Arkitektura

Hilerriak. Arkitektura

Historian zehar gizakiarentzat hildakoen gurtza erlijioaren funtsezko elementua izango da. Gurtza honi atxikiz arkitekturak funtzio garrantzitsua jokatuko du. Azken finean, garai honetako erlijioentzat bizitza eta heriotza, ikus daitekeena eta ikusi ezin dena alegia, ez daude zeharo bananduta. Berez, heriotza beste existentzia forma iraunkorragora igarotzea besterik ez da. Ideia horri jarraikiz, lur azpiko hilobiaren gainean etxe sinboliko bat ezartzeko ohitura historiaurrean bertan sortuko da. Berez, arkitekturatzat har ditzakegun lehen eraikinak garai megalitikoan -trikuharriak eta harrespilak- ziurrenik hildakoen gurtzarekin izango zuten harremana. Ondoren, Aitzin Aroko lehen zibilizazioetan -Egiptotik hasi eta Egeoko zibilizazioetaraino- hildakoen gurtzarekin lotutako hainbat eraikin aurkituko dugu -hipogeoak, mastabak, piramideak, kupuladun hilobiak- baina hilerriaren kontzeptu tipologikoa ez da oraindik garatuko, eraikuntza guzti horiek ez baitute helburutzat hildakoa gordetzea, berau babestea eta horren bizitzaren gurtza egitea baizik.

Garai klasikoan, hasiera batean Grezian eta gero Erroman, aurreko garaietako hainbat eraikin egiten jarraituko badute ere, gehienetan hildakoen gorputzak erre egiten ziren eta hautsak gorde zeramikazko ontzitan. Horrela, hilerriaren kontzeptua ez da garatuko eta familia oneko kideak -patrizioak, gehienbat- izango dira soilik beraien etxeetan ontzi horiek gordeko dituztenak. Baina egoera guztiz aldatuko da kristautasunaren agerpenarekin, orduan gorputzak erre beharrean ehortzi egingo baitira, orduko kristauek berpizkundean sinesten baitzuten. Hasieran gorputzak kobazuloetan lurperatuko badira ere, IV. mendetik aurrera kristauek euren gorputzak elizetan ehorztea nahiago izango dute, berpizte prozesua gertatzen zenean prozesua azkarragoa izango zelakoan.

Hurrengo bi garai nagusietan ehorzketen inguruan ez da aldaketarik egongo. Kristauek elizetan euren gorputzak lurperatzen jarraituko dute. Gehienez jota, leku arazoengatik edota lurperatutako kristauen garrantziagatik -hainbat estamentuz bereizitako gizartean kokatzen gara- zenbait ehorzketa elizen ondoko lorategian egingo dira. Berez, garai hauetan zaila gertatzen zaigu hilerririk aurkitzea, hau da, espazio arkitektonikoa bereziki sortua eta antolatua hildakoen gorputzak bertan jasotzeko. Baina egon, badago salbuespenen bat eta hau Italian daukagu, Pisako hilerria alegia; 1277an eraikia eta Giovanni de Simone egina, hilerri honetan hildakoen gorputzak elizetan bezala banatzen dira, antolamendu ortogonalari so eginez, monasterioetako klaustroetan gertatzen zen bezala. Geroago, XIX. mendean mediterraneo inguruko eredu garatzen denean, Pisako eredu hori inspirazio iturri gisa erabiliko da.

