Kontzeptua

Dance-a edo Makil Dantza

Makil dantza herri-antzezpen moduko bat da. Jatorri eta izaera ugaritako osagaiak biltzen ditu: artzainen nagusiak herriko Zaindariari eskaintzen dion hitzaldi hagiografikoa, pastorada edo artzainen nagusi zuhurraren eta artzain maltzurraren arteko elkarrizketa, deabru mehatxatzaile eta harroputzaren (gaizkinaren ordezkaria) esku-hartzea, eta Jainkoak aurrekoa garaitzeko bidalitako aingeruarena. Horri guztiari dantzarien ateraldiak gehitzen zaizkio (artzainaren erantzun gaiztoak jasaten baitituzte), eta akaso plazan bildutako herritarrek gehien espero dutena: artzainak edo deabruak egiten duen kritika sozial garratza. Osagarritzat, hainbat dantza egiten dira antzezpenean zehar. Makila motzak, arkuak edo xingolak erabiltzen dituzte; ezpatak, aldiz, oso gutxitan. Eta giza gazteluak ere egiten zituzten maiz. Aldaira edo mudantzarik ezagunenak, hots, makilen elkar-jotzeak ematen dio izena jaiari, zeinari Dance ere deitzen baitzaio. Diccionario de Autoridades-en 1737ko argitalpenak honako definizio hau ematen zuen makil dantzaz: Askoren artean dantzatzen den landatar dantza. Dantzariek danbor-makila moduko batzuk erabiltzen dituzte eskuetan, eta, dantzan ari direla, elkar joarazten dituzte makilok, soinu bateratu bat dagitela, instrumentuaren doinuarekin bat.

Makil dantzak eskema zehatza du. Dantza elizkizunen ondoren egiten da. Dantzariak ohorezko eta protokolozko mailan aritzen dira. Hona egiten diren urratsak:

  • Segizioa plazan sartzen da, eta dantzariak oholtza gainean dantzatzen dira.
  • Agur orokorraren ondoren, Artzainen Nagusiak hitzaldia egiten du Zaindari Santuaren omenez.
  • Artzaina sartzen da, eta pastorada hasten.
  • Deabrua sartzen da, eta hitzaldia egiten du.
  • Aingeruaren eta Deabruaren sainetea.
  • Artzainaren eta Artzainen Nagusiaren elkarrizketa.
  • Dantzarien sarrera.
  • Dantzarien kortesiak Santuari.
  • (Makil) dantza.
  • Artzainaren mintzaldia.
  • (Makil, arku...) dantzak.
  • Artzainen Nagusiaren azken agurra.
  • Azken (arku, xingola...) dantza.

Nafarroan, makil dantzak oso geografia zehatza du. Hegoaldeko Erriberan dantzatzen da, Ebro, Queiles, Alhama eta Huecha ibaien arroetako herrietan. Hona XIX. mendearen hondarrera arte beren makil dantza eduki zuten herriak: Cortes, Buñuel, Ribaforada, Fustiñana, Cabanillas, Monteagudo, Cascante, Murchante, Ablitas, Corella eta Cintruenigo. Mendea aldatzearekin galdu ziren gehienak.

Ikuspegi zabalago batetik begiratuta, dance-en sistemak eremu geografiko zehatz bat hartzen du, eta horren hedadurak Ebro ibaiaren bideari jarraitzen dio. Halere, zona zabal horretako zortzina dantzariko dantza guztiak ez dira dance-ak berez. Hori da arabar dantzen kasua, morfologikoki eta funtzionalki makil dantzen antzekoak baitira: Ekorako Bertzijanako Andre Mariaren Dantza, Eltziegoko Plazako Andre Mariarena, Bastidako San Rokerena edo Oiongo Zaindariarena aipa genitzake, besteak beste. Moncayo mendiaren inguruko eskualdean da, izan, benetako dance-en dentsitaterik handiena: Borja, Aizón, Tarazona, Alcalá, Añón, Bulbuente, El Buste, Talamantes, etab. Eta bidaia konparatibo horretan urrunago joanda, Tauste eta Gallur aipa daitezke, Huesca probintziako Sariñena, Tardienta, Lanaja, Huesca, La Almolda... eta, horrela, Mediterraneoraino, Pirinioetakoak ahaztu gabe: Yebra de Basa, Jaca, Sabiñanigo, Ainsa, Graus... Azken horrek ardatz paralelo bat eratzen du Pirinioen oinean, Ebro ibaiaren inguruan denarekin.

Kultura tradizionalari buruzko ikerketek drama sakratu gisa ikusten dute dance-a. Drama horrek badu, gainera, halako erritu- eta liturgia-zentzu bat, eta, hor, dantzariak benetako ospakizun-buru edo apaizak dira. Gaur egun, santuen izendegiak eta Eliza katolikoaren egutegi liturgikoak arauturik datoz jai asko, baina ez da horregatik ahaztu behar iraganeko substratu magiko bat gizaki primitiboek sortzen zituzten erritu koreografikoetan. Erritu haiek xede zehatz eta berehalako batzuengatik antzezten ziren, eta gure oraingo kultur eredu batzuen aspaldiko jatorri dira.

