Legelariak

Echayde, Jorge Antonio

Euskal Argentinarra. Legelaria eta aholkularia. Historiaren Akademia Nazionaleko osoko kidea.

Jorge Antonio Echayde Chivilcoyn jaio zen, Buenos Airesko probintzian, 1862ko ekainaren 13an. Gurasoak Euskal Herritik Argentinara joandakoak ziren XIX. mendearen erdialdean. Aita Jose Antonio de Echayde (1827) Aizarnakoa zen, gipuzkoarra, eta ama Josefa A. Zubeldia (1827) Altzan jaioa. Chivilcoyn ezkondu eta bertan izan zuten seme bakarra, Jorge Antonio.

Abizena aspaldikoa da. Juan Echaydek Ternuara egindako bidaietara jo behar dugu noizkoa den jakiteko. Izan ere, batzuen esanetan, Juan Echaydek aurkitu omen zuen Ternua, Kolon baino urte batzuk lehenago heldu omen zen hara eta. Baina Argentinako Enrique Gandia historialariak dio ez dela egia. "Primitivos navegantes vascos" (Ekin, 28-30) liburuan idatzi zuen aspalditik datorren okerra dela, eta, berak esaten duenez, "akatsa bibliografikoa da, ez historikoa". Gandiak azaldu zuenez, okerra Ramon Seoane Ferrer euskal historiagileak, Seoaneko markesak, zuzendu zuen, 1903an. Gandiak gaineratu zuen Juan Echayde sarri ibili zela Ternuan arrantzan baina egindako joan-etorriek ez dutela zerikusirik Kantauriko arrantzaleek Ternua aurkitu izanarekin.

Egia esan, gipuzkoarra arrantzale kementsua izan zen, orain dela mende batzuk Ternuako kostaldean makina bat bale eta bakailao-arrain harrapatu izandakoa. Echaydek, abizenak, "etxeko bidea" nahi du esan.

Jorge Antonio Echayde gazteak zuzenbide-doktoregoa egin zuen, eta urteak eman zituen Buenos Airesen legelari. Lanbidez legelari bazen ere, bizitzako pasioa bestelakoa zuen: kreol eta euskal objektuak biltzea. Etxea museo bilakatu zuen eta apurka-apurka txanponak, lauzak eta armak gehitu zizkion bildumari. Numismatikan aditu egin zen. Hori dela eta, Argentinan ospe handia izan zuen. Txanpon eta domina bilduma ederra lortu zuen eta bilduma aztertzen ibili eta gero, Nacional aldizkarian (XIX urtea) honako lan hau idatzi zuen: "Acuñación de moneda provincial, de plata, en Mendoza y La Rioja, desde 1822 hasta 1824", Antonio Rosa adituak egindako lanaren izenburu berekoa.

"Hona hemen euskal txapela duen kreola". Hitz horiexek erabili zituen La Baskonia izeneko euskal argentinar aldizkariak 1917an, Jorge A.Echayde doktoreak antolatutako euskal kreol museoa zela eta. Aldizkariak Argentinan jaiotako euskaldunen berri ematea zuen helburu. Aldizkarian agertu zenez, Echaydek Buenos Airesko "etxe handi eta dotorean" antolatu zuen museoa, eta Argentina osoan ez omen zegoen besterik. Museo berezian "arkoiak, makilak, ferrak, txaponak, akuiluak eta besaulkiak" zeuden, sasoi batean oinetxeetako solasaldi lasaien lekukoak izandakoak. Aipatutakoekin batera, gautxoen tresna ugari zeuden, hala nola, ezproiak, ointokiak, lokarriak eta boleadorak. Zoritxarrez, "zibilizazioak" desagerrarazi egin ditu herriaren berezko ezaugarriak, eta horrelakorik ez litzateke sekula gertatu behar" (La Baskonia, 850 zk., 346-347 or.).

Uriartek zuzendutako aldizkarian, museoko berezitasunen eta bildumaren berri emateaz gain, tokiaren eta protagonistaren argazkiak argitaratu zituzten. Echayde Amerikako Historia eta Numismatikako batzordekidea eta funtzionario ospetsua zela ere azpimarratu zuten.

Ordurako, Echaydek dominen eta txanponen bilduma handia eta sailkatua zuen. Bestalde, luzaroan, 1915etik 1938ko irailaren 14ra arte, hil zen egunera arte alegia, Lavallolko Euskal Etxean zuzendaritza taldekoa izan zen. Bertarako Andrea Moch frantziarraren olio-koadro bat eman zuen, baserriko sukalde tipikoaren koadroa. Pintura kontuetan aditua zen. Hori dela eta, alabak, Celia izenekoak, arte-ikasketak egin zituen eta irakasle aipatutako margolaria eta eskultorea izan zuen.

