Kontzeptua

Estatua

Gobernu baten autoritatepean herri bat lurralde zehatz batean juridikoki antolatzen denean osatzen den entitatea da estatua. Hortaz, hiru dimentsio ditu. Izan ere, lurraldezko ordenamendu juridiko jatorrizkoa da estatua; aparatu politikoa ere bada, herriarengan eta lurraldean aginte subiranoa duen gobernua, eta, azkenik, komunitate politikoa da, herria juridikoki antolatua dagoenean sortzen baita estatua. Hauxe da estatuaren teoria klasikoak eskaintzen digun definizio juridiko ezaguna.1

Herria edo komunitate politikoa da estatuaren zergati nagusia. Azkenean, herri baten antolaketa juridiko mota bat besterik ez da estatua. Estatuak berak erabakiko du bere legediaren arabera nortzuk eta zein baldintzetan diren "herri" subjektu politikoaren kideak, hots, nortzuk diren estatuko herritarrak edo nazio kideak. Izan ere, herri horren bilkura komunitarioak nazio izaera har dezake, Estatu-nazioaren egitasmoan bezala, edo estatuaren oinarria den herri horren baitan nazio anitz bil daitezke, nazio anitzeko estatuetan bezala. Dena den, egia da nazio lotura duten herrietan, nazio horri egokituko zaion lurraldezko ordenamendu juridiko gorena lortzea izaten dela helburu kolektiboa, beti lortzen ez dena. Era berean, estatua jada osatu duten herriek, estatuaren tresna juridiko eta politiko guztiak erabiliko dituzte herri hori nazio bilaka dadin, lehendik ez bada, edota herrikide guztiak nazio bakar baten baitan bil daitezen. Estatua eta nazioaren arteko harremana maiz ezinean oinarritzen da: Estaturik gabeko nazioen ezina, batetik, eta nazio bakarra osatu ezin duten estatuena, bestetik.

Estatuaren bigarren osagai ezinbestekoa lurraldea da. Herri edo nazio batek estatua osatzeko oinarri fisikoa behar du: bere buruaren jabe eta independente gisa agertzeko ezinbestekoa duen zorua, bere potestatearen muga fisikoak zehaztuko dituena eta beste potestateen eraginaren ukaziorako esparrua mugarrituko duena. "Zorua" diogunen, azaleko zoru horren azpiko lurretan, inguruko itsasoetan eta gainetiko atmosferan ere pentsatzen ari gara, aginte subiranoaren eremu horrek guztiak osatzen baitu estatuaren lurraldea. Lurrazpiko zein itsasoko aberastasunen jabetzari edo estatuaren segurtasunari dagokionean potestate-eremu horiek garrantzitsuak dira oso2. Dena den, estatu garaikideak dituzten erronkek -krisi ekologikoa eta ingurunearen kutsadura, sare informatiko globalak, aldaketa klimatikoa...- kolokan jarri dute lurralde esklusioaren kontzeptu klasikoa.

Salbuespen gisa eta aldi batez, gerra edo konkista egoeratan eta beste estatuek hala aitortzen badute, posible izan daiteke lurralderik gabeko estaturik egotea baina egoera horrek, hala mantenduz gero, ez du etorkizunik. Era berean, lurraldea formalki edukita ere, estatuak ez badu bere agintearen eraginkortasuna bertan ziurtatzen, "Estatu porrota" izango da.3

Horregatik, estatuaren hirugarren osagaia potestate publiko gorena da, soberania. Ordenamendu juridiko jatorrizkoa da estatua, bestelako egitura politikoak eratorriak diren bezala, gainetik duten egitura batetik baitatorkie hauei beraien agintea. Aginte subiranoak bere azpian dituen guztiengan agintzeko gaitasun gorena eta jatorrizkoa suposatzen du. Horregatik, kolonia bat, estatu federaletako estatu federatua edo autonomi erkidegoa ez dira "estatuak", beraien aginte politikoa juridikoki eratorria delako. Dena den, egia da, bestalde, formalki estatuak direnek ere askotan ez dutela soberaniaren eduki faktiko guztiaz gozatzen.4

Agintzeko gaitasun faktiko horrek estatuaren legitimazio iturriarekin ez du zerikusirik: legitimazio ideologiko hori naturaz gaindikoa, ohiturazkoa, karismatikoa, konkistaz lortutakoa edo demokratikoa izan, Estatuak berdin aginduko du, edota modu bertsuan errebindikatuko du bere agintzeko ahalmenaren zuzentasuna. Zentzu honetan, Estatua aparatu politiko mota gordin bat da, legitimitate erantsiaz harago.

