Instrumentugilea

Aldeiturriaga Zabala, Maurizia

Ruper Ordorikak idatzita utzi zuen, Elkar etxearen grabazioen aurkezpen orrian: "Mauriziak alboka bezala egiten zuen kantuan edo, agian, Leonen albokak egingo zuen Mauriziaren ahotsaren moduan". Mauriziaren oktaba-saltoa oraindik harrigarria eta imitatu ezina zaigu.

Maurizia Aldeiturriagak hainbat soinu eta alboka jolerekin egin zituen bere saioak: Zeberioko Joakin Goti, Benantzio senarra, Leon Bilbao albokaria. Benantziok utzi zuenean aipatu dugun Fasio Arandia soinujole igorreztarrarekin 1964tik aurrera. Eta Basilio Undagoitia "Txiki"rekin, Fasio hil zenean. Rufino Arrola "Andrakas"ekin ere ibili zen. Bere ibilbidean konstante bat dago, ordea: aipatu dugun Leon Bilbao albokaria.

Panderoarekin bat egiten zuen, bat bere ahots-kordekin, eta bat bera ikustera bertaratutako publikoarekin. Zenbat eta jende gehiago egon entzuten, hobeto izan ohi zen beretzat. Berezkotasunaren eta profesionaltasunaren oreka bikainaren erakusgarri zen. Maurizia Aldeiturriagaren estilorik ez dago: bera zen pandero tradizionalaren estiloa. Gaur egun ere panderoa ikertzen edo ikasten dutenak eredutzat daukate Zeberiokoaren jotzeko modua. Gainera belaunaldi zaharren eta berrien arteko kate-begi izan ziren musikari haiek, batez ere Mauriziak, Leon eta Fasiok osatutako hirukotea egin zen famatu. Euskal kutsu tradizionaleko soinuari eutsi egin zioten Arratian, eta hori oso garrantzitsua izan zen, Franco hil osteko loraldian erreferenteak behar zirelako musika biziberritzeko.

Arratia, Ubide eta Zeberioko "Begitu" aldizkariak gehigarri berezia eskeini zion Maurizia Aldeiturriagari 2005eko urrian. Bertan Joseba Tapia trikitilariak zera dio:

"Bizkaitarrak bazirela bai, baina hortik aurrera ezer gutxi genekien hasieran. Bizkaiko trikitixa baino lehen Gipuzkoakoarekin geunden liluratuta. Ezagunagoak genituen hemengo joleak, Urola, Oria bailarakoak. Txapelketetan ikusten genituen, herri txikietako erromerietan, irrintzi batean, bizkor eta umoretsu. Mundu harexek erakarrita hasi ginen tresna zaharra zirudien hura ikasten.(...)

Orain, Mauriziari buruz berba egitean, ezinbestean, oroimina datorkigu. Denbora haiek hobeak balira moduan. Edozelan ere, Maurizia trikitilarion amabitxi bihurtu da. Bere ahotsean ezagutu dugu aurreko mundu bat, bizimodu ezberdin bat. Bizitzaren borroka eta dibertimendua. Tradizioak zergatik ez duen beti gauza txarra esan gura. Edertasunaren beste balio bat. "

Gehigarri berean Kepa Junkerak ere bere iritzia eman zuen:

"Trikia jozten nuenez Fasiok egiten zuenari jarraitzen nion. Oso hirukote berezia izan zen, bata bestearen osagarri ziren. Mauriziak karisma eta indarra zituen eta eskenatokian egoten bazekien. Fasiok soinuarekin poemak egiten zituen eta Leon hirukotearen kontrapuntua zen, antzinako instrumentua den albokarekin. Asko animatu ninduten hasieran, jende gaztearen alde egiten zuten.

Atera zuten diskoak -Maurizia, Leon, Basilio eta Fasio- oraindino emozionatu egiten nau. Bizkaiko trikitixaren ordezkariak ziren."