Kontzeptua

Euskal literatura klasikoa: XVII. mendea

XVIII. mendera arte, bizi zirelarik obraren bat argitaratu zuten euskal egile gehienak Ipar Euskal Herrikoak izan ziren. Bestela esanda, salbuespen gutxirekin (Refranes y sentencias -1596- bilduma, Lazarragaren eskuizkribu XXI. mendean argitaratua -1564 [2004]- eta Kapanagaren dotrina -1656- aipa daitezke), XVI eta XVII. mendeko euskal egile gehien eta garrantzitsuenak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan aurkitzen ditugu. Etxepareren liburuxkaren ondotik Leizarragaren itzulpenak (1571) agertu ziren, eta jada XVII. mendearen lehenengo hamarkadetan, Kontrarreforma katolikoaren eragin eta itzalpean, Lapurdiko literatura klasikoa etorri zen Materre, Ziburuko Etxeberri, Axular, Gazteluzar, Argaignaratz, Haranburu eta besteren eskutik. Ikuspegi literariotik garai hartan argitaratutako liburu nabarmenena ere, Oten gaztaroa neurtitzetan, Oihenart zuberotarrak egin zuen. Nolabait esatearren, Ipar Euskal Herrian XVI. mendean apal-apal jaiotako euskal literaturaren loraldia gertatu zen XVII.ean.

Bidasoatik hegoaldera, alabaina, egoera guztiz bestelakoa izan zen: gutxi argitaratu zen, argitaratutakoen artean ez dago loturarik, lan gehienak erlijioari lotuta daude eta literaturaren ikuspegitik ezer gutxi da baliagarri. Guk geuk hiru ataletan banatu ditugu XVII. mendeko euskarazko idazkiak: erlijio-lanak, Mikoleta bilbotarraren lantxoa eta hor-hemen agertutako testu labur eta solteak.

Euskal literatura klasikoaren aroan erlijioak eduki duen lekua eta indarra ulertze aldera, beharrezkoa da ezagutza XVI eta XVII. mendeetan erlijioaren inguruan gertaturiko gorabeherak ezagutzea. Mende istilutsu eta odoltsuak izan ziren zinez, erlijio kristaua ikusteko eta interpretatzeko beste modu bat agertu zelako, ordura arteko ortodoxia zurruna apurtu zuena: protestantismoa. Erlijio kristauaren gidari eta zuzendari ortodoxoen iritzi, jarrera eta jokaerei gehiegizko iritzita, erlijioa ikusteko eta dotrina kristauarekin bat egiteko beste modu bat, ez hain hertsia, baina askoz ere askeagoa proposatu eta defendatu zuten protestanteek Lutero buru zutela. Bibliaren bertsio protestantea hizkuntza aleman hurbil eta errazean egin zuen Luterok (Testamendu berria 1521ean eta Testamendu zaharra 1534an), eta ikuspegi erlijioso protestantea zabaltzeaz gain, egungo alemanaren oinarri ere bihurtu zen lan mardul hartako hizkera. Zabalkundeari gagozkiolarik, zalantzarik gabe inprenta asmatu berriak asko lagundu zuen Lutero eta haren ondorengoen ideiak zabaltzean, eta protestantismoaren ideiak aise zabaldu ziren Europan. Helburua, gainera, ahal beste herritarrengana heltzea zen, eta horretarako, herrian herriko hizkuntzak erabiltzearen alde egin zen. Hain zuzen ere, joera horren ondorioz egin zuen Leizarragak Biblia kalbindarraren itzulpena, Albreteko Joana III.a Nafarroako erreginaren aginduz.

Erreforma protestantearen aurrean, bestalde, katoliko ortodoxoek indar bizia, zentsura eta zigor gogor eta latzak baliatu zituzten euren ideiei eusteko, "arerio ideologikoak" albait arinen gelditzeko eta euren proposamenak ezereztatzeko.

Espainiaz den bezainbatean, ortodoxia zurruna erabat gailendu zen, inkisizioak zentsuratutako obrak eta zigortutako gizonak biderkatu egin ziren, eta azkenean protestantismoa deuseztatzea lortu zuten. Luteroren Erreformaren aurka egin zuten ortodoxoek Kontrarreforma absolutista, baita era zurrunean egin ere, galdutakoa albait arinen berreskuratu nahian. Trentoko Kontzilio luzearen ondoren ortodoxia are gehiago indartu zen, eta agintariek erreformistek baliatutako bide bertsuak erabiltzearen alde egin zuten: ideia katoliko ortodoxoenak ahal beste hedatu, finkatu eta egonkortu behar zirela pentsatu eta horretarako hainbat bide prestatu zituzten. Horretarako lanabes izan ziren, besteak beste, irakaskuntza eta herrian herriko hizkeran egindako argitalpenak (katiximak, dotrinak, otoitz-liburuak, sermoiak eta abar).

Guri dagokigun gaia dela eta, argi dago Kontrarreformaren lanabes izan zirela XVI. mendearen amaieran eta XVII. hasieran Hego nahiz Ipar Euskal Herrian kaleratutako lanak, izenpetuak nahiz izenpetu gabeak: Betolatzarena, Kapanagarena, Beriainena, Viva Jesús!, Axularrena, Ziburuko Etxeberrirena, Tartasena eta abar. Obra horietan guztietan gailentzen den asmoa, goitik behera, erlijioaren zabalkundea da.

Arestian esan dugun bezala, Hego Euskal Herrian nahiko antzua izan zen literatur ekoizpena XVII. mendean, baita erlijio-lanei dagokienez ere. Hala ere, bi elizgizonen obrak nabarmendu behar dira: Martin Otxoa Kapanaga bizkaitarrarena eta Juan Beriain nafarrarena.

