Kontzeptua

Euskal Herriko historiari buruzko historiografia

Azken 30 urteotan erabateko aldaketa gertatu da Euskal Herriari buruzko historiografian eta ezagutzan. 1979 urteaz geroztik Euskal Herriko Unibertsitatean Letretako fakultatea antolatu zen eta bertan Historiaren irakaskuntza akademikoa erakundetu egin zen. Doktorego ikerketak ugaritu egin direnez gero, ezagutza historiografikoak jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa egin du eta arlo guztietan ezagutza berritzailea gertatu ohi da. Beraz erudizioaren arloan erabateko ezagutza berria irabazi da eta ikuspegi teorikoen arloan ere Euskal herritarren iraganari buruz begirada berriak produzitu dira, kezka eta ikuspegi berritzaileak sortu hala.

Ikerketa historikoak burutzeko era eta metodologia ere eraberritu da:

  1. Ikerketa taldeak sortu eta antolatu dira: Historia giza eta gizarte zientzien eremuan zientzi metodologian oinarriturik, talde trinkoak antolatu dira. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak deialdiak egiten dituzte eta ondorioz, ikerketa talde sendoak antolaturik dira. Azken deialdiari, 2009an egindakoari erreparatuz, hiru talde agiri dira historia garaikidearen atalean, ondoko ikerlarien buruzagitzapean: Joseba Agirreazkuenaga, (Parlamentuak eta biografia); Luis Castells, (gizarte historia); Manuel Gonzalez Portilla, (demografia). Erdi aroko historian, Ramon Diaz de Durana eta arkeologian Agustin Azkarate.
  2. Historia arloan ere, aldizkari zientifikoak bihurtu dira erreferentziazko abiapuntuak. Euskal Herriari buruzko historia aldizkarien bidez erakusten dira ikerketa berriak. Aldizkari hauek ebaluatuak dira eta ranking baten baitan kokaturik daude. Adibidez, Eusko Ikaskuntzako Vasconia aldizkaria dugu bereziki Euskal Herriko historia gaiak lantzen eta European Reference for Humanities Index delakoan sarturik dago. Tokian tokiko aldizkari zientifikoak goi mailako kalifikapena lortu dute, adibidez, Bilboko historiari buruzko Bidebarrieta aldizkaria. Azkenik aipatu behar da euskaraz ere argitaratzen dela zientzi aldizkari bat, Kondaira izenekoa, Udako Euskal Unibertsitateak argitaratua.
  3. Artxibategiak eta bibliotekak dira behin behineko azpiegiturak. Dokumentazioaren ezagutzarako baliabide berriak antolatu dituzte eta lehen eskuko sorburuen ezagutza eta erabilera bideragarriagoa gertatzen da. Horrez gainera Museoetan ere iraganean murgiltzeko erakusketa monografikoak eta iraunkorrak eraberritu dira.

Bilakaera eta eraberritzearen sakontasuna neurtzeko, Euskal Herriari buruz idatzi diren historia orokorrak alderatuz, ezagutzan gertatu den eraberritzearen erakusgarri, lor dezakegu. 1970eko hamarkadan Euskal Herriko historia orokorrari buruzko sintesiak burutu ziren: Ildefonso Gurrutxagaren lanetan oinarrituz Martin Ugaldek idatzi zuen ikuspegi orokorrekoa. Federico Zavalak ere aldi berean sakonago eta zabalago ihardun zuen. "Iker" Bilboko kultur enpresan idatzi zen metodologi berrietan oinarriturik eta talde lanean, euskal herritarrak osotasunean hartzen, Historia de Euskal Herria, izenburupean, Ediciones Vascasen bidez argitaratua (1980). 2004an beste Historia de Euskal Herria 6 liburukitan, argitaratu zuen Lur argitaletxeak 38 autoren artean, guztiak doktoredun unibertsitarioak izanik. Aldea nabarmena da bai erudizio, edukiaren esparruan zein galderetan. 1995.n argitaletxe berberak Euskal Herriko Atlas historikoa argitaratu zuen eta honetan ere agiri da jadanik Euskal Herriko historiaren ezagutza Europako beste herrialdeen parera hurbiltzen hasi zela. Euskal Herriko iparraldetik abiatuz Manex Goihenetxek beste ahalegin orokor bat burutu zuen baina orotariko historiaren idazketa egiterakoan kontakizun politikoa nagusituz burutzen du. Azken batean, galderak ugaritu heinean pertsona bakarrarentzat historia osoa burutzea ezinezkoa gertatzen da. Ikerketa galderak aldaturik daude eta erantzunak ere bestelakoak dira. Eta garaian garaiko ikerlarien galderak eta kezkak aldatuz doazen heinean, historiaren ezagutza eta pertzepzioa ere garaian garaiko ikerlari eta irakurleen arabera idazten da.

Laburbilduz, 1970ko hamarkadan bizitza materialaren eta demografiaren azterketa sakona hasi zen burutzen. Historia ekonomiko eta sozialean ere erabateko berrikuntza gertatu da 1970 hamarkadatik aurrera. Alfonso Otazu, Emiliano Fernandez de Pinedo, Pablo Fernandez Albadalejo, Luis Mari Bilbao, Maria Angeles Larrea, aipatzekoak ditugu. Aro garaikidean aipagarriak dira, Juan Pablo Fusi, Ignacio Olabarri gizarte mugimenduaz edo iraultza industrialari buruz Manuel Gonzalez Portilla. Doktorego tesiak dira abiapuntuak eta beste arloetan ere agiri dira ikerketa baliotsuak. Erakundeen historian Gregorio Monreal edo pentsamendu politikoaren arloan Antonio Elorza.

Hurrengo hamarkadetan belaunaldi berri baten doktorego ikerketak euskal gizartearen arlo guztiak astindu dituzte Ezagutza eta erudizio izugarri berritzailea gertatzen da. Tokian tokiko historiak ere hartzen dute indarra Eusko Ikaskuntzaren historia sailaren bidez.

Azken batean, historiografia orokorra ez ezik, gai eta problema historikoen arabera aztertu eta ebaluatu behar da aurrerantzean Euskal Herriko produkzio historiografikoa, aintzat harturik hizkuntza desberdinetan burutzen delarik, azpimarratuz euskaraz ere produkzio historiografikoak bere lekua irabazi duela.