Kontzeptua

Dance-a edo Makil Dantza

Cortesko San Mikelen Dance-a arkanjeluaren egunean egiten da, irailaren 29an, eta honako hauek aritzen dira: makilari taldea, artzainen nagusia, artzaina, deabrua eta aingerua. Taldeak elizaraino laguntzen dio Udalbatzari. Handik, prozesioa irteten da, San Joan Bataiatzailearen eta San Mikelen irudiekin, tartean Udalbatza, eliz agintariak (apezpiku mitraduna barne) eta musika banda direla. Dantzariek, ia handiro, kalejira egiten dute makilez. Horren doinua Aita Donostiak transkribatu zuen, eta txotis baten musikari dagokio. Makilen hotsaz lagundutako ibilaldi hori eratsua eta lasaia da. Badirudi ez duela erlijio-desfilearen seriotasuna hautsi nahi. Cortesen garbi ikusten da errituzko dantzarik aberatsenak eta hobekien gordeak urteko egunik handienetan erabiltzen direla, eta herritarrek ere antzeko balorazioa egiten dute dantzaz.

San Mikelen aurrean goizean, eta ikusleen aurrean arratsaldean, dantzariek dantza labur bat dantzatzen dute, makila-jotzerik gabe, eta artzainen nagusiak eta artzainak hartzen dute parte. Dantzak Santua agurtzeko (haren aurreko belaunikaldi eta guzti) balio du, eta dantzariek posizioz alda dezaten. Kortesiak dira horiek. Ondoren, lerro-aldaketa egiten da, aldaira bat. Horren bitartez, dantzariak prozesioaren martxaren norabidean kokatzen dira. Prozesioaren eta mezaren ondoren, atsedena izaten da arratsaldera arte.

Udaletxeko plazan eraikitako oholtza baten gainean egiten da arratsaldeko funtzioa. Errepertorio osoa sartzen da hor. Herriko alkatea eta agintariak aritzen dira buru, lehentasunezko balkoi batetik, eta San Mikelen irudiak, berriz, oholtzatik bertatik egiten du.

Cortesko antzezpenaren gidoia ez da eskualdeko beste antzezpenetatik bestelakoa. Hona urratsak:

  • Artzainen Nagusiaren agurra.
  • Artzainen Nagusiaren eta Artzainaren agerpena, ateraldi, anekdota eta hitz-borroka kaltegabe ugarirekin.
  • Deabruaren sarrera eta hitzaldia.
  • Aingeruaren agerpena, eta ongiaren eta gaizkiaren ordezkarien arteko borroka saihestezina. Espero bezala, Aingerua gailentzen da.
  • Dantzarien kortesiak eta bertsoak San Mikelen omenez.
  • Dantza zikloa.
  • Artzainen Nagusiaren azken agurra.

Obra horretan, dantzak bloke batean agertzen dira, guztiak justu amaiera baino lehen. Lau dira Cortesko zikloan: bi makil dantza (balsa eta jota) eta bi piko (bakuna eta bikoitza). Alde txikiren batekin eta beste izen batzuez, inguruko beste dance batzuetan ere aurki daitezke. Hedapena eta fama oraindik handiagoa da doinuetan eta bereziki kortesietan: jota (zeinari postillón deitzen baitiote Gallur-en), piko bakuna eta la patatera arrunt ezaguna (piko bikoitza). Ohartu behar da balsa eta jota zein bere izenari dagozkiola musikalki, baina makil dantzak dira. Jota da lauetan ikusgarriena. Aldaira osoa amaitutakoan, dantzariek tokiak aldatzen dituzte elkarren artean, eta berriz errepikatzen dute. Horrela, makilari bakoitzak zortzi tokietatik igaro behar du. Ohikoa da zortzi kide (tresnadun edo tresna gabe) diren taldeetan. Erritmoa oso bizia da, eta bizkortasun-norgehiagoka ez aitortu bat sortzen da gaiteroen eta makilarien artean. Are errekorrak ere izaten dira. Lorpen handitzat zeukaten jota hiru minutuan amaitzea.

Cortesko makilariek alkandora, galtza eta galtzerdi zuriak erabiltzen dituzte. Gainera, artilezko jaka zuria, eta zapi gorri handi bat, bularrean zeharka ezarrita. Zapi bat lotzen dute buruan, eta ertz gorriak dituzten zapatila zuriak erabiltzen dituzte. Makila torneatu eta zuriz margotuak ia metro erdi luze dira. Jantzi horren jatorria ez da 1960tik haragokoa, urte horretan egokitu baitzuten, antzinako elementu batzuk poliki-poliki baztertu zirelako. Diseinu berriak ez zuen harrera baketsua izan, eta egun onartzen diren puska batzuek eztabaida ugari sortu zuten orduan.

Garai batean, Cortesko Dance-ak mairuen eta kristauen arteko borroka bat zeukan. Dantzariek berek antzezten zuten. Pertsonaiak eta testuak izaten ziren hor, eta, gainera, ezpata dantza bat, amaieran. Borroka horren azken antzezpena berrogeiko hamarkadaren erdian izan zen. Lekukotasun batzuen arabera, ez zen ohiko saioa. XIX. mendearen hondarrera arte, bazen antzezpenean Giza Gaztelu xume bat ere. Nafarroako beste herri batzuetan (Murchante) bezala, artzaina jartzen zen gainean, eta ¡Viva San Miguel! oihukatzen zuen.

Cortesko San Mikelen dance-ko makilarien taldean, neskak mutilen pare aritzen dira. Eratu ere, bi talde eratzen dira. Batzuek, noski, desegokitzat joko dute nesken emetasuna behiala nekazari mutilen sendotasuna eta zakartasuna ezaugarri zituen zeregin horretan. Baina neskei zor zaie jaiak irautea. Esan den bezala, Cortes izan zen herri bakarra, Nafarroan, jaia gordetzen, eta haren ahalegina premiak ekarritako erantzun integratzailearen adibide da. XX. mendeko hirurogeiko hamarkadaren azkenean, Cortesko Makil Dantza galtzeko zorian izan zen, dantzaririk ez zelako. Halako batean, ordea, neska gazte (nerabeak ere bai) gogotsu batzuk sartu ziren. Batzuk lehenagoko makilarien alabak ziren. Neska horiei esker atxiki da bizirik tradizioa. Nola ez zen mutilik, urte batzuez lau neska eta lau mutil aritu ziren. Handik urte batzuetara, tokiko tradizioen alde zen haizea, eta mutilak Dance-an sartu ziren berriro, baina zorrotz errespetatu zuten emakume dantzarien presentzia ongi irabazia, eta, horrela, San Mikelen Dance-ak bi dantzari talde oso ditu, bata mutilena, bestea neskena, eta bi taldeak aldi berean aritzen dira.