Kontzeptua

Tolosako Inauteriak

 

Tolosa, festei dagokienez, San Joan festei, urtean zeharreko azoka eta merkatuei eta, jakina, Inauterietako festei esker da ezaguna.

Tolosako Inauteriak aipatzea Inauterien handitasuna aipatzea da. Inon festarik bada hauxe da hori. Herriko biztanle guztien sentimendua eta ospakizunaren berezko zentzua uztartzen dira. Festa-giro hori hainbat egilek sustatu dute, horien artean, Antropologia arloko pertsona bat nabarmentzen da, herriko biztanlea dena, hain zuzen, Juan Garmendia Larrañaga.

XIX. mendearen erdialdera egiten ziren ekitaldi gehienak gaur egiten direnen antzekoak ziren. Horretan datza festa horren garrantzia eta esanahia, herrialde barruan nahiz kanpoan.



Tolosako Inauterietako egun bakoitzak bere jarduerak ditu eta adin-multzo guztietarako jardunak antolatzen dira. Mozorrotuen funtzioa, konpartsek sortutako giroa eta ekitaldi ezberdinak elkarlotuta agertzen dira eta multzo heterogeneoa osatzen dute.

1936an irten ziren azken aldiz mozorroak (aurpegia agerian). Urte hori baliatuko dugu, orokortasun baten barnean, urte bakoitzean egindako ekitaldi nagusi eta ohikoak deskribatzeko.

Festak Ostegun Gizenez hasten dira. Herrialdeko herri gehienetan bezala haurrei zuzendutako jaieguna zen. Haurrak mozorrotu eta jolasean aritzen ziren. Halaber, egun horretan, txistulariz osatutako banda erdiguneko kaleetara irten ohi zen arratsaldeko ordubietan, Inauterietako Zortzikoa joz. Ondoren Ostiral Mehea iristen zen, atseden-eguntzat zutena.

Inauteri-igande edo Zaldunita egunean, Udal Musika Bandak diana jotzen zuen goizeko zortzietan. Goizeko bederatzitan beste diana bat entzuten zen, Txistularien Udal Bandarena. Goizean zehar konpartsen, karrozen eta katamaloen erakustaldi informala egiten zen udaletxearen ingurumarian. Arratsaldez, ordubi t'erdietatik hiru t'erdiak arte, herriko banden irteera.



Astelehen-inauteria edo Astelehenita: haurren mozorro-lehiaketa "1936ko Inauterietako mutiko eta neskatoa" aukeratzeko. Goizean herri-kirol probak zezen-plazan eta, arratsaldez, bigantxak.

Astearte-inauteria edo Asteartita: "Gure txokoa" bandak Alborada jo zuen eta aguardient zezena zegoen lekura abiatu zen. Goizean: karrozek, konpartsek eta katamaloek Idiakez Plazan egin zuten desfilea, saria jasotzeko asmoz. Ordubi t'erdietan Billabonako Udal Bandaren, Juglare Bandaren eta Tolosako Udal Musika Bandaren desfilea, kalejiran zezen-plazarantz abiatzeko.

"Inauterien Ehorzketa" normalean Auster egunean egiten zen. Baina 1889an Astearte-inauteriko gauez egin zen. Segizioa pertsona bitxiz betetako karrozekin egiten zen, besteak beste, Baco Jainkoa.

Hurrengo igandea inauteriak amaitzeko ekitaldia egiten zen (ez beti): "Eltze-itsu Igande" izenez ezagutzen zen egun hori.

Tolosako Inauterien historia ez litzateke osotasunean emango ospakizuna debekatu eta horri uko egiteko erabakia hartu zenekoa aipatu gabe. 1937an gertatu zen hori, udal-ordezkarien arteko bozketan berdinketa gertatu zen. Baina Alkatearen kalitateko botoari esker, Inauteriekin jarraitzea erabaki zen, hainbat murriztapen ezarri baziren ere. Bizkaiko eta Gipuzkoako gobernadore zibilek horren berri izan zutenean gutuna igorri zuten Udalera eta akordioa bertan behera geratu zen. Bistan da hurrengo urteetan ospakizuna izan zela eta pixkanaka egoera berria nagusitu zela.

