Kontzeptua

Tartalo

Burruntzi edo antzeko tresnaz heroi batek itsuturiko artzain ziklopearen kondaira hainbat tokitan erregistratu da, horri buruzko ikerketa alderatzaile monografikorik oraindik egiteke badago ere. Eredurik ezagunena Homero-ren Odisean ageri den Polifemo da zalantzarik gabe. Greziar eta erromatar autore klasiko gehiagotan ere ageri den ziklope hau Siziliako irlan kokatzen du Homerok, arraza bereko jendarte bateko kide bezala. Ulises da, bertsio klasiko honetan, ziklopea itsutu eta haren ardiak ebatsita ihes egitea lortzen duen heroia. Pirinioetan zehar ere, artzain ziklopearen legenda zeharo zabaldurik dago: Bécut deritza gaskoien artean Bearnen eta Bigorran, Lou Gigant Sault-en eta Ulhart Foix-en, baina azken izen honekin ezaguna da baita ere Frantziako Alpeetan. Azkenik, Antoine d'Abbadie euskaltzalearen duela mende eta laurden pasako aipamena dugu, antzeko kondaira Abisinian entzun zuela 1843an, Aarne-Thompson kondaira aurkibide ospetsuak afrikar eredu bakar bat ere eskaintzen ez duen arren (AT1137).