Kimikariak

Chabaneau, Pierre François

Kimikoa eta Bergarako Errege Seminarioko frantsez irakaslea. Nontron (Dordogne), 1754-04-24 - 1842.

Chabaneau kimiko gailen bat izan zen, Bergarako Errege Seminarioan ikertu zuten atzerritarretatik -besteak Louis Proust eta Nikolaus Tunborg izan ziren- bat izan zen. Berton, hain zuzen ere, kimikaren historiako analetara igaro zen, menetatik abiarazita platinoa purifikatzeko onuratsuena zen metodoa garatu izateagatik. Bere izena, betirako, Bergarari lotuta gelditu zen, baita bere ospea benetan zeri zor zaion ez dakitenentzako -beharbada gehiengoa- ere.

Eskulangile xume batzuen semea izanik, bere eliza-ikasketak Aveyron komentuan hasi zituen, eta gutxira Parisa joan zen, bere irakaslearen -bere osaba fraide bat- aholkuei jarraituz Oratoriakoen Ikastetxera teologia ikastera joan zen. Ez zuen filosofia eta logika eskolastikoak jasaterik lortu, eta, 17 urterekin Ikastetxetik kanporatua izan zen. Frantziako hiriburuko kultura giro positibistak erakarrita, lehenengo, Passy-ko jesulagunen Ikastetxean matematikak irakatsi zituen, eta gero, bere etxean bertan ikastaro publiko bat irakatsi zuen. Berton izan zen, agian, Antonio de Munibek eta Xabier de Egiak -biak Baskongadako komisionatuak- Bergarako Seminarioan katedra bat eskaini zioten tokia.

Kimika geroago eta ospe gehiago hartzen zihoan hiri baten, ikastaro publikoak moda-ikuskizuna izaten hasita zeuden hirian, graduatu berriek jada finkatutako zientzialariren baten urgazpenpean egonik, edo, agian, euren ausardia eta kemenaren arabera -adore eta nekaezintasuna garatzeko berebizikoak-, Chabaneau-ren kasua, ez da inola ere aparta. Toki bat, -edo gauza bera zena- babesle bat aurkitzeko irrikan, Chabaneau gazteak, 1778an, Bergaran frantses eta fisika irakasle lana onartu zuen, 1787ra arte horretan (1780tik aurrera Proust-en katedra betez kimika ere irakatsi zuen arren) iraunez. Horrela izanik, bere ezagutza oraindik urriak handitzen zituen bitartean, 24 urteko gazte honek, neurri handi baten autodidakta eta esperientziarik gabeak, irakaskuntza-eskakizunei aurre egin beharra izan zien.

1778an, bere lehen urtea, matematikek beste gainontzeko zientziekin zeukaten harremana zehaztera zetorren eta erabat kritikatua izanez amaitu zen Introducción al curso de Física irakaskuntza-programa idatzi zuen. "Las matemáticas sin las aplicaciones físicas no son más que simples especulaciones" edota "de la unión de las matemáticas con la física pueden resultar grandes utilidades, pero también grandes abusos" bezalako baieztapenak kritika gogorren itu izan ziren. Geroztik, iruzkingile batzuk -adibidez Juan Fagés-ek eta Francisco Yoldi-k jada XX mendean-, bere ezagutza-maila zalantzan jarriz, pedantekeria, nagia, materialtasuna, beste zientzia batzuentzako mespretxua eta metodo esperimentalaren balio zehatzaren ezagutzarik eza leporatzen zioten.

Daitekeena da, bai bere estiloari buruzko gaitzespenak eta baita doktrina flogistikoekiko bere atxikimenduari buruzko kritikak, aurreiritzi lar gutxiesgarrietan oinarritzea; eta Leandro Silván-ek adierazten duen bezala, Chabaneau-k bere gaztaroko egoerei egozgarri litzaizkioken gabezia guztiak zeuzkan, baina ez da ahaztu behar Baskongadak bere katedretan zortzi urtetan zehar mantendu zuela, geroago Parisen kimika katedra bat eskaini ziola, eta, batez ere, Erresuma espainiarrean berea lehen emandako ikasturte fisiko-kimikoa izan zela.

Ea berehala, Bascongadakideek Perigueux-ko gazte haren dohain ikertzaileez ohartzen hasi ziren. 1778an Aralarren kobredun meatze batzuk antzeman zituen. Geroago, bere buru-argitasunaren ondorioz, mineralei buruzko mapa egitearekiko bere gogoa, Espainiako mineralen estatistika bat, Herriko burdin meatzeak ikertzekoa eta -harrigarria dena- fisika, kimika eta metalurgian espezializatutako argitalpena sortzekoa ere etorriko ziran, gauzatuko ez ziren egitasmoak izanez. 1882an, kargu-uztearekiko keinuaren ondoren (egia esan, imintzioa baino gehiago izan zen, beste ikasturte bat zabaltze asmoz Parisera itzuli baitzen, itxaropena galduta berriz etorriz) Zestoako ur termalak aztertu zituen.

