Kontalariak

Aldecoa Isasi, Ignacio

Idazlea. Gasteizen jaio zen (Araba), 1925eko uztailaren 24an. Madrilen hil zen 1969ko azaroaren 15ean.

XX. mendeko gaztelaniazko narratzaile nagusietako bat izan zen, eta joera neorrealista eta kritika sozialaren ordezkaria. Aldecoaren literatura sozialak lirismotik existentzialismorako bidea egiten du, eta eguneroko istorioetako protagonistei, jendeari, elkartasun izugarriz erreparatzen die. Heriotza goiz etorri zitzaion, 44 urte zituela; hirurogeita hemeretzi ipuin utzi zituen, bi olerki liburu eta dozena erdi eleberri labur.

Gurasoak burgesak ziren, eta Marianisten ikastetxean ikasi zuen. Nerabezarotik izan zen bihurria, 12 urte zituela mezara joateari ere utzi zion, eta agnostikotzat jo zuen bere burua. Familiarekin zituen harremanak afektu handikoak izaten ziren batzuetan, eta beste batzuetan, aldiz, errietaz beteak, ikasketetako hutsegiteengatik. Irakurle eta kirolari handia izan zen, taxidermia eta ehiza esperimentu zalea. Garai horretan euskal pintoreen beste talde bat ezagutu zuen, aitaren eta Adrian osabaren hizketaldian biltzen zirenak: Gustavo de Maeztu, Diaz Olano, Echevarria,... Izan ere, familian, Aldecoaren aitak zein aitonak pintura ikasi zuten Parisen eta Bruselan, eta Arabako hiriburuan pintura eta zaharberritze negozioa zuten. Hala ere, Ignaciok hasieratik jo zuen literaturarantz.

17 urte zituela, batxilergoa bukatu ondoren Salamancara joan zen, unibertsitatean ikasteko. Filosofia eta Letretan matrikulatu zen, baina ez zen fakultatera joaten. Unibertsitatetik kanpoko lagunak zituen, mundu akademikotik kanpokoak, gerora kontakizun ugari inspiratu zituztenak. Antonio Tovarrek, orduko irakasleak, horrela gogoratzen du:

"Aldecoa jauna ez zen gazte luzanga, ile luzeko bihurria, gaztetatik argia eta begi beltz sarkorrak zituenak; horren ordez, "f" bat zen, zerrendan egunero bere izenaren alboan jartzen nuena "falta" hitzaren lehen hizkia. Hiri txikian bagenekien Aldecoak ez zuela zaharren jakintzarekin aberasteko bidea hartuko. Ikasle bohemiar hori hasten ari zen, agian, Maese Zaragosi y Aldecoa su huesped lanean hain ongi azaldu zuena; garaiko bizitza pobrean, askotan miserablean barneratu zen, nik uste, eta inguratzen gaituen gizateria benetan zer den ikasi zuen, jende txiroaren epopeia, bertatik bertara eta ez liburuetan."

(Itzulpen moldatua gazteleratik).

1945ean Ignacio Aldecoa Madrilera joan zen bizitzera. Salamancan bezala, unibertsitatean matrikulatu zen, baina ez zen joan. Berak bezala, La hora eta Alcala unibertsitate aldizkarietan idazten hasi zen gazte talde bat ezagutu zuen; 50eko hamarkadako belaunaldikoak ziren, edo Gerra Zibila zortzi edo hamar urterekin eta nerabezaroa gerraren eraginpean (kasu honetan II. Mundu Gerra) bizi zuten belaunaldia ziren, eta hortaz "gerrako umeak" ere deitu zituzten. Besteak beste, han zeuden Carmen Martin Gaite, Rafael Sanchez-Ferlosio, Josefina Rodriguez eta Ana Mª Matute (orduan ez zen Madrilen bizi) edo Jose Manuel Caballero Bonald, eta lagun egin ziren. Café Gijón-en biltzen ziren Juan Benetekin eta Luis Martin Santosekin. Julio de la Rosak hala idatzi zuen:

"Mende erdiko belaunaldi horretako gizonek irekitzeko asmo argia dute, barne askatasun izugarria dute, bide berriak aztertzerantz doan bidea."

(Itzulpen moldatua gazteleratik).

1952an Josefina Rodriguezekin ezkondu zen, eta 1954an alaba bakarra izango zena jaio zen, izenez Susana. 1958an New Yorkera joan ziren, eta negua han eman zuten. Munduko hiriburua eta herrialdea oso erakargarriak iruditzen zitzaizkien. Eivissan eta Kanarietan ere bolada luzeak igaro zituzten. Ignaciok itsasoa maite zuen, eta horrek uharteetara eramaten zuen, baina itsasoko abentura guztiek maitemintzen zuten, eta hilabete batez itsas sakoneko arrantzaleekin nabigatu zuen, itsasoko bizitzari buruzko eleberri-erreportajea idazteko eta miseria eta bakardadez betetako existentziari duintasuna emateko. Gran Sol eleberriak 1958ko Kritika Saria lortu zuen. Aldecoari indarkeria kirolak eta kirol tragikoak izugarri gustatzen zitzaizkion, esate baterako boxeoa eta zezenketak, heriotzarekin obsesionatuta baitzegoen. Haren ustetan, bizitzak arrisku zentzua zuen eta bizia erre nahi zuen, bukatu, agian laburra izatearen zoritxarreko sentimenduarekin; bere kasuan, muturrera eramate hori bete egin zen, lasterketa batean hil baitzen. Agnostizismoak existentziaren zentzu materialista indartu zuen.

Politikari dagokionez ezkerrekoa zen, sozialismo aurreratuen ideiekin bat egiten zuen, baina zentzu kritiko finaren ondorioz, ez zen alderdi klandestino batean ere afiliatu, soilik literaturarenean. Idazlea izatea bizitzari aurre egiteko jarrera zela esan ohi zuen, eta idatzitako lanetan klase baztertuen eta desjabetuengatik kezkatu zen; lanbideei buruzko kontakizunen seriea oso ezaguna izan zen.