Literatoak

Perez de Lazarraga, Juan

Joan Perez Lazarragako (ca. 1547 - 1605). Arabako Larreako dorreko jauna, El poeta izengoitikoa.

Lazarragatarren leinukoa, hots arabar noblezia txikiko familia ezagunekoa. Gebaratarren itzalean garatu zen familia, eta, Oñatiko jatorrizko oinetxetik abiatuta, erroak ondo finkatuak zituen Arabako ekialdeko lautadan 1439.az geroztik.

Gurasoak, Pedro Perez Lazarragako eta Elena Lopez Uraldeko Erdoñana, 1546.eko urriaren 7an ezkondu ziren; aitaren bigarren ezkontzako bidezko bost seme-alabetatik lehenengoa Juan izan zenez (eta beste seme-alaba batzuk ere izana zenez, hala bidezkoak nola sasikoak, aitortuak eta aitortu gabeak), Pruden Gartzia ikertzaileak 1547a proposatzen du jaiotza-data gisa; Patri Urkizuren arabera, 1548.ean edo 1549.ean jaio bide zen; zuhurragoa zen José Luis Vidaurrazaga eta 1547-1550 tartea proposatu zuen.

1567.ean Madrilen zegoela dirudi, bere eskuizkribu bateko ohar batean dioenaren arabera, baina ez dakigu ezer ziurrik bere bizitzaz, ezkontza-egunera arte. 1575.ean ezkondu zen Arriolan, Katalina Gonzalez Langarikako Bikuñarekin. Bi seme-alaba izan zituzten, Agustin eta Maria; semea izan zen Larreako dorreko hurrengo jauna, eta alaba Juan Belasko Galarretarekin ezkondu zen. Lazarraga poeta 1605.eko apirilaren 12an zendu zen.

Bi idazlan ezagutzen dira Joan Perez Lazarragakok idatziak: Lazarragatarren leinuaren kronika genealogiko bat (gaztelaniaz idatzia) eta literatura-lanen bilduma bat (gehienak euskaraz idatzitako lanak dira, baina badira gaztelaniazkoak ere). Horiez gain, hirugarren lan bat ere aipatu izan da, Arabaren historiaz gaztelaniaz idatzia, baina ez dago horren inguruko datu ziurrik, eta, edozein kasutan ere, ez da eskuizkribuaren alerik ezagutzen; litekeena da kronika genealogikoa bera aipatzeko beste modu bat izatea.

Ondoko hau da kronika genealogikoaren izenburu osoa, Gasteizko Elizbarrutiaren Artxibo Historikoan dagoen ale argitaragabearen arabera (sig. 5041-1): Relación histórica de las casa y apellidos de Lazarraga, privilegio de la Fundación de la Torre de Larrea dada en el año de 839, linage de Erdoñana, de los Otaloras y Zuazo Gamboa, de los Velascos, de los puestos y dignidades de unos y otros, todo con remisión a documentos y otras cosas perteneciente a ella. Ziurrenik ale hori da Joan Perez Lazarragakok bere eskuz idatziriko jatorrizko eskuizkribua, baina badira kopiak hainbat artxibo publiko eta pribatutan, besteak beste Madrilgo Biblioteka Nazionalean (Ms. núm. 11.263; 1601, 5 de marzo) eta Oñatiko Lazarraga jauregiko artxiboan (Sotomayorko dukearen jabetzakoa); Borja Aguinagalde jauna ari da horiek guztiak ikertzen.

María Comas andereak transkribatu eta argitaratu zuen Madrilgo Biblioteka Nazionaleko alearen zati handi bat 1936.ean. Ikertzaile horren arabera, 1589.a eta 1601.a bitartean datatu behar da lana. Joan Perez Lazarragakok gaztelaniaz idatzia da, eta gero Juan Belasko suhiak jarraitua. Izenburuak berak gardenki azaltzen du edukia: familiaren eta familiako kideen egitandiak eta antzinatasuna agertu eta goraipatu nahi dira. Familiako kide nagusiak dira historiaren bizkarrezurra, eta horien ezkontide eta seme-alabek osatzen dute gainerakoa, batzuetan kontakizun anekdotikoz apaindua.

