Elkarteak

Elhuyar Fundazioa

Bi dira jardun-eremu nagusiak: euskara eta parte-hartzea. Helburua, parte-hartzean eta berdintasunean oinarrituta, eta hizkuntza gutxituak bereziki kontuan izanda, gizartearen hainbat esparrutan eraikuntza kolektiboan lan eginez, hobekuntza lortzeko zerbitzuak eskaintzea da.

1991. urtean ekin zion euskara lan-munduan txertatzeko langintzari, Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordio bati esker. Akordio haren bidez, lehenengo Elay eta handik gutxira CAF hasi ziren euren jardunean euskara txertatzeko ahalegina egiten, lehen aldiz, modu egituratu eta planifikatuan. Proiektu pilotu haietako ardura tekniko-metodologikoa bere gain izateko aukera izan zuen. Esperientzia haien bidetik beste hainbat proiektu landu ditu, betiere, enpresa, herri-erakunde eta bestelako entitateetan hizkuntza normalizatzeko helburuarekin.

Hizkuntza normalizatzeko proiektu horietan, ahalegin handia egin du parte-hartzean oinarritutako metodologia landu eta egokitzeko. Ahalegin horrek euskararen arlokoak ez diren proiektuetara zabaltzeko aukera eman dio. Horrela landu ditu azken urteetan gazteen, hirigintzaren edota emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean parte-hartzean oinarritutako prozesuak, betiere, prozesu horietan euskararen erabilera bermatuz.