Hiribildu ilustratuan, hain zuzen ere, 1876an bere zientzia-arrakastarik handiena izango zena iritsi zen (eta Seminarioko handienetariko bat): erabat onuratsua zen platinoa arazteko metodo baten garapena, hau da, -lehen aldiz- xaflakorra zen platino aratza lortu izana. Ez da hau metalurgia-lorpen honen xehetasun eta gorabehera teknikoak azaltzeko tokia. Esan dezagun bada Chabaneau-k bere ikerketak hasi zituenean, ikertzaile askok jada platinoa berezitasun nabarmen batzuk zeuzkan sustantziatzat zutela, zeren urkorra, hauspeagarria, eta arazketagarri baitzen hauspeakina berotuz eta forjatuz.

Zentzu horretan, Chabaneau-k garatutako forjazko mekanika-metodoa berritzailea izan zen, platinoa zatitzen zuten gatzek kentzea ahalbidetu zuelako. Metodoa ez zen inoiz argitaratu, nolabait Espainiako Gobernuak debekatu egin baitzion, horrek errege-agintariek platinazko ikerketen atzetik zebiltzala aditzera emanez (ez dezagun ahaztu kimika eta metalurgia katedrek erregeak ordainduak zirena eta Indietako Ministerioa zela platino-laginak bidali zizkiona); horrela Inperiorentzako metal bitxi honek zuen garrantzia, bere meak era esklusiboan Espainiaren menpe izanez, nabarmen gelditzen zen.

Arazketa-metodoa 1876ko abuztuaren 2an Euskalerriko Adiskideen Elkarteko Batzordearen aurrean irakurritako txosten baten argitara eman izan zenean, Chabaneau norbanako ospetsua izatera bihurtu zen. Ordutik aurrera nekez pairatu zuen beti jasan zituela esaten zituen ekonomia estutasunak. Horren lagungarri amerikar meetatik platino aratza ekoizteko espainiar Ogasunaren interesa izan zen. Seminarioaren kaltetarako, Koroa-Markesa, Indietako Ministroa, Parisera itzuli beharra ekarri zioten lan gehiago agintzera etorri zitzaiola ikusi zuen, egitate horrek, berriz ere, Bascongada fisikarako (hauek, gainera, berriro itzuli zedin konbentzitzen saiatu ziren, eta antza denez horrela izan zen 1786tik 1787ra bitartean) irakasle berri bat aurkitu beharrera eramanez. Azkenik, Chabaneau-k, 1787an, agintari espainiarren eskaintza eder bat onartu zuen, oraingoan Madrilen, Casa del Platino-n bere eskura ipini zuten kimika laborategi baten aurrean izanik lortutako platino-kalitateari dagokionez, arrakasta eta porrotak txandatuz, ikerketari ekiten jardunaz.

1799an Frantziara itzuli zen, Périgueux-go Eskola Nagusian fisika eta kimika irakasle izendatua izanez. Geroago, Sorbonan irakasteko eskaintzaren bat izan zuen, bere adin jasoa zela eta uko egin ziolarik. 1842an hil zen.

'Introducción al curso de Física', Extractos de las Juntas Generales de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, 1778, 6:150-170; 'Análisis de las aguas termales de Cestona', Ibid., 1782, 36-37.

  • Leandro Silván, Los estudios científicos en Vergara a finales del siglo XVIII (Zarautz: Icharopena Arg., 1953), 30-1, 38-42;
  • Mª Teresa Recarte, Ilustración vasca y renovación educativa: La Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País (Salamanca, 1990), 256-263;
  • Ramón Gago, Inés Pellón, Historia de las Cátedras de Química y Mineralogía de Bergara a finales del siglo XVIII (Bergara: Bergarako Udala, 1994), 48-57;
  • Juan Fages y Virgili, Discursos leídos ante la Real Academia de Ciencias Exactas, Físicas y Naturales el 27 de Junio de 1909 (Madril, 1909);
  • Leandro Silván, 'El Laboratorium Chemicum de Vergara y la Real Sociedad Bascongada en las investigaciones sobre purificación de la platina', Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, 1969, 25:165-189;
  • Manuel Laborde, 'Pierre François Chavaneau en Bergara (1778-1786)', Munibe, 1980, 32:393-400;
  • A. Dujarric Descombes, 'Pierre François Chavaneau', Bulletin de la Société Historique et Archéologique du Périgord, 1920, 47:207-209.