Abesbatzak

Basauri Koral Elkartea

Basauri Koral Elkartea sortu zenean 104 ahotsek osatzen bazuten ere, gaur egun 30 abeslari inguru daude. Hasieratik, herriko jendeak osatu izan du Korala; dena dela, inguruko herrietatik ere (Arrigorriaga, Galdakao edo Bilbotik) abeslari asko etorri dira. Adin eta zaletasun ezberdinetakoak izanik, guztiek zaletasun nagusi bakarra dute: musikarenganako maitasuna.

Emanaldi ugari eskaini ditu bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo (Errioxa, Burgos, Santander, Madril, Asturias, Aragoi, Katalunia, Leon, Soria, Abila eta abar).

Urteotan hainbat musika mota landu ditu: polifonia, Hego Amerikako musika, popa, euskal musika tradizionala, gospela, jazza... Azken egitasmoen artean John Rutter, Karl Jenkins edo Joel Raney konpositore garaikideenak aipatu behar dira, baita musikal ezagun bi ere: Ederra eta piztia eta Mary Poppins.

Beste alde batetik musikari eta talde askoren laguntza izan du: Orkestra Nazionala, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Riccercare Sinfonietta Orkestra, Danbolin Txistulari Elkartea, Piccolo string edo Behotsik Orkestra esaterako. Azken emanaldietan Ales Larrazabal piano-jotzailea izan dute lagun.

2012ko irailetik Irma Rutkauskaite da abesbatzaren zuzendaria.