Abesbatzak

Basauri Koral Elkartea

Basauri Koral Elkartea Pedro Bilbao jaunak, koralaren lehenengo zuzendariak, sortu zuen. 1956ko abuztuaren 2an lehenengo estatutuei baiezpena eman ondoren, lehen kontzertua urte horretako urriaren 20an eskaini zuen.

Pedro Bilbao jauna (1892ko urtarrilaren 18an Gatikan jaioa) izan zen Koralaren lehen zuzendaria. Basauriko San Pedro elizan apaiz-laguntzailea zen eta organoa ere jotzen zuen. Hil baino hiru urte lehenago (1955ko abenduaren 7an hil zen) utzi behar izan zuen Koralaren zuzendaritza, Getxoko San Inazio elizara bidali zutelako. Ordutik hainbat izan dira Basauri Koral Elkarteko zuzendariak:

  1. 1946tik 1952ra: Pedro Bilbao
  2. 1952tik 1954ra: Emiliano del Campo
  3. 1954tik 1958ra: Iñaki Aranguren
  4. 1958tik 1968ra: Abrahan Arrien
  5. 1968tik 1971ra: Ignazio Beobide
  6. 1971tik 1998ra: Pedro Maria Aldana
  7. 1998tik 2011ra: Ius Pérez
  8. 2011tik 2012ra: Natxo Egiguren
  9. 2012ko irailetik: Irma Rutkauskaite. 2013ko ekainetik Basauri Koral Txiki zuzentzen du ere.

Hasiera batean Korala elizako eta eskolako geletan batzen zen. Urte batzuk geroago Baskoniako zuzendariaren (Chirapozu jauna) alabaren ezkontzan abestu zuen Begoñan. Madrildik ezkontzara etorritako pertsona ospetsuak liluratuta geratu ziren abesbatzak abestu zuen Haendelen Halleluiarekin eta Chirapozuk lantegiko igeltseroei eliza ondoan zuten lokala egokitzeko agindu zien. 1949ko ekainetik 1968ko martxora arte egon ziren bertan eta 1969ko apirilean gaur egun duen egoitza utzi zion Baskonia enpresak erabili zezan. Altos Hornos de Vizcayak 1972an Baskonia bereganatu zuenean, egoitza salgai jarri zion Koralari eta 1986ko azaroaren 24an Koralak jabetasuna lortu zuen.

Emilio Ruiz de Loizaga jauna izan zen Basauri Koral Elkarteko lehenengo lehendakaria. Berari esker lortu du Koralak gaur egun duen partitura artxibo garrantzitsua; bera izan zen bilketa lanaren bultzatzailerik handiena, bai abestiak kopiatuz, bai musika liburuak eskuratuz.

Balbino Rekakoetxea (zuzendari ordea, bakarlaria eta bajuen monitorea) izan zen artxiboaren beste oinarrietako bat. Abesbatzako kide honek egin zuen artxibo lana, kantak antolatu, egituratu eta guztien fitxak eginez. Horrez gainera, Balbinok partituren kopiak eskuz egiten zituen.

Gaur egun artxiboan mota eta estilo askotako hiru mila partituratik gora eta 300 liburu baino gehiago daude eta etengabe handitzen doa.

Basauri Koral Elkarteak 1973tik Basauriko Abesbatzen Agerketa (gaur egun Basauriko Ahots-Musika Topaketak, BAT) antolatzeaz gainera, bertan parte hartzen du Euskal Herriko, estatuko zein nazioarteko beste hainbat talde garrantzitsuenekin batera. Urriko eta azaroko asteburuetan izan ohi da.

Lehenengo lau urteetan Bizkaiko abesbatzek bakarrik parte hartu zuten (Laudioko Santa Lucia izan zen salbuespen bakarra). Baina 1977tik munduko abesbatzei atea ireki zien.

Urteroko hitzorduari behin baino ez zion huts egin; hain zuzen ere, 1983ko uholdeak zirela eta ezin izan zen ekitaldia egin. Horren ordez, kaltetuei laguntzeko asmoz, ongintzazko kontzertuak eskaini ziren Orduña, Amurrio, Alonsotegi eta Basaurin herriotako abesbatzekin batera.