Antzina zezenek berebiziko garrantzia izan zuten Tolosako Inauterietan, eta oraindik ere halaxe da.

Behi-aziendaren parte-hartzearekin egiten ziren ekitaldi ugariak ikuskizunaren atal dira.

Sokamuturra gaur egun egiten da oraindik eta Tolosa et abeste herri batzuetako bizimoduan dokumentatu da ekitaldi hori. Antzina, ostiral arratsaldez idiak ateratzen ziren; beranduago igandera eraman zuten ekitaldia. Idiak sakrifikatu egiten ziren, gero kontsumitzeko. Denboraren poderioz tradizio hori bertan behera utzi zuten.

Hala ere, dokumentu historikoetan agertzen denez, inauterietako festetan "bigantxetan ibili" eta "bigantxen zezenketa" aipatzen dira XVIII. eta XIX. mendeetan zehar. Ikus 1853ko adibide hau:

"... Por correr un buey de Lastur, una vaca de Echezarreta y otra de Muñagorri, de Ibarra, en la tarde de Jueves Gordo...... 130 R. V... Domingo de Carnaval, a las 11, bueyes de Legarra, de Alzo, y de "Odolquierre", de Cizurquil ...... 60 R. V..."

(R. V. = reales de vellón)

1888an, kopuruak pezetetan ematen dira:

"... Por 6 toretes de Lastur, a cada dos salidas en los días 12, 13 y 14 de febrero, a Simon Macazaga ...... 430 pesetas... A Matias Jauregui, de Andoain, por dos salidas de una vaca los días 13 y 14 de febrero ...... 40 pesetas..."

Urte batzuen ondoren ekitaldi hori desagertu egin zen festen barruan eta 1934an berragertu zen. Ordutik, mantendu egiten da.

Animalia horien erabilerari dagokionez, efemeride hauek aipa ditzakegu:

  1. 1848an hainbat bigantxa ekarri ziren Lasturretik. Ostegun Gizenez hiru bider atera ziren, igandean behin, astelehenean sei aldiz eta asteartean zortzi bider.
  2. 1894an azken zezena eskaileratan gora abiatu eta pisu batean sartu zen, bertan zegoen familia ikaratuz. Ez zen gehiagorik gertatu, izan ere, animalia zezendegira eraman zuten.
  3. Bigantxak, zezenak edo idiak hainbat lekutan askatzen ziren: Plaza Zaharra, Plaza Berria, Foruen Plaza eta 1908az geroztik, 1903an eraikitako zezen-plazara eraman ziren behin-betikoz.
  4. 1940an zazpi bigantxekin egin zen zezenketa. 1942an 15 bigantxa atera ziren. 1943an Inauterien programazio osoa berreskuratu zen gaur arte, asteleheneko zezenketa izan ezik.

Mozorroa eta hari buruz, harekin eta haren bidez egiten den irudikapena da antzezpenaren funtsa, hala bakarka nola kolektiboki egindakoa. Mozorroa ez da jantzi bakarrik egiten, mozorroak ematen duen papera hartu behar da.

Bakarkako mozorroen artean, aurki ditzakegu arruntenak, hots, urtez urte ohikoenak bilakatu direnak (apaiz, gotzain, moja, militar, umezain, etab.), eta aurki ditzakegu berritzaileago direnak, edo garai jakin bat irudikatzekoak (filmetako pertsonaiak, herrialdeetako presidenteak edo hedabideen eskutik herritarrengan eragin handia izan duten pertsonaiak).

Kolektiboen artean, konpartsak ezinbestekoak dira. Mozorroak ezberdinak dira garai historikoen arabera. Horrela, txirrindulari mozorrotutako kolektibo baten alboan, modako film ospetsu bateko pertsonaiak irudikatzen dituzten mozorroak aurki ditzakegu, jantzi deigarri eta koloretsuz jantzita.