Ildo honetatik abiatuta, aipatzekoa da estatuaren fenomenoari soziologiak egiten dion hurbilketa. Max Weberren adiera jarraituta, esaterako, honela definituko genuke estatua: lurralde zehatz batean bortizkeriaren monopolio legitimoa arrakastaz errebindikatzen duen antolakuntza eta giza komunitatea da, bertan egikarituko den legezko ordenua zehazteko eta ezartzeko ahalmena duena.5

Hurbilketa errealistak eta juridikoak uztargarriak dira, noski. Uztarketa hori politologiaren eskutik egin daiteke. Hurbilketa juridikoa baztertu gabe, zientzia politikotik, soziologiatik bezala, ikuspegi errealistagoa hobesten da, soberaniaren gorentasun abstraktu hori ezbaian jarriko den aldetik. Izan ere, nazioartea aztertuz gero, nabarmena baita ezin daitekeela estatu guztien potestate materiala maila berean jarri. M. Duverger-rek gogoratzen digun bezala, estatuak, beste egitura politikoekin alderatuta, "egituraketa bera eta zigor antolaketa hobeak ditu, eta indar materiala ere sendoagoa du", ez gehiago ezta gutxiago ere. Horixe da, ziurrenik, gero eta konplexuagoa den mundu garaikidean erabili daitekeen ezaugarritze politikorik zuhurrena. Aurrerago, "politikagintza sareen" teorian kokatuko dugu estatu eredu garaikidearen azterketa politologiko hau.

Filosofia politikoak ere estatuari buruzko hausnarketa sakona egin du, teoria politikotik ideologia politikoetara doan etengabeko ibilbidean. Estatu berriari arrazoiketa ideologikoa emate aldera, XVII. Mendean abiatu zen kontraktualismoaren doktrina politikoa. Honen arabera, botere politikoaren funtsa gizabanakoen arteko esan bidezko edo isil bidezko hitzarmena da, natura egoera utzita, gizartearen eta estatuaren sorrera dakarrena. Korronte honetan kokatuko dira, esaterako: J. Althusius (1557-1683), T. Hobbes (1588-1679), B: Spinoza (1632-1677), S. Pufendorf (1632-1694), J. Locke (1632-1704), J.J. Rousseau (1712-1778), edo I. Kant (1724-1804) bera ere.

J. Hobbes-en iritzian, estatua (civitas) "pertsona bakarra da, zeinaren borondatea, askoren arteko itunaren ondorioz, guztion borondate gisa hartu behar den. Honela, Estatuak partikularren indar eta bitartekoak erabili ahal ditu elkar defentsa eta bakea erdiesteko". Izan ere, Hobbesen iritzian gizakiaren berezko izaera berekoia eta lehiakorra izanik, Estatua da elkarren arteko suntsipena ekiditea ahalbidetuko duena. Estatu absolutuaren justifikazio ideologikoa prest zegoen jada.

J. Locke-rentzat, aldiz, giza izaera ez da hain gaiztoa, eta estatuak ziurtatu egingo ditu berez dagozkigun eskubideak. Estatua, gizarte ituna da, zeinaren bitartez gizabanakook elkarren eskubide naturalak -bizitza, askatasuna eta jabegoa-, errespetatzea adosten dugun, begirune horren truke, bakoitzak bere askatasun eremua babesten duelarik. Estatua itun horren emaitza eta bermatzaile den neurrian, eskubide esparru hori guztia zaindu beharko du. Hauxe da estatu liberalaren zutabe ideologiko nagusia, hortik abiatuko dira liberalismoak estatuari buruz egindako hausnarketa guztiak: gutxieneko estatua, Estatu-polizia, estatuaren esku hartze eza, erresistentzia eskubidea estatuaren gehiegikerian aurrean... Gizabanakoaren askatasuna gauza guztien gainetik, berdintasuna barne.

J.J. Rousseau-rentzat, estatuaren boterearen subjektua guztion artean osatzen dugu, estatuaren borondatea, legea, borondate orokorraren adierazpena da. Baina borondate orokorra ez da soilik guztion borondate partikularren batuketatik eratortzen den borondatea edo gehiengoa, aitzitik, borondate orokorrak izaera etikoa du, interes komunaren adierazpena den neurrian. Estatu demokratikoaren, berdintasunaren eta herriaren soberaniaren oinarrian dago Rousseau-ren ekarpena.

G.W.F. Hegel-en ekarpena ere XIX. Mendeko estatuari buruzko ikuspegi zabalak ulertzeko ezinbestekoa da: "zuzenbidearen eta gizarte zibilaren aurrean, estatua antolaketa politikoaren forma gorena eta ekintza moralaren adierazpen muturrekoena da, non aukera askatasunak borondate arrazionalaren batasunera eramaten duen, gizartearen atal desberdinak guztion ongizatearen azpian jarriz."

Marxismoaren arabera, estatua gizarte klase baten eskuetan dagoen dominaziorako tresna da. Estatua, historian zehar, aldi bakoitzean gizarte osoaren irudia bilakatu den klase agintariaren ordezkaria da: Antzinatean, herritar jopu-jabeen estatua izan zen nagusi, erdi aroan, noblezia feudalarena, kapitalismoan, berriz, burgeseriarena. Kasu guztietan, estatua, errepresio bitarteko legez, klase dominatzailearen gailentasun ekonomikoa ziurtatzeko modua da. K. Marxek eta F. Engelsek Manifestu Komunistan idatzi bezala, proletalgoak estatua hartu behar du tresnatzat, proletalgoaren diktadura ezarriz. Honen helburua klaserik gabeko gizartea ekartzea izango litzateke. Hala, estatuaren ezean, ondasunen kudeaketa hutsak ordezkatuko luke gizabanakoen gaineko gobernua.

