Konposatzaileak

Isasi Linares, Andres

Konpositore eta poeta. Bilbo, 1890 - Getxo, 1940. Euskal musikako sinfonia-egile nabarmenetakoa; horrez gain, Lieder ugari eta pianorako, ganberarako eta korurako obra asko egin zituen. Estilo kosmopolita zuen eta izaera artistiko nabaria, horri esker, bere belaunaldiko pertsonaia esanguratsuenetakoa izan zen, nahiz eta bere obra ez den horren ezaguna.

Oso txikitatik umezurtz geratu zen eta bere aitonak, Andres Isasi Zuluetak hezi zuen. Aitona finantzari eta tokiko politikari adierazgarria zen, Arabako semea. Aitona Marqués de Barambio izendatu zuen Savoiako Amadeo I.ak (1872). Konpositoreak titulu hori hartu zuen oinordetzan baina beti ukatu egin zuen halako tratamendua. Bilbon piano ikasketak egin zituen Miguel Uncetarekin eta berehala nabarmendu zen bere dohainak eta musikarako deiera ukaezina zirela-eta. 1908an konpositore oparo eta goiztiar gisa aurkeztu zen: Bilboko Elkarte Filarmonikoan txelo eta pianorako bi Zirriborro aurkeztu zituen. Horri esker, Bilboko Lazcano y Mar argitaletxeak obra anitzeko zazpi album argitaratu zizkion. Album horien promozioa egiteko Filarmonika berean beste bi "Isasi Kontzertu" antolatu zituen.

1909an batxilergoa amaitu eta Berlinera mugitu zen. Han konposaketa ikasketak burutu zituen Engelbert Humperdinck irakasle zuela eta, era berean, Karl Kämpf maisuarekin pianoa ikasi zuen. Isasi ongi egokitu zen Alemaniako kultura eta girora eta hori bistan da bere ondorengo ibilbidean erreparatuz gero. Maria Nagoreren arabera, oso goiz, 1910ean, bere Lehen Sinfonia (Primera Sinfonía) estreinatzeko asmoa zuen Düsseldorf hirian. Urtebete beranduago, Bilboko Kuartetoen Elkarteak hark osatutako Cuarteto en Sol mayor obra aurkeztu zuen Bilboko Filarmonikan. Obra hori Julius Ruthströhm Kuartetoak interpretatu zuen beranduago, 1914an, Stockholmen. 1913ko otsailean Berlineko Blüthner aretoan Zharufa poema sinfonikoa estreinatu zen, Bruno Weyersberg Blüthner Orchester ezagunaren zuzendari zela. Arrakasta handia ukan zuen eta horri esker, Berlinen poema gehiago estreinatu zituen, esate baterako, El Pecado eta Amor dormido (1914-01-25). Zharufa poeman inspirazio morisko nabaria antzeman daiteke eta, hain zuzen, poema horren eskutik 1914an Malmöko (Suedia) Kontserbatorioak antolatutako Nazioarteko Lehiaketan 2. saria jaso zuen.

Urte horietan zehar (1911-1915) Lekobide konposaketan lan egin zuen. Juan de Araquistaini buruzko elezahar bat aipatzen duen "koadro liriko-euskaldunez osatutako triptiko legendazkoa". Libretoak joera nazionalista agerikoa zuen eta Emiliano de Arriaga zen egilea. Manuel Arrandiaga arduratu zen euskarazko itzulpena taxutzeaz. Proiektu hori agertu zen sasoian Bilbon euskal operaren aldeko mugimendua indartsu zen; hala ere, konpositoreak lehen ekitaldiko partitura baino ez zuen osatu eta hura ez da gorde.

