Arkitektura

Hilerriak. Arkitektura

Historian zehar gizakiarentzat hildakoen gurtza erlijioaren funtsezko elementua izango da. Gurtza honi atxikiz arkitekturak funtzio garrantzitsua jokatuko du. Azken finean, garai honetako erlijioentzat bizitza eta heriotza, ikus daitekeena eta ikusi ezin dena alegia, ez daude zeharo bananduta. Berez, heriotza beste existentzia forma iraunkorragora igarotzea besterik ez da. Ideia horri jarraikiz, lur azpiko hilobiaren gainean etxe sinboliko bat ezartzeko ohitura historiaurrean bertan sortuko da. Berez, arkitekturatzat har ditzakegun lehen eraikinak garai megalitikoan -trikuharriak eta harrespilak- ziurrenik hildakoen gurtzarekin izango zuten harremana. Ondoren, Aitzin Aroko lehen zibilizazioetan -Egiptotik hasi eta Egeoko zibilizazioetaraino- hildakoen gurtzarekin lotutako hainbat eraikin aurkituko dugu -hipogeoak, mastabak, piramideak, kupuladun hilobiak- baina hilerriaren kontzeptu tipologikoa ez da oraindik garatuko, eraikuntza guzti horiek ez baitute helburutzat hildakoa gordetzea, berau babestea eta horren bizitzaren gurtza egitea baizik.

Garai klasikoan, hasiera batean Grezian eta gero Erroman, aurreko garaietako hainbat eraikin egiten jarraituko badute ere, gehienetan hildakoen gorputzak erre egiten ziren eta hautsak gorde zeramikazko ontzitan. Horrela, hilerriaren kontzeptua ez da garatuko eta familia oneko kideak -patrizioak, gehienbat- izango dira soilik beraien etxeetan ontzi horiek gordeko dituztenak. Baina egoera guztiz aldatuko da kristautasunaren agerpenarekin, orduan gorputzak erre beharrean ehortzi egingo baitira, orduko kristauek berpizkundean sinesten baitzuten. Hasieran gorputzak kobazuloetan lurperatuko badira ere, IV. mendetik aurrera kristauek euren gorputzak elizetan ehorztea nahiago izango dute, berpizte prozesua gertatzen zenean prozesua azkarragoa izango zelakoan.