Kontzeptua

Besta gorria

Lapurdiko inauterietako dantza segizioaren pertsonai maskaraduna.

Benetan aspaldiko pertsonaia da baina hala izanik ere 1890. urtera arte ez dugu inolako horren inguruko adierazgarririk, Uztaritzen alegia. Izena soinean daraman jaka gorriak ematen dio.

Jantziak, behetik gora hasita, honako osagai hauek ditu: galtzerdi eta abarka zuriak kolorezko lokarrirekin. Kaxkarot pertsonaien antzeko galtzeko zuriak dauzka, behealdean eta alboetan kolore anitzeko zintak zintzilik dituelarik. Jatorri militarra duen jaka gorria darama, urrezko hornidurarekin, batez ere aurrealdean. Inauterian zehar txano urdina eramaten du eta horren behealdean maskara gorria dauka. Oihalari erantsitako zinta horiek begi eta ahoaren ingurunea markatzen dute. Burukoak zumezko egitura dauka eta borobil antzekoa da; oihal gorriz estalita dago eta sigi-saga josita urre koloreko galoiak dauzka, edota txapel gorria. Multzo osoa lorez estalita dago. Pertsonai honek eskularruak eramaten ditu, egurrezko sablea eta kutxa txiki bat diru-bilketarako. Janzkera horretan zenbait aldaera topa ditzakegu: Xamar antzeko blusa, dotoretutako jaka, gorbata beltza, txano apainduak eta borladuna edota lepo aldean zapia besterik ez duen jaka. Sablearen ordez zenbait kasutan makila eramaten dute.

Pertsonai hau antzezteko herriko bizpalau gazte aukeratzen zituzten, nekazariak edo artisauak. Horien betebehar nagusia eskaria burutzea zen, horretarako sablea erabiltzeko aukera zutelarik. Jantzi berbera, baina maskararik gabe, askotan Bestaberri egunean erabiltzen zuten, edo antzeko desfileetan esaterako, Antzara jokoa. Kapitana edo Errege esaten zioten, eta bere eginkizun nagusia gazteen arduraduna izatea zen.

  • DASSANCE, Louis. Les sauts basques et les vieilles danses Labourdines. Bulletin du Musée Basque, 1927.
  • GUILCHER, Jean Michel. Danses et cortèges traditionnels du Carnaval en Pays de Labourd. Bulletin du Musée Basque, 1969.
  • TRUFFAUT, Thierry. Joaldun et Kaskarot, Des carnavals en Pays Basque. Elkar, 2005.