Txantxoak katamalo batekin atera ohi ziren. Hori aprobetxatuz, bihurrikeria ugari egiten zituzten, esate baterako, konfetia neurrigabe erabiltzea:

"Herri honetako Udalak jakinarazten du, atzoko saioan adostu zela Inauteri-igandean horrenbeste konfeti botatzearen debekua; eta Inauterietako hiru egunetan entretenimendu hori baimentzen bada ere, kolore bakarreko konfetiak erabiliko dira eta debekatuta gelditzen da lurretik jasotzea berriro jendartera botatzeko". (1901eko bandoa).

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik)

Partaidetza ez zen bat-batekoa eta askea. Zenbait alderdi Udal aginduen baitan egitekoak ziren, 1847ko testu-zati honetan ikus daitekeenez:

"...hil honetako bederatzigarren egunez zuk egindako eskaria ontzat ematen dut, hots, adierazitako hiru mozorro-dantzaldiak egitekoa, eta hiriburu honetako herritar baketsuek ohiko egunetan kaleetan zehar mozorro berak erabili ahal izatekoa, ziur egonik ez dela neurrigabekeriarik egingo eta ziur egonik, era berean, dibertsioan direnen artean edozein atsekabe gertatzea ekidingo duzula...".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik)

Lokal publikoei dagokienez, baziren mozorro desiragarriak alokatzeko eta, are, erosteko dendak. Edo girotzeko lokalak, ordutegi zehatz bat zutenak:

"... 1. - Inauterietako hiru egunetan edaritegiak ezingo dira eguna zabaldu aurretik ireki eta kafetegiak gaueko hamabietan itxiko dira, tabernak hamaiketan eta sagardotegiak hamarretan. Tolosa, 1902ko otsailak 8".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Amaitzeko, sutzarrak ezin dira aipatzeke utzi. Hiru egun nagusietako gauetan estrapuak (txalupetan arrauna toletera lotzeko erabiltzen diren kalamuzko uztaiak) erretzen ziren eta, bide batez, argia lortzen zen iluntasun betean.

Funtsean konpartsen, txistulariz osatutako banden eta Udal Musika Bandaren eginkizuna zen soinuari dagokion alderdia. Kolektibo bakoitzak zuen bere espazio publikoa eta egoera jakin batzuetan bat egiten zuten. Horrela agertzen da eskuragarri dagoen dokumentazioan. Hura hartuta errepaso labur bezain sakona egingo dugu, musikari zale eta bat-bateko adierazgarrienak ere aipatuko ditugularik.

Urtez urte berrikuntzak izaten ziren konpartsetan, haien abestietan edota mozorroetan. Dena den, 1884an bi segizio konplexu irten ziren. Bata "Eromenaren segizioa" izendatu zen eta kabalgata batek eta konpartsa batek osatzen zuten. Bertan, hauek ikus zitezkeen, agertzen ziren hurrenkeran adierazita: gaita-jotzaileak, sorginen konpartsa, heraldoak, amazonak, aguazila eta zuzendaria, zutoihal eroalea, pertsonaia anitz, danbor-banda, umezainen konpartsa / ezkontza-oparia, erraldoiak eta nanoak, haurtxoen ikasleak, hegaztien konpartsak, lantzariak, bainuen aurretiko eta osteko Esker onen karroza, apaizen karrozak, arlekin eta pierroten konpartsak, eromenaren karroza, musika klasikoa eta basatien ejertzitoa.

Bestea "Inauterietako segizioa" izendatu zen eta hauek osatzen zuten: danbor-joleak, kaikuen konpartsa, igelen konpartsa, arlekin eta pierroten konpartsa, tximuen konpartsa.

Urte batzuk beranduago, 1887ko Inauteri-igandean, "Laurak bat" txaranga zutoihal bat hartuta eskean ibili zen kalez kale. Zutoihalean "Karitatea ez da eskatzen, baina bai jasotzen" irakur zitekeen. Urte hartan beste konpartsa bat kalez kale atera zen eta hainbat abesti jo zituen gitarra bat, bandurria bat eta txirula bat hartuta. Konpartsa horrekin batera karroza bat atera zen, erramu-sorta batez apaindutako zaldi batek bultzatuta.