1919an, Jose R. Uriartek zuzendutako lana argitaratu zen Los baskos en la Nación Argentina izenekoa. Euskal Jatorria zuten doktoreen atala aurkezteko, Jorge A. Echayderen argazkia jarri zuen, gainontzeko legelarien izenarekin batera.

Jorge Antonio Echayde Amerikako Historia eta Numismatika Batzordearen kide sortzailea izan zen; aurretikoa Bartolomé Mitre jenerala izan zuen 1893an. Geroxeago, batzordea Historiaren Akademia Nazional bilakatu zen, eta hango osoko kide izendatu zuten. Ordutik aurrera goi-mailako karguak izan zituen Argentinan. 1917an Udal Bankuko burua izan zen, eta berak egindako gestioak zirela eta, Bankuak Buenos Airesko mailegu pignoratizioak bideratzeko lana hartu zuen. Ondorioz, bankuak izena aldatu eta Maileguen Udal Bankua bilakatu zen. Echaydek 1923an utzi zuen bankua.

Bestelako kargu ospetsuak ere izan zituen. 1921ean Udal Museoa sortu zen, Jose Luis Castillo intendente zela. Echayde museoko zuzendaria izan zen eta ezin hobeto antolatu eta gauzatu zuen.

Argentinako historia eta pintura oso ondo ezagutzen zuen Echaydek. Hori dela eta, zuzeneko eragina izan zuen La fundación de Buenos Aires izeneko koadroaren behin betiko bertsioan. Koadroa Jose Moreno Carbonerok margotu zuen eta Mendeurrenaren Erakusketan aurkeztu zuen 1910ean. Harrezkeroztik nahaste ugari sortu zituen koadroak, eta konpondu nahian, Echaydek aldaketak aholkatu zizkion margolariari. 1921ean, Udal Bankuaren presidentea zela, koadroari buruzko zehaztasun historikoak azaldu zituen; esaterako: sorrera-lekua, pertsonaiak, ibaiaren koloreak, klima, landaredia, eguzkia non jarri eta kostaldearen topografia (Gutiérrez Viñuales, 87). Bere iritziak eragin zuzena izan zuen margolariak egindako zuzenketetan, Madrilgo tailerrean egin zituenak.

1931n, Echaydek Moreno Carbonero bisitatu zuen eta margolariak erretratatu eta olio-koadroa oparitu zion. Gaur egun, Echayderen familiako batek du koadroa Buenos Airesen.

Hil zenean, txanponak eta kreol eta euskal objektuen bilduma dohaintzan eman zizkien familiak Doloresko eta Chascomúsko Museoei eta Tucumango Arte Eder Museoari. Bizirik zegoela, eta Buenos Airesko Udal Museoaren buru zela, Jorge A. Echaydek hirurehun piezatik gorako bilduma baliotsua eman zion Museoari. Gaur egun, aipatutako bilduma "Cornelio de Saavedra" Museo Historikoan eta "José Hernández" Herri Arte Museoan dago. Bildumak argi erakusten du Echaydek kreol eta euskal kulturei zizkien maitasuna eta dedikazioa.

Argentinar Errepublikan iloba eta birbiloba ugari ditu.

Iturriak

  • Jorge Tulio Echayde ilobak emandako informazioa (Buenos Aires, 2008, urria)
  • "La Baskonia" aldizkaria, 739 zk., 1914ko apirilaren 10ekoa.
  • "La Baskonia" almanaka 1915 urtea.
  • "La Baskonia"aldizkaria, 850 zk., 1917ko maiatzaren 10ekoa.
  • "La Baskonia" aldizkaria, 1006 zk., 1921eko irailaren 10ekoa.
  • "La Baskonia" aldizkaria, 1548 zk., 1938ko urriaren 1ekoa.

Bibliografia

  • CUNIETTI FERRANDO, Arnoldo "La labor numismática de la Junta" Historiaren Akademia Nazionalean. La Junta de Historia y Numismática Americana y el movimiento historiográfico en la Argentina (1893-1938) Buenos Aires: Historiaren Akademia Nazionala, 1995. 2 b. Hitzaurrea: Tau Anzoátegui, Víctor eta laguntzaileak
  • DE GANDÍA, Enrique Primitivos navegantes vascos Editoriala: Vaska Ekin, Buenos Aires, 1942
  • GUTIERREZ VIÑUALES, Rodrigo Argentina y España Diálogos con el arte (1900-1930) CEDODAL, Buenos Aires, 2003
  • URIARTE, José Rufo Los baskos en la Nación Argentina, La Baskonia, Buenos Aires, 1919