Baina XVIII. mendearen amaieran egoera guztiz aldatuko da. Biztanleriaren hazkundearen ondorioz elizak eta bere inguruko lorategiak txikiak geldituko dira lurperatu beharreko gorputza guztiak bertan jasotzeko. Gainera hirien ugaritzearekin eta hainbat gaixotasunen agerpenarekin batera, ehorzketen inguruko aurreko eredua zalantzan jarriko da. Azken finean, neurri higienistak hartzeko erabakiaren aldeko joera nagusitzen da. Aldaketa horren oinarrian bizitzarekiko eta gizartearekiko ikuspegi eta mentalitate aldaketa ere aurkituko dugu, aurrera begira ilustrazioa eta ondoren liberalismoa ekarriko dituelarik. Horren ondorioz, XVIII. mendearen seigarren hamarkadatik aurrera elizetan lurperatzeak burutzea debekatu egingo da. Neurri horrek aurkari asko aurkituko ditu bai elizgizonen artean baita gizartearen gehiengoan ere -berpizkuntzaren sinesmena oraindik oso zabalduta eta errotuta baitzegoen-. Baina poliki eta pixkanaka zabaltzen joango da eta onartua izango da, batez ere hirietan, bertan arazoa larriagoa baitzen. Horrela, adibide gisa, Parisen 1769an debekatu zen lurperatzeak elizetan egitea eta 1804ean lehen hilerri garrantzitsua aurkituko dugu, Père-Lachaise izenekoa, Alexandre-Théodore Brongniart arkitektoak eginikoa. Horrek, XX. mendearen hasieran hilerrien bigarren eredu orokorra eta ohikoa zehaztu du, lorategi eredua alegia. Bertan paisaia errespetatu egiten zen eta hilobiak eta lurperatzeak paisaian zehar sakabanatzen dira itxurazko askatasunez.

Hala ere, Aro Garaikidearen lehen garai honetan egiten diren hilerri gehienak ez dira eredu horren arabera gauzatuko. Aitzitik, beste eredu arruntagoari helduko diote, aipatu dugun bezala, honen arabera hilerria eremu itxia balitz bezala antolatzen da, harresi batez inguratuta. Horren ondorioz, bizirik dauden gizasemeen hiritik at geratuko dira, herri eta hirien kanpoaldean kokatuko baitira. Hilerri itxi hauek normalean sarrera nagusia izaten dute, eta barruan atari zutabedun baten azpian nitxoak, panteoiak eta lurperatze arruntetarako lekuak antolatuta aipatutako antolamendu ortogonalari jarraituz. Lehen hilerri horiek XVIII. mendearen amaieran eraiki ziren, baina bereziki XIX. mendearen lehen hamarkadetan izango dute hedapen handiagoa. Neoklasizismoaren eraginpean gauzatuko dira eta egia esan estilo hori primeran egokituko da tipologi honen asmoetara. Arkitektura klasikoan oinarrituta dago eta hizkuntza honen irakurketa soila, sinplea eta xumea planteatzen du.

XIX. mendearen erditik aurrera lehen hilerri handiak azalduko zaizkigu. Horietan antolamendu eta banaketa konplikatzen eta aberasten joaten diren neurrian, estiloan ere aldaketa nabarmenak gertatuko dira, eklektizismoak neoklasizismoa ordezkatuko baitu -bereziki erromantizismoaren eraginarengatik Erdi Aroarekin harremana zuten estilo arkitektonikoak modan jarriz, adibidez erromanikoa eta gotikoa-, eta panteoiak burutzeko ohitura ere garaian honetan errotuko da.

XX. mendetik aurrera, ondorioz, hilerriak diseinatzeko orduan bi eredu edota tradizio aurkituko ditugu. Alde batetik, Europa hegoaldean mediterraneok eredu aurkituko dugu. Pisako ereduari jarraituz hilerria itxita eta antolatuta aurkituko dugu antolamendu ortogonalaren arabera; hilerri horiek bizirik dirauten hirien isla gisa funtzionatzen dute, kaleak, plazak eta etorbideak dituztelako, eta hildakoen artean alde handiak daudelako, batzuk beraien panteoiak dituztelako eta beste batzuk nitxoetan lurperatu behar direlako.

Beste eredua Europako iparraldean garatuko da eta lorategi eredua esaten zaio, eta adibide nagusia Pariseko Père-Lachaise hilerria dugu. Eredu honetan aurrekoan ez bezala paisaia ez dago moldatuta baizik eta aske agertzen da, eta hildakoen lurperatzeek ere ez dute hain argi klase sozialen arteko aldea agertzen. Bai eredu honetan bai bestean beharrezko funtzio osagarriak -eliza, administrazio bulegoak, biltegiak, langileen etxeak- eraikin osagarrietan garatzen dira, lehen ereduan normalean harresiei erantsita eta bigarrengoan paisaian sakabanatuta egonik.