Lehen mundu-gerra hasi zenean Isasi Bilbora itzuli zen. Nazioartean eskuratutako lorpenak hauspotuta, bere izenak sona eta prestigioa hartu zuen Espainian. 1915ean Jose Sainz Basabek zuzentzen zuen Bilboko Musika Elkartearen Orkestrak Amor dormido aurkeztu zuen hiriko Campos Eliseos Antzokian (1915-03-11). Hilabete batzuk beranduago, Euskeria Orfeoiak "kontzertu herrikoiak" zikloa antolatu zuen Bilboko Filarmonikan (1915eko urria - 1916ko apirila) eta konpositorea bertako protagonistetako bat izan zen. Han Berceuse heroica obra eta Heineren poemen inguruko Lieder ugari ezagutarazi zituen, berak jotako pianoaz lagunduta. Horrez gain, Cuarteto en Sol entzun ahal izan zen berriz ere. Aita Donostiaren sei Euskal Preludio eta Azkueren Urlo operaren zati batekin batera programatu zena, errepertorio klasiko eta erromantikotik hartutako beste pieza batzuen artean.

1917an Amor dormido obrak txalo zaparrada jaso zuen Madrilen. Bartolome Perez Casas arduratu zen orduko hartan hura estreinatzeaz bere Orkestra Filarmoniko gaztea lagun (Price Antzokia, 1917-03-02). Hiru hilabete beranduago (1917-05-30), Bilboko Koru Elkarteak Orkestra hura deitu zuen egoitza berriaren inaugurazio ekitaldirako eta Orkestrak poema hori bera interpretatu zuen Bilboko Albia Koliseoan. Ongintzazko hiru kontzertu eman ziren eta goran aipatutakoa izan zen hiruetan lehena. Hiru egunez luzatu ziren kontzertu horietan Isasi, Guridi eta Aita Donostia izan ziren omenduak, hurrenez hurren.

Azkenik, 1918an, bere Bigarren Sinfoniaren (Segunda Sinfonía) arrakasta itzelari esker, musikagileak behin betiko sona eskuratu zuen. Orduko hartan, Mª Cristina erreginak zoriondu zuen eta hainbat kritikariren laudorio garbia jaso zuen, esate baterako, Margarita Nelken ezagunarena. Estreinaldi hartan Madrileko Orkestra Sinfonikoarekin nolabaiteko lotura zuten ehun eta hogei irakaslek parte hartu zuten, Enrique Fernandez Arbosen zuzendaritzapean (Odeon Antzokia, 1918-03-06). Talde berak arrakasta berretsi zuen egun gutxiren buruan Teatro Real entzutetsuan (III-16), eta hurrengo urtean, arrakasta Bilboko Albia Koliseoan errepikatu zen (1919-05-28), berriz ere Koru Elkarteak gonbidatuta. Gainera, interprete horiexek sinfonia horretako scherzo y final atala programatu zuten berriz ere Bilboko Elkarte Filarmonikoaren XXV. urteurrena zela-eta. Ekitaldi berean, Arriagaren Sinfonía en Re eta Guridiren Leyenda vasca ere programatu ziren (1921-05-20).

1916an Ines Olascoaga Amann gaztearekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten. Hala, Isasik Getxon lekutzen den Algorta auzoan finkatu zuen bere familiaren etxebizitza. Bizitza publikotik aldendu zen eta bere obra konposatu eta berrikusi zuen kanpotiko presiorik gabe eta exijentzia handiz. Horren ondorioz, bere estrainaldiek behera egin zuten nabarmen. Bere koinatua, Ignacio Olascoaga, bilakatu zen hark osatutako partituren kopiatzailea.

Emeric Stefaniai hungariar bertutetsuari esker Isasiren pianorako pieza batzuk kaleratu ziren eta Rózsavölgyi & Co argitaletxearen eskutik Budapesten argitaratu ziren. Hala, 1925ean, Stefaniai hungariarrak Isasiren hiru balada (Baladas) aurkeztu zituen Bilboko Arriaga Antzokian (1925-02-26). Arrakasta handiagoa izan zen kritikaren aldetik ikus-entzule kopuruaren aldetik baino. Hilabete beranduago, Armand Marsick zuzendariaren zuzendaritzapean, Bilboko Orkestra Sinfoniakoak Mendigos al sol poema sinfonikoa estreinatu zuen Elkarte Filarmonikoan (1925-04-29). Harrera epela izan zuen. Madrilen hoztasun are handiagoa eragin zuen obra hark. Han, Vendimión y Madre Ceniza izenburuarekin Arbos zuzendariak aurkeztu zuen bere Sinfonikoak lagunduta (1925-12-23). Izenburu horretan Eduardo Marquinaren poema bati egiten zaio aipamena.