Martin Otxoa Kapanaga Mañarian jaio eta sorterriko parroko nahiz gramatika-irakasle izan zen. 1656an Exposición breve de la doctrina christiana izeneko lana argitaratu zuen Bilbon, Jeronimo de Ripalda josulagunen erretorearen dotrinaren itzulpen moldatua. Lanak 155 orrialde ditu, eta orrialdeak bi zutabetan ageri dira: ezkerrekoan gaztelaniazko testua ageri da, eta eskumakoan euskal itzulpena. Badirudi lana nahiko oharkabean igaro zela harik eta XIX. mendean Dodgsonek argitalpen berria atondu (1893) eta XX. mendeko euskal filologoek obrak hizkuntzaren ikuspegitik daukan balio handia (testuaren luzera ere gogoan hartzekoa da aldez aurretik ezagutzen zirenekin erkatuta) azpimarratu zuten arte.

Juan Beriain, aldiz, Utergako abade izan zen eta bi liburu atondu zituen: Tratado de cómo se ha de oir Misa, escrito en romance y bascuence, lenguajes de este Obispado de Pamplona (Iruñea, 1621) eta Doctrina Christiana (Iruñea, 1626). Kapanagaren kasuan bezalaxe, bi obretako testua gaztelaniaz eta euskaraz eman zuen nafarrak, eta bere obren balio handiena hizkuntzari dagokio; izan ere, goi-nafarreraz daude idatzita, hots, garai zaharreko testu luze gutxi dituen euskalkian.

XVII. mendearen hasieran poesia-sariketak egin ziren Iruñean, zenbait urtez, jaiak zirela eta. Bada, gaurdaino 1609 eta 1610ekoak heldu zaizkigu guri (Mitxelenaren Textos arcaicos vascos liburukoa da idazki horien edizio fidagarriena). Honako hau zioen sariketaren iragarkiak: "Y porque celebrandose en este Reyno de Nauarra la solemnidad de esta fiesta, no es razon que la lengua matriz del Reyno quede desfauorecida, se en este certamen un romance de doze coplas en Bascuence, que lleue un estribillo de tres á tres coplas." 1609an hiru sari eman ziren (Pedro Ezkurrari, Migel Aldazi eta Joan Elizalderi), hirurak erlijio-gaien inguruko testuentzat: "Aldarêco Gorpûtz Sanduâri", "Gorputç Sanduari" eta "Gorputç Sanduari". Handik urtebetera, Gorpuzti jaiegunean, egin zen hurrengo sariketa, eta formaren aldetik askatasun handiagoa eman zen: "Al que mejor Poesia Bascongada hiziere, en qualquier genero de metro". Urte hartan, alabaina, testuen kalitate eskasagoa tarteko, sari bakarra eman zen, eta Martin Portalek irabazi zuen "Romance del Santissimo Sacramento en Bascuence"; hau da, erlijioa ardatz zeukan erromantzearekin. Kalitatea dela eta, honako hau idatzi zen: "No huvo mas de un Romance bueno en bascuence, y no me espanto, que es propio de esta lengua faltar en Romance".

Garaiko beste erlijio-lan batzuk hona ekartzearren, Juan de Huarteren Orreagako Ama Birjinari egindako bertsoak, Bizkaiko mendebaleko Viva Jesús! katixima (XVII. mende hasierakoa) edo Juan Bautista Armilleta antzuolarraren (1678) eta Zubia-Lezamizen (1691-99) dotrinak aipa daitezke.

Rafael Mikoleta bilbotarra familia dirudun bateko kide izan zen, eta Bilbon zenbait kargu garrantzitsu izan zituen. Dakigula, obra bakarra idatzi zuen XVII. mendean (Modo breve de aprender la lengua vizcayna -1653-), baina Mikoletaren lantxoa ez zen XIX. mendera arte argitaratu.

Ez dakigu Mikoletak liburua argitaratzeko asmorik zeukan, baina badirudi euskara ezagutzen ez zuen baten batentzat hizkuntza-gidatxo gisa prestaturiko lana dela. Sampere y Miquel-ek kaleratu zuen, lehenengoz, Bartzelonako Revista de ciencias históricas (1880) aldizkarian. Badirudi, ordea, argitalpen eskasa dela; izan ere, akatsez josita dago. Handik hamazazpi urtera, Dodgson ikertzaileak argitalpen zehatz eta txukunagoa egin zuen. Harez geroztik, XX. mendearen bigarren erdialdean eta amaieran argitaratu da zatika (Mitxelenak eta Sarasolak) nahiz osorik (Zelaietak).

Berez, izenburuak laburbiltzen du obraren edukia, gaztelaniatik abiatuta euskara ikasteko eskuliburutxoa baita. Lehenengo atalean gramatika-oharrak ageri dira, bigarrenean 700 hitz inguruko hiztegia. Hirugarrenean literaturaren ikuspegitik, aldiz, atal interesgarrienak daude: alde batetik, zenbait elkarrizketaren euskal itzulpena eman zuen bilbotarrak. Beste alde batetik, garaiko poesiaren inguruko argibide interesgarriak eman eta berak idatzitako aleak sartu zituen. Zalantzarik gabe, lekukotasun horiek oso interesgarriak dira; izan ere, Hego Euskal Herrian egin zitekeen (eta beharbada egiten zen) poesiari buruzko argibideak dira.

Elkarrizketen atalak "Dialogos" izenburu soila dauka, eta gaur egun badakigu elkarrizketok ez zituela Mikoletak berak asmatu: John Minsheuk A Dictionary in Spanish and English eta Pleasant and Delighfull Dialogues in Spanish lanak kaleratu zituen gaztelania irakasteko, XVII. mendearen hasieran Ingalaterran. Bada, badirudi Mikoleta Minsheuren elkarrizketak hartu zituela oinarritzat bereak egiteko. Elkarrizketak bi zutabetan ageri dira, ezkerrekoa gaztelaniaz eta eskumakoa euskaraz, eta solasaldi biziak dira, praktikotasunari begira egindakoak; hots, gramatika-azalpenez harago, hizkuntza biziaren testigantza eman nahi izan zuen bilbotarrak elkarrizketa baliatuz. Are gehiago, Mikoletaren beraren gramatika-azalpenak labur geratzen dira elkarrizketetan ageri diren kasu eta forma guztiak azaltzeko.