Euskal Herrian Europako beste lurraldetan bezala XIX. mendearen hasiera arte ez ditugu hilerrien adibiderik aurkituko. Datu bitxia bezala aipatu Espainian elizetan ehorzketak egitea 1787an debekatuko dela aurretik sei urte lehenago, 1781ean, sekulako izurritea azaldu baitzen Pasaian eta izurrite honen errua Pasaiako ehorzketa ohiturei bota baitzitzaion. Hala ere, hasieran bai elizak eta baita gizartearen gehiengo bat neurriaren aurka azalduko dira eta herri asko izango dira, batez ere txikienak, ohitura honekin jarraituko dutenak XX. mendea heldu arte.

Ondorioz, lehen hilerri garrantzitsuak aurkitzeko Euskal Herriko hirietara jo beharko dugu, eta Bilbon zehazki aurkituko dugu lehen saiakera garrantzitsua Mallonako hilerrian, Juan Bautista de Belauzaran arkitektoak 1830ean eraikita. Bost hamarkada beranduago hilerri hau Bilboren hazkunderako txikia geratuko da eta orduan Derioko herrian Euskal Herriko hilerririk interesgarrienetako eraikiko da, Edesio Garamendia eta Enrique Epalzaren lana izanik; hilerri honetan oso ongi ikusten dugu mediterraneoko ereduaren garapena estilo eklektiko bat jarraituz eta bereziki erromanikoa eta gotikoa garaiko elementuen irakurketa eginez. Eraikuntzarekin batera, hilerri honetan ere oso interesgarriak dira aurkitu ditzakegun panteoiak, adierazgarrienak XX. mendearen hasierakoak.

Baina Euskal Herrian tipologia honen garapenik interesgarriena XIX. mendearen erdialdean gertatuko eta zehazki Bizkaiko lurraldean. Une honetan eta leku honetan ere hilerrien adibiderik hoberenak aurkituko baititugu. hilerri hauek nitxoak izaten dituzte eta atari zutabedun eta burudunen azpian egoten dira ipiniak; villa erromatarren araberakoak, neoklasizismoaren garaian eraiki ziren estilo honen apaindura elementuak agerian dituztela. Honelako adibideak soilik Bizkaian aurkitzen ditugu Elorrio, Aulesti, Abadiño, Dima eta Markina-Xemeingo hilerrietan; azken hau, Jose Maria Laskurain arkitekto arabarrak egina neoklasizismoaren amaieran tradizio greko eta egipto aurreko formak nahastu zituen, nolabait ere halako erromantizismo bat iragarriz.

Geroago, XX. mendean Euskal Herriko beste hiri eta herrietan hilerri gehiago eraikiko dira eta handietan eredu mediterranearra jarraituko da eta bereziki Derioko adibidea izango da irizpideak finkatuko dituena, Donostian Polloe hilerrian gertatzen den bezala. Berez, tipologia honek gure lurraldean ez ditu nabarmendu beharreko aurrerapauso gehiago ezagutu eta soilik salbuespen batzuk besterik ez daude aipatzeko, eta horien artean bereziki Juan Antonio Pizarro arkitekto gipuzkoarrak Zumarragan burututako kripta laurogeigarren hamarkadan.

  • BERMEJO LORENZO, S. Arte y Arquitectura funeraria. Los cementerios de Asturias, Cantabria y Vizcaya (1787-1936). Oviedo: 1998.
  • CENICACELAYA, Javier; SALOÑA, Iñigo. Arkitektura Neoklasikoa Euskal Herrian. Bilbao: Eusko Jaurlaritza. Kultura eta Turismo Saila, 1990.
  • DIEGUEZ PATAO, S.; GIMENEZ SERRANO, C. Arte y Arquitectura funeraria. Madrid: 2000.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. "El cementerio contemporáneo vasco: evolución de la tipología en la historia reciente", en Espacio, Tiempo y Forma. Revista de la Facultad de Geografia e Historia de la UNED, Serie VII, nº 24, Madrid: 2011.
  • MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 1: Gai orokorrak. Mesopotamiatik Bizantziora. Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2005.
  • MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 2: Erromanikotik Gaur egunera. Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2007.