Kontzeptua

Dance-a edo Makil Dantza

Ablitasen ere, makil dantza berreskuratu beharra ikusi zuten, eta, horretarako, Asociación de Amigos del Paloteado (Makil Dantzaren Adiskideen Elkartea) eta Mendianike dantza-taldea sortu zituzten. Horiek, aldiz, Arrosarioko Ama Birjinaren omenez egiten den jai jadanik itzalia berpiztu dute. 1996ko urrian estreinatu zen, honako goiburu honekin: Kultura baten hasleak ez izanik ere, harro gara haren jarraiarazleak izateaz.

Ablitasko Makil Dantza XIX. mendearen hondarrean galdu zen. Gelditu ziren aztarnak ahulegiak ziren haien gainean makil dantza berriaren egitura eraikitzeko. Ez zen gelditu inongo doinurik, jantzirik edo ateraldirik; are gutxiago dantzarik. Eskura zen informazioarekin, Mendianike taldeak dantza berriro hutsetik sortzea erabaki zuen, irizpide nagusiki praktiko bat erabilita. Makil dantza horren eskemak eskualdekoari erantzuten dio. Segizioak bere bidea egiten du, Arrosarioko Ama Birjina jasotzeko, eta, Plazako oholtza baten gainean, Ama Birjinaren irudiaren aurrean, hauek guztiak egiten dituzte:

  • Artzainen Nagusiaren aurkezpena.
  • Lehen makil dantza (balsa).
  • Artzaina sartzen da. Artzainen Nagusiarekiko elkarrizketa.
  • Dantzarien kortesiak Ama Birjinari. Banako erantzunak.
  • Deabrua sartzen da.
  • Aingerua agertzen da.
  • Pikoa.
  • Artzainen Nagusiaren eta Artzainaren diskurtso satirikoa.
  • Arku-dantza.
  • Artzainen Nagusiaren eta Artzainaren beste agerraldi bat (aurrekoaren jarraipena).
  • Bigarren makil dantza.
  • Giza gaztelua.

Ablitasko dantza berrien koreografoek zorrotz errespetatu dute eskualdeko dantzen tradizioaren muina, baina sormen handiz berritu dituzte eboluzioak eta aldairak, nortasun berezi baten eta kultur identifikazioaren bila. Kortesietan, pausoa ohikoa baino zailagoa da (oinak gurutzatzen dira apur bat, aurrera egitean, bi konpasetan, eta pauso esklusiboaz egiten da atzera, beste bitan), formazioak fronte horizontal bat eratzen du, launakako ilaratan, binakako ilara klasikoen aldaeratzat, eta makilaria aldatzeko korroa, berriz, ilaraka egiten da, eta ez batera.

Lehen makil dantzan (balsa deitzen diote), makila bakarrarekin eta bi makilekin batera kolpeak emanez hasten dira, eta, gero, ohiko eran gurutzatzen dute elkar. Baina ondoren, talde osoak gurutzaketa bitxia eta deigarria egiten du, sigi-saga eran. Azkenik, lau laguneko bi multzo osatuz, hasierako postuetan kokatzen dira berriz dantzariak, baina gurutzatuta, eta hori ere aldagai berritzailea da. Bigarren makil dantza ikusgarria da: dantzariek, izugarri azkar, norbere makilak eta beste bi lagunenak kolpekatzen dituzte, eskuinarekin kanpotik barrurako eta ezkerrarekin barrutik kanporako mugimendua eginez. Gainera, goitik, behetik eta gurutzatuta ere kolpekatzen dituzte makilak.

Arku-dantzari dagokionez, Mendianikeren aukerak gipuzkoar zikloaren iturritik edaten du. Arku-dantza berriak zumezko arku garbiak behar ditu. Uztai txiki dantza ezagunetik hartutako aldairetan eta estiloetan erabiltzen eta jotzen dira horiek. Pikoa ere berria da, eta ahal beste ustiatu dituzte masta baten inguruko dantzak dituen aukera beti mugatuak. Dantza horretan, dantzariak forma berriak ehotzen saiatzen dira kolorezko xingolak erabilita.

Jantziak egiteko, eskura zituzten grabatuetara eta argitalpenetara jo zuten. Jostotzara kolektibotik, laster, ahuntz-larruzko galtzamotzak, elastikoak, larruzko abarkak, txalekoak, buruzapiak eta kaskabiloak sortu ziren mutilentzat, eta belusezko brodatuak zituzten gonak, gerriko zapi loratuak eta abarkak, neskentzat. Ablitasko Makil Dantza biziberritua jakintza soziala eta kulturala sortzeko prozesu interesgarria da, dantzaren gertakaritik eta herri-antzezpenetik askoz harago doana.