Poesiaren inguruko "Modo de la vizcayna poesia y sus versos" ataltxoa interesgarriagoa da. Bertan, Mikoletak lau poesia-eredu daudela azaldu zuen: jaiegunetan neskek kantatu ohi dituzten Lelori, Lelori motakoak, "graue poesía vascongada"-n (hau da, poesia "gerenagoan") sartzen ez direnak. Bigarrenik, euskal poesia arruntak omen zirenak ("Vasquenses" deitu zituen), gaztelaniazko erromantzeen antzekoak: 7-6a-7-6a eta 10-8a-10-8a neurrietakoak, nahiz eta silaba-kopuruan gorabeherak egon. Azkenik, literatura handiagoetako ereduak euskaraz ere bazirela esan zuen ("dezimas, lyras y sonetos en Vasquenze con los mismos acçentos y consonantes que suelen tener en Romançe"). Dena dela, badirudi azken horiek ez zutela arrakasta handirik, euskaldunek ez omen zituztelako neurri horiek ondo menperatzen.

Mikoletak euskaraz baliatzen ziren bi neurri nagusien adibide praktikoa ere eman zuen, bilbotarrak berak sortutako maitasunari buruzko bi idazkirekin. Alabaina, ezin esan genezake noraino heltzen ziren balizko "euskal eredu orokor" horiek; izan ere, arestian esandakoarekin bat, oso eskasak dira orain arte gugana heldu diren XVII. mendeko Hego Euskal Herriko literatur testuak.

Baten baino gehiagotan esan dugu XVII. mendean ezer gutxi argitaratu zela euskaraz Hego Euskal Herrian, hots, garai hartako literatur korpusa oso urria dela. Aurretik aipaturiko egile eta testu gutxi baina garrantzitsuekin batera, zenbait idazki solte ere idatzi ziren, eta hor-hemen sakabanaturik egon ostean, XX. mendean elkarrekin Textos arcaicos vascos bezalako bildumetan editatu ziren.

Beste egile batzuen testuetan ageri diren euskarazko pasarte laburrak (Lope de Vegaren Los ramilletes de Madrid lanekoak, esaterako) alde batera utzita literarioki guztiz anekdotikoak baitira, hitz neurtuz idatzitako zenbait testu besterik ezin ditugu aipatu, hala nola, Elorrioko elizako artxiboan Jaime Kerexetak aurkitutako maitasun-kanta, Tolosan 1620 aldera zabaldutako paskinak, Antonio Olazabal eta haren emaztearen aurkakoak, Felipe printzearen aldeko kuartetak (1658), Felipe IV.a hil zenean haren omenez idatzitako koplak (1666) edo 1980ko hamarkadan kaleratutako Bertso bizkaitarrak (1688) bertso-sorta luze (aurreko guztien aldean, hogeita hemeretzi ahapaldi baititu) bezain interesgarria. Interes filologiko handia dauka, halaber, XX. mendearen amaieran argitaratutako Eguiaren kanta, 1638 aldekoa eta literaturaren ikuspegitik orain arte aurkitutako lehenbiziko bertso-papertzat jo daitekeena.

  • ALDEKOA, Iñaki. Euskal literaturaren historia. Donostia: Erein, 2008.
  • DODGSON, Edward Spencer (arg.). Modo Breve de aprender la lengua Vizcayna. Compuesto por el l.do Rafael Micoleta, presbyt.o de la muy leal y noble Villa de Bilbao. 1653. Sevilla: F. de P. Díaz, [1653] 1897.
  • LAKARRA, Joseba Andoni. "Bertso bizkaitarrak (1688)". ASJU, 1984, 18-2, 89-184 orr.
  • MICHELENA, Luis. Textos arcaicos vascos. Madrid: Minotauro, 1964.
  • SARASOLA, Ibon: "Contribución al estudio y edición de textos antiguos vascos". ASJU, 1983, 17-1, 60-212 orr.
  • SALABERRI, Patxi. Iraupena eta lekukotasuna. Literatura idatzia 1900 arte. Donostia: Elkarlanean, 2002.
  • URGELL, Blanca. "Egiaren kantaz I: testua eta iruzkinak". ASJU, 1986, 20-1, 75-148 orr.
  • VILLASANTE, Luis. Historia de la literatura vasca. Oñati: Sendo, 1961.
  • ZELAIETA, Angel (arg.). Rafael Mikoletaren era llaburra. Bilbo: AEK, 1995.

XVII. mendean, aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren euskal literaturan, eta Ipar Euskal Herria (Lapurdi eta Zuberoa, nagusiki) izan zen, orduan ere, aldaketa horien gertaleku eta lekuko. Gogoratzekoa da euskal literaturako lehenengo lan argitaratuak (Etxeparerena eta Leizarragarenak) Ipar Euskal Herrian bertan agertu zirela XVI. mendearen bigarren erdialdean, baina ezin ezar daitekeela loturarik edo homogeneotasunik orduko obra, eredu eta asmoen artean: Etxeparek helburu literarioa zuen, eta euskaraz eman nahi izan zituen beste hizkuntza batzuetako literatur testuetan lantzen ziren gaiak. Leizarragaren lanen atzean, aitzitik, protestantismoa zabaltzeko nahia zegoen, eta beskoiztarrak bere lanak argitaratu zituenerako (1571), Etxepareren eredua zaharkiturik eta bazterturik zegoen. Ikuspegia zabaldu eta Hego Euskal Herrira begiratuta ere, orduko obren (argitaratu nahiz argitaratu gabeen) antzeko egoera ageri da: badirudi Lazarragak (1564 aldera) bere literatur zaletasunari eta imitazioz idatzi zuela, Betolazak dotrina bat argitaratu zuen (1596) kontrarreformaren itzalpean, urte hartan bertan Refranes y sentencias bilduma kaleratu zen Iruñean, 1653an Mikoletak zenbait poema idatzi zituen, bere gramatika-azalpenen erakusgarri, eta hiru urte igarota (1656) agertu zen Kapanagaren dotrina.

