Zinekoak

Andra guztien artean

Lan Zinema eta Sendeja Films bilbotar ekoizleen artean 1997an egindako koprodukzioa. Egitasmoaren ekoizpena Benito del Rio, Iñaki Goikoetxea, Javier Rebollo eta Ernesto del Rioren esku izan zen.

Gidoia Pedro Ugarteren Los cuerpos de las nadadoras eleberrian oinarrituta dago eta Ugartek berak Luis Eguiraun eta Juan Ortuosterekin batera izenpetu zuen. Filmaren argudioa Bilboko espetxean, Jorge Galindez izeneko Ramon Bareak interpretatutako idazlea espetxeratze-egoera horretara eraman duten aurkako egoerak gogoratzeaz, hasten da. Beste batzuen artean Enbeitarekin (Antonio Resines) elkartu izana, iruzurraren sustatzaile den enpresari laguna da Galindezek dituen gaitz guztien iturburu. Pertsonaia protagonista, Trufautten (L'Homme qui aimait les femmes) edo baita Sueños de un seductor, filmeko Woody Allenen aztarnaduna, emakumeez nekegabe maitemintzen den maitalea da baina larrua jotzerako orduan ez du batere zoririk. Film guztian zehar, ospedun idazle bihurtzeko bere ahalegin guztiak eta bere maite-kontu naroek porrota jasaten dute.

Egia esan, filmak emaitza ona izateko elementu asko zeuzkan. Ugarteren beraren eleberria filmaren argudio-ildorako oinarri sendoa zen. Eta Ramón Barea, Antonio Resines, Juan Viadas, Mariví Bilbao edo Saturnino García bezalako aktoreek, zalantzagabeko talentudunak, lanaren interpretazio-mailari begirako erabateko berme izan ziren. Baina Ortuosteren errealizazioa erabat arrakastarik gabekoa da. Galindezen etengabeko porrotak erakusteko humorearen eta samintasunaren arteko eleberrian dagoen jolas hori ez da inoiz erabiltzen. Are gehiago, dinamika hori pantailara eramaten da, baina zorroztasun eta logikarik gabe. Horrela, filmak generoa aldatuz, ezbeharretik komediara, ezerk zuritu gabe, aurrera darrai. Andre guztien arteanek nolabaiteko interesa hartzen duen unea du eta filmak zerbait interesgarri adieraziko digunaren antza ematen du. Idazlea eleberri bat idazteko erretiratu egiten da eta auzoko nerabe bat ezagutzen du berarekin Ortuostek ondo bideratutako sedukzio-joko bati hasiera emanez. Baina irudipen hutsa da dena. Historia hau bukatu ondoren filma berriz galtzen da, ikusleari frustrazio sentimendua uzten dion erabateko presazko eta ohiko amaiera izanez. Luzemetraiak, bere estreinaldiaz geroztik, jendartean oharkabe igaro zen.

  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.