Marxismoarekin batera garatu zen estatuari buruzko hausnarketa anarkista ere: J. Proudhon, M. Bakunin, eta P. Kropotkin-en eskutik, besteak beste. Estatua suntsitu beharra aldarrikatuko du anarkismoak, dominazioa inoiz desagertuko bada. M. Bakuninen hitzetan: "Estatua norbanakoen sakrifizio guztien adierazpena da. Bere jatorri abstraktua eta bortitza dela eta, askatasuna murriztu egin behar du etengabean, klase dominatzailearen interesak bakarrik ordezkatzen dituen 'herriaren ongia' delako faltsukeria horren izenean. Honela, estatua, askatasun ororen eta interes indibidual zein kolektibo guztien ukapen eta deuseztapen ekidin ezina legez azaltzen zaigu".6

V.I. Leninek hastapeneko marxismoak landutako proposamenari eduki estrategikoa eman zion: Estatua eta berori eskuratzeko proletalgoak egin beharreko iraultza teorian eta praxian lotuz. A. Gramscik, berriz, estatuaren aparatu errepresiboari emandako gehiegizko garrantzia kritikatu eta gero, indarrean dauden gizarte harremanak mantentzeko beharrezkoak diren zuzendaritza hegemonikoaren eta adostasunaren eragina azpimarratu zituen. Bere iritzian, garapen historikoaren zuzendaritza gizarte zibilari dagokio, bera ere "estatua" baita.

Post-marxismoaren eremuan, azkenik, nabarmentzekoa da N. Poulantzas-en lana. Bere iritzian, estatua, erlatiboki autonomoa izanda ere, modu konplexu baina argian ziurtatzen du gizarte kapitalistaren jarduera eta hortaz, klase kapitalistaren interesa. Errepresioa ez da modu bakarra, ezta garrantzizkoena ere. Estatuak klaseen arteko aliantzetarako eremua eskainiko du, ongizate-estatuan gertatu bezala. Honela, adostasun mugatuaren bitartez, klase eremu indartsuenen interesak hobeto babestuko dira.

Filosofia eta ideologia politikoaren arloan historian zehar egindako ekarpen horiek guztiak, Estatu eredu desberdinetan islatu dira.

1Biscarretti di Ruffia. P. (1973): Derecho Constitucional. Tecnos. Madrid.

2XX. mendearen azken hamarkadetan, soberania eremu horiek garrantzi handia hartu dute, eremu horietako errekurtsoak eskuratzeko abagunea sortu delako, edo zenbait errekurtso -arrantza, esaterako- urritu egin delako asko. Eremu Ekonomiko Esklusiboa (EEE), kategoria sortu denetik, Estatuen aginteak lehengo hiru edo hamabi miletako muga gainditu du, 200 miletara ailegatuz.

3Estatu hutsalaren edo porrotaren teorizazioa Estatu Batuetako "Fund for Peace" think tank-ak landu du. Foreign Policy aldizkariak argitaratzen du urtero. Hamabi aldagai erabiltzen dituzte Estatuaren eraginkortasuna neurtzeko: presio demografikoa, populazioaren mugimendu zabalak, garapen desorekatua eta krisi ekonomikoa, Estatuaren legitimazio eza, zerbitzu publikoen gainbehera, eskubide eta askatasunen bortxaketa, segurtasun aparatuen autonomia, eliteen zatikeria edota kanpoko mehatxua. 2009 urtean, Somalia, Zimbabwe eta Sudan dira zerrendan lehenak. Dena den, kategoria hau, inperialismo berria justifikatzeko erabilia izan dela aipatzen da: Porrot egin duten Estatu horietan kanpoko esku hartzea bidezkoa izango litzatekeen aldetik. Vilanova, P. (2009): ¿"Estados de facto" versus "fallidos o frágiles"?: unas notas acerca de la dificultad teórica para establecer nuevas tipologías. Relaciones internacionales: Revista académica cuatrimestral de publicación electrónica, ISSN 1699-3950, Nº. 10, 2009.

4Krasnerrek (2001) soberania mota desberdinak bereiztuko ditu forma juridikoaren azpian egon daitezken botere-egoera desberdinak hobeto ezagutzeko: Barne soberania, autoritate publikoaren antolaketari eta honek barne-eremuan duen kontrol-ahalmenari dagokiona; Elkar menekotasunezko soberania, edo mugen gainetiko mugimenduak kontrolatzeko gaitasuna; Nazioarteko legezko soberania, Estatuen arteko elkar aitorpenari dagokiona, eta soberania Westfaliarra, edo kanpo botereen eragina ukatzeko ahalmena. Mundu garaikidean, kontzeptu abstraktuetatik harago, Estatu batek soberania mota guztiak bere osotasunean edukitzea zaila da oso.

5Weber. M (1921, 1998) El politico y el científico. Alianza, Madrid.

6Bakunin, M. (1978): Escritos de filosofía política. Compilación de G.P. Maximoff. Vol.1. Alianza. Madrid.