Bada, XVII. mendean, arestian esan denari jarraikiz, egoera aldatu egin zen; izan ere, euskal idazleak ugaritu eta hamarkadaz hamarkada Lapurdiko literatura klasikoa gorpuztu zuten idazle ezagunen (Axular, Etxeberri Ziburukoa, Materre, Haranburu, Argaignaratz, Gazteluzar, etab.) lanak argitaratu ziren. Nabarmentzekoa da, gainera, gaiei dagokienez garai hartako idazleen izaeraren eta obren artean atzeman daitekeen homogeneotasuna: egile garrantzitsu guztiak izan ziren eliz gizonak, eta guztiek idatzi zuten erlijioari buruz.

Lapurditik kanpo, bestalde, Zuberoako bi egile nabarmendu ziren XVII. mendean: Tartas eta Oihenart. Lehenengoak sasoiko Ars moriendi lanen ildoko bi liburu argitaratu zituen. Oihenartek, aldiz, aro berria ireki zuen euskal literaturan; izan ere, lehenengo euskal idazle laikoa izateaz gain, poesiaren inguruko hausnarketa sakona egin eta maitasunezko hainbat neurtitz kaleratu zituen. Aipatzekoa da, bestalde, Oihenartek osatutako errefrau-bilduma, garai zaharreko Ipar Euskal Herriko garrantzitsuena baita.

Egia da, izan, XVII. mendean hainbat baldintzak egonkortasuna ekarri zutela Lapurdira (kostaldera, batik bat), eta horrek erraz zezakeela idazleen lanak argitaratzea. Aipatzekoak dira, esate baterako, Frantziaren eta Espainiaren arteko gerraren amaiera edo Lapurdiko kostaldeko itsas gizonen eskutik ekonomiak egindako aurrerapauso eta hobekuntzak; alabaina, Lapurdiko euskal literatura ezin uler daiteke garai hartako elizako agintarien estrategiak aintzat hartu gabe.

Jakina da erreforma protestantea XVI. mendean zabaldu zela Europako zenbait herrialdetan, eta Euskal Herrian ere Albreteko Joana III.ak, Nafarroako erreginak, protestantismoa sartu nahi izan zuen. Hain zuzen ere, horretarako agindu zion Joannes Leizarragari Testamendu Berria (1571) itzultzeko. Erregina, baina, beskoiztarraren lanak argitaratu eta urtebetera hil zen (lanak eurak zabaltzen hasi aurretik), eta bere ondorengoek katolizismoaren alde egin zuten. Beste alde batetik, aintzat hartzekoak dira Trentoko Kontzilioan (1545-1563) eliza katolikoak hartutako erabaki gogor eta hertsiak, baita orduko agintarien ekintza eta funtzionamendu ilunak ere (gogoratzekoak dira, adibidez, Nafarroako eta Lapurdiko sorgin-erretzeak 1609an eta 1610ean).

Behin protestantismoaren gainbehera hasita, katolikoek estrategia berria diseinatu zuten, galdutako esparruak berreskuratzeko eta katolizismo ortodoxoa gogoz ezartzeko: kontrarreforma. Asmo horren baitan kokatu behar ditugu, hain zuzen ere, XVI. mendearen amaieran eta XVII.aren hasieran Hego eta Ipar Euskal Herrian kaleratutako erlijio-lanak. Katolikoen helburua erlijio kristau katoliko eta ortodoxoa ezartzea izan zen, eta horretarako beharrezkotzat jo zuten erlijioa hezkuntza bezalako esparruetan indartzeaz gain, irakurtzeko testu berriak (katiximak, dotrinak, sermoiak, kantutegi erlijiosoak, otoitz-bildumak, etab.) prestatzea eta argitaratzea. Ahal beste irakurlerengana iritsi nahia begi-bistakoa da garaiko idazleek hautaturiko hizkuntz ereduetan bertan.

Izatez, Estebe Materre frantziskotarra ez zen euskalduna, baina euskara Saran (Lapurdi) ikasi zuela aitortzen du bere euskarazko obra ezagun bakarraren hitzaurrean: Dotrina Christiana (1617), Bordelen Axularren oniritziarekin argitaratua. Kronologiaren ikuspuntutik lan aipagarria da Materrerena: alde batetik, sasoiko lapurtar idazleetan argitaratzen lehenengoa izan zen. Bestalde, Materreren lana birritan berrargitaratu zen XVII. mendean bertan (1623an Bordelen eta 1693an Baionan), baina, are nabarmentzekoagoa da, ia hamar urtean Dotrina Christiana hura izan zen kontrarreformaren itzalpeko erlijioa ardatz izan zela, eskura zitekeen euskal liburu bakarra. Esan nahi baita, geroko Etxeberri, Axular eta bestelakoen aitzindari izateaz gain, eskuratu eta irakur zitekeen egile bakarra izan zen, hamarkada batez, Materre. Frantziskotarrak atzemanda zuen era horretako lanen falta, eta horregatik eta horretarako, hau da, dotrina kristaua irakasteko, osatu bide zuen bere obra. Euskarazko lanaz gain, mende hasieran L'horloge spirituelle (1606, Paris) lana ere argitaratua zuen.

Zalantzarik gabe, Pedro Agerre "Axular"-ekin batera, Joanes Etxeberri Ziburukoa izan da lapurtera klasikoaren aroko idazle goraipatuenetakoa: oraindik bizi zelarik, Axular, Guillentena, Argaignaratz, Klaberia edo Hirigoiti bezalakoen goraipamenak jaso zituen.

Joannes Etxeberri Lapurdiko kostaldean, Ziburun, jaio zen, 1580 inguruan, ontzigintzari lotutako familia aberats baten baitan (anaia medikua zuen). Bere liburuetan esaten denari jarraikiz, badirudi jakituria handiko gizona izan zela, apaiza eta Teologian doktorea, eta kostaldeko herri batean jaio izanak eragin handia izan zuela bere lanetan; izan ere, egindako testu gehienak kostaldeko herritar eta arrantzaleentzat prestatu zituen.

