Literatoak

Bueno Bengoechea, Manuel

Bueno monarkiaren aldeko agertu zen. Ezbairik gabe, 98ko belaunaldian formalki monarkiaren alde egin zuen intelektual bakarra da. 98ko belaunaldiaren beste idazle batek, Jose Maria Salaverriak, honela idatzi zuen Buenori buruz:

"Lankideak berehala utzi zituen albo batera, zoritxarrekoak eta aszetikoegiak baitziren, eta bide ilunetarantz jo zuen, gizon bizkorren moduan, diputatuen irabaziak, lana eta aktak lortzeko. Orduan zapuztu zitzaion gaztetan literaturarekiko zuen bokazioa, eta bizitzako hurrengo urteetan erakutsi zuen ez zuela gloria literarioan gehiegi sinesten, eta haren ustez ez duela merezi luma esfortzu platonikoetan eta besteen gozamenerako erabiltzeak" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Barojak bere oroimenetan idatzi zuen bezala, Buenok Pio jaunari adierazi zion transzendentziak, ospe literarioak edo etorkizunean oroitua izateak ez zitzaizkiola inporta. Hogeiko hamarkadaren amaieran dagoeneko, Buenoren ideologia Salaverriarengandik oso hurbil zegoen. Aitzitik, ez zen Borras edo Gonzalez Ruano bezalako idazleek aditzera eman nahi zuten bezain falangista. Izan ere, haren pentsamendu politikoa Borrasen diskurtsoa edo falangismo deituriko ideologia baino sakonagoa da. Edonola ere, haren testuetan ez du espainiar falangismoaren indarkeria formalki bultzatzen. Eskuineko beste kide nabarmen batzuekin batera 1934ko abenduaren 8ko Bloke Nazionala osatu zuen.

Buenok Barojaren obrari buruzko iritzi positiboa zuen, eta horrek asko harritzen zuen Baroja bera. Barojaren hitzetan, Bueno "nobela-egile eta arte-kritikari garrantzitsua zen egunkarietan"; baina, haren ustez, "gizon arraroa zen, itxuraz pertsona soziala bazirudien ere. Materialista eta sentsualista zen, eta hilobiaz haraindiko bizitzari beldur zion. Behin esan zidan mamuengan sinesten zuela... Maezturen laguna zen. Haatik, norabide bakarreko adiskidetasuna zen: Buenok estimua zion Maezturi, baina Maeztuk ez zion estimurik Buenori" (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Bestalde, La novela de ahora lanean, Buenok erretratu inspiratua egin zuen Barojak literato gisa duen garrantziaz: "Badu halako exotiko puntu bat, tradiziotik urrun dagoenaren kutsua, harritzen duen zerbait dauka" (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Buenoren ustez, Barojaren liburuak garai hartan Espainian egiten zen gauzarik interesgarriena ziren.

Haren artikuluak egunkari eta aldizkari ezberdinetan agertu ziren, esate baterako: La Vasconia (Argentina), El Noticiero Bilbaino, El Liberal, ABC -bertan eman zuen denbora gehiena-, Blanco y Negro, La Esfera, El Pueblo Vasco, La Voz de Navarra eta Euzkadi.