Kazetariak

Barbería Armendáriz, José Luis

Euskal kazetari eta politologoa, Caparroson (Nafarroa) jaioa, 1953ko abuztuaren 20an.

Lau urte zituenetik Donostian bizi da, donostiartzat du bere burua, eta Nafarroako jendearekiko nolabaiteko zaletasuna du. Informazio Zientziak (Kazetaritza) ikasi zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1972-1975), eta ikasketa horiek Euskal Herriko Unibertsitatean amaitu zituen, bere kabuz, Kazetaritza Fakultatea artean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren menpe zegoenean.

Kazetari gisa egin duen lehen lana Madrilen argitaratzen den Guadiana informazio orokorreko aldizkariko berriemaile gisa egin du. 1977an hasi zen El País egunkarirako lanean, jaio eta gutxira, baina laster utzi zuen, urte horretan bertan Egin egunkariaren talde sortzailean sartzeko —sei hilabetera utzi zuen egunkaria—. Denbora batez, El Correo Catalanerako (jada desagertua) korrespontsal lanak egin zituen Euskal Herrian, eta, hurrenez hurren, La Voz de España (Donostia) eta Diario 16 egunkarietan lan egin zuen. 1981ean El Pais egunkarian sartu zen berriro, eta 2005ean jarraitzen du horretan. Harrezkero -1982an etenaldi labur bat egin zuen, Tribuna Vasca egunkariko erredaktore lanak txandakatuz-, El Pais egunkariko Gipuzkoako berriemaile izateaz gain, ikerketa taldeko kide ere izan da, eta, aldi berean, Parisko egunkariko berriemaile (1997-2000). 2005ean, PRISA taldeko El Pais egunkariko ikerketa-talde eta erreportaje berezietako kide izan zen. Talde horretako erredaktore-burua da.

Joaquin Prieto lankidearekin batera, El enigma del elefante (El Pais-Aguilar, 1991) liburua idatzi zuen. Ikerketa dokumentatua da, A-23ko saiakera kolpistari buruzko ikerketa lan baten emaitza. Patxo Unzueta erredakzio-kidearekin batera, beste saiakera bat argitaratu du, Cómo hemos llegado a esto (Taurus, 2002), Batasuna legez kanpo utzi aurreko aldiaren kronika deskriptibo luzea.

Kazetari gisa, bere ibilbidearen zati nagusia informazio politikoari eta euskal gizarteak azken mende laurdenean izan duen bilakaerari eskaini die, eta oso aintzat hartuak izan dira arlo horretan egin dituen iritzi-artikuluak.