Kontzeptua

Evreux dinastia

Carlos II.aren erreinaldia bi garaitan bana dezakegu. Lehenengoak gobernuaren lehen hamar urteak hartzen ditu. 1352. urtean Joana Valoisekoarekin -Frantziako Juan II.aren alabarekin- ezkondu zen. Bi urte beranduago Frantziako erregeak Frantziako Kondestablearen (Karlos, Alfontso de la Cerda-ren semea) heriotzagatik salatu zuen.

1355ean Rouengo gazteluan atxilotu zuten eta ez zuten 1357ko azaroa arte erreskatatu, Nafarroako zenbait nobleren konplizitateari esker. Ihesaldiaren ostean, Ingalaterrako erregearekin bat egin zuen eta Etienne Marcel merkatari aberatsa buru zuen Pariseko errebolta bultzatu zuen. 1360ko urrian Calaisko bakea sinatu zuen Frantziako erregearekin eta, beraz, Carlosek Normandiako jabetzak berreskuratu zituen. Urte hartan bertan, Filipe I.a Borgoinakoa hil zen eta, beraz, Carlosek duketza eskatu zuen, arrakastarik lortu gabe, Frantziako koroarekin anexionatu baitzen. 1363an eta 1364an Frantziako erregearen aurka jarri zen, baina Cocherelgo porrotaren ostean, 1364ko maiatzean, lurralde guztiak galdu zituen, Montpellier, Evreux eta Contentin izan ezik.

Hamarkada hartan, haren anaia Luisek gobernatu zuen Nafarroa. Diplomazia esanguratsua gauzatu zuen Gaztelari eta Aragoiri dagokionez, baina ez zen alderdi bietakoren batekin ere konprometitzera heldu 1356ko irailean "Bi Petrien gerra" delakoa hasi zenean. Gaztelako gerra zibilaren ondorioz, 1363ko abuztuan Uncastillo herrian ituna sinatu zuen Aragoiko erregearekin. Itun hartan, biek ere Henrike Trastamarakoari anaiordearen, Gaztelako Petri I.a erregearen, aurka egiten laguntzeko konpromisoa hartu zuten.

Carlos II.aren erreinaldiko bigarren aldiak Cocherelgo porrotetik heriotza arte (1387ko urtarrilaren 1a arte) hartzen du. Garai hartan, Nafarroako administrazioari dagokionez Comptos Ganberaren antolaketa nabarmendu zen 1365ean; izan ere, errege-finantzen kontrol eta kudeaketa hobea egitea ahalbidetu zuen. Nazioartean, berriz, Durazzoko dukesa Joana Siziliakoarekin ezkonduta zegoen Luis anaiari lagundu zion Albania konkistatzeko proiektuan. 1372tik aurrera, harremana txarra izan zen Gaztelarekin, Henrike II.ak Gaztelako gerra zibilean Nafarroaren eskuetan eroritako lurralde guztiak eskatu baitzituen. Gatazka berri hura konpondu nahian eta lurralde haiek guztiak gorde nahian, Carlosek bere seme Carlos printzea Gaztelako Leonor infantarekin ezkontzea proposatu zuen eta Henrike II.ak onartu egin zuen, Nafarroan aliatua bilatuz Lancasterko duke Joanes Gantekoaren helburuen aurrean, horrek Petri I.aren alaba batekin ezkonduta egonik Gaztela erreinatu nahi baitzuen.

1378an, Ingalaterra eta Frantziaren arteko gerraren erdian, Frantziako erregeari garai bateko lurralde-errebindikazioak planteatu zizkion berriro ere. Gaztelako Henrike II.arekin aliatutako Frantziako Carlos V.a, ordea, aurka jarri zen eta Frantziako jabetzak konfiskatu zizkion, Cherbourgeko plaza normandiar garrantzitsua izan ezik. Gaztelako erregeak, bestalde, Nafarroa inbaditu zuen eta Karlos Brionesko bakea sinatzera behartu zuen 1379ko martxoan; horri jarraiki Karlosek ezingo zituen hitzarmenak negoziatu Ingalaterrarekin, ezta Frantziari gerra egin ere eta Gaztelari eman beharko zizkion hamar urteko epean Nafarroako hamabost herri eta gotorleku eta berrogeita hamar bat noble, bahitu gisa. Erregetzako azken hamar urteetan, Carlos Frantzian eta Gaztelan galdutako lurraldeak berreskuratzen ahalegindu zen, baina ez zuen arrakasta nabarmenik izan.