Etxeberri Ziburukoak hiru lan argitaratu zituen, eta hiruretan baliatu zuen bertsoa; hortaz, XVII. mendeko lehenbiziko bertso-liburuaren egile ere badugu. Hiruretan lehenengoa Manual devotionezcoa (Bordele, 1627) izan zen. Berrehun orrialde inguruko lana da, ia 8.000 bertsokoa, eta bi atal nagusi ditu: lehenengoan dotrinaren muina, hau da, kristau orok jakin beharreko ikasgaiak jasotzen ditu. Bigarrenean, aldiz, kristau orok ezagutu eta egin beharreko otoitzak ageri dira. Lana 1669an berrargitaratu zen lehenengoz, Bordelen.

Lau urteren buruan Noelac eta berce canta espiritual berriac (Bordele, 1631) agertu zen, Etxeberriren lan berrargitaratuena (XVII. mendean bertan sei edizio agertu ziren). Liburuak lau atal nagusi ditu, eta izenburuak adierazitakoarekin bat, kantekin osatu zuen ziburutarrak: Gabon-kantak, Kristoren bizipenei eta misterioei buruzkoak eta santuei buruzkoak ageri dira batik bat.

Azkenik, Etxeberri Ziburukoaren hirugarren lan ezagunak, Eliçara erabiltceco liburua (Bordele, 1636) du izena, eta bertan bertsoak nagusi diren arren, hitz lauzko atalak ere badaude. Lana Bertrand Etxauz Baionako apezpiku ohiari eskaini zion ziburutarrak, eta izenburuak berak ondo laburbiltzen du liburuaren edukia: otoitzak, kristau onen eginkizunen zerrendak, ars moriendiari lotutakoak eta antzekoak ageri dira.

Arestian esan den bezala, Etxeberrik itsas jendeari begira idatzi zuen, eta bere lanek oso harrera ona izan zuten. Zalantzarik gabe ziburutarrak hautatutako bertso-moldeak asko lagundu zion harrera hori lortzen; izan ere, herri-tradizioko bidetik aritu zen, jada Etxeparek landutako moldeak baliatu zituen: 15 silabako bertso-lerroak, 4 / 4 // 4 / 3 egiturakoak, eta hoskidetasuna elkarren ondoko bertsoetan (Noelac lanean, dena den, bertso luzea zatiturik ageri da, 8 / 7a gisara, eta distikoa lau ertainera ekarrita). Etxeberrik, nolanahi den ere, askatasunez eta arinkeriaz jokatu zuen maiz: ez zuen helburu estetikorik eta bertso-lerroak osatzeko bururatzen zitzaizkion irtenbideak zerabiltzan, hala nola, sintaxi-aldaketa bortitzak, etenak hitz erdian, silaba bikoitzak, morfema gramatikal bikoitzak, etab. Oihenartek, hain zuzen, gogor kritikatu zituen Etxeberriren arinkeria, ziburutarrarena araurik gabeko poesia zela idatzi zuen.

Materreren eta Etxeberri Ziburukoaren lanen bidetik, 1630eko hamarkadan bertan beste zenbait egile lapurtarren lanak agertu ziren. 1635ean, esate baterako, Sarako Joanes Haranburu frantziskotarraren debocino escuarra, mirailla eta oraciondeguia kaleratu zen Bordelen. Bertsoz idatzitako obra da, erlijio-lanetako ohiko edukiak biltzen ditu eta XVII. mendean bertan bizpahiru berrargitalpen egin ziren.

Argaignaratz ziburutarrak, bestalde, bi liburu kaleratu zituen mende erdialdean: Avisu eta exortacionea probetchosac bekhatorearentçat (Bordele, 1641) eta Devoten breviarioa (Baiona, 1665). Azken horretan, bere testuekin batera, ereserki zaharren itzulpenak eta testu moldatuak ageri dira, eta forma aldetik zenbait berrikuntza txiki atzeman daitezke; izan ere, urteak aurrera joan ahala eta iturri gisa latinezko testuak erabili ahala (batik bat erlijio-ereserki eta kantak itzultzen edota moldatzen zirenean), ereduak berritu egin ziren, eta horren erakusle da, era berean, Harizmendi saratarraren Ama Virginaren hirur officioac (1660) itzulpen- eta moldatze-lana ere, non jada begi-bistakoa den Etxepareren eta Etxeberri Ziburukoaren tradiziozko moldeen haustura.

Bernard Gasteluzarrek aparteko aipamena behar du XVII. mendeko azken hamarkadetako lapurtar idazleen artean; izan ere, bere Eguia catholicac (1686) lanean baliaturiko aberastasuna eta trebezia aipatu izan dute literatur kritikariek. Gasteluzarren testuetan, aurreko askorenetan ez bezala, kontzientzia eta helburu estetikoa ikus daitezke. Horren erakusgarri da, adibidez, gaiak bertsotan moldatzeko eta emateko ziburutarrak erakutsitako abilezia.

  • Axular

Pedro Agerre Azpilikueta "Axular" XVI. mendearen bigarren erdialdean jaio zen Urdazubin (Nafarroan). Teologia-ikasketak egin zituen Salamancan, eta Espainiako eta Euskal Herriko leku ezberdinetan ikasten eta lanean egon ondoren, 1600. urtean, Sarako (Lapurdi) erretore izendatu zuten. Bertan igaro zuen bizimodu gehiena, eta bertan hil zen 1644an. Artean, azken mendeotan gehien goraipatu izan den lana, bere obra bakarra, idatzi zuen euskaraz: Gero, Bordelen 1643an argitaratutakoa.

