Kontzeptua

Hizkuntza-Ideologia

Soziolinguistika Klusterraren lankidetzarekin eta gidaritzapean

Hizkuntzak, komunikatzeko ez ezik, taldea egiteko ere ezinbesteko tresnak dira. Hizkuntza bera erabiltzen duten pertsonek harreman-sare bat eratuta izaten dute eta sare horretako partaideek munduaren ikuskera edo mundua interpretatzeko modua partekatzen dute. Hizkuntza-komunitate horiek elkarren ondoan bizi dira eta botere-harreman ezberdinak izaten dituzte. Taldeen arteko elkarreragina arautzeko moduez dauden ikuspegi ezberdinek hizkuntza-ideologiak eragiten dituzte. Egoera elebidun, eleaniztun zein elebakarretan aritzeko moduez, justiziazko arauez eta eman beharreko urratsez arduratzen dira ideologiak.

Hizkuntzaren erabilera egokiaren eta hizkuntza-aldaera bakoitzaren erabilera-esparruei dagokienez, hizkuntza-ideologia arauemaile zorrotzak nahiz zabalagoak daude. Normalean hizkuntzaren estatusaren arabera joera bat edo bestea izan ohi da nagusi.

Horrek guztiak hiztunengan eragin zuzena du. Hiztun-komunitatearen errealitateak, hiztunen ideologiak eta abar, hiztunengan jarrera batzuk ala beste batzuk izatea ekarriko du eta horrek, zalantzarik gabe, eragin zuzena izango du hiztunen jardueran, hizkuntza bat ala bestea hautatzean, hizkuntza baten aldaera bat ala besta erabiltzean.