Marinelak

Churruca y Elorza, Cosme Damián de

Itsasgizon eta militar mutrikuarra. Mutriku, 1761eko irailak 27 - Trafalgar, 1805eko urriak 21.

Cosme de Churrucak, Antonio de Gaztañeta eta Jose de Mazarredorekin batera, Ilustrazio garaiko euskal itsasgizonen hirutasun handia osatzen du (zientzia-mailara soilik jotzen baldin badugu, Jose Joaquin Ferrer ere sartu beharra legoke). Gainera, fama handia izan zuen, Trafalgarreko itsaso-gudan hil ondoren sortutakoa hain zuzen.

Agian askok, gehienek, bere izena "borrokalari leialarekin" uztartuko dute; baina irudi hori iruzurgilea da, bere matematikari eta kartografo lan bikaina estali egiten baitu; heroiaren izaeratik erabat ezberdin ikustean, beharbada, Julio Caro Barojak beraz dioena esan dezakegu: "de modo más perfecto la vida estudiosa y esforzada del marino con inquietudes científicas" adierazten duela (Caro Baroja, 1981: 122).



Sendia kapare bateko hirugarren semea (nagusiak maiorazkoa jarauntsi zuen, bigarrenak abituak hartuz), Cosmek bere arbasoen batengan, Antonio de Gaztañeta itsasgizonarengan (1656-1728), jarraibidea izan zuen. Ez zen alferrik, Jeneral ospetsuaren liburutegia osatzen zuten liburu eta mapa, itsasbidez eta hainbat munduko globoz inguratuta Gaztañetaren etxea zenean jaio. Hala ere, Burgosko Seminario Kontziliarrean sartu zuten, bertan 1771tik 1775era eliza-ikasketetan jardunaz. Burgosko bere egotaldian zehar, hain zuzen, bere baitan itsasorako zaletasuna (ez elizbiderakoa) suspertu zen, neurri baten Itsas armadako ofizial gazte batekin zuen adiskidetasunari esker.

Bere aitari egindako lehen eskaria Cadizko Guardia-marinen Akademian sartzea izan zen. Beharrezko lau baldintzak betetzen zituenez (kaparetasuna, nortasuna, zilegitasuna eta gaitasun fisiko eta intelektualak), onartua izatea lortu zuen: geroago bere aitak agintari cadiztarrei Cosmek "bere estimaziorako baina baita bere lanbiderako eta maila-igoerarako ere agintedun babesik izan zezala" (González-Ripoll, 2000: 39) erregutu zien. Bertan aritmetika, eta kosmografia eta nautika apur bat ikasi zituen, baina batez ere hiri kosmopolita baten dinamikotasunaz gozatu zuen. Fragata-alferez izateko, bere ikasketek Ferrol edo Cartagenako ikastetxeetako (1776an sortuak) baten jarraitu behar zituen; Ferrolera bidali zuten. Galizian egindako bere bi urteetatik ingelesen aurkako gudaren hurbiltasuna gelditu zitzaion, bertatik maila-igoerak eta ospea lortuz. 1778ko azaroaren 14an bere aita Franciscori bidalitako gutun baten Cosmek zientziarekiko zuen artegatasuna, gogo bizia ez esatearren, adierazten zion, eta nolako jeloskortasuna zeukan atzerriko itsaso-armaden potentzien jakintza zela eta. Bidezko deritzot aipatutako pasartea jakinaraztea:

Nik jakite egarri handia dut gutxienez nagusienak diren frantses eta ingeles hizkuntzak ikasteko, zeren fakultatean diren libururik hoberenak hizkuntza horietan idatzita daude. Niri falta zaidana eta hiri honetan aurkitzen ez dudana fakultate-liburuak dira eta beraz Bg. etxeko liburuen artean aritmetika, geometria, trigonometria, kosmografia, geografia, astronomia, aljebra, taktika, nabigazioa, maniobrak, artilleria edo marrazketa bezalako gure ofizioan lagungarri ditugun zientzia esparruetakoak direnik izatekotan, Bg. igorri iezazkiguzu zeren hor ez dute ezertarako balio eta niri askotarako, zientzia horietatik edozein nabigazioaren atal baita(González-Ripoll, 2000: 43).

Parte hartu zituen lehen kanpainak (Bresten eta Gibraltarren, "San Vicente" eta "Santa Barbara" itsasontzietan) taktikoki eta teknikoki, porrota izan ziren. Churrucak ez zeukan elementua goi-mailako heziketa zen. Izatez, behingoan izan zuen horrelakorik lortzeko aukera, zeren 1783an Mazarredok, hiru akademietan, ofizialik nabarmenduenentzako astronomia eta matematika ikastaro espezializatua antolatu zuen eta Churrucak ez zion aukera horri joaten utzi. Lanpostu huts guztiak beteta zeuden arren, Itsas Armadako Ministroak Ferrolen toki bat gehiago sortu zuen; Churrucak, bere aurrekariengatik, eskuratu zuen. Geroago bere anaiari hau zioan: "ez dago hainbeste nekerik jasan lezakeen gorputzik, nire ikasketek denbora nahikoa behar dute...arratsaldea marratzen ematen dut zeren matematikari batek ezinbestean behar ditu" (González-Ripoll, 1995: 68). Baina aljebrarako, kalkulurako eta mekanikarako zuen jaiotasuna ez zen bere irakasleentzako oharkabe igaro eta uneren baten ordezkatu ere egin zituen, eta, horri esker, bere promozioko lehena izan zen.