1930ean konpositoreak arrakasta handia ukan zuen Budapesteko Musika Akademian korurako Angelus triptikoa estreinatu zuelarik, zeina irrati bidez hedatu baitzen. Bere dedikatarioak, Desiderius Demenyk, zuzendu zuen Budapesteko San Esteban Katedraleko lehen koru-entzunaldi hura eta obra hori gaineratu zuen ohiko errepertoriora. Hamarkada horretan zehar haren erlijiozko musika beste hainbatek ere interpretatu zuen, esate baterako, Jose Mª Arreguik zuzentzen zuen Arantzazuko Santutegiko Musika Kaperak eta Victor de Zubizarretaren Schola Cantorum Santa Cecilia bilbotarrak. Pertsonalki, Isasi espiritualtasun katoliko sakoneko gizona izan zen. Aita Pablo Bilbaok oroitarazten duenez, Getxoko San Ignacio Elizaren organoan aritzen zen inprobisatzen. Elizaren eraikuntza konpositorearen aitonak bultzatu zuen 1878an.

Natura oso maite zuen eta maiz egoten zen hari beha, hala, sarritan, estudiotik kanpo lan egiten zuen, soroan edo lorategian. Hamarkada pasatxo eman zuen (1925-1937) txorien kantu andana transkribatu eta jasotzen, Ornitologia tratatu bat osatzeko helburuz; dena den, proiektu hura ez zen argitaratu. Halaber, marrazketa eta argazkilaritza artistikoa (goma bikro-mateak) atsegin zituen. Izaera isila eta zuhurra zuen eta lagun, artista eta intelektualez osatutako zirkulu txiki batean nahasi zen, hala, besteak beste, Joaquin Zuazagoitia, Esteban Calle Iturrino, Jose de Arriaga, Pablo Bilbao Aristegui edota Juan Mª Uruñuela ezagutu zituen. Horrez gain, Europako musikari asko ezagutu eta lagun egin zituen. Bere ikasle urrien artean Sabino Ruiz Jalon eta Vicente Perez Jorge aipatu behar dira.

Konpositorea Getxon zendu zen artean berrogeita hamar urte bete gabe zituela, bihotz eta arnas gaixotasun kronikoak zirela-eta. Lau urte lehenago egin zioten bizirik zela eskainitako azken omenaldia, Jesus Arambarrik Isasiren Bigarren Sinfonia (Segunda Sinfonía) zuzendu baitzuen Bilboko Orkestra Sinfonikoaren buru jarrita, segidako bi kontzertutan. 1938an ere, Clara Bernal piano-jotzaileak Bilboko Filarmonikan Isasiren bi Film interpretatu zituen (impresiones para la juventud) aldez aurretik, Ginebran ezagutarazi zirenak.

Haren heriotzarekin hainbat proiektu amaitzeke geratu ziren, horien artean, zerion originaltasunagatik Jinete de abril pastorela (miniaturazko drama kartoizko antzerki baterako) azpimarratu behar da, musikagileak berak egindako gidoia zuena. Isasik musika intzidental arloko hiru saio idatzi zituen pieza horrentzat, berez, etxean moldatutako kamara batekin grabatutako irudi mutu batzuekin lagundu behar zena.

Bere ekoizpen osoa hiru sasoi nagusitan bana daiteke: nerabezaroko obra, Alemaniako zikloa eta azken helduaroa. Lehenengotik zati txiki bat baino ez da gorde, musikariaren katalogoko zenbakikuntzari so. Errepertorio hori piano solista edo akonpainamenduko pianorako moldatutako pieza eta abesti ugariz osatzen da. Halaber, lehenengo harizko laukotea antzeman daiteke. Argi eta garbi ageri da Edvard Grieg konpositorearen eragina, Isasiren kuttuna izan zena urte horietan. Orobat, neurri txikiagoan bada ere, Enrique Granadosen eragina antzeman daiteke. Gerora, hari eskaini zion pianorako Carnaval obra. Hala ere, hastapenetik Isasi berezko sormen-ahalmena zuen egile gisa azaldu zen, idazkera dotorekoa eta zenbaitetan oso bertutetsua.

