Literatoak

Mugica Egaña, Robustiana

Tene.

Deba, 1888-1981.

Robustene Mujika, Tene Mujika, 1888ko maiatzaren 24an jaio zen Deban ondasunak zituen familia baten barruan. Gurasoek herriko janari denda handiena zuten eta euskaldun eta abertzaleak ziren. Bederatzi seme izan ondoren bera izan zen lehen alaba (izena, aldiz, aitak egindako promesa baten ondorioz jarri zioten, nahiz eta haren gustukoa izan ez).

Txikitan gurasoen dendan jolasten zuen, eta poliki-poliki, jolasen bitartez, ogibidea ezagutu eta ikasi egin zuen. Eskolara, aldiz, sei urterekin joan zen, anaiek egiten zuten bidea eginez, baina haien aldean (mutilek gazteleraz hitz egiten eta idazten edo matematika ikasten zuten bitartean) Tenek etxeko lanetan trebatzeko kontuak ikasten zituen. Horiez gain irakurtzen, idazten eta gaztelerazko gramatika ikasi zuen eta hamalau urterekin dendan hasi zen lanean. Hala ere, bere heziketaz beti mintzo zen apaltasun handiz:

"Ez naiz ikaste nagusiak egindako emakumea. Senide asko giñan eta gurasiak gu aurrera ateratzen lanik asko izan zuten. Gozoki, edari, ta janari denda zuten, eta errian bertan al bestean ikasiak giñan. Mutillak mutil bezala, neskak neska bezala".

Ondorengo urtetan dendan laguntzen zuen bitartean ezkogintzan ikasi zuen, eta herrian behar zen argizari eta kandelak egiten zituzten ezko-olan. Horiek denak eginda ere irakurle sutsua zen Tene eta euskal klasikoen obrak (Axular, Manuel Larramendi, Agustin de Kardaberaz, Mendiburu, Agirre Asteasukoa, Mogel, eta abar) ezagutzen zituen. Bai eta bere garaiko Txomin Agirre edo Azkueren lanak ere.

Dendetako lanaren ondorioz, zakuak zamatzen ibili beharra, pisu handiak hartzea,... gaixotu eta irakurtzen eta hezten ematen zituen egunak, bai eta apurka-apurka idazten ere. Olerki batzuk hasieran, ipuin batzuk geroago euskara garbian, neologismo eta arkaismo ugari tartekatuz baina, hala ere, euskara ulergarria eginez.

Kirikiñok, Euzkadi egunkariko arduradunak, Teneren berri izan eta 1916an kolaborazioak eskatu zizkion. Eta eskaera bere izan zuen Euzko Deiatik ere. Bi egunkari horietan (eta beranduago Jainko-Zale izenekoan ere) kolaboratu zuen Tene Mujikak.

1923an argitaratu zuen bere lehen liburua, Idazkiak eta Olerkiak (Jaungoiko-Zale), 126 orrialdeko lan mardula da, 19 gutun eta 23 olerkiz osatua, eta bertan idazlearen ideologia eta erlijiotasuna nabaria da liburuaren eskaintzan ikus daitekeen bezala:

"Zuri Itziar'ko Ama Neskutza maite orri opaltzen dizut nere lendabiziko idazki au. Ar zazu maitez eta onetsi euzkeldun emakume artean, Jel-aldez emaitz ederrak bildu ditzan".

Liburuko zenbait olerki hartu zituen Santiago Onaindiak Mila Euskal Olerki Eder liburuan agertzeko, eta Watson Kirconnellek 1928an argitaraturiko European Elegies bildumarako hautatu Teneren "Udazken-ala" izeneko honako poema hau aukeratu zuen:

"Amaitu dira, neska mutillen
Itur-ondoko egonak
Gogorki ditu ba ortik biadldu
Euriyak edo bisutzak
Ai bai luze itunak maitalientzat
Neguko gau illun baltz baltzak
Ames egitera deitzen ez baleu
Sukalde zarreko suak".

Etxean, gaixorik, irten ezinik hamar urte zeramatzanean izan zuen Eibarren bizi zen mediku frantses baten berri eta harengana joanda, operatu eta sendatu egin zen.