1788an, jada ontzi-teniente bezala, Churruca ospea eta izena ekarriko zizkion enpresa hidrografikora bidali zuten: Magallaeseko itsasartera, 1785ean hasi zuen kartografia osatzera. Bere Ciriaco de Ceballos (1763-1811) lagunarekin, itsaso-korronteak, haizeak eta itsasarteko topografia ikasi zituen, hainbat metodo erabili arren, osagarri zirenek erabiliz. Egia esan, neurketa hidrografikoek eta horiek behar zituzten geografia eta astronomia behaketek ere zientzia-helburuak bakarrik ez ezik merkataritza eta geopolitikoak ere bazituzten; eta, izatez, espedizio hidrografikoek, XVIII. eta XIX. mendeetan hain naroak zirenak bestalde, itsasoz haraindiko lurraldeak babestekotan, komunikaziorako bideak hobetuz, eta etsaiaren mehatxua ekiditekotan egiten ziren. Komenigarria zen, beste era batera esanda, Cabo de Hornoseko itsasbidea -zaila eta ea aztertu gabea- ikertzea, horretara, Panamakoa -ohikoa eta beti arriskutsua- zen iragaiteak Pazifikorako bere itsasbidean jarraitutako merkataritza-trafikoa alderantzikatuz, [izatez, abantailak eskaintzen zituen Magallaesen ibilbidea bezala ezezaguna zen bide bat zabaltzearen azalpena ere egin zen].

Hala ere, Churrucak bere matematika eta nabigaziorako ezagutzak frogatzerik izango zituen beste espedizio batzuek, handinahitsuagoak zirenek, oraindik ere izan ziren. Iparraldeko Amerikako Atlasa gauzatzea proiektu horietatik handiena izan zen. Zientzia-erronka ikaragarria zen, fidagarritzat jo ezin zitezkeen antzinako eskuizkribu batzuk baino besterik eskura izanez geografia karta eta plano bitartez lurralde itzel baten kartografia-lana egitea baitzen. Mazarredo izan zen helburuak eta espedizio-plana, zeregin horretarako itsasgizonak hautatzeaz arduratu izanaz gain, diseinatu zituena eta espedizio-buru, besteak beste, Churruca "por su saber técnico y finura en las operaciones geométricas" hautatu zuen. "Descubridor" eta "Vigilante" bergantinen agintea izanez, Churruca Hirutasun uharterantz itsasoratu zen, bertan ikerketa-gunea ezarri eta bertatik, hiru urte t?erdi luzetan zehar hainbat esplorazio- eta kartografia-lan gidatuz. Ekintza horren emaitza, hainbat esfera-itxurako karta eta plano kopuru ona izan ziren, euretariko asko europar almanakatan argitaratuak izanez; karten artean, Trinidad uhartekoak (1792), Granada (1793), Virgenek (1793) eta Antillakoak (1795), garrantzitsuenak aipatzearren, aurki daitezke.

Itzultzerakoan, beste era batera ezin izan zitekeen bezala, ez zitzaion itsaso-zereginetarako eskaintzarik falta. Epe jakin baten, argitaratutako lanen prezioak ezarriz, Madrilgo hidrografia-biltegia gidatu zuen, nahiz eta azkenean Mazarredok "Conquistador" ontzia bere agintepean jarriz frantziar Bretainiako itsasertzerako egin zion deia onartuko zuen. Bresten, britainiar blokeo-egoera itogarri baten, Itsas Armadako ofizialek asko erabili zituzten lan bi argitaratu zituen: Instrucción militar para el navío Conquistador (1799), guda-egoeran tripulazioarentzako beharrezko ziren arau eta aginduen bilduma zena; eta Método geométrico para determinar todas las inflexiones de la quilla de un buque quebrantado (1804), frantziar ingeniariak irtenbiderik aurkitzen ez zioten arazo bat atontzera zetorrelako espainiar armategietako egileei gomendatua izana. Bi horiei, agindu ondoren bere heriotza urtean argitaratu zen Instrucción sobre punterías para el uso de los bajeles del Rey (1805) gehitu diezaiokegu.

Ezina litzateke, hala ere, orain dugun toki mugatu honetan teniente jeneral mutrikuarraren lan- eta mapa-ondare aberatsa biltzea (beste ondare bat, oraingoan materiala, berak itxitako eta oraindik ere bere jaiotetxean dagoen liburutegia da; guztira 207 liburu, gehienak frantsesez, nabigazioari, astronomiari eta geografiari buruzkoak). Churrucaren biografo jakintsuenetarikoa dugun Mª Dolores González-Ripollen [bere A las órdenes de las estrellas (1995) idazlanean, 18], hurrengo hitzak hemen agertu dugun ikuspegia bikain laburbiltzen dutela uste dugu; "Churruca astro-neurketaren eta kanoien burrunbaren artean bizitza igaro zuen "zientzialari "" izeneko ofizial talde urri bateko kide izan zen. Hainbat ekintza militarretan parte hartu zuen, 1805an bera bezala erori izan zen Espainiaren benetako indarraren jakitun zirenek zeukaten kamusada sentimendua inoiz utzi gabe. Bere nortasunetik espedizio-enpresetarako bere parte hartzea interesatu zaigu eta baita bere garaiko zientzia-aurrerapenaren esparru politiko eta militarra ere".