Literatoak

Azpeitia Gómez, Julene

Tene de Azpeitia, Arritokieta

Irakasle, idazle eta euskaltzalea. Zumaian jaio zen 1888ko urtarrilaren 8an eta 1980ko otsailaren 5ean Bilbon hil zen 92 urte zituela.

Irakasle ikasketak egin zituen Donostiako Irakasle Eskolan aurrena, eta Bilbon ondoren; hemeretzi urte zituela hasi zen ikasitakoa praktikan ipintzen; lehenengo egunetik umeengan euskararekiko maitasuna sustraitzea izan zen gipuzkoarraren helburua. Aizarnazabalgo eskolan ekin zion irakasle jarduerari, baina garai hartan apendizitisak jota hilzorian egon zen eta bizipen haren ondorioz, leku hartatik joatea erabaki zuen.

Aizarnazabaldik, Bizkaira lekualdatu eta Abadiñoko eskola izan zuen hurrengo lantokia; 1908 eta 1911 urteen artean berriz, Bilbo eta Zumaian aritu zen irakasle moduan. Valladoliden 1911n egin ziren oposaketetara aurkeztu eta aurreneko postuan geratu zen; segidan, Bilboko ikastoletan hasi zen arlo pedagogikoa lantzen.

Mexiko aldera abiatu zen 1916an ezkondu eta berehala, eta lau urtetako egonaldia egin zuen itsasoz bestaldean. Bertan hasi zen idazle fazeta lantzen, euskaraz gainera, eta hango euskaldunek urtean behin Ignazio Deunaren egunean kaleratzen zuten aldizkari batetan argitaratu zituen aurreneko lantxoak.

Euskal Herrira itzuli zenean (1920) berriro ere irakaskuntzarekin jarraituz zuen, Bilbon eta Amorebietan.aurrena eta Abadiñon 1936ra arte. Gerra zibila iristearekin baina, jarduna eten behar izan zuen hamaika urtez. Berriro lanean hasita, Gorlizen aritu zen 1949an zigortu zuten arte, eta orduan, Burgos izan zuen lanerako leku. 1955an Markinara itzuli eta 1958an erretiroa hartu zuen arte bertan aritu zen irakasle.

Julene Azpeitiaren bizitza jasotzen duen Bidegileak liburuxkan aipatzen den bezala, Norbert Tauer euskaltzale txekiarrari 1961ean bidalitako eskutitz batean honakoa idazten zuen:

"Amaika urte ikastola gabe, urtebete Bizkayko Gorlizen Ume gaixotegiko ikastolan; sei urte Burgosko herri txiki batean (Mena haranean) eta azkeneko ikastola Markiñan izan det. Orain Durangon bizi naiz nere senarrarekin."

Irakaskuntzatik haurrei euskara maitatzen irakatsi nahi izan zien, baina gainera, idazle fazeta ere baliatu zuen horretarako. Modu horretan, zenbait lehiaketatara aurkeztu zituen bere lanak. Besteen artean, Bizkaiko Diputazioak pedagogia gaien gainean 1925ean antolatutako lehiaketan Irakurri matte lanarekin lehenengo saria eskuratu zuen. Euli baten edestia lanak 1933an Kirikiño Saria irabazi zuen; urte berean, Eusko Ikaskuntzaren udako ikastaroetan lan pedagogiko batekin aritu zen.

Ondorengo lana, Osasuna, merketza ta yanaritza saritu zion Euskaltzaindiak 1935ean; Amandriaren altzoan liburuarekin bigarren geratu zen 1955eko Kirikiño Sariketan; Goizeko Izarra ipuinak 1959an Miarritzeko Kulturaren Alde elkartearen lehiaketan bigarren saria eskuratu zuen eta Auntza Baratzan ipuinarekin lehenengo gertu zen. Bestalde, Amandriaren altzoan ipuin-bilduma kaleratu zuen 1961an, bai eta Umien Adizkidea haurrentzako liburuxka.

Arritokieta goitizena baliatuz, ehunka artikulu kaleratu zituen agerkari ezberdinetan: Euzkadi, Karmel, Yakintza, Egan eta Zeruko Argia. Irratia ere ezagutzen zuen Julene Azpeitiak, 74 urte zituenean, Loiola Herri Irratian eta baita Arrate Irratian oraindik ere jasotzen zituzten bere kolaborazioak.

Gregorio Arrién eta José Javier Granjaren Julene Azpeitia, ehun urte mugan (1888-1988) lanaren laburpenean irakurri daitekeen moduan:

"Euzkadi egunkarian publizitate lan handia egin zuen 1932 eta 1936an, ia beti Lauaxetak zuzendutako euskarazko orrialdean. EUZKOTAR UMIEN ALDEZ goiburuarekin, Julene Azpeitiak guraso eta andereñoei zuzendutako askotariko hezkuntza gaiak jorratu zituen, esperientzia propioak azalduz, euskarazko irakaskuntza eskatuz edota ipuin tradizionalak kontatuz, batzuetan frantsesetik itzulitakoak."

Bere bizitzan zehar eginiko lana zela eta ohorezko euskaltzain izendatu zuten 1975ean.