Literatoak

Bueno Bengoechea, Manuel

Euskal nobelagile eta kazetaria. 1874an jaio zen, Pauen (Frantzia), eta Bartzelonan hil zuen pikete iraultzaile batek, 1936an, Gerra Zibilean.

98ko Belaunaldia deritzonaren idazle garrantzitsu bat izan zen. Bilbon bizi zen, eta haren jatorriari buruzko kondaira batek dio moja eta militar baten semea zela. Liburu batzuek jasotzen dute Bilbon jaio zela, baina Paueko jaiotza-erroldan erregistratu zutela. Artikulu-idazle garrantzitsua izan zen, eta Emilio Carreren esanetan, Larraren benetako oinordekoa. Garaiko egunkari eta aldizkari garrantzitsuenetan idatzi zuen, eta, aldi berean, nobelak, entseguak eta antzerti-obrak idatzi zituen. Kazetaritzan ere lan oparoa egin zuten 98ko euskal idazleen artean zegoen, esaterako: Ramiro de Maeztu, Pio Baroja, Francisco Grandmontagne, Jose Maria Salaverría edo Ciro Bayo Segurola. Bueno Bengoechearen bizitzak haren obra bezain erakargarriak diren literatura-profilak ditu. Unamunok baino hamar urte gutxiago zituen, haren urte berean hil bazen ere. Horren, umezurtz-etxeetan hazi izanaren, bizitza zailaren eta bestelakoen ondorioz Manuel Buenok ez zuen bere burua inoiz maitatutzat sentitu, eta afektu horren faltan, erronketan, asperraldietan eta gogogabetasunetan xahutu zituen adimena eta trebetasuna. Ramon Maria del Valle Inclanek besoa galdu zuen harekin izandako borrokaldi batean, eta horregatik da Bueno ezaguna, besteak beste.

Dena dela, Bueno ez zen anekdota-iturburu bakarrik, kazetaritza-artikuluek eta literatura-lanek bilbotar hau garaiko idazle garrantzitsuenetako bat bihurtzen baitute. Ameriketara joan zen, dirua egitera, hamahiru baino ez zituela. Zazpi urte beranduago itzuli zen Madrilera, eta egunkarietan idazten hasi zen. Ameriketatik itzuli bezain pronto, beste ipuin bolumen bat argitaratu zuen: Viviendo (1896).

II. Errepublika eragin eta harekin sortu ziren joera intelektual batzuen epaile eta salatzaile baten modukoa izan zen (Los nietos de Danton eleberrian, 1936). Izan ere, Corazon adentro (1906) haren lehen eleberriaren diskurtso sentimentalista alde batera utzita, gainontzeko narrazio-lanak prozesu zibilen azterketa, erretratua edo testigantza dira bete-betean. Horrela ikusi daiteke haren lanetan: Jaime el conquistador (1912) obran, Madrilgo giro lizuna kontatzen digu, eta arrakeroen eskutik joko-etxeetan zehar eramaten gaitu; El dolor de vivir (1924) liburuan, Madrilgo XX. mendeko lehenengo hamarkadetako bizitza soziala islatzen du; Poniente solar (1931) eleberriaren diskurtsoan, 98ko hondamendia izenez ezaguna denaren ondorioak eta gertaerak aztertzen ditu; eta El sabor del pecado (1935) obran, XX. mendeko 30eko hamarkadako madrildar aristokraziaren bizitza eta moral dekadenteen azterketa zorrotza egiten du. Nobela horiez gain, Buenok kontakizunez eta ipuinez osatutako beste liburuki batzuk argitaratu zituen, Almas y paisajes (1900) liburuan, eta urte berean agertu ziren Barojaren Vidas sombrías, A ras de tierra (1902) eta En el umbral de la vida (1918).