1934an Gogo-oñazeak (Lopez-Mendizabal) antzerki lana argitaratu zuen; Antonio Maria Labayenek zuzentzen zuen Antzerti aldizkariak antolaturiko lehiaketa irabazlea zen obra hori hiru ekitalditan dago banatuta. Epaimahaikoen arabera lan txukuna da Tene Mujikarena:

"lan txukun eta ederra, gertaera egokiak eta esakera egikerak areago, ongi, mamiz, eta joskeraz, lenen atalean ez ltuzke gaizki, baño, zenbait laburtu-aldi ta orratze, euskel antzerti barrutian aurrena dionetakoa da antzerki txalogarri auxe".

Urtebete beranduago, haurrentzako obra batekin lortu zuen sari bera: Gabon (Lopez-Mendizabal), eta 1936an Oñatin Asamblea Mariana Diocesana izenekoak antolaturiko literatura lehiaketan ere irabazle suerta zen Juan Jose izeneko antzerki lanarekin; lan hau, baina, galdu egin zen -idazle honen beste lan asko bezala- urte horretan bertan piztu zen gerra zela kausa S. Onaindiari kontatu zion bezala:

"Ni, 1936ko jorrailean, Oñatin egin zan Asamblea Mariana Diocesana'ra aurkeztu nintzan, Certamen Literario sailera. ... Nik bidali nuan iru ataldun antzerki bat, Juan Jose, saritua izan zan. ... Diruaz gainera Diploma eman zidaten On Mateo Mujika Gotzai jaunak izenpetua; berak eman ere. Andik laister, illabetera, gure guda. Guk bezela gure Gotzai jaunak emendik alde egin bearra izan zuan Prantziara. Gazteizen beste Gotzai berri bat eta beste kontu batzuk... An galdu zan nire antzerkia eta beste askoren lanak."

Teneren ahizpak, berriz, idazlearen idazlan eta paper asko erre zituen gerra garaian zigorren beldur.

Tene Mujikaren azken argitalpena 1969an plazaraturiko Cuadernos de vascuence hablado liburua dugu, seme-alabak ikastoletara eramaten zituzten guraso erdaldunendako esku liburua.

Baina Tene Mujika idazleaz gain emakume aurrerakoia eta politikan aritu zen emakumea dugu. Jeltzaleen banaketaren ondoren Tene CNVko kide zen eta EAJkoek sorturiko Emakumeen Abertzale Batza haren parekoa sortu zutenean, Abertzale Atzarri Batza, sortzen eta indarrean jartzen aritu zen Tene Mujika, baina Deban eta Ondarroan bakarrik sortu ziren taldeak. 1931n, baina, CNV eta EAJ batu egin ziren eta orduan ere buru belarri aritu zen Emakumeen Abertzale Batza indartzen eta bideratzen; eta 1935ean Gipuzkoako EABren lehendakari izendatu zuten.

Gerra iristean, baina, alde egin behar izan zuen. Haurrez beterik zihoan itsasontzi batean alde egin La Rochelleko kaira eta handik ipar Euskal Herrira, Ziburura bere anaia Joserekin batera. Gerra amaieran hegoaldera itzuli baina Nafarroako herrixka batean egon behar izan zuen, Debatik at, zenbait urtez.

Herrira itzulita dendari lanetan aritu zen baina baita euskalduntzean laguntzen, ikastola, kultur ekintzak, ahal zuen arloetan laguntzen. 1975ean Euskaltzaindiak Julene Azpeitia eta Madaleine Jauregiberrirekin batera, Ohorezko Euskaltzain izendatu zuen; 1981eko irailaren 16an zendu zen. Ondoren, Debako Udalak Tene Literatur Lehiaketa jarri zuen martxan 1983an eta bere jaiotzaren urteurrenean, omenaldi beroa eskaini zioten adiskideek, Udalak eta Goaz antzerki taldeak; izan ere Santi Onaindiak zioen bezala:

"Lan guztiokatik itzal aundia izan diogu beti debatar euskal idazle xamur liraiñari"

  • DORRONSORO, Lukax. Tene Mujika. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza-Kultura saila, 2004.
  • ONAINDIA, S. Euskal literatura V. Bilbo: Etor, 1977.