Bigarren sasoia Berlinen egindako ikasketetako azken urteetan abiatu zen eta hamarkada inguru luzatu zen. Orduan konposatu zuen bere ekoizpen sinfoniko gehientsuena: 6 poema sinfoniko, 2 sinfonia, 2 suite eta kontzerturako 2 obra (biolinerako eta pianorako, hurrenez hurren). Horiez gain, Heineren poemei buruzko hamalau Lieder, Cuarteto en Sol eta Sonata para violín y piano osatu zituen. Obra horiek izan ziren Isasi bizi zelarik onarpen handiena ukan zutenak. Errepertorio eder hori Europa Erdialdeko Erromantizismo ondorenean barneratu zen, Humperdinck bere maisuaren Wagner osteko ildoari jarraiki.

Azkenik, ia erretiroaren urteetan konpositoreak hizkuntza hertsiago eta pertsonalagoa garatu zuen Getxon. Garai hartan orkestra forma handiekiko zaletasuna alboratu zuen eta Sinfonía nº 3 obra amaitzeke utzi zuen. Nolanahi ere, badirudi arlo horretan hainbat entsegu egin zituela artean, izan ere, iturri garaikideetan behin eta berriz adierazten denez, egun ezagutzen ez diren lau sinfonia eta zenbait poema sinfoniko osatu zituen. Epealdi batean bere azken lau harizko laukoteak osatzen murgilduta izan ostean, pianorako piezak konposatzeari ekin zion eta, dagoeneko azken urteetan ahots eta pianorako Lieder bakan batzuk. Isasi berak idatzi zituen abesti horietako bertsoak, osotara hartuta, bere ekoizpeneko arlo adierazgarri eta bikainenetakoak izan zirelarik. Halaber, aipagarria da erlijiozko musika arloko errepertorio laburra, a capella korurako edo organo akonpainamenduz. Errepertorio horretan Pio X.aren Motu proprio delakoaren jarraibideak hautematen dira, ahotsen antolaketa berritzaile batekin eta espresibitate adierazgarriz.

Azken sasoi horretako partituretan, gehienbat, Frantziako inpresionismoaren kutsua eta Bela Bartoken musika modalaren eragina nabari daiteke. Hala ere, azken batean, Isasiren estiloa oso originala da, izan ere, tinbreari eta harmoniari dagozkionez hainbat esperimentazio egin zituen, denboraren poderioz findu zituenak. Txorien kantuak aztertzeko interesa ere ageri da bere konposaketa batzuetan. Horrek Olivier Messiaenekin lotzen du Isasi, debozio katolikoan ere harekin bat egiten zuelarik.

Bere garaiari aurre hartu zion teknikari dagokionez. Hala, bere katalogoan izaera programatiko edo deskriptiboa duen musikarekiko zaletasuna ageri da argi eta garbi, baita itxura formalagoa duten konposaketetan ere. Ildo horretatik, bere obra askotan ageri diren gai eta espirituari beha, mende amaierako Modernismoaren korronte estetikoak nahasten dira. Mugimendu hori gainbeheran zen Isasiren azken urteetan baina XX. mendeko bigarren hamarkadan oraindik bazuen indarrik: hala, Zharufa obrako exotismo magrebtarra, adibide batera, Usandizagak urte horietan Hassan y Melihah (1912) edota La llama (1915) obretan erakutsitakoarekin aldera daiteke. Eragin modernista hori Lieder ugarietako testu poetikoetan ere hauteman daiteke, 1955. urtera arte ezagutarazi ez zirenak.

