik, 1423. urtean Vianako Printzea titulua jarri zela nabarmendu behar da. Orduz geroztik Nafarroako erreinuko erregegaiek eraman zuten eta Carlos biloba izan zen lehena eramaten, Zuria Nafarroakoaren eta Joan Aragoikoaren semea. Viana Nafarroako 14 herriz osatutako printzerria zen eta Viana zuen hiriburu.