Baina beste lan bat da Joan Perez Lazarragakoren izenari garrantzi berria eman diona: Lazarragaren eskuizkribua deitu zaio eta 2004. urteko otsailaren 18an aurkeztu zuen jendaurrean Gipuzkoako Foru Aldundiak; jakin ahal izan denaren arabera, Borja Aguinagalde jaunak aurkitu zuen Madrilgo zaharki-salerosle batenean eta Donostiako Koldo Mitxelena Bibliotekarentzat erosi zuen Gipuzkoako erakunde publikoak. Eskuizkribuaren aurkezpena gertakizun mediatiko garrantzitsua izan zen, erabat berria euskal filologiaren historian: komunikabide guztietara iritsi zen aurkikuntzaren oihartzuna eta berehalakoan izan zen denek ikusteko moduan, prentsaurrekoaren egun berean CD-Rom batean, eta handik egun gutxira Interneten. Adituen lehenbiziko txosten teknikoak ere handik bi egunetara zeuden Interneten: Borja Aguinagalde historialariaren estraineko paleografia- eta datatze-azterketa (1564.etik 1567.erako tartean Joan Perez Lazarragakok idatzia dela proposatzen zuen) eta Joseba Lakarra filologoaren atariko filologia-azterketa (XVII. mendea baino lehenagoko euskal testu-altxorraren tradizioan eskuizkribuak hizkuntzaren, dialektologiaren eta literaturaren azterketetarako duen garrantzia nabarmendu zuen). Susa argitaletxearen Armiarma webgunean, hilabete gutxiren buruan argitaratu zuen Iñigo Landak lehenengo transkripzioa literaturazaleentzat. Erein argitaletxeak urtea amaitu baino lehen jarri zuen dendetan Patri Urkizuren edizioa (2004-05-04an sinaturiko azterketarekin, testuak berrantolaturik emanda, grafia modernoan, ohar argigarri ez sistematikoekin). Azkenik, Pruden Gartziaren Lazarraga. Ernazimentua euskaraz saio-lanak irabazi zuen 2005.eko Juan Zelaia Saria (Araban eta Euskal Herrian, XVI. mendean, Lazarragaren lanak erakusten duenaren arabera, zinezko euskarazko ernazimentu baten hastapena izan zela defendatu zuen). Dena den, zatikako beste azterketa batzuk ere argitaratu diren arren, oraindik finkatu gabe dago testua bera, eta edizio fidagarri, arduratsu eta zintzoa egin behar da, pasarte zail ugariak argitzen ahaleginduko dena, zailtasun asko baititu testuak hala paleografiari dagokionean nola hizkuntzari dagokionean.

Guztira 51 orri dira eskuizkribuan (111.000 karaktere inguru, 52 orrialde estandarren parekoa edo), gehienak euskaraz idatziak (% 88 inguru), eta gainerakoak gaztelaniaz idatziak; baina pleguak ez daude osorik, eta gutxienez beste hamasei orri galdu dira ezagutzen dugun zatian, gehi aurretik izan zitezkeenak, in media res hasten baita. Eskuizkribua esku batek baino gehiagok eta idatzaldi batean baino gehiagotan idatzitako askotariko literatura-testuz osatua da. Oraindik ez da argitaratu eskuizkribuan diren eskuen azterketarik, baina badirudi testu nagusiak (ziurrenik Lazarragaren eskuz idatziak) testuaren % 70 hartzen duela; alboetako testuetan ere izan litezke esku horrek berorrek idatziak.

Testu nagusian bi atal bereizten dira nabarmenki: lehenik artzain-nobela bat (testu nagusiaren % 32), gehienbat prosan idatzia, tartekatuak dituen arren kantu moduko poemak; bigarrenik, askotariko poema eta kantuen bilduma.

Artzain-nobelaren hasiera eta bukaera galdu dira. Patri Urkizuk Dianea izenburua proposatu du nobela osoarentzat, eta Patxi Salaberri Muñoak, berriz, Sirena, Silbero, Silbia eta Doristeo izenburua hobetsi du, nobelako pertsonaia nagusien izenak hartuta. Artzain-nobelak genero arrakastatsua izan ziren Europan XVI. mendean, eta Jorge Montemayorren gaztelaniazko Los siete libros de la Diana (1559) Europa osoan itzuli eta imitatu zuten; badirudi ildo horretan kokatu behar dela Lazarragaren prosa-lana. Funtsean amodio nahasien istorioa kontatzen da: Silverok Sirena maite du, Sirenak Doristeo, Doristeok Silvia, eta Silviak Silvero (baina amodio-kateak ez du beste alderako biderik).

Poema eta kantuen bilduma (hala testu nagusiaren kasuan nola alboetako testuen kasuan) zailagoa da deskribatzeko eta sailkatzeko (gaiak, neurriak, jatorriak, poema herrikoiak eta kultu izan nahi dutenak...). Gehienetan (erdiak baino gehiago) maitasun-kontuak dira gai nagusia, baina badira erlijiozkoak, narratiboak, isekazkoak... Poema batzuen neurriak eta moldeak oso herrikoiak dira (eta ez dakigu Lazarraga den egilea ala herri-tradiziotik jasoa bildu duen), baina beste batzuetan gaztelaniazko cancionero zahar eta berrietako neurriak eta moldeak hartzen ditu. Gaztelaniazko poema batzuen kasuan ziur dakigu ez direla Lazarragak asmatuak, baizik eta plegu horietan bilduma osatzearren kopiatuak; euskarazko poema batzuen kasuan ere aurkitu dira ordainak beste hizkuntza batzuetan; hortaz, azterketa sakonagoak behar dira ezer ziurrik esateko, baina badirudi koaderno berean bildu dituztela idazle batek baino gehiagok (testu nagusiaren kasuan pentsatuko dugu Lazarraga dela idazlea, eta alboetako testuetan Lazarraga eta geroagoko beste esku batzuk izan daitezke) berek asmaturiko lanak eta beste nonbait ikasiak.

Edozein kasutan ere, testuak altxor aberatsa dira XVI-XVII. mendeetako euskara (eta bereziki Arabako euskara) ezagutzeko eta aztertzeko: badira hapaxak, hitz askoren lehenengo lekukotasuna aurkitzen da, oso bakantzat genituen erabilerak berresten dira, beste inon ezagutzen ez diren egiturak agertzen dira eta informazio berria eskaintzen da euskalkien historia argitzeko.