Isasiren obrak historikoki harrera gatazkatsua eta kontraesankorra izan du. Hil ostean izan zuen oihartzun eskasa kontraesankorra dirudi bizirik zelarik bere konposaketa batzuk nazioartean zabaldu zirela aintzat hartuz gero. Halaber, eragin urri horrek talka egiten du bere obraren tamaina eta kalitateari so. Konpositoreak Bilbo barnean eta hiritik kanpora ukan zituen lehen lorpenak gogo handiz hartu ziren bere jaioterrian, izan ere, euskal musika birsortuaren barnean etorkizun handiko musikagile izango zela uste zuten. Hala ere, laster bigarren maila batean geratu zen, bai konpositoreak eta bai hura inguratzen zuen gizarteak erakusten zuten arduragabetasuna zela eta.

Diruduna izaki, konposaketa lanetan independentzia eta askatasun osoz murgildu ahal izan zen, inguruko kultura-eskakizunetatik urrun oraindik. Ildo horretatik, bere sorkuntza osoa "artea arte truk" jardun aristokratikoa zela esan daiteke, esaeraren zentzurik hertsienean. Alde batetik, Isasik nazionalismoaren musikari zegozkion doktrinekiko arduragabetasuna azaldu zuen, baina bere garaian estetika eta gizarteratze betekizun ezinbestekotzat hartzen ziren haiek ia aho batez. Antzerki-musika ere ez zuen landu eta musika hark uneko publikoarengan eragin handiagoa zuen. Horrez gain, kontuan izan behar da sekula ez zela musika arloko instituzioetan irakasle edo interprete gisa aritu eta, zalantzarik gabe, esparru hori baliagarri izan zitekeen bere ahotsa hedatzeko eta eskola sortzeko.

Hala eta guztiz ere, Isasi konpositore ospetsua izan zen eta garaiko intelektualek begirunea zioten. Hark osatutako Bigarren Sinfonia (Segunda Sinfonía) eta Amor dormido poema Bilboko Orkestra Sinfonikoaren aldizkako errepertorioan barneratu zen bere lehen sasoi egonkorretik aurrera (1922-23), nahiz eta oso noizean behin izan eta zenbaitetan zatitan eman. Hala, adibide batera, 1952an Jesus Arambarrik Bigarren Sinfonia horretako scherzo barneratu zuen Bilboko Udalak Madrileko Teatro de la Zarzuela ezagunean antolatutako euskal musikaren kontzertu bikainean (1952-05-20). Halaber, Ganberako Talde Nazionalak bere kuartetoetako batzuk interpretatu zituen XX. mendearen erdialdeko hamarkadatan.

Musikagileak hil osteko hainbat omenaldi jaso ditu hainbat lekutan: Teatro Arriaga (1940), Bilboko Elkarte Filarmonikoa (1965, 1980) Errenteriako Musikaste (1974, 1990), Getxoko "Andres Isasi" Kontserbatorioa (1994). Bilbon, Bizkaiko Aurrezki Kutxako egoitzako kariloia bere Angelus obraren notak jo zituen hamar urtez, Jose Mª Olaizolaren ekimenez. Beste alde batetik, 1980eko hamarkadan Films laneko musika Televisión Española telebista kateko emisioetako probako kartan ohiko bilakatu zen, Juan Padrosa piano-jotzaileak interpretatuta.

XX. mendearen amaieraz geroztik pixkanaka Isasiren obrak garrantzia eta balioa berreskuratu ditu, neurri batean, Getxoko Javier de Solaun musikariaren ekimenez, hura izan baita ondare horren ahalordedun. Horren harira, Getxoko Udak Musika-eskolako liburutegian "Andres Isasi" funtsa sortu dela nabarmendu behar da (1993). Gainera, bere obrako zati adierazgarri bat hartuta zenbait grabaketa komertzial egin dira lehen aldiz. 2009an Novalis euskaldun eta alemanez osatutako laukoteak izena aldatu eta Cuarteto Isasi izena hartu zuen, Naxos nazioarteko zigiluarentzat Isasiren kuartetoko obra osoa grabatu ostean.