Literatoak

Agerre Azpilkueta, Pedro

Axular, Pedro de Axular, Atxular.

XVI. mendeko euskal idazle hau euskal literaturako prosagile onena da. Pedro de Axular izenez ezagunagoa da. 1556an jaio zen Urdaxen (Nafarroan), 1644ko apirilaren 8an zendu zen Saran, 88 urte zituela.

Axular izeneko etxean jaio zen. Handik datorkio izena idazleari. Ia ziurtzat jo dezakegu lehen ikasketak herrian lekutzen den San Salvador monasterio ospetsuan egin zituela. Monasterioa, hasiera batean kalonjesa agustindarren ardurapean egon zen, eta, ondoren, fraide premontretarren esku. Gaur egun badakigu Salamancako Unibertsitatean egin zituela ikasketak. Batxilergo titulua eskuratu zuen, baina ez dago bestelako ikasketari buruzko daturik. Dena den bere obraren kalitateari so, oso gizon jakintsua zela ondoriozta daiteke.

28 urte zituela subdiakono ordenatu zen Iruñean (1584). 40 urterekin, diakono Leridan eta apaiz Tarbesen (Biarno) (1596). Tarbesetik Donibane Lohitzunera abiatu zen eta bertan izan zen bost urtez (1595-1600). Henry IV-ak Bordeleko Parlamentura idatzitako gutunean Teologian graduatutako presbitero izenez aipatzen da Axularren izena. Urte hartan bertan Sarako (Lapurdi) erretore izendatu zuten, bertako titularrak, Juan Douametek osasun arazoak zirela medio dimisioa eman ostean. Kargua Axularrek hartu zuen, gotzainaren eta jendearen begikotasuna lortu ondoren. Ez dugu ahantzi behar, predikari ospetsua ere bazela Axular. Kargu berria hartu eta hilabete gutxira, 1600ean, beste apaiz bat, Jean d'Harozteguy, kargua eskuratzeko lehian sartu zen, parrokiaren ardura izateko eskubidea zuela iritzita. Axular atzerritarra zela zioen. Axularrek ordea nafartzat zuen bere burua, eta, horrenbestez, Frantziako eta Nafarroako erregearen (Henry IV) meneko. Horregatik naturalizazioa eskatzen zuen. Erregea bere alde agertu zen kargua hartzeko naturalizazioa beharrezkoa ez zela adierazita, nafarrak bere meneko zirelako. Gauzak horrela, 1601eko abuztuaren 20an Bordeleko Parlamentuak aurretik emana zuen epaiari kontra eginez, auto bat plazaratu zuen bi egun beranduago. Bertan Axularrek karguan jarrai zezakeela adierazten zen.

Axular Saran finkatu zen behin-betikoz eta hizketaldi bat piztu zuen erlijio eta artzain arazoez nahiz otoitz-liburuen bidez kristau bihurtzeko euskara erabiltzearen komenigarritasunari buruzko eztabaidak hedatuz. Solaskideek Axular hautatu zuten lan hori egiteko eta ez ziren erratu. Sara izeneko bake eremuan Gvero liburua idatzi zuen. Kristautasunaren bidez haraindiko mundura arrakastak iristeko aszesia. Lan hori euskaraz idatzitako literatura testurik onena dela esan ohi da. Bordelen inprimatu zen, 1643an, idazlea hil baino urtebete lehenago. 87 urte zituen orduan Axularrek. Hirurogeita zortzi urte beranduago bigarren edizioa egin zen izenburua aldatuta: Gveroco Gvero, datarik gabe eta zuzenketa eta aldaketa urri batzuekin. Hirugarren edizioa 1864koa da; Baiona inprimatu zen Inchauspe kalonjearen eskutik. Hirugarren edizio horrek badu berezitasun bat: gaien hurrenkera aldatu egin zen eta testuan hainbat aldaketa barneratu ziren, errealismoa oso agerikoa zenean, bereziki. Laugarren edizioa Zarautzen inprimatu zen 1954an. Bertan ortografia modernoagoa baliatu zen eta bigarren edizioan egindako aldaketak ageri dira oraindik. Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkarian (1910) lehenengo edizioa argitaratzeari ekin zitzaion faksimile modura baina lana amaitu gabe geratu zen, aldizkaria argitaratzeari utzi baitzitzaion 1936an. 1964. edizioa elebiduna da eta Donostian inprimatu zen 1643ko jatorrizkoari jarraiki. Itzulpena Aita Luis Villasantek egin zuen. Axularren lana Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroara ere hedatu zen nahiz eta lapurtarrez idatzita egon. 1820an, Aita Pedro Antonio de Añíbarrok bizkaierazko bertsioa egin zuen baina ez zen argitaratu. Euskal-Esnalea delakoan hasi zen gipuzkerazko bertsioa ematen 1909an, baina hau ere lehenengo kapituluetan amaitu zen. Gaur egun Gero balio handiko liburutzat jotzen da eta aipagarria da edizio elebiduna Aita Luis Villasanteren hitzaurre batekin hornitzen dela. Axular eta bere obra goitik behera aztertzen da bertan. 1988an Euskaltzaindiak faksimile bat argitaratu zuen 1643an Bordelen argitaratutakoan oinarritua.