2013an, 40. urteurrena ospatu zuen. Hori dela eta, abesbatza bikainak ekartzeaz gainera aparteko ekitaldiak egin ziren. Ekintzetan taldeok hartu zuten parte: Coral Barbitanya (Barbastro-Huesca), Grupo Coral León de Oro (Luanco-Asturias), Orfeón Donostiarra Gazte (Donostia-Gipuzkoa), Vocalia (Gasteiz-Araba), BBKantuz abesbatza, Soinu Bidea, Basauri Koral Elkartea eta Basauri Koral Txiki. Basauri Koral Elkartearentzat urteurrena oso berezia izan zen ekainean sortu berri zen Basauri Koral Txiki-ren lehen kontzertua izan baitzen.

Kultur erakundea izanik Begoñako basilikan egiten den Bizkaiko Abesbatzen Astearen sortzailea eta sustatzailea ere bada.

Sortu aurreko lehen batzarrak Basauri Koral Elkartearen egoitzan egin ziren. Azkenean, lehen edizioa 1974ko martxoaren 4tik 8ra izan zen eta hogei abesbatzek parte hartu zuten. Zozketa bidez erabaki zen abesbatza bakoitzaren data eta ordena. Basauri Koral Elkartea lehenengo egunean azkenekoa abestu zuen beste taldeokin batera: Grupo Coral Galdácano (Coral Zaletasuna), Agrupación Coral Ocharcoaga eta Masa Coral Beti Lagunak.

Basauri Koral Elkarteak 50. urteurrena ospatzeko CDa grabatu eta berrogeita hamar urteetako gertaera eta ekitaldiak batzen dituen liburua argitaratu zuen. Liburua garai hartako zuzendariak, Pedro Aldanak, idatzi zuen.

Abesbatzak hainbat disko eta DVD bat grabatu ditu azken urteotan:

  1. 1975ko martxoaren 28 eta 29an Madrilgo CBS grabaketa estudioetan hiru disko grabatu ziren; iraupen luzeko bat eta iraupen laburreko bi. Iraupen luzekoak "... Ta daigun" du izena eta hamar euskal abesti batzen ditu.
  2. 1996an, Basauri Koral Elkartearen urrezko ezteiak zirela eta, "Gure Kontzertua" izeneko CDa grabatu zen.
  3. 1999an Basauriko Danbolin Txistulari Elkarteak grabatutako CDan parte hartu zuen.
  4. 2000. urtean Begoñako Ama Birjina Bizkaiko Zaindari izendatu zen ehun urte betetzea gogoratzeko asmoz, beste hiru koruekin batera, CDa grabatu zen Ama Birjinaren omenez abesten diren abestiekin.
  5. Bizkaiko Abesbatzen Astea dela eta, Begoñan parte hartu duten koruen abestien artean, Koralak abestutako sei abesti agertzen dira, beste sei diskotan.
  6. 2010ean ongintzazko kontzertua egin zen Haitiko lurrikarek eragindako kalteak zirela eta. Kontzertua grabatu eta "Eutsi Haiti!" izeneko DVDa salgai jarri zen. Bai kontzertuan, bai DVDaren salmentarekin lortutako dirua Gurutze Gorriari eman zitzaion kaltetuei laguntzeko.

Abeslariei bultzada positiboa emateko eta beste abesbatza batzuek ezagutzeko, Koralak hainbat lehiaketetan hartu du parte: Tolosako, Aviles-eko edo Ejea de los Caballeros-eko abesbatza lehiaketetan eta Munduko Koru Olinpiadetan, esaterako.

Konposatzaileekin harreman estua izan du beti abesbatzak eta hainbat autoreen lanak estreinatu ditu. Horrez gain, Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak antolatutako lehiaketetan sarituak izan diren abestiak ere aurkeztu ditu 1976 ("Aberrija"), 1979 ("Marijesiak"), 1988 ("Anton Lumera") eta 2008an ("Recado de la montaña").