1896an, "Euskara" konpartsak Makil Dantza eta Aurreskua prestatzea erabaki zuen. Nahikoa diru ez zutenez eskean ateratzea erabaki zuten. Horretarako, udaletxean eskatu zuten baimena eta onartu egin zitzaien.

Danborradek ere denboran iraun dute, gutxienez, 1896tik. Larunbat Erregular gaueko zarata burrunbatsuaren ondoren Inauteri-igandeko jai giroaren txanda zen; kanpotik hurbiltzen zen jende andanak sortutakoa, beste uneren batean, bestelako kolektibo baztertuekin edo etnia ezberdineko kolektiboekin gertatu bezala.

Herrira ijitoak, galdaragileak eta ofizio anitzeko beste zenbait kolektibo hurbildu ziren. Horren ondorioz, hurrengo urteetan haien janzkera mozorro bilakatu zen eta herriko gazteek haien ofizioak imitatzen zituzten. Horrela, 1925ean "Gure txokoa" elkarteko galdaragileak eskean atera ziren Erruki-etxe Sainduaren alde.

1932ko jaietako elementu adierazgarri modura, "Gure txokoa" elkarteko Artzaiak eta Iñudeak konpartsa eta "Gran Coliseo Gure Kayola" izeneko zirkoa aipatu behar dira. Halaber, Inauteri hartan udal-txistulariak, "Umore ona" eta "Polvo y paja" txarangak eta Billabonako Udal Banda atera ziren kalera.

Abesti eta melodiak interpretatzeko unean konpartsak batu egiten ziren. Berez, oroitzen diren eta idatzita dauden abesti anitzen artean, Galtzaundi izenekoa da Inauteriekin argiro lotzen dena. Abesti horrek lelo sarkorra du eta, horri esker, Euskal Herriko beste zenbait lekutara hedatu da:

Ta Galtzaundi, ta Galtzaundi,
apellidua det Goñi.

Ramos Azkarate izan zen hitzak idatzi zituena. Horretarako, Santos Goñi izan zuen inspirazio-iturri, praka handiak erabiltzen zituen zapata-konpontzailea. Haren etxe parera iristean musikariek melodia hura jotzen zuten eta Galtzaundik anis-kopa bat ematen zien trukean, emaztearekin batera sortutako korruaren erdian dantzatzen zuen bitartean.

Txarangek jotako abestiez gain, egunean zehar beste hainbat melodia entzun eta dantzatzen ziren kaleetan zehar, Diana eta Alborada alde batera utzi gabe, besteak beste: habanera, Baratzako pikuak, Pastelero, Zortziko, Martxa, Polka, Idiyarena, Farol dantzak edo Txanton piperri.

Musikak, abestiak, mozorroek, antzezpenak, sokamuturrak, kalejirak eta beste hamaika elementuk osatzen dute Inauterietako festa, iraganeko eta orainaldiko alderdiek bat egiten dutelarik, Tolosako herritarrei esker, gugana heldu direnak orainaldia besarkatuz.

  • GARMENDIA ARRUEBARRENA, Jose. Obras inéditas de Iztueta. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxea, 1968.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Iñauteria. El Carnaval Vasco. Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, S. A., 1973.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Euskal lexico etnografikoa. Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, S.A., 1987.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Fiestas de invierno. Bertan, 1. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia-Kultura eta Turismo Saila, 1993.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Juan Garmendia Larrañagaren Hiztegi Etnografikoa. Donostia: Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, 2003.
  • HERNANDEZ MENDIZABAL, Tomás. Iñauterietako kartelak (Tolosa 1969-2002). Tolosa, 2002.
  • TUDURI ESNAL, Francisco. Tolosa 1903-2003. Plaza baten mendeurrenean. Donostia: Kutxa Fundazioa, 2003.