Aldizkariak

Enseiucarrean

Bilbo, 1986-2002

Deustuko Unibertsitateko Dionisio Aranzadi errektoreak interes berezia zeukan unibertsitateko Euskal Kultur Mintegiko (EKM) jarduna eta ekitaldiak indartzeko eta 1985/86eko ikasturte hasieran batzar bat antolatu zuen ikasle zein irakasleentzat. Euskal Filologiako irakaslea eta EKMko koordinatzailea zen Joan Otaegi arduratu zen deialdia egiteaz eta berrogei bat lagun hurbildu ziren EKMko bulegora.

Mahai gainean jarri ziren ekintza posible askoren artean, ingeles filologiako ikaslea zen Miguel Angel Elkoroberezibarek euskarazko aldizkari bat plazaratzeko proposamena luzatu zien bertaratutakoei. Begi onez ikusi zuten egitasmoa eta Deustok proiektu bat egiteko eskatu zien interesatuei. Ander Ros, Xabier Santano, Iñigo Barandiaran, Patxi Aiarza, Mikel Euba eta Miguel Angel Elkoroberezibar arduratu ziren proiektua idazteaz eta aurkezteaz. 1986ko urtarrilaren 15ean sinatu zuten errektoregoak eta erredakzioak hitzarmena, unibertsitateko ikasle nahiz irakasleak parte hartzera deituz.

Euskararen kultura gaindituz, unibertsitate mailako jakingai guztiak jorratuz (literatura, antropologia, filosofia, psikologia, soziologia,..) euskal kultura lantzea zuen helburu; edozein modutan, literatura eta hizkuntzalaritza landu zituen batik bat, euskal filologiakoak baitziren gehientsuenak. Itzulpenak ere izan zuen bere presentzia. Erredakzio taldea unibertsitateko ikaslez osatuta zegoen, baina unibertsitatetik kanpoko jendeak ere kolabora zezakeen eta halaxe egin zuten.

Hitzarmena sinatu eta hiru hilabetetara plazaratu zuten 1. zenbakia, 1986ko apirilaren 15ean hain zuzen ere, eta aurkezpenerako euskal aldizkariei buruzko mahai inguru bat antolatu zuten. Bertan izan ziren Patxi Altuna (Mundaiz), Joan Mari Torrealdai (Jakin), Adolfo Arejita (Iker Atalak), Iñaki Irazabalbeitia (Elhuyar) eta Josu Landa (Argia); moderatzaile lanetan Enseiucarrean aldizkariko zuzendaria aritu zen, Miguel Angel Elkoroberezibar.

200 pezetatan saldu zuten konputagailuz konposatutako 64 orrialdeko (17x24,5) aldizkaria. Enseiucarrean izenburua, berriz, Pedro Axularren Gero (1643) liburuaren hasierako pasarte batetik zetorkion ("[...] ceren enseiucarrean beçala eguiten diren lehenbicico obrec eta enseiuec, cenbait hutz eta falta içanagatic ere, badirudi ecen, ceren lehenac diren barccaquiçun direla [...]"). 9. zenbakira arte (1993) jatorrizko "c" hizkia mantendu zuten; ordutik aurrera Enseiukarrean bihurtu zen.

Lehenengo erredakzio-taldea guztiz autonomoa izan zen unibertsitatearekiko. Gaiak eta artikuluak erabakitzeaz gain, kudeaketa eta edizio osoaz arduratu ziren. Deustu finantzazioaz arduratzen zen soilik. Erregimen atipikoa izan zen Deustuko argitalpenen artean. Unibertsitateak bazeukan bere argitalpen zerbitzua, baina Enseiucarrean hortik kanpo zegoen.

2. zenbakiarekin (1986ko negua) diseinua aldatu egin zen. Azaleko irudirako Tuteran aurkitutako arabieraz idatzitako merkataritza dokumentu baten zatia erabili zuten. Azal hau, kolore ezberdinetan, hurrengo ale guztietan errepikatu zuten. Ale honetako orrialde kopurua handitu egin zuten (124) eta zabalkundea eta itxura grafikoa hobetu.

Alearekin batera, Miguel Angel Elkoroberezibarren Palamedes. Edward Spencer Dodgsonen identitateari buruz zenbait ohar kritiko 62 orrialdeko liburuxka plazaratu zuten. Aurkezpena Durangoko II. Euskarazko Liburu eta Disko azokan egin zuten1987ko maiatzaren 30ean. Ander Rosen artikuluarekin ere beste gehigarri bat kaleratu zuten urte berean: Aditz morfologia historikorako ohar kritikoak: Alokuzioa.

3. zenbakia (1987ko negua) mardulagoa izan zen (152 orrialde) eta izan zuen bere aurkezpen berezia eta argitalpena ere. Aurkezpenerako, Fernando eta Vicente Roskubas artisten obraren proiekzio bat prestatu zuten, obra bakoitza komentatuz. Bestalde, 1998ko apirilaren 21ean Enseiucarreanek bere bigarren liburua kaleratu zuen, edizio hirueleduna: Renate Zoellneren William Wordsworth politikari eta poeta. Jatorrizko bertsioa, ingelesez; euskarazkoa, Miguel Angel Elkoroberezibarrek itzulita; eta gaztelerazkoa, berriz, Mª A. Martínezek. Liburuaren aurkezpenerako, piano kontzertu bat eta Renate Zoellneren poema errezitaldia antolatu zuten.

Enseiucarrean taldearen autonomia maila handituz joan zen eta Deustuk dinamika hori moztea erabaki zuen, aldizkariaren edizioa bere gain hartuz. Ordurako inprentan zuten 4. zenbakia (1988ko negua) eta bere "Adiotorialean" euren haserrea azaldu zuten "Erre da akzioa"koek eta uko egin zioten aldizkarian segitzeari.

Aldizkariaren proiektua birpentsatu beharrean aurkitu zen Deustuko Unibertsitatea. Aldizkaria ikasle belaunaldien joan-etorri hutsaren esku uztea egoera ahulean uztea zela pentsatu zuten errektoreak eta EKMko koordinatzaileek, eta urrats batzuk eman zituzten Unibertsitatean txertatuago egon zedin: ordutik aurrera, aldizkaria Deustuko Unibertsitateko argitalpen zerbitzuak emango zuen argitara eta euskararako errektore-ordeak izendatutako zuzendaritzak gidatuko.

Ikasturte bateko etenaren ondoren Deustuk beste deialdi bat luzatu zuen 1990ko ikasleen artean eta horrek bideratu zuen erredakzio-talde berri bat sortzea. Igone Menika eta Ana Isabel Morales ikasleen eta Bittor Uraga irakaslearen zuzendaritzapean atera zuten 5. Zenbakia (1990eko negua). 6. zenbakian (1991) hirukote berak segitu zuen eta 7.ean (1992) Igone Menikak, unibertsitatearekin batera, aldizkaria ere utzi egin zuen. Sasoi hartan Arte Ederretako Joseba Eskubi ikaslea aldizkariko irudigile ofiziala bihurtu zen. Antolatzen zituzten hitzaldiez eta mahai-inguruez baliatzen ziren artikuluak osatzeko eta aldizkariaren aurkezpena egiteko.

8. zenbakiarekin (1992) aro berri batean sartu zen aldizkaria. Aldizkariaren eredua eztabaida-gai izan zuten; unibertsitateko jakingai guztiei tartea utzi, ordura arteko filosofiari segituz, ala literatura eta hizkuntzalaritzara mugatu. Azken hau gailendu zen, huraxe baitzen joera nagusia. Zuzendaritza ere aldatu zuten. Joan Otaegi irakaslea eta Nerea Zuloagak osatu zuten zuzendaritza berria eta 10. zenbakira arte (1994) iraun zuten.

1. zenbakitik 7. zenbakira (1986-1992), Enseiucarrean aldizkaria EKMren babesean atera bazen, 8. zenbakitik (1992) aurrera Deustuko Unibertsitateko Euskal Ikaskuntzen Institutua arduratu zen eta harreman instituzionalak, errektorearekin izan beharrean, Institutu horren buruarekin izan ziren aurrerantzean, Rosa Miren Pagolarekin alegia.

9. zenbakitik aurrera (1993) dagoeneko nabaritu zen Euskal Ikaskuntzen Institutuaren eskua eta eragina. Sasoi hartan Deustuko Unibertsitateak eratu zuen komunikazio planaren arabera, unibertsitateko aldizkari guztien itxura bateratzeko erabakia hartu zuen. Estudios de Deusto izan zen aldatzen lehena, Enseiucarrean bigarrena eta segidan gainontzeko guztiak. Diseinua eta formatoa guztiz aldatu ziren. Formatu bera aldizkari guztientzat (22x15) eta kolore bereizgarri bat bakoitzarentzat edukiaren arabera: granate-kolorekoa Zuzenbidea eta Giza-Zientzientzat; horia Ekonomia eta Informatikarentzat; eta berdea Filosofia, Literatura, Historia, Pedagogia eta Letrentzat orokorrean.

Formatua eta kolore berdea ez ziren aldaketa bakarrak izan. Aldizkariaren izenak ere izan zuen ukiturik: Axularren Enseiucarrean zahar hartatik, Enseiukarrean berrira pasa zen.

9. zenbakiko (1993) irudigilea Iñaki Garate izan zen eta hurrengo aleetako irudiez Alazne Odriozola arduratu zen (10 - 14. Zenbakiak, 1994-99).

11. zenbakitik (1995) aurrera, Joan Otaegi irakaslearekin batera urtero ikasle ezberdin bat egon zen zuzendaritzan: Unai Elorriaga 11. zenbakian (1995), Igor Varona 12. eta 13.ean (1996-97) eta Iratxe Lopez 14.ean (1999).

Aldizkariak bi urteko etena izan zuen eta erredakziorik osatzerik lortu ez bazuten arren, Joan Otaegi eta K. Josu Bijuescaren artean lortu zuten 15.a (2001) kaleratzea eta K.Josu Bijuescak berak 16.a (2002). Ale berriren bat plazaratzeko artikuluak izanda ere, Deustuko Unibertsitateko argitalpen zerbitzuak uko egin zion ale gehiago ateratzeari aldizkariak zabalkunde handiegirik ez zuela eta garestiegi ateratzen zela argudiatuz. Beste oztopo bat gaineratu zitzaion aipatutako horiei: unibertsitate aldizkariak aldizkari akademikoen kalitate irizpideetara egokitu beharra alegia, eta Enseiukarreanek ez zeukan inondik eta inora irizpide horiek betetzeko azpiegitura eta baliabiderik.

Literaturzale ugariren lehen lanekin batera (bertan argitaratu zuten euren lehengo ipuin, poema edo saioa Juanra Madariagak, Unai Elorriagak, Josu Lartategik, Koldo Jule Garaik, Paul Bilbaok, Ana Isabel Moralesek,...), izen handiko idazleen lanak bildu zituen Enseiukarreanek eta, hamasei urteren ostean, Bilboko Deustuko Unibertsitateak euskara hutsez argitaratu zuen aldizkari bakarrak bere ibilbidea amaitu zuen.