Dantza

Arantzako inauteria

Arantzako inauteriaz hitz egiteko, lehenik eta behin, izenaren gaineko ohar bat egin behar genuke. Folklorearen munduan Arantzako inauteria deitzen dena, egun, Arantzako dantzak edo Arantzako dantza luzea izenez ezagutzen da (herrian batik bat deitzen diote hala). Aspaldi da bestelako inauteri bat ospatzen dela inaute denboran propio, eta aztergai duguna, berriz, abuztuko festetan egiten da, Ama Birjinaren egunean, meza ondotik.

Zentzu honetan, inauteri honen bilakaera historikoa kapitulu garrantzitsua da. Inauteri gehienak bezala (euskal eremuez ari garela) gerra zibilaren garaian desagerrarazi zen. Geroago, 70. hamarkadatik aurrera, berreskuratze-saio garrantzitsuak egin zituzten hainbat taldek (Erketz Euskal Dantzari Taldea, Ortzadar Euskal Folklore Elkartea, etab.) eta honela, gaur sasoi oneko tradizioa da. Gaurko inauteriak bestelako jarduerak biltzen ditu (etxez etxeko eskea kantua eta dantza tarteko, adibidez), eta beraz, hurbilketa honetan gaur egun festetan egiten dutena azalduko dugu.

Arantzako dantzetan nahi beste bikotek hartzen du parte. Antzina, plazan aritzen ziren usuenik, baina gaur egun, eguraldiaren gora beherak saihesteko, frontoian egiten dute. Dantzari ateratzeko ez dago inolako baldintzarik, aski umetan hasten dira eta adin handiagoko helduak ere barne, gehienez ere 50 urteren bueltan daude plazara ateratzen diren dantzari zaharrenak. 40 dantzari biltzera ailegatu dira inoiz. Belaunaldi batzuek besteei irakasten dizkiete dantzak, auzolanean.

Goizean diana jotzen da herrian barrena. Ondotik, eliz atarian eta mezarako sarreran, udaleko agintariak eta dantzariak sartzeko txistulariek pieza bat jotzen dute. Meza bukatutakoan, berriz, lagun horiek denak plazara eramaten dituzte musikariek, eta handik frontoira.

Frontoian, hasteko eta behin, mutil-dantza bat egiten dute eta ondotik bigarrena; melodia berean biak, alegia. Hori egindakoan, lerroko bigarren eta azkenaurreko mutilak neska guztien bila doaz neska-biltzearen musikaz lagunduta, zapiak elkarri emanez. Neskak mutilen artean kokatu direlarik (neska-mutil, neska-mutil hurrenkeran), zortziko erdia egiten dute, zubirik gabe (herrian soka-dantza deitzen dena). Hori egin ondotik, mutilak ateratzen dira eta neskek neska-dantza egiten dute. Hau ere bukatuta, badoaz, eta mutilak sartzen dira hiru bueltakoa egiteko haiek bakarrik. Azkenik, eta sail osoa bukatzeko, zortzikoa (zubia barne) egiten dute osorik, denek elkarrekin, mutilak nesken bila joanda.

Azken bi urteotan, inauterietako larunbatarekin herri-kirolen apustuen ondotik, Moxorro xuriek zortzikoa eta hiru bueltakoa dantzatzen dituzte, garai bateko ohitura berreskuratu asmoz (eta Moxorro beltzak larunbat gauez ateratzen dira aurpegia estalita jendea ikaratzera). Mozorro zuriak normalean galtza urdinez janzten dira, salbu larunbatean, galtza zuriarekin janzten baitira; honela, festetarako bezala jantzi eta dantzatzen dute.

Aski errotua dago herriko dantza hauek festetan egitea. Erabat sustraitua, halaber, zortzikoa herritik kanpo dantzatzea edonongo festak edo ospakizunak direlarik.

Txistularia (bat edo bi normalean, taldea azken urteetan) eta atabalaria izaten dira musikariak. Ahots bakarrean edo bitan jotzen dute eta frontoia behin eta berriz batetik bestera gurutzatuz egiten dute emanaldia. Dantza horien partiturak atxikirik dira lan honetan, kasu honetan, Ortzadar Elkarteak jatorrizkoaren gainean eginiko konposizioak dira.

Hasieran aipatu dugun bilakaera kontuan hartuz, jantzia urteen bueltan aldatu dela iruditzen zaigu. Jatorrizko moldearen zantzu garbirik ez dago. Gaur egun mutilak zuriz janzten dira, gerriko, zapi eta txapela gorriaz, eta espartin zuriak zinta gorriez. Lepoan koloredun zapi handia daramate gainera, soka-dantzan bikotekidearekin elkartzeko erabiltzen dutelarik.

Neskak, bestetik, bi marra gorridun gona zuria, atorra zuria, gerruntze gorria, espartin zuriak zinta gorriekin eta media zuriak janzten dituzte. Zapi koloredun handia ere daramate lepoan. Jantzia norberak egiten du, ez dira herrikoak, eta batzuen eta besteen artean aldeak izaten dira, jostun ezberdinak nabari dira.

Antzina, inauteri garaian egiten zen hartan, traje arlekinatua erabiltzen omen zuten mutilek; hainbat koloretako galtza eta atorrak ziren. Txapelean, halaber, koloredun zintak zituzten. Ez dakigu hau puntualki gertatutako zerbait izan zen ala ohiko janzkera zen, baina Erketz taldeak badu bere artxiboan argazki zahar bat zeinetan arlekinatua delakoa aski garbi ikus daitekeen. Ortzadar Elkarteak, pista hari jarraiki, jantzi hura berreskuratu zuen bere agerkizunetan erabiltzeko.

  • FERNANDEZ DE LARRINOA PABLOS, Kepa. Calendario de Fiestas y Danzas tradicionales del País Vasco. Bilbao: Gobierno Vasco, 2003.
  • ARRARAS SOTO, Francisco. Danzas e indumentaria de Navarra, Merindad de Pamplona II. Pamplona: Príncipe de Viana, 1987, pp. 73-74.
  • ARRARAS SOTO, Francisco. Arantzako Zortzikoa (Amarbigin eguna). DVDa. 06/08/15. Ttipi-ttapa telebista.