Dantza

Arantzako inauteria

Goizean diana jotzen da herrian barrena. Ondotik, eliz atarian eta mezarako sarreran, udaleko agintariak eta dantzariak sartzeko txistulariek pieza bat jotzen dute. Meza bukatutakoan, berriz, lagun horiek denak plazara eramaten dituzte musikariek, eta handik frontoira.

Frontoian, hasteko eta behin, mutil-dantza bat egiten dute eta ondotik bigarrena; melodia berean biak, alegia. Hori egindakoan, lerroko bigarren eta azkenaurreko mutilak neska guztien bila doaz neska-biltzearen musikaz lagunduta, zapiak elkarri emanez. Neskak mutilen artean kokatu direlarik (neska-mutil, neska-mutil hurrenkeran), zortziko erdia egiten dute, zubirik gabe (herrian soka-dantza deitzen dena). Hori egin ondotik, mutilak ateratzen dira eta neskek neska-dantza egiten dute. Hau ere bukatuta, badoaz, eta mutilak sartzen dira hiru bueltakoa egiteko haiek bakarrik. Azkenik, eta sail osoa bukatzeko, zortzikoa (zubia barne) egiten dute osorik, denek elkarrekin, mutilak nesken bila joanda.

Azken bi urteotan, inauterietako larunbatarekin herri-kirolen apustuen ondotik, Moxorro xuriek zortzikoa eta hiru bueltakoa dantzatzen dituzte, garai bateko ohitura berreskuratu asmoz (eta Moxorro beltzak larunbat gauez ateratzen dira aurpegia estalita jendea ikaratzera). Mozorro zuriak normalean galtza urdinez janzten dira, salbu larunbatean, galtza zuriarekin janzten baitira; honela, festetarako bezala jantzi eta dantzatzen dute.

Aski errotua dago herriko dantza hauek festetan egitea. Erabat sustraitua, halaber, zortzikoa herritik kanpo dantzatzea edonongo festak edo ospakizunak direlarik.