Kontzeptua

Tartalo

Polifemoren kondaira Grezia eta Erroma klasikoan hain sonatu eta zabaldua izateak zailtasuna dakarkio pasadizoaren jatorria eta esanahia argitzeko lanari. Izan ere, horrek ugaritu egiten baititu istorioak eduki ahal izan dituen hedatzeko aukerak eta bideak. Lehenik eta behin, euskal barianteak eta Homeroren eredu klasikoaren artean oinordekotzarik ez dagoela esan dezakegu, ikertzaileen ahobatezko iritzia aipatuz. Ahobatezko ustea da halaber, Homerok artzain ziklopearen pasadizoa asmatu ez, baina, apaindu baino ez zuela egin, ordurako zabaldurik zeuden hainbat ahozko tradizio jaso eta nahasiz.

Esanahiari dagokionez, pasadizoa ez da kontatzen sortu zen testuinguru berean, eta sortze garaian izan zitzakeen funtzioa eta adierazkortasuna aspaldian galdu dituenez, lotura hori etenda, ipuin moduko bilakabidean abiatzen da fikzio hutsa bihurturik, ezaugarri eta anekdota berriz osatuz. Aztertu egin behar da beraz, elementurik jatorrenak zein izan daitezkeen asmatzen saiatzeko. Funtsezko ezaugarriak hauek dira: artzain ziklopea jentilen antzeko erraldoi bat da. Bertsio gehienek trikuharriekiko lotura zuzenik azaltzen ez badute ere, klasikoek Sizilian eta Asia Txikian kokatzen dituzte, hots, trikuharri kontzentrazio handiko bi lekutan, eta Europan zehar agertzen duen banaketa ere esparru dolmenikoarekin bat dator. Gainera, eta beranduagoko asimilazioak badira ere, herriak jentilekin nahasi egin ditu zenbaitetan, Ataungo Muskiako jentila ziklope bihurturik edota Zegamako trikuharri bati Tartaloetxe izena ipiniz. Artzain ziklopea jentilaren antzeko izakia da, baina bertsio gaiztoa baino ez du. Jentilak bi eratara azaltzen zaizkigu mitologian: zintzo eta gaizto. Zintzo, era berezko eta jatorrean, eta gaizto, jentil-aroaren ondorengo erlijio eta kultura nagusien azpian geratzeak eragindakoan. Tartalok berriz ez du bertsio zintzorik.

Tartalo eta bere ahaide guztiak ugalkortasuna eta aberastasunari lotzen zaizkio: artalde ederrak dituzte, urrezko adarrekiko ardi gizenak, gazta mardulak eta zahagi-ardo beteak. Haien kobazulo edo etxolara datorren heroia berriz narotasun hori gozatu eta ebastera joan ohi da. Tartaloren indar handiagoari, heroiaren maltzurkeria handiagoa aurkatu eta nagusitzen zaio azkenik.

Elementu hauek guztiek, heroi kulturalaren ebasketaren hipotesia iradokiko lukete, horren adierazpen esplizituak huts egiten badu ere. Ataungo San Martintxikik Muskiako jentilei nekazaritzaren sekretuak lapurtu zieneko pasadizoaren antza handiko eskema azaltzen dute artzain ziklopearen pasadizo guziek, ez Euskal Herrikoek bakarrik. Ulisesek ardi gizenak osten dizkio Polifemori eta ume gaskoiek hildako ardien urrezko adarrak biltzen dituzte Bécud-en zuloan, baina ez batek eta ez besteak ez dute heroi kulturalaren teknologia lapurreta parekatzen. Hasieran plazaratu den Santa Graziko bertsioan egon liteke kakoa: euskal bertsio gehienetan eraztun salatariaren motibua agertzen da, sarritan oso trakets sartuta kontakizunaren harian. Bertsio ia guztietan, eraztunak gidatzen du ziklope itsutua ia-ia iheslaria harrapatzeraino. Santa Graziko bertsioan, heroiak ardi-larrua bizkarrean eta zintzarria lepoan ipintzen ditu ardi itxurapean ezkutatzeko. Halere, eraztun salatariaren sarkeria dela eta, kontalaria ahaztu egiten da zintzarriaz, honek ere hots gidagarria zabalduko zuen arren. Zintzarriaren lapurreta eta zintzarriaren teknologia kristauen artean zabaldu izana balira kontakizunaren funtsa jatorra, bete betean sartu ahal izango litzateke Tartaloren kondaira heroi kulturalen lapurreten sailean.

Gaur egungo urruntasunetik bereiztea zail egiten bazaigu ere, zintzarrien asmaketak iraultza ekarri bide zuen abeltzaintzan. Abeltzainek zintzarri guztien hotsak bereizi ohi dituzte, eta entzute hutsez jakin, abereak norenak diren eta zein abere den zintzarria daramana. Zintzarriek abeltzaintzaren ekoizkortasuna nabarmen emendatu zuten, abereak mendian zaintzarik gabe utzi zitezkeelako eta gero noiznahi aurkitu. Eta zalantzarik gabe, gainerako aurrerapen teknologiko guztien antzera, zintzarriek ere euren mito eta kondairak izan dituzte, jatorrizko testuingurua galdu ondoren haiek ere galdu diren arren.

Artzain ziklopeen ardi eta gazten bikaintasunaren aipamenak, Tartaloren "lehen artzain" izendapenak, eta ardiak banan bana nola ezagutzen zituen hainbat bertsiotan ageri diren xehetasunek, lapurreta kulturalaren hipotesia indartzen dute. Eta eraztun salatariaren motiboaren ugaritasunak eta zintzarriaren "fosilak" adieraziko lukete zintzarria zela hain zuzen, nahita edo nahigabeko lapurreta-gaia kondairaren bertsio jatorretan.

Azkenik, Tartaloren bertsio zintzorik gabeko izate gaiztoak eta, salbuespenak salbuespen, leku jakin batekiko loturarik ezak, zera adierazten du: pertsonaia jentilen mitologiatik eratorritako gaiztorapen bat dela, baina gaiztotze prozesu hori Euskal Herritik kanpo beste lurraldeetan gertatu zela, eta gaizto bihurturik iritsi zela euskaldunen artera, trikuharrien kulturaren ondorengo beste kultura batek gaizto bihurturik, agian zintzarrien teknologiarekin batera.