Makil dantzak edo dance-ak egitura bat eta eduki bat dauzka. Ikertzailerik aipatuenen iritziz, horien hasiera tesi batetik abiatzen da. Tesiak dio dantzak erabat independenteak direla bata bestetik, eta dantzak dira osagairik antzinakoena, berez, funtzio dramatikoaren gainerako osagaiekin alderatuta. Antzezpenari eransten zaizkion dantzak edo aldairak, maiz idatzi denez, apaingarri edo betegarri hutsak dira; ez dute inongo integraziorik antzezpenean, eta ez dute markatzen inongo trantsiziorik edo aldaketarik, baizik eta era artifiziotsuan sartzen dira barruan, elkarrizketak eteten dituztela, edo testuinguru literariotik erabat bereizita gelditzen direla. Baina egia da dance-ek dantza eduki dutela beti elkarrizketei erantsita. Hain da egia hori, dantzena baita hain zuzen ere jatorrizko pieza, eta partikularki makil dantza. Dantza gertakari sozialtzat hartzen duen ikuspegitik, ordea, ez integrazioaren tesia ezin da onartu, zeren halako eran teilakatzen baitira dantzak makil dantzan, haren esentzia bilakatzen baitira, eta bi belaunaldi inplikatzen dira hor: ikasten eta dantzatzen duten gazteak, eta irakasten eta beren postua uzten dieten nagusiak.

Folklorea ikuspegi eboluzionista eta konparatibista batetik interpretatu duten azterketa klasikoetan, ederki azaltzen da nola pastorada-ren funtzioa gehitu bide zitzaien dantza primitiboei, kantuaren eta poesia lirikoaren bitartez. Biek jatorri piriniarra dute, eta, horregatik, ipar-hego ardatz bati jarraituz hedatuko ziren. Diskurtso teoriko horretan, baliabide magiko bati lotuta ageri da ekintza errituala, eta baliabide horren helburu nagusia naturako indarrak deitzea eta haiek alde jartzea da. Dance-ak, lehen fase batean (egia esan, bigarrenean), bi osagai horiek bakarrik zeuzkan. Misterioetatik eta Auto Sakramentaletatik dator aingeruaren eta deabruaren arteko borroka. Borroka horrek jatorrizko borroka irudikatzen du gizakiaren pentsamenduan. Halako batean, ezpata-dantzak gehitu zitzaizkion dantza-errepertorioari. Multzo osoa XVIII. mendean sendotu eta doitu zen, mairuen eta kristauen antzezpenekin, arku eta xingola dantzekin, eta giza gazteluekin.

Aro modernoa oso emankorra izan zen. Dantza berri ikusgarriak sortu ziren. XVIII. mendetik aurrera, estimazioa asko jaitsi zen. Ikuspegi horretatik, eta makil dantzaren jai-ingurunea ezaguturik, badirudi horren funtzioa aldatuz eta egokituz joan dela, eboluzio prozesu batean, garai bakoitzeko gustuetara, eta berritasunak hartu dituela, eta alderdi aspergarriak edo desegokiak, ostera, alde batera utzi. Prozesu horrek jatortasun frogaezin bat sakrifikatu zuen, baina baita ikusleen interesa atxiki ere, eta, horri esker, Makil Dantzak bizirik iraun zuen.

XIX. mende azkena eta XX. mende hasiera bitartean galdu zen makil dantza Nafarroan. XIX. mendean, herri-tradizio gehienak gainbehera joan ziren. Erriberan, gainera, tentsio handia zen gizartean, nekazaritzako eta lurraren jabetzako sistema bidegabe eta ia feudalagatik. Egoerak XX. mendea dezente aurreratu arte iraun zuen, eta borroka gogorrak eta zapalketa basatia ekarri zituen berekin. Horrek izugarri ahuldu zituen jaiaren oinarriak.

Nafarroan, soilik Cortes herriak atxiki zuen bizirik jaia, gainerako makil dantzak galdu zirenean; ez zailtasunik gabe, halere. XX. mendeko 70eko hamarkadan, jaia berreskuratzeko hiri-jatorriko mugimendu bat hedatu zen indartsu eskualde osoan. Iruñeko Ortzadar taldearen eskutik hasi zen aurrera egiten fenomenoa, Jimeno Jurio historiagileak aurkitutako materialetan oinarriturik, eta talde autoktono mordoak ekin zion bideari gero. Tuterako San Joanen Makil Dantza (1978) sortzea izan zen emaitza, eta Fustiñanako, Monteagudoko, Ribaforadako, Murchanteko eta Ablitasko makil dantzak osoki berpiztea. 1998an, Fontellasek bere makil dantza berria sortu zuen. Bertako ikastolako ikasleek eta gurasoek egin zuten. Dantza koral batzuk interpretatzen dituzte; batzuk beste dance batzuetatik hartuta, eta beste zenbait, aldiz, Tuterako Jabitxu Pérez de Obanos gaiteroaren partituretan oinarriturik. Berritasuna pertsonaia protagonistenganaino heldu da, beren eskola-izaerari dagokion profila ageri baitute. Urte berean, eta bere berezko bizilekutik at, Lodosako Makil Dantza aurkeztu zuten, Sartagudako eta Lodosako dantzarien obra bat, Tuterako Muga elkarteak lagunduta. 2008ko azaroaren 8an, Beterri lagunartearen ekimenez, Makil Dantzen lehen Alardea egin zen, bizirik dauden eta lehen aipatu ditugun seien partaidetzaz.