Aszetikaren esparruko lana da Gero, eta Axularrek luzamendutan edo gerotik gerora ibiltzeak dituen arriskuak eta eragin ditzakeen ondorio kaltegarriak ditu hizpide, oro har. Hitz-lauz idatziriko lana da, eta 600 orrialdetik gora eta hiru atal ezberdin ditu: lehenengoa "Gomendiozco carta" da, non egileak obra eskaintzen baitio Bertrand Etxauz jaunari, euskara jasoa eta arras landua erabilita; bigarrenean ("Iracurtçailleari") egilea irakurleei zuzentzen zaie, eta liburuaren sorrera-prozesuari, edukiari eta izandako zenbait arazori buruzko azalpenak ematen dizkie; hirugarren zatia, aldiz, obraren testuak berak osatzen du, hirurogei ataletan banatuta.

Gizakien (kasu honetan, euskaldunen) jokaerak dira Axularren kezka-iturri nagusia, eta horien inguruan aritzeko, aurreko hamarkadetako egileek (Materre, Etxeberri Ziburukoa, Haranburu, etab.) baino gai unibertsalagoak hautatu eta landu zituen, betiere aszetikaren ildotik; hots, Axularren helburua gizon-emakumeak bizimodu on edo egokira eramatea izan zen, zenbait arriskuk eta jokamoldek (haragiari lotutakoek arduratzen zuten beste ezerk baino gehiago, eta horien konponbidea atzeratzeak kaltea besterik ez luke ekarriko) izan zitzaketen ondorioak erakustea eta horra iristea ekiditea. Azken batean, Trentoko Kontzilioaren dogmak bere egin zituen Sarako erretoreak, koma bakar bat ere aldatu gabe: horiei dagokienez, ez dago zalantzarako edo espekulaziorako lekurik Axularren testuetan. Bere iturriak Eskritura Santua, elizako doktoreen esanak eta kontrarreformaren sasoiko dotrina izan ziren, bere egin eta euren horretan erabili eta eman zituen besteengandik edandako ideiak, euskal gizartearen esparru batzuetan XX. mendearen azken hamarkadetara arte iritsi direnak, ia-ia.

Azken batean, irakurleak konbentzitu nahi zituen Axularrek, bere (hots, kontrarreformaren) ideietara (hots, protestantismoaren aurkakoak) eraman eta bide okerretik omen zebiltzanen jokamoldeak aldaraztea. Hain zuzen ere, konbentzitze-lan hori egiteko estrategia oso bat eraiki zuen Axularrek, eta hori hainbat alderditan ikus daiteke: liburuko atal, gai eta perpausen egituran, hizkuntz erabileran, iturri eta aipuen erabileran, etab.

Oro har, sermoi-itxura eta tratamendua dute Gero laneko atalek. Lehenengo eta behin gaiaren laburpena eman zuen egileak, gero gaiaren azalpen luzea eta, azkenik, aurretik esandakoaren laburpena. Lehenengo bietan argudioa da nagusi, aipuz josita daude atalok, eta bertan erritmo lasaia baliatu zuen urdazubiarrak. Hirugarrenean, aldiz, erritmo arin eta bizkorragoa ageri da, eta begi-bistakoa da egileak irakurlean eragiteko duen nahia eta asmoa.

Aipuak direla eta, sarri aipatu izan dira Axularren ezagutza eta aberastasuna; izan ere, bere esanak oinarritu eta berresteko Europa mendebaleko historiako beste hainbat pertsonaia eta pentsalari handiren aipuak baliatu zituen: maiz aurki daitezke Geron San Agustin, San Tomas, San Isidoro, San Krisostomo, Plutarko, Ovidio, Horazio, Seneka eta besteren aipuak. Hain zuzen ere, aipu horien eta beste batzuen bidez uztartu zituen (XVI. mendearen amaieran eta XVII.aren hasieran ohikoa zen) Axularrek Trentoko Kontzilioaz geroztiko kristau dotrina eta historia eta literatura klasikoak: historia eta literatura horretako egileen esanak baliatu zituen bere kristau dotrinaren esanak berresteko.

Literatur kritikariek azaldu izan dute, aipuak ez ezik, iruditegi klasikoko elementu asko ere erabili zituela Axularrek, eta urdazubiarra Fray Luis de Granadak egindako lanekin lotu izan da. Onartu egiten da, oro har, Axularrek Granadaren lanak ezagutzen zituela eta espainiarra urdazubiarraren eredu izan zela; are gehiago, Guía de pecadores bezalako nahiz bestelako lanetako esaera, ideia, etsenplu eta irudiak ageri dira Geron. Hori dela eta, nahiz eta Axularrena sorkuntza-lana izan, ezin esan daiteke lan erabat originala denik; hots, ez da ezerezetik sortutakoa.

Geroren hartzaileez denaz bezainbatean, Axularrek berak lanaren hitzaurrean azaldu zuen lana ez dela jakintsu handienentzat, baina ezta ezer ez zekitenentzat ere. Idatzi zen garaia eta lanaren ezaugarriak aintzat hartuta, pentsa liteke hartzaile nagusiak, herritar xumeak baino, herrietako predikariak izan zirela; hau da, esan daiteke urdazubiarrak kontrarreformaren itzalpeko dotrina herri guztietara zabaltzen lagundu nahi izan zuela.

Axularrez hitz egitean, eta aurrekoari loturik, bere idazkera eta estilo-baliabideak aipatu ohi dira. Axularrek, Leizarragak ez bezala baina XVII. mende hasierako idazle erlijioso gehienek bezalaxe, hizkera aski landua baina aldi berean erraza hautatu zuen; izan ere, hori lagungarri izango zuen leku gehiagotara iristeko. Bere estiloaz aritzean, paralelismoak, errepikapenak, galdera erretorikoak, irakurleari zuzendutako galderak eta, batez ere, sinonimia aipatu ohi dira. Erretorika eta hizkuntza aberatsaren jabe zen urdazubiarra, argudioak argi eta zuzen eman zituen, eta horregatik guztiagatik goraipatu izan dute mendez mende.

Badirudi bizirik zegoenean ere jakintsu-ospea zuela (eta horregatik eskatu omen zioten Gero idazteko, sarreran esaten duenari jarraikiz), eta ospe hori mendez mende (XVIII.ean Joanes Etxeberri Sarakoaren goraipamenak irakurtzea besterik ez dago) handituz joan da, harik eta euskal idazle klasiko laudatuena bihurtu den arte.

  • Joan Tartas

Behe Erdi Aroaz geroztik, ars moriendi delakoek gero eta indar gehiago hartu zuten literatura erlijiosoaren baitan, eta indar hori are gehiago handitu zen XVI. mendeko Trentoko Kontzilioaz geroztik. Bada, hain zuzen ere, ars moriendiaren tradizioan dago kokaturik Joan Tartas zuberotarraren obra ezagunena: Onsa hiltceco bidia (Orthez, 1666). Sohütan (Zuberoa) jaio zen Tartas 1610aren inguruan, eta bere bizimoduaz ezer gutxi dakigun arren, berak idatzitako bi liburu iritsi zaizkigu: aipatutakoa eta Arima penitentaren occupatione devotaq (Orthez, 1672).

Zalantzarik gabe, Onsa hiltceco bidia da Tartasen obra ezagunena (eta zubereraz idatzitako lehenengoa), eta bete-betean sartzen da ars moriendiaren edo behar bezalako heriotza izateko egin beharrekoen azalpenen esparruan. Aszetika-liburua da, eta Tartasek erabilitako tesi nagusia honako hau izan zen: heriotza ona izateko, ezinbestekoa da bizi artean heriotzarekin gogoratzea. Sarrera, eskaintza eta obraren funtsa osatzen duten lau atal nagusiez gain, zenbait eranskin (katiximak, hamar aginduak, etab.) biltzen ditu lanak. Obraren historiari dagokionez, bitxia da argitaratzeko baimena eman zitzaionetik egiazki argitaratu zenera arte igarotako tartea: 8 urte. Egoera ezohikoa izanik, ikertzaileak atzeratze horren zergatia azaltzen saiatu dira: Tartasek erabilitako argudio-bide eta autoritatearen mailakatze (garairako) heterodoxoak aipatu izan dira. Egilearen argudioetan bitxikeria gehiegi ageri omen dira, baita hainbatek sasoi hartan hain ondo ikusten ez zuen umore-kutsua ere.

Ereduez den bezainbatean, Tartasen obraren egitura eta testua bera ikusita, kritikariek Axularren Gero lanaren itzala atzeman izan dute, nahiz eta zuberotarra ez zen iritsi urdazubiarraren mailara, ez estiloari, ez baliabideei, ez hizkera-erabilerari dagokienez.

Anima penitentaren occupatione devotaq lana, XVII. mendean bertan argitaratu bazen ere, ia ezezaguna izan zen harik eta XX. mendearen bigarren erdialdean berrargitaratu zen arte. Funtsean, aszetika-liburuetako ohiko material eta testu-motak biltzen ditu Tartasen bigarren obrak.

  • Silvain Pouvreau

Silvain Pouvreau Bourgesen jaio zen eta Saint Cyran jansenista euskaldun ezagunaren laguntzailea izan zen. Euskal gramatika bat (pasarte bat besterik ez da ezagutzen) eta hiztegi bat prestatu zituen (zer euskal idazle ezagutzen zuen erakusten duena), baina lan horiek argitaratu gabe diraute, Thomas Kempis-en Iesusen Imitacionea itzulpenarekin batera. Hain zuzen ere, itzultzaile eta moldatzaile gisa da ezaguna Pouvreau.

Bizi zela, hiru lan argitaratu zituen: Guiristinoaren dotrnia (1656, Paris), San Frances de Sales Genevaco Ipizpicuaren Philotea (1664, Paris) eta Gudu espirituala (1665, Paris). Hiruretan lehenengoa Richelieu kardinalaren Instruction du Chretien (1621) lanaren itzulpena da. Bigarrena, berriz, San Frantses Saleskoaren Introduction à la vie dévote (1608) lanaren euskarazko moldapena, eta hirugarrena, azkenik, Lorenzo Scúpolik 1589an Venezian argitaratutako Combattimento spirituale lanaren moldaketa.

Arnaut Oihenart zuberotarra idazle isolatua dugu XVII. mendeko (eta XIX.a bitarteko) euskal literaturan; izan ere, ez zen aritu, oro har, bere sasoiko gainerako idazleen (mende hasierako lapurtar guztien eta Tartas zuberotarraren) erlijio-bideetatik, eta bere lanak argitaratu ondoren ere, ez zuen jarraitzailerik izan. Maulen jaio zen 1592an, eta bizi zela lanen bat argitaratu zuen lehenengo idazle laikoa dugu, nahiz eta katoliko militantea izan. Gizon jantzia izan zen, legegizona eta historialaria, eta zenbait kargu publiko garrantzitsuren ardura izan zuen.

Lan gehienak latinez eta frantsesez egin zituen Oihenartek, eta horien artean aipatzekoa da Notitia utriusque Vasconiae (Paris, 1638) historia-lan mardula, non euskararen gramatikari eta euskalkiek buruzko zenbait ohar interesgarri egin baitzituen. Literaturaz denaz bezainbatean, errefrau-bilduma garrantzitsua, arte poetiko bat (L'art poetique basque, 1665an idatzia baina argitaratu gabe egon zena 1967ra arte) eta neurtitz-sorta interesgarria (errefrauekin batera Atsotizac edo refrauac eta O.ten gastaroa neurthizetan izenburuarekin argitaratua, 1657an) izan ziren mauletarraren ekarpen nagusiak.

Artean Hego nahiz Ipar Euskal Herriko idazle gehienek Trentoko Kontzilioko ideiak zabaltzeko dotrinak, ars moriendi delakoak, katiximak eta bestelako erlijio-lan eta itzulpenak idazten zituztela, Arnaut Oihenartek bat egin zuen bere sasoian Europako beste herrialde batzuetan egiten zen maitasun-literaturarekin, oro har, eta Petrarca italiarraren eredu zabalduarekin, zehazki. Jakin badakigu Petrarcaren Kantutegiak Erdi Aroko literatur eredu herrikoiak gainditu eta eredu klasiko landuagoak ezarri zituela, XVI. mendean Europan barrena arin zabaldu zirenak. Hain zuzen, arestian esandakoarekin bat, ildo horretan kokatu izan da Oihenarten poemagintza; hots, ezaugarri klasikodun poesia jasotzat jo izan da. Izan ere, Maulekoaren testuetan (gehienak maitasunezkoak dira, baina badu eresi bat eta erlijioari buruzko zenbait ere) erraz atzeman daitezke Petrarcak eta haren ondoko tradizio klasizistak ezarritako ezaugarriak eta konbentzioak.

Maitaleak eta emakume maitatuak ageri dira Oihenarten maitasunezko poesietan: emakume maitatu eskuraezina (azal zurikoa, ilehoria, liraina, atsegina, etab. izan ohi dena) eta emakumea lortu ezin duen maitale frustratua. Bada, oro har, maitalea mintzo da: emakume jakin baten edertasunarekin maitemindu eta bere sentimenduak adierazten dizkio, eta hortik aurrerakoak aipatutako poesia-ereduan gertatu ohi direnak dira, hots: emakumeak erabakitzen du baiezkoa eman edo ez, eta erabakiaren berri eman artean, maitaleak zain egotea, sufritzea, erregutzea eta emakumea konbentzitzen saiatzea besterik ez ezin du egin. Maitasuna literatur konbentzioa besterik ez den neurtitzotan, eskema hori behin eta berriz ageri da.

Aipatutako tradizioari eta moldeei jarraikiz idatzi zuela eta, zenbait literatur kritikarik azaldu dute Oihenarten poesia ezin dela erabat originaltzat jo; izan ere, iturriak, irudiak, moldeak eta gertakizunak beste idazle batzuen lanetan ere aurki daitezke. XVII. mendean bertan, bestalde, Bernard Gazteluzarrek Maulekoaren poesia-moldea kritikatu zuen, ziburutarrak baztertu egiten baitzuen dotrina ematekoak ez ziren beste literatur adierazpenak.

Formari gagozkiolarik, egilearen ardura handia atzeman daiteke poema gehienetan, eta horren ondorioz, sarri, Oihenarten poesia "poesia hotz" gisa definitu izan da; are gehiago, Mitxelenak poeta baino, bertsogile trebea zela idatzi zuen. Nolanahi den ere, "hoztasun" hori ez da badaezpadakoa, Mauleko legegizonak hautatutako ereduaren ondorio baizik. Bestalde, poemen garapen logikoa, kontzeptismoa, kontzeptuekin jolasteko gogoa, aipatu izan da, eta errima aberatsa, alegoria, aliterazioa, pertsonifikazioa, hitz-jokoak eta kontrajarpenak usu ageri dira mauletarraren testuetan.

L'art poetique basque ([1665] 1967) lana dela eta, bertan erakutsi zuen Oihenartek ondo ezagutzen zituela Europako eta Euskal Herriko literatura eta, bereziki, poesia-ereduak. Garai hartan hasi ziren argitaratzen arte poetiko edo poesia egiteko araudiak, eta zuberotarrak bat egin zuen joera horrekin. Tamalez, bere lana ez zen argitaratu XX. mendearen bigarren erdialdera arte, Lafitteren eskutik. Bere arte poetikoan, Oihenart poesia kultuaren eta klasizismoaren alde agertzen da, eta gerora bere testuetan betetzen dituen arauak (neurrien zehaztasuna, errima ugaria eta biribila, sinalefaren erabilera, etab.) ematen eta aldarrikatzen ditu, eta arau horietatik kanpo gelditzen diren egileak (Bernard Etxepare, esate baterako), nahiz eta beste garai batzuetakoak izan, txartzat eta baztergarritzat jotzen ditu.

Aurretik esan den bezala, tamalez, Oihenart egile isolatua izan zen, bai bere garaian (gainerako euskal egileek erlijioaren bide hertsia hautatu zutelako), bai ondoren ere (ez baitzuen jarraitzailerik izan).

Aurreko egile eta lan guztiez gain, XVII. mendean bestelako lan bakan batzuk argitaratu ziren, hala nola, erlijioaren esparruko A.F. Maytieren Pronus singulis diebus Dominicus (1676), Piarres Detcheberryk itzulitako Liburu hau da ixasoco nabigacionecoa (1677) eta Athanase Belapeyre zuberotarraren Catechima laburra (1696), Mongogo Dassanzaren Laborarien abissua (1692) albaitaritzari buruzko lantxoa edo Jakes Belak osatutako atsotitz-bilduma.

  • ALDEKOA, Iñaki. Euskal literaturaren historia. Donostia: Erein, 2008.
  • ARKOTXA, Aurelia. "Oihenarten amodiozko poesien azterketa konparatiboa". Iker 8. Oihenarten laugarren mendeurrena. Bilbo: Euskaltzaindia, 1994.
  • ARKOTXA, Aurelia; OYHARÇABAL, Beñat. "El siglo XVI: Las primicias de las letras vascas". OLAZIREGI, Mari Jose (ed.). Studies in Basque classical litterature. Reno: Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno, 2008.
  • BATZUK. Iker 8. Oihenarten laugarren mendeurrena. Bilbo: Euskaltzaindia, 1994.
  • MICHELENA, Luis. Historia de la literatura vasca. Madrid: Minotauro, 1960.
  • ORPUSTAN, J.B. "Bernat Etxepare?ta Arnalde Oihenart: ondoriotasunetik harat". Iker 8. Oihenarten laugarren mendeurrena. Bilbo: Euskaltzaindia, 1994.
  • OYHARÇABAL; Beñat. "Statut et évolution des lettres basques durant les XVIIème et XVIIIème siècles". LAPURDUM, VI. Baiona, 2001.
  • SALABERRI, Patxi. Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Donostia: Elkarlanean, 2002.
  • VILLASANTE, Luis. Historia de la literatura vasca. Oñati: Sendo, 1961.
  • VILLASANTE, Luis. Axular. Mendea. Gizona. Liburua. Oñati: EFA, 1972.