Elkarteak

Elhuyar Fundazioa

Etxean zein eskolan erabiltzeko material didaktiko eta aisialdikoa hainbat euskarritan, euskaraz eta ildo editorialari jarraituz sortu edo/eta argitaratzea da edizio sailaren helburua.

Azken teknologiez baliaturik hezkuntzako, aisialdiko eta zientzia-dibulgazioko materialak euskaraz eskaintzen ditu, paperean zein beste edozein euskarritan argitaratzen direlarik.

Bertan sortutako lanak, beste hizkuntzetatik euskaratuak, eta bezeroak eskatuta neurrira eginikoak lantzen dira. Eta esperientzian, kalitatean eta erakargarritasunean oinarriturik adin guztietara zuzenduriko materialak egiten dira.

Guzti hau egin ahal izateko, pedagogoek, didaktikan adituek, diseinatzaile eta maketatzaileek osatzen dute Edizioak Saileko lantaldea. Elhuyarren bertan, beste sailekin (Zientziaren komunikazioa eta Hizkuntza Zerbitzuak) elkarlanean aritzea garrantzitsua da. Bi sail horiek bermatzen dute edukien oinarri sendoa, zientzia eta teknologiari eta euskarari dagokienez.

Edizioak Saileko eta Elhuyarko lantaldeaz gain, kolaboratzaile, aholkulari nahiz aditu sare zabal bat eratu da argitalpenen kalitatean eta etengabeko hobekuntzan laguntzeko.

Esan bezala, zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko materiala eskaintzen da, material horiek bi ardatzen arabera definitu eta sailkatzen direlarik: materialaren sailkapena batetik, eta publikoa edo erabiltzaileak, bestetik.

Argitalpenen ezaugarriei dagokienez, hauek dira jardueraren ardatz diren multzoak:

  1. Material ludikoa
  2. Material didaktikoa
  3. Curriculum-materiala
  4. Zientziaren eta teknologiaren dibulgazio-materiala
  5. Kontsulta-materiala

Publiko edo erabiltzaileei dagokienez, berriz, hauek dira lehentasuna duten multzoak:

  1. Haur eta gazteak (14 urte arte)
  2. Publiko espezializatua (irakasleak, ikertzaileak, komunikabideak, arlo jakinetako adituak)
  3. Publiko orokorra

Argitalpen-zerbitzuen ildo editoriala irakurle eta erabiltzaileen beharretara egokitzen saiatzen da etengabe, eduki horiek teknologia berrietara egokitzeko apustu sendoa egiten delarik.

Horrela, hiztegiak, eskola-liburuak, multimedia nahiz kontsultarako materialak, e-book eta Elhuyar aldizkaria dira sail honetan lantzen diren materialak.

Elhuyarren ildo editorialarekin bat datorren liburu eta materialak edonork eta edozein formatuan argitaratu ditzake. Bertako produktuetako aholkulari edo iritzi-emaile ere izan edota kanpoko bezeroentzako lanak egin, hauen beharretara egokitzen diren argitalpenak garatuz.

Elhuyarren etengabe argitaratzen dira produktu berriak, bezeroen beharrak asetzeko asmoz. Ahalik eta katalogo osotuena lortzeko dihardu lanean, eta bezeroak ere lagun izan nahi ditu bide horretan. Zalantzarik gabe, bezeroen iritzia oso baliagarria da produktu berriak sortzerakoan. Horregatik, produkturen bat faltan bota, Elhuyarrek produktu jakin bat argitaratzea nahi edo ideiaren bat izan ezkero, formulario baten bitartez